Enteratu al da?
Nire lanbidean ohiko bihurtu da kazetariez gaizki esaka jardutea, baina gero haien beharra izaten dugu gure sorkariak jendearengana iritsiko badira. Beste edozein langintzatan bezala hor ere badira usoak eta birigarroak, baina oro har esango nuke jende fina eta saiatua dabilela, euskal komunikabideetan behintzat. Nik neuk adeitsu hartu ohi ditut kazetariak, eta baietz erantzun ohi diet beren elkarrizketa-eskari guztiei. Salbuespen batekin: sexuari buruzko galdeketak.
Gustuko jeneroa dugu nonbait. Ez bakarrik sexua (seinale txarra litzateke ez gustatzea), baizik eta horri buruzko elkarrizketak, urliak edo sandiak zer dioten beren fantasia ezkutuez, beren esperientzia kilikagarrienez. Garai batean Egin-en bazeukaten halako atal bat, gero Gara-n ere bai oker ez banago, eta Berria-ko Matraka gehigarriak segitzen dio tradizioari.
Azken honetan atera zen, iazko urtearen hondarrean, Izaskun Bilbaori egindako sexu-testa. Lehenengo galdera, denei egiten zaien berbera: "Nola deskribatuko zenuke zure aurreneko aldia?".
Eta hona erantzuna: "Ordu laurden lehenago abisatu zidaten eta. Legebiltzarkideek, familiak, lagunek... hedabideetan jakin zuten. Mezuak jaso eta jaso ari nintzen, argazkiak atera zizkidaten..."
Argi dago Legebiltzarreko lehendakari aukeratu zuten egunaz ari dela, ez kazetariak eta irakurleak buruan zuten beste aurreneko aldi horretaz. Nire zalantza, ordea, hau da: Izaskun Bilbao anderea ez da enteratu galdeketa zertaz zihoan, ala bere prentsa-arduraduna da jabetu ez dena, ala nahita erabaki dute kokoloarena egitea?
Badaezpada, ez dut galdera hau Parlamentura bidaliko.
noski enteratu dela,gauza guztietan bezala dena dakite, baina kokoloarena egiten dute...
http://donostialdetik.blogspot.com/
edo benetan dira kokoloak?