Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Mila urte igarota

Mila urte igarota

xme 2006/01/03 14:44

Mendeurrenek ez dute ezer askorako balio baina, aitzakia ematen digute aspaldi ahaztutakoak gogora ekartzeko. Gurean Lauaxetarena izan genuen iazkoa, eta hainbat gauza interesgarri egin ziren: herritarren antzerkia Mungian, Valverderen diskoaren berrargitaratzea, hamaika kantariren bertsio berriak, idazle mordoxka baten komentarioak.

Aurten, berriz, Andima Ibiñagabeitiaren jaioatzak beteko du mendea. Badakit Andima ezezagun erabatekoa dela, baita hau irakurtzen dutenetako askorentzat ere, eta ez naiz hasiko inori errietaka. Bizpahiru datu emango ditut hala ere: ikasketaz-eta gerra aurreko belaunaldikoa izan arren, gerraosteko ilunpean egin zuen benetako lan kulturala, erbesteko hainbat aldizkaritan idatziz; bera izan zen Jon Miranderen irakasle eta bultzatzaile nagusia, eta bera da halaber, izengoiti bromosoa barkatzen badidazue, lehenengo Euskal Taliban Jatorra.

Gerraurreko intelektual euskaltzaleen belaunaldia sinetsita zegoen euskararen alde erdaraz (ere) egin beharra zegoela, eta asko idatzi zuten gaztelaniaz Lizardik, Lauaxetak, Orixek... Aitzolen idazlan ia guztiak dira espainolezkoak. Gerra ondorenean euskarari ia erabat utzi zion euskaldun jendeak, dela debekuz, dela giroak laguntzen ez zuelako. Izan zen ordea taldetxo bat, euskarari gogor heltzeaz gainera, egiazko kultur hizkuntza izan behar zuela tematu zena. Guatemalan argitaratzen zen "Euzko Gogoa" taldeaz ari naiz, eta horren barruan Jokin Zaitegi arrasatearra eta Andima Ibiñagabeitia elantxobearra nabarmendu behar.

Efemeride-kutsua hartzen ari da nire idazki hau, eta baten bat marmarka, nondik nora azpititulu hori. Azalduko dut zergatik.

Egunotan plazaratu da blog berri bat pornoa euskararen alde jarriko duela esanez, eta eztabaida piztu da bazterretan , holakoek euskarari kalte edo mesede egiten ote dioten. Ez zait polemika interesatzen, baina burura etorri zait Ibiñagabeitia zena. Izan ere, Andima gureak ere "Euzkera ta liburu lizunak" artikulua idatzi zuen 1952an, gure hizkuntzaren alde baldin bazen horrelakoak ere behar genituela esanez eta ikamika handi samarra sortuz. Hona artikuluaren pasarte bat:

"Aberri batean guztietariko jolasak, jokaerak eta izaerak hausnartzen dira: onak, bigunak, ederrak, gozoak, alaiak eta baita ere txarrak, gogorrak, lizunak, mingotsak eta itunak. Eta batetik eta bestetik, abar eta abar: abar asko.

Hauxe esan nahi dut: Aberri barruan, TASUN eta KERIA guztiak izaten direla: Edertasunak eta Arinkeriak; Maitasunak eta Maitakeriak. Horra gauza bi berdingeak.

Esku garbiz bizi direnak eta lapurreta maite dutenak. Beti gogo garbiz dabiltzanak eta noizik behin ez bada ere lizunkeriara jotzen dutenak.

Orain esango dudana, beharbada, astakeria irudituko zaio norbaiti. Baina nik neuk, gure Herrian, lapurreta bera ere euskaraz egingo balitz, nahiago nuke.

Orain arte, euskararen alde zerbait egin nahi izan dugunok "tasunez" bakarrik jokatu gara, "keriaren" alde hori aldebat utzita. Ez dut esango okerreko bidetik ibili garela, ez horixe, baina gizatalde askori opor egin diegula, hori bai. Beraz, "keria" talde horiek ere euskaraz elikatu behar direla deritzot.

Nik neuk, erbestetik etorri ohi diren eresiei ere euskal hizkia jarriko nieke, Herriak erdaraz barik, euskaraz abes ditzan. Ez ikaratu tango nahiz pasodoble bat aditzen delako. Euskal hitzak ezarri eta abes dadila".

Tango eta pasodobleak ez dira blog porno baten berdina baina...

(Ibiñagabeitiaz jakiteko eta haren lanak irakurtzeko libururik egokiena: "Andimaren idazlan hautatuak", Pako Sudupek prestatua).

etiketak: Saski Naski
patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/01/06 15:09

...katua hil eban.

Patxi
Patxi dio:
2006/01/05 04:31

Patxi, ados zurekin.

Gauza batean ezik: ez dezula blog porno hori ezagutzen??

Nora goaz, ba ote goaz inora, jakinminik gabe?

Patxi
Patxi dio:
2006/01/03 18:44

Gure egoera linguistikoak hainbat eta hainbat gauza “moldatu” beharrean jartzen gaitu. Euskal telebistan esaterako, ezin da benetako egoera linguistikoa ispilatu, jakina. Derrigorrez, euskera aberatsa erakustera jotzen da. Ereduak erakusten dira.

(Basetxeko partehartzaileen aukeraketa kriterioak alde batera utzita)

Arlo askotan, jaio gabeak gera.

Nola hasi? Zer da komenigarri? Zer ez?

Ezin da edonola, edonon, edozein modutara abiatu. Buru pixkabat behar da. Neuk lizundia kritikatu nuen, oso toki txikian oso ozenki eta nere ustez, oso momentu txarrean sartu zalako. Harrokeriz gainera.

Sintoma ona litzateke, toki pornoak, aeromodelismoa, sukaldaritza Toki deliktiboak sortzea, euskeraz.

Behar, zer behar du gure hizkuntzak? Zein da bide motxena normalizaziorako? Markos Zapiainek bere azken mezuan azaltzen du. Sufrikarioa da gure egunerokoa, momentu askotan. Estu bizi gera. Aurreratzeko premia degu.

Bide motxena, nere ustez, jendearen eskakizunei erantzutea da. Tangoa, pasodoblea, aspaldiko kontuak dira. Zer eskatzen duen gaur egun jendeak, hura eman. Euskeraz.

Urteberrion Xabier!

_

Magabila
Magabila dio:
2006/01/04 13:08

http://donostialdetik.blogspot.com

Beste hondar-ale txiki bat euskal blogosferan

patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/01/04 12:03

Zer eskatzen duen gaur egun jendeak, hura eman. Euskeraz.

"Euskararen alde", "euskarari kalte",... Horien ordez "euskaradunen alde", "euskaradunei kalte" ipiniz gero, askoz hobeto ikusten da. Hiztunetaz ari gara, pertsonetaz, zeu eta neu. Hizkuntza tresaa da. Pornografia materiala erdaraz egotea kaltea egiten deutsa euskaradun pornozaleari, ez hizkuntzari. Pertsona horrek ez dau hizkuntzaren erregistro (lizun) batzuk jasoko, eta pobretuko da linguistikoki. Jasoz gero, parte har dezake, beste erregistro batzuk sortu eta abar. Tartean, horretako dagoz blogak, ezta?

Neuk ez dot blog porno hori ezagutzen, baina beste gauza batzuekin bezala, askotan hastea da kontua. Edur bolaren dinamikaren zain.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.