Hiru opari
Dena ez da Durango. Joan den asteburuan, nire herrian eta ondoko batean (Beasainen eta Lazkaon) postuak jarri dituzte kalean, azken aldiko liburu, disko, jostailu eta abarrekin, jendea hurbildu, ikusmiran aritu, eta, animatuz gero, erosteko. Ni ere eraman ninduten herriko azokatxo horietara, batean hizlari, bestean sinatzaile. Hitzaldia eman, eman nuen; sinatu, berriz, ez, baina nik ere liburuen artean azterka jardun nuen, eta gauza polit askoak deskubritu ere bai. Nork bere buruari edo lagunen bati egiteko hiru opari, paperjalearen berme guztiekin.
Hasteko, bat haur txintxo eta heldu gaiztoentzat: "Txanogorritxu eta Otso beltxu", Perrault-en klasiko ezagunaren gainean Kukuxumusuk egindako moldaketa, Ttarttalok argitaratua. Ipuina ezagutzen duzula? Bertsio hau ez ordea. Edo "perbertsioa" esan beharko genuke? Marrazkiak oso onak, eta gidoia jeniala. Jakin dut "Ahate zantartxoa" ere egin dutela, eta ez naiz geratuko irakurri gabe.
Beste bat, inoiz maitemindurik egon diren gizon eta emakume guztientzako aproposa (nor ez?): "Emakume ezezagun baten gutuna", Stephan Zweig-en nobela laburra, Edorta Mataukok euskaratu eta Igelak publikatu duena. Liburua irakurri gabe ere askok ezagutuko duzue istorioa, behin baino gehiagotan eraman baita zinemara (nik ikusi dudan azkena, Txinan kokatua). Testu fin, erakarri eta harrapatzen zaituena, gozo bezain egoki itzulia. Perla koxkor bat.
Azkena, Jesus Mari Arruabarrena idazle eta argazkilari durangarraren "Baserria: oroimenari loturik", Bizkaiko Diputazioak iaz kaleratua baina nik ezagutzen ez nuena. Lehendik ere "Antzinako ogibideak galbidean" edo "Azken belaunaldia" ezagutzen genizkion, galzorian dauden bizimodu eta langintzekin arduraturik betiere. Argazkiari bezainbesteko maitasun eta errespetua dio jendeari, haren habitat naturala eta barruko istorioak bere horretan jasotzeari, eta hori ez dago artista guztiez esaterik. Egiazko pitxi bat.
Aupa, Xabier
"Emakume ezezagun baten gutuna" gaztelaniaz aspaldi irakurri nuen, gaztetxoa nintzela. Ikaragarri gustatu zitzaidan. Negar ere, ugari egin nuen, eta liburu gutxik sortzen dizkidate malkoak. Banekien euskaraz atera zutena, eta irakurtzeko gogoz nabil
Zure gomendioei aurrea hartzen ia-ia :-)