Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ezkertiarrak museorako pieza

Ezkertiarrak museorako pieza

xme 2005/06/15 08:00

Orain dela aste batzuk Belen Gopegui entzuten izan nintzen Artelekun. Espainian badira nobelagiIe onak, mordoxka, eta badira idazle ezkertiar konprometituak, gutxixeago agian, baina bi taldeetan batera daudenak oso-oso bakanak dira. Horietako bat Gopegui. Horregatik azaldu nintzen, jakin-minez. Aurkezpen jakintsu usteko negargarri bezain aspergarria egin zioten, baina Gopeguiren hitzaldia (paperetik irakurri zuen artikulua, zehatzago esanda) ondo egon zen, iraultzaren proiektuari eutsi beharraz eta. Gero mahai-inguruan nahiko maila eskasa eman zuela esan zidaten, baina ni alde egina nintzen ordurako eta ezin hitz egin ikusi ez nuenaz.

Dena dela, ez nuen Gopeguiren hitzaldiaz hitz egin nahi, azken aldiko joera batez baizik: ezkerreko intelektualek aspaldi samar utzi zioten kalean hitz egiteari, ez hainbeste haien utzikeriaz baizik kalea eztabaida-gune moduan basamortu bihurtu zelako; telebistan ere ez dituzu sarri ikusiko, audentzia ez dagoelako txapak entzuteko prest, eta boterea ere ez mezu subertsiboak etxe-zoko guztietara sartzen uzteko. Zirrikitu bat uzten zaie, ordea, Interneteko foro alternatibo eta aldizkari antisistema guztiez gain. Zein? Museoak.

Arteleku arte modernoaren ikerketa eta sustapenerako zentro bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Gopegui bezala, ezkerreko pentsalari ugari pasa da bertatik; adibidez Negri, Italiako ezker muturraren intelektual garrantzitsuena izandakoa. Baina ez pentsa Loiolako kuartelaren eta Martuteneko espetxearen tartean dagoen etxe hori gorrien azken sator-zuloa denik, ez. Orain dela gutxi zabaldu dute, Salamancan, Gaztela-Leongo Arte Garaikidearen Museoa (MUSAC), eta berriki iragarri duten hitzaldi-zikloan ikusi ditut, besteak beste, Ignacio Ramonet eta Stellman, pentsamendu alternartiboaren pope ezagunak, "boloak" egiten espezialistak.

Fenomeno honetaz lagun batekin eztabaidan jardun nuen aurrekoan. Berak zioen normala dela, kapitalismoak ia osorik irentsi duen gizarte batean artea dela bestelako mundu bat amesten dutenentzako lubakia, hortik antolatu eta gero erasoa jotzeko. Baliteke (banuen beste lagun bat, zinez sinesten zuena rock'n'rollak min egiten ziola sistemari). Apur bat zinikoa izanda, ordea (apur bat bakarrik), pentsa liteke sistema horri horixe komeni zaiola: gauza arraroen txokoan ibiltzea pentsalari iraultzaileak, bideo-arte kontzeptualarekin edo musika esperimental elektronikoarekin batean, xelebre guztiak nahas-mahas, beren jolas eta diru-laguntzatxoekin entreteniturik egon daitezen, munduko nagusiek mundua nahieran manejatzen duten bitartean.

etiketak: Saski Naski
asel
asel dio:
2005/06/15 12:38

Susmoa dut ezkertiarrak edo ni lako anarkistok eroso gaudela inorentzat arriskutsua ez den txoko batean, agian ezkerrak aspalditxo hontan ez duelako bere buruarengan sinisten edo ez duelako zirrikiturik ikusten kapitalsimo sendoan pitzaturik sortzeko. Nahikoa dugu hitzezko eraso herabeekin, kapitalismoak ematen diguna galtzeko gogorik ere ez dugulako. Harriak bota bai, baina sistema gehiegi haserrarazi barik, badaezpada... Ume bihurrien jolas onargarriak. Nire itxaropen txiki (oso txiki) bakarra kapitalismoa bera bere buruaren etsai handiena izateko aukeran datza; dena irensteko gose asegaitz horrek berak indigestioa ekarriko ete dion, alegia. Bitartean kexatu eta bizi. Batez ere bizi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.