Txekhov-en dilema
"Nesdrovia Txekhov" antzezlana komentatu genuen txoko honetan orain dela aste batzuk; zinez ikustea merezi duen obra. Gaur ez nator propaganda egitera ordea, hango pasarte bat aipatzera baizik, zer pentsatua eman baitzidan entzun nuenean, eta zuei ere emango baitizue, ausaz, irakurritakoan.
Zenbait istorio korapilatzen dira antzerki horretan; horietako batean, protagonista seduktore bat da, Piotr Semionitx, emakume ezkonduak limurtu ohi dituena, metodo bitxi eta jakingarri batekin (isilpean gordeko dut sistema hori hala ere, ezin utziko ditut agerian sekretu guztiak). Emazte zintzo izandako bat bere sarera erakarri du Piotr Semionitxek, eta, limurtzailearen besoetara jausi baino lehen, aitorpen bat egiten dio; aitorpena egin, eta dilema bat planteatu. Hona antzezleak esandako testua, Ritxi Lizartzaren bertsioan:
"Baina aurretik utzidazu azkeneko gauza esaten: nik... nik izugarri maite dut nire senarra. Ez da ez apasionatua ezta erromantikoa ere. Gure elkarbizitza ez da idilikoa, baina bizimodu adeitsua da Beharbada gure harremanak ez du antzik nik ametsetan irudikatzen nuenarekin. Baina hala ere, ezin dut esan bere ondoan zoritxarreko emakumea naizenik. Zuregana nator, jakinik zuk besoetan hartzen nauzun unetik bertatik, nire ezkon bizitza, Maitasunezko nobela bat idazteko aukerarik emango ez duen ezkon bizitza hori, baina elkar ulertzea eta benetako kariñoa ematen digun ezkon bizitza hori, iragana izango dela. Zeuri dagokizu aukeratzea. Zure aukerak, edozein dela ere, miserable egingo nau, baina aldi berean betiko eskertuta egongo naiz. Ez nazazu erabili zure entretenimendurako... Nahiz eta hori egingo duzula ziur jakin, ez nizuke ezetz esango. Zurea naiz, egizu nirekin nahi duzuna. Piotr Semionitx... Desiratzen banauzu, zabaldu zure besoak eta zurekin joango naiz... Baina maite banauzu, emazu buelta, alde egingo dut, eta ez zaitut berriro ikusiko, ezta hitz egingo ere. Aukera zurea da, maitea, nire amodio maitea."
Aukera egin behar duenak jada galdu duela esan ohi zuten existentzialistek, eta antzeko zerbait sentitzen bide zuen Txekhovek. Piotr Semionitx seduktoreak zer egin zuen jakin baino lehen, begiratu zeure barnean, irakurle gizonezko horrek, eta esan zer egingo zenukeen, benetan, egoera horretan; galdetu zeure bihotzari, irakurle emakumezko horrek, eta pentsa zer nahiko zenukeen egitea Piotrek. Orain, eman diezaiogun hitza Txekhovi, istorioaren amaiera entzuteko:
"Piotr zalantzatan geratuko da. Ez daki zer egin. Ikusleei begiratuko die, emakumeari... harengana hurbildu nahi du, baina zerbaitek oztopo egiten dio. Azkenean buelta erdia emango du".