Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Baikorrak eta ezkorrak

xme 2006/01/09 10:11

(Jakin aldizkariaren eskariz egindako artikulua, 151. alean agertu berri dena eta hemen atalka emango duguna, aste osoan zehar)

Argia astekariak 2.000 alea ateratzen zuela-eta (zorionak! Eta bete ditzala beste horrenbeste), mahai-inguru batera gonbidatu ninduten, hemendik hogei urtera begira euskal kultura nolakoa izango den prospektiba ariketa bat egiteko. Gandiagaren poema argitaragabeetako bat irakurri nuen orduan, artikulu hau plazaratzerako argitaratu berria izango dena eta nire zalantza aski ongi azaltzen zuena:

Batzutan uste dut
euskarak bizirik
iraungo duela
luzaro oraindik
eta idatzi egiten dut begiak
sortalderantz lasairik.

Bestetzutan badirudit
euskara heriotzetik
hurbilegi dagoela
zauri hilgarriz beterik
eta idatzi egiten dut begiak
sortalderantz oraindik.

Inoiz ere ez dut
zapuzten euskararik,
ezergatik ere
utzita ez dago konturik.
Eta idatzi egiten dut begiak
sortalderantz ernerik.

Etorkizunari igartzeko orduan ez ezik, iragan berri den aldiari begiratzean ere baikortasunaren betaurreko gardenak edo ezkortasunaren beltzak jantzi ditzakegu. Inportanteena, baina, ez da antiojoen kolorea edo norberaren aldartea: baikortasuna lanerako pizgarri edo utzikeriarako aitzakia izan litekeen bezala, ezkortasuna ere gehiago saiatzeko akuilutzat hartuko du batek eta etsitzeko arrazoitzat besteak. Jarrera zaigu axola eta, atrebentzia barkatzen badidazue, poetarena hartuko dut nik: “eta idatzi egiten dut begiak / sortalderantz jarririk”.

Enteratu al da?

xme 2006/01/05 14:49

Nire lanbidean ohiko bihurtu da kazetariez gaizki esaka jardutea, baina gero haien beharra izaten dugu gure sorkariak jendearengana iritsiko badira. Beste edozein langintzatan bezala hor ere badira usoak eta birigarroak, baina oro har esango nuke jende fina eta saiatua dabilela, euskal komunikabideetan behintzat. Nik neuk adeitsu hartu ohi ditut kazetariak, eta baietz erantzun ohi diet beren elkarrizketa-eskari guztiei. Salbuespen batekin: sexuari buruzko galdeketak.

Gustuko jeneroa dugu nonbait. Ez bakarrik sexua (seinale txarra litzateke ez gustatzea), baizik eta horri buruzko elkarrizketak, urliak edo sandiak zer dioten beren fantasia ezkutuez, beren esperientzia kilikagarrienez. Garai batean Egin-en bazeukaten halako atal bat, gero Gara-n ere bai oker ez banago, eta Berria-ko Matraka gehigarriak segitzen dio tradizioari.

Azken honetan atera zen, iazko urtearen hondarrean, Izaskun Bilbaori egindako sexu-testa. Lehenengo galdera, denei egiten zaien berbera: "Nola deskribatuko zenuke zure aurreneko aldia?".

Eta hona erantzuna: "Ordu laurden lehenago abisatu zidaten eta. Legebiltzarkideek, familiak, lagunek... hedabideetan jakin zuten. Mezuak jaso eta jaso ari nintzen, argazkiak atera zizkidaten..."

Argi dago Legebiltzarreko lehendakari aukeratu zuten egunaz ari dela, ez kazetariak eta irakurleak buruan zuten beste aurreneko aldi horretaz. Nire zalantza, ordea, hau da: Izaskun Bilbao anderea ez da enteratu galdeketa zertaz zihoan, ala bere prentsa-arduraduna da jabetu ez dena, ala nahita erabaki dute kokoloarena egitea?

Badaezpada, ez dut galdera hau Parlamentura bidaliko.

Donostiako sefardia

xme 2006/01/04 14:57

Diasporako juduak bi familia nagusitan banatu ohi dira: sefardiak eta ashkenaziak. Ashkenaziak Europa erdialdean bizi izan ziren, Alemania eta herri eslaviarren artean (batzuen eta besteen antisemitismoa nola-hala jasanez); yiddisha zen haien hizkuntza, aleman zaharraren dialektu bat. Sefardiak, berriz, Hispania zaharrean bizi ziren, Errege-erregina txit katolikoek 1492an kristau bataiatu edo alde egitera behartu zituzten arte. Geroztik, Ipar Afrikako hirietan eta Inperio Otomandarreko hainbat hiritan bizi izan ziren: Salonika, Esmirna, Bosnia... Hitlerrek egundoko triskantza egin zuen, eta geroztik, sionismoaren eta antisionismoaren efektu bateratuak Israelera eraman ditu geratzen ziren gehienak.

Hau dena galzorian dago gaur egun baina, sefardien gauza berezia izan da beren komunitatean eutsi egin diotela XV. mendeko gaztelaniari, orduko esamolde, hiztegi eta fonetika bereziarekin. Horri lotuta, beti kontatu izan da, leienda kutsua ere baduen arren, Toledoko etxeko giltza gorde izan dutela, noizbait itzultzeko esperantzarekin eta abar.

Ni ez naiz gai honetan jantzia hala ere (Amalia Barquin-ek aztertu du, gure artean, sefardien kultura). Zer dela-eta kontu hau? Ba, atzo bertan, nire lagun batek esan zidalako gero eta sefardiago sentitzen zela. Azalduko dizkizuet esaldiaren nondik norakoak.

Donostiarra da nire lagun hau, bizitzaren gorabeherengatik bere senar eta bi ume txikiekin Madrilera joan zena, orain dela urte batzuk. Madrilera joanda ere, etxean euskarari eutsiko ziotela erabaki zuten lagunak eta senarrak, eta denboraren buruan pozik ikusi zuen baietz, bere neska-mutikoek txukun egiten zutela euskaraz, etxetik kanpo beste hizkuntza batean bizi arren. Handik urte batzuetara Londres aldera aldatu zen familia osoa, eta haurren bizitzan ingelesak hartu zuen gaztelaniaren tokia, baina euskarak segitu zuen izaten etxekoen arteko mintzabidea.

Nire lagun hau Donostiara etorri ohi da opor garaian -gabonetan eta udan- senideak eta lagunak ikusteko, herrimina lasaitzeko, haurrek sorterriarekiko harremanari eusteko. Eta urterik urte ikusten omen du bere seme-alabek hobeto egiten dutela euskaraz adin bereko bere iloba guztiek baino: hauek denek Santo Tomas lizeoan ikasten dute, eta kaleko edo ikastolako euskañol higatua egiten dute; lehengusu madrildar-londrestarrek, berriz, zalantza lexikoak izaten omen dituzte, gauza batzuen euskal izena ezagutu ez-eta, baina gainerakoan askoz txukunagoa omen da haien mintzaira. Hortik, sefardiekiko konparazioa.

Juduen kasuan ez bezala, emigrazioa eta hizkuntzari uztea loturik joan dira beti euskaldunen kasuan (salbuespenak salbuespen, farwest-eko artzainak eta). Gaur egungo teknologia eta garraiobideei esker errazagoa da sorterriarekin loturik egotea, eta posibleago beraz euskaldun irautea. Teknologia baino inportanteagoa da borondatea ordea. Biba zuek: I, J, L eta L.

Mila urte igarota

xme 2006/01/03 14:44

Mendeurrenek ez dute ezer askorako balio baina, aitzakia ematen digute aspaldi ahaztutakoak gogora ekartzeko. Gurean Lauaxetarena izan genuen iazkoa, eta hainbat gauza interesgarri egin ziren: herritarren antzerkia Mungian, Valverderen diskoaren berrargitaratzea, hamaika kantariren bertsio berriak, idazle mordoxka baten komentarioak.

Aurten, berriz, Andima Ibiñagabeitiaren jaioatzak beteko du mendea. Badakit Andima ezezagun erabatekoa dela, baita hau irakurtzen dutenetako askorentzat ere, eta ez naiz hasiko inori errietaka. Bizpahiru datu emango ditut hala ere: ikasketaz-eta gerra aurreko belaunaldikoa izan arren, gerraosteko ilunpean egin zuen benetako lan kulturala, erbesteko hainbat aldizkaritan idatziz; bera izan zen Jon Miranderen irakasle eta bultzatzaile nagusia, eta bera da halaber, izengoiti bromosoa barkatzen badidazue, lehenengo Euskal Taliban Jatorra.

Gerraurreko intelektual euskaltzaleen belaunaldia sinetsita zegoen euskararen alde erdaraz (ere) egin beharra zegoela, eta asko idatzi zuten gaztelaniaz Lizardik, Lauaxetak, Orixek... Aitzolen idazlan ia guztiak dira espainolezkoak. Gerra ondorenean euskarari ia erabat utzi zion euskaldun jendeak, dela debekuz, dela giroak laguntzen ez zuelako. Izan zen ordea taldetxo bat, euskarari gogor heltzeaz gainera, egiazko kultur hizkuntza izan behar zuela tematu zena. Guatemalan argitaratzen zen "Euzko Gogoa" taldeaz ari naiz, eta horren barruan Jokin Zaitegi arrasatearra eta Andima Ibiñagabeitia elantxobearra nabarmendu behar.

Efemeride-kutsua hartzen ari da nire idazki hau, eta baten bat marmarka, nondik nora azpititulu hori. Azalduko dut zergatik.

Egunotan plazaratu da blog berri bat pornoa euskararen alde jarriko duela esanez, eta eztabaida piztu da bazterretan , holakoek euskarari kalte edo mesede egiten ote dioten. Ez zait polemika interesatzen, baina burura etorri zait Ibiñagabeitia zena. Izan ere, Andima gureak ere "Euzkera ta liburu lizunak" artikulua idatzi zuen 1952an, gure hizkuntzaren alde baldin bazen horrelakoak ere behar genituela esanez eta ikamika handi samarra sortuz. Hona artikuluaren pasarte bat:

"Aberri batean guztietariko jolasak, jokaerak eta izaerak hausnartzen dira: onak, bigunak, ederrak, gozoak, alaiak eta baita ere txarrak, gogorrak, lizunak, mingotsak eta itunak. Eta batetik eta bestetik, abar eta abar: abar asko.

Hauxe esan nahi dut: Aberri barruan, TASUN eta KERIA guztiak izaten direla: Edertasunak eta Arinkeriak; Maitasunak eta Maitakeriak. Horra gauza bi berdingeak.

Esku garbiz bizi direnak eta lapurreta maite dutenak. Beti gogo garbiz dabiltzanak eta noizik behin ez bada ere lizunkeriara jotzen dutenak.

Orain esango dudana, beharbada, astakeria irudituko zaio norbaiti. Baina nik neuk, gure Herrian, lapurreta bera ere euskaraz egingo balitz, nahiago nuke.

Orain arte, euskararen alde zerbait egin nahi izan dugunok "tasunez" bakarrik jokatu gara, "keriaren" alde hori aldebat utzita. Ez dut esango okerreko bidetik ibili garela, ez horixe, baina gizatalde askori opor egin diegula, hori bai. Beraz, "keria" talde horiek ere euskaraz elikatu behar direla deritzot.

Nik neuk, erbestetik etorri ohi diren eresiei ere euskal hizkia jarriko nieke, Herriak erdaraz barik, euskaraz abes ditzan. Ez ikaratu tango nahiz pasodoble bat aditzen delako. Euskal hitzak ezarri eta abes dadila".

Tango eta pasodobleak ez dira blog porno baten berdina baina...

(Ibiñagabeitiaz jakiteko eta haren lanak irakurtzeko libururik egokiena: "Andimaren idazlan hautatuak", Pako Sudupek prestatua).

Ai, ilehoriak bagina

xme 2006/01/02 15:45

Joan den abenduaren 28 eta 29an "Gau laburra" izeneko jaia antolatu zuten nire herriko zine-klubekoek, azken aldian gure artean egindako film laburrak ikusteko aukera emanez. Dozena bat pelikula guztira, bat frantsesez eta beste guztiak espainolez (horra gure zinemaren egoeraren ispilua, etxebesteen oasi edo espejismoak ahantzarazi behar ez ligukeena).

Bi saioetan ezin eta bakarrean izan nintzen, bai eta gozatu ere, Joxemari Goenaga ordiziarraren "Sintonia"rekin gehiena (lehenago ere Gabiriak komentatua). Hala ere, hori ez baizik beste bat aipatu nahi dut gaur, frantsesez egindakoa filma hain zuzen ere.

Carole Alves emakume lohizundar gazteak egina da "Amaiur" izeneko laburra, eta, berau ikusten ari nintzela, gogotik kendu ezinda neukan nire lankide ohi eta lagun Gexan Lantziriren irudia. Geroago azalduko dut zergatik.

Filmean Amaiur izeneko mutil gazte bat da protagonista: ilehoria, guapoa, osasuntsua, naturala, halako ogibide erromantikoa daukana: itsasontzien kroskoak garbitzen ditu, Sokoako kaian. Horrez gain, pilotaria dela jakinen dugu filmak aurrera egin arau, lehengusu batzuk datozkionean partida bat jokatzeko. Eta ez hori bakarrik: aita preso duela ere esango zaigu, eta haren estradizioaren kontrako kalapitak izan direla bart gauean, koktelak eta beste. Amaierarik ez dugu aipatuko, ikustera baldin bazoazte misterioari eusteko.

Horra ze koktel ederra: mutil gisako eta plantakoa, itsasoaren maitale, pilotari, abertzale... Garai bateko Ramuntxo gaurkotu bat. Gure irudi positiboa ematen duela-eta poztu egin beharko genukeela pentsatuko du egileak gainera. Azken batean, ordea, kolonizatzailearen begirada paternalista dago sakonean, piztia itsusi ez baizik salbaia on agerrarazi nahi gaituena, oraingoan. M'ongolo itxura onekoa.

Lantziri utzi dut hor zintzilik: euskal kulturaren alde makina bat lan egindako gizona, gaur egun erretreta harturik dago, eta bera baino ospetsuagoak ditu seme-alabetako batzuk. Hala nola Amaiur, munduan barrena belaontzian ibiltzen den abenturazalea, edo Ellande, esku-huska aritzen den pilotaria. Denak ere jator, euskaldun, abertzale, eta vikingoak bezain ilehori.

Hobekuntza genetikorako programak abiatu bitartean, horrelako film hauekin ederretsi beharko dugu geure burua...

Itxurak gordetzeko besterik ez bada ere...

xme 2005/12/22 19:03

Atzo lagun batek idatzi zidan, "ze mezu laburra" esanez. Agurrak halakoa izan behar duela pentsatu nuen, "The long good-bye" izenburuak besterik esan arren. Hala ere, ez nuen agurrik ere esan eta, itxurak gordetzeko bada ere, hori behintzat egin beharko dut: laster arte, ondo pasa, urte berrian itzuliko naiz.

Maratoi pantagruelikoa

xme 2005/12/21 10:01

Hasita dago dagoeneko. Gurekin sukaldaritza-liburuak ateratzen dituen batek gozo-sorta bidali digula, gosatzeko; urteak betetzen dituen lankideak tortilla batzuk ekarri dizkigula, hamaiketakoa egiteko; lankide guztiok ere egin beharko dugula bazkari bat, Durango amaitu dela edo Eguberritako oporrak badatozela ospatzeko. Eta gaur berriz San Tomas: taloaren orritsa, txorixoaren orgia.

Lagun talde, maitale ohi, bazkide gurako... denak dabiltza hurrengo egunetarako bilerak jartzen eta afariak antolatzen.

Eta hemendik aurrera Gabonak...

Jatorria dela-eta

xme 2005/12/20 16:01

Garai honetan irakurri gabeko liburuak pilatzen zaizkit ohe ondoan. Aurten, kasualitatea, bi, izenburu bera dutenak: "Orígenes". Titulu bera, baina eduki guztiz diferentea.

Bata Xabier Peñalver arkeologoak idatzi duena, Euskal Herriaren historiaurreaz, ia bostehun orritan, eta Txalapartak argitaratu berri duena. Peñalver Aranzadi zientzia-elkartean aritu da urtetan, mila indusketatan zaildua da, eta ikerketa guztiz interesgarriak kaleratu ditu, antzinako ehorzketa-moduez eta abar.

Peñalverrekin izan dudan topaketa bakarra ez daukat ahazteko, berak erakutsi baitzigun, taldetxo bati, Ekaingo kobazuloa: hago zaldia, hartza eta bere kumea... Gogoan daukat leizean sartu aurretik emandako azalpen eta oharretan bota zigun mehatxua: inork estropezu egiten bazuen, jo zezala lurra muturrez aurrera, baina inola ere ez zezala paretarik ukitu bere eskuekin. Espeziearen bizi-senaren kontrakoa da agindu hori, noski, baina hori aditu eta gero kontu gehiago izango genuen ezer ez ukitzeko.

Egia aitortuko dut: liburua irakurtzeko baino gogo handiagoa neukan argitaletxearen oparia eskuratzeko: Praile Haitz leizean berriki aurkitu duten eskulturatxoaren kopia eskalazko bat, orain dela 15.000 urte emakume itxuraz harri beltzean egina, soka eta guzti lepotik zintzilik erabiltzekoa. Halaxe erabili dut aste pare batean, baina aurreko batean, igerilekuan-edo, galdu egin zitzaidan. Liburua irakurri beharko dut orain...

"Orígenes" izeneko bigarrena Amin Maalouf idazlearena da. Aspaldian Frantzian bizi eta frantsesez idazten duen sortzaile libanoar honek milioika irakurle xarmatu eta xaramelatu ditu bere eleberri historikoekin: "Leon afrikarra", "Samarkanda", "Taniosko haitza"... Hizkuntzaren erabilera egokia, tramaren eraikuntza zaindua, gogoetagai mamitsuen planteamendua eta beste dohain batzuk aipa daitezke, baina nik azpimarratuko nuke, goxotasunari uko egin gabe, irakurlea ez duela ergeltzat hartzen eta literaturaren duintasunari ez diola uko egiten (nobela historikoa lantzen duten askok eta askok esan ezin dutena).

Maalouf-en ezaugarri nagusia, baina, ekialdearen eta mendebaldearen arteko elkarrizketa lantzea da, bera ere zibilizazio bien harremanaren emaitza den aldetik. Obra honetan, berriz, fikzioa alde batera utzi eta bere familiaren erroetan murgildu da; Libano, Kuba, Frantzia... Ezin dizuet gauza handirik aurreratu, oraintxe hasi naizelako irakurtzen. Ea Gabonetako oporretan...

Hiru opari

xme 2005/12/19 12:46

Dena ez da Durango. Joan den asteburuan, nire herrian eta ondoko batean (Beasainen eta Lazkaon) postuak jarri dituzte kalean, azken aldiko liburu, disko, jostailu eta abarrekin, jendea hurbildu, ikusmiran aritu, eta, animatuz gero, erosteko. Ni ere eraman ninduten herriko azokatxo horietara, batean hizlari, bestean sinatzaile. Hitzaldia eman, eman nuen; sinatu, berriz, ez, baina nik ere liburuen artean azterka jardun nuen, eta gauza polit askoak deskubritu ere bai. Nork bere buruari edo lagunen bati egiteko hiru opari, paperjalearen berme guztiekin.

Hasteko, bat haur txintxo eta heldu gaiztoentzat: "Txanogorritxu eta Otso beltxu", Perrault-en klasiko ezagunaren gainean Kukuxumusuk egindako moldaketa, Ttarttalok argitaratua. Ipuina ezagutzen duzula? Bertsio hau ez ordea. Edo "perbertsioa" esan beharko genuke? Marrazkiak oso onak, eta gidoia jeniala. Jakin dut "Ahate zantartxoa" ere egin dutela, eta ez naiz geratuko irakurri gabe.

Beste bat, inoiz maitemindurik egon diren gizon eta emakume guztientzako aproposa (nor ez?): "Emakume ezezagun baten gutuna", Stephan Zweig-en nobela laburra, Edorta Mataukok euskaratu eta Igelak publikatu duena. Liburua irakurri gabe ere askok ezagutuko duzue istorioa, behin baino gehiagotan eraman baita zinemara (nik ikusi dudan azkena, Txinan kokatua). Testu fin, erakarri eta harrapatzen zaituena, gozo bezain egoki itzulia. Perla koxkor bat.

Azkena, Jesus Mari Arruabarrena idazle eta argazkilari durangarraren "Baserria: oroimenari loturik", Bizkaiko Diputazioak iaz kaleratua baina nik ezagutzen ez nuena. Lehendik ere "Antzinako ogibideak galbidean" edo "Azken belaunaldia" ezagutzen genizkion, galzorian dauden bizimodu eta langintzekin arduraturik betiere. Argazkiari bezainbesteko maitasun eta errespetua dio jendeari, haren habitat naturala eta barruko istorioak bere horretan jasotzeari, eta hori ez dago artista guztiez esaterik. Egiazko pitxi bat.

Kreolen izaeraz

xme 2005/12/16 12:06

Ameriketako kolonizatzaile zurien ondorengo bertakotuei deitzen zaie kreol (criollo, gaztelaniaz). Kultura indio eta europarren arteko nahasketa konplexu eta era guztietakoak atera litezke hortik, herri amerikarraren nortasunaren oinarri izan direnak askotan, eta Europako kultura zaharkituen aberasgarri.

Kreolei buruz gogoeta interesgarri bat plazaratu zuen Jon Sarasuak orain dela urte batzuk (Guatemalako bere egonalditik bueltan-edo), esanez kriolloek europarren aurrean amerikar indigena agertzea maite dutela, eta bertako indigenen aurrean, berriz, europar zibilizatu. Gogoan daukat bi lagunen aspaldiko solasa, biak ezkertiarrak, bata hegoamerikarra eta bestea hara azaldu berria. Esaten dio hegoamerikarrak: "Zuen arbasoek akabatu gintuztenean...". Eta besteak erantzun: "Barkatu: nire arbasoek ez, zure arbasoek txikitu eta akabatu zituzten indioak, nireak hemen gelditu ziren behiak zaintzen".

Sarasuaren gogoetak, oroimenak huts egiten ez badit, bazuen bigarren parte bat, euskaldunei aplikatua: hemengo agintari-kasta jeltzaleak kreolen modura jokatzen zuela zioen, alegia, espainiarren aurrean euskaldun agertzea gustatzen zaiela, baina egiazko euskaldun indigenen aurrean espainol jokatzen dutela gero.

Kreolen bikoiztasunaren beste ikuspegi bat ageri da argitaratu berri den eleberri guztiz eder batean: "Sargazo itsaso zabala", Jean Rhys-ena, Txomin Arratibelek euskaratua. Rhys antillarra zen, Dominika uharte anglofonokoa; galestarra zuen aita eta bertako kreol zuria ama. Karibeko mundu sentsual baina gupidagabea agertzen da nobelan, sexuen, arrazen eta klaseen arteko tentsioz gainezka.

XIX. mendearen erdialdera, esklabotza amaitzearekin batera, gainbehera etorri zen lehengo ugazaben klasea, eta metropolitik iritsitako aberats berriak nagusitu. Lehengo kreol esklabo-jabe ohiek pobretuta ikusi zituzten beren buruak, eta gizarteak mespretxatuak: beltzentzat negrero hutsak ziren, noski, eta Ingalaterratik iritsi berrientzat antigoaleko zerbait, jende erdi-basati erdi-dekadentea. Bereziki emakume kreolen egoera iruditzen zaio errukarria Rhys-i, eta haien ikuspegia saiatzen da adierazten.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.