Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Roland Garros eta nobelistak

Roland Garros eta nobelistak

xme 2005/06/07 08:37

Ez esku-pilotako finala ez tenisekoa ikusi gabe geratu nintzen igandean; Aimar Olaizolaren garaipena galtzeak pena handiagoa eman zidan baina Roland Garrosekoa hartu nahi dut ahotan, aspaldi samarreko oroitzapenak ekarri baitizkit gogora.

Gaztetxoa nintzela, egunak luuuzatzen diren sasoi zoragarri honetan, arratsaldeak ez ziren horren zoragarriak izaten ikasten genbiltzanontzat, azterketak prestatzeko garaia baitzen, urte osoko bizimodu goxoaren ordain mikatza. Halakoetan, gainera, telebista piztu eta tenis-partidak, Paristik. Ez dakit tenisa zen zirraragarria, ala burua apunteetatik aldentzeko gogoa izugarria, baina orduko partidak eta jokalariak buruan iltzatuta geratu zaizkit, ordurako kiroletarako zaletasuna galdu samarra izan arren: Ilia Nastase, Ivan Lendl, Guillermo Vilas, John McEnroe, Jimmy Connors, Borg... Txikitako izarrak adieraztea bezalakorik ez dago gure adina agerian uzteko.

Tenisaren eta apunteen arteko norgehiagokaren antzekoa bizi izan dut geroztik. Orain dela gutxi Katixa Agirrek galdetzen zuen ba al dagoen nobela bat idazten ari den norbaitekin bizitzea baino okerragorik. Bai, erantzungo nioke: norbera izatea nobela bat idatzi nahian ari dena. Tira, ez naiz kexuka hasiko: Gustavo Martín Garzo-ri irakurri berri diot, liburu bat ateratzean, berau idaztea zenbat kostatu zaigun esatea dela, gutxi gorabehera, baten bat afaltzera gonbidatu eta hari aurpegira esatea bezala afaria zein garesti atera zaigun. Ez dut negarrik egingo beraz; baina bai komentatu, sormenezko zerbait idazten hasten naizenean, orduantxe pizten zaidala, inoiz baino biziago, hau eta beste irakurtzeko premia, gaztetan tenis-partidekin bezala. Liburu-denda eta liburutegietan sartu eta ezin erakargarriagoak iruditzen zaizkit apaletan ikusten ditudanak, eta ezin eutsi bat edo beste hartzeko tentazioari: Martín Garzo eta Martin Amis, Ian McEwan eta Iñaki Segurola... Horrelako liburuak irakurtzeko modua edukita, zertarako hasiko naiz ba ni ezer idazten?

Roland Garrosen, bosgarren setera iristen ziren partida haiek egundokoak ziren, baina halako batean amaitzen ziren, eta orduan apunteei ekin beste erremediorik ez nuen izaten. Ea nik ere, halako batean arrastoan sartu eta esku artekoari heltzen diodan.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.