Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Kreolen izaeraz

Kreolen izaeraz

xme 2005/12/16 12:06

Ameriketako kolonizatzaile zurien ondorengo bertakotuei deitzen zaie kreol (criollo, gaztelaniaz). Kultura indio eta europarren arteko nahasketa konplexu eta era guztietakoak atera litezke hortik, herri amerikarraren nortasunaren oinarri izan direnak askotan, eta Europako kultura zaharkituen aberasgarri.

Kreolei buruz gogoeta interesgarri bat plazaratu zuen Jon Sarasuak orain dela urte batzuk (Guatemalako bere egonalditik bueltan-edo), esanez kriolloek europarren aurrean amerikar indigena agertzea maite dutela, eta bertako indigenen aurrean, berriz, europar zibilizatu. Gogoan daukat bi lagunen aspaldiko solasa, biak ezkertiarrak, bata hegoamerikarra eta bestea hara azaldu berria. Esaten dio hegoamerikarrak: "Zuen arbasoek akabatu gintuztenean...". Eta besteak erantzun: "Barkatu: nire arbasoek ez, zure arbasoek txikitu eta akabatu zituzten indioak, nireak hemen gelditu ziren behiak zaintzen".

Sarasuaren gogoetak, oroimenak huts egiten ez badit, bazuen bigarren parte bat, euskaldunei aplikatua: hemengo agintari-kasta jeltzaleak kreolen modura jokatzen zuela zioen, alegia, espainiarren aurrean euskaldun agertzea gustatzen zaiela, baina egiazko euskaldun indigenen aurrean espainol jokatzen dutela gero.

Kreolen bikoiztasunaren beste ikuspegi bat ageri da argitaratu berri den eleberri guztiz eder batean: "Sargazo itsaso zabala", Jean Rhys-ena, Txomin Arratibelek euskaratua. Rhys antillarra zen, Dominika uharte anglofonokoa; galestarra zuen aita eta bertako kreol zuria ama. Karibeko mundu sentsual baina gupidagabea agertzen da nobelan, sexuen, arrazen eta klaseen arteko tentsioz gainezka.

XIX. mendearen erdialdera, esklabotza amaitzearekin batera, gainbehera etorri zen lehengo ugazaben klasea, eta metropolitik iritsitako aberats berriak nagusitu. Lehengo kreol esklabo-jabe ohiek pobretuta ikusi zituzten beren buruak, eta gizarteak mespretxatuak: beltzentzat negrero hutsak ziren, noski, eta Ingalaterratik iritsi berrientzat antigoaleko zerbait, jende erdi-basati erdi-dekadentea. Bereziki emakume kreolen egoera iruditzen zaio errukarria Rhys-i, eta haien ikuspegia saiatzen da adierazten.

etiketak: Saski Naski
matxalde
matxalde dio:
2005/12/16 14:36

Sarasuaren gogoetak izango zuen,bai, bigarren parte bat, euskaldunei aplikatua. Nik sinesten dut, KREOLO.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.