Larre motzekoak
(Goierriko Hitza-n atzo argitaratua)
Baditut bi lagun, senar-emazteak, Goierrikoa bata eta Beterrikoa bestea. Urtean behin-edo ikusten dugu elkar, sagardotegian gehienetan, eta, halakoetan, bi eskualde hauen arteko aldeak nabarmentzera jotzen du sarritan berriketaren hariak.
Nire lagun beterritarrak dio, beren inguru hartan dagoenean bon-bon ez dagoenean egon jokatu ohi duela jendeak, diru pixka bat irabazitakoan pozik gastatuz, eta bestela nola-hala aguantatuz. Goierrikook, berriz, larre motzean ohitutakoak omen gara, eta larrea hazita ere lehengo legeari eusten diogunak; goierritarraren ametsa izaten omen da, hasteko, lana gogor egin, dirua ondo irabazi, irabazitakoa ondo gorde; eta gero, Donostian pisua erosi. Hori esaten duenean beterritarraren irri gaixtoa ikusi beharko zenukete.
Topiko guztiek izaten dute egiazko oinarri bat, eta erretratu horretan gutako askok ikusi ahalko du bere buruaren irudia. Hala ere, iruditzen zait garaiak asko aldatu direla, eta aspaldi honetan ederki berdintzen ari garela denok ere: goierritar eta beterritarrak hasteko, euskaldunak eta espainolak ondoren, eta, aurki, baita europar eta txinatarrak ere.
Gauzen martxa halakoa bada, zertan geratuko da gure larremotzeko izate hori? Alde batera, galtzen bada penarik ez: ondo bizitzeko moduan baldin bagara ikas dezagun bizitzaz gozatzen, seme-alabentzat geratuko den Donostiako pisuaz pentsatu ordez; gure bailararen arlotekeria kulturalak ere badu zerikusia lana eta irabazia ez den beste guztiari egin diogun ezikusiarekin.
Bestetik, baina, noiz artekoa izango dugu behi gizenen aldi hau? Historiak bezala zentzuak ere argi erakusten digute ez dela betiko. Gero zer etorriko den ezin jakin, baina, badaezpada, kalterik ez larre motzean moldatzen ikasten badugu, bai guk bai gure ondorengoek. Beterriko gure lagunek noren lepotik barre egin eduki dezaten.