Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Donostiako sefardia

Donostiako sefardia

xme 2006/01/04 14:57

Diasporako juduak bi familia nagusitan banatu ohi dira: sefardiak eta ashkenaziak. Ashkenaziak Europa erdialdean bizi izan ziren, Alemania eta herri eslaviarren artean (batzuen eta besteen antisemitismoa nola-hala jasanez); yiddisha zen haien hizkuntza, aleman zaharraren dialektu bat. Sefardiak, berriz, Hispania zaharrean bizi ziren, Errege-erregina txit katolikoek 1492an kristau bataiatu edo alde egitera behartu zituzten arte. Geroztik, Ipar Afrikako hirietan eta Inperio Otomandarreko hainbat hiritan bizi izan ziren: Salonika, Esmirna, Bosnia... Hitlerrek egundoko triskantza egin zuen, eta geroztik, sionismoaren eta antisionismoaren efektu bateratuak Israelera eraman ditu geratzen ziren gehienak.

Hau dena galzorian dago gaur egun baina, sefardien gauza berezia izan da beren komunitatean eutsi egin diotela XV. mendeko gaztelaniari, orduko esamolde, hiztegi eta fonetika bereziarekin. Horri lotuta, beti kontatu izan da, leienda kutsua ere baduen arren, Toledoko etxeko giltza gorde izan dutela, noizbait itzultzeko esperantzarekin eta abar.

Ni ez naiz gai honetan jantzia hala ere (Amalia Barquin-ek aztertu du, gure artean, sefardien kultura). Zer dela-eta kontu hau? Ba, atzo bertan, nire lagun batek esan zidalako gero eta sefardiago sentitzen zela. Azalduko dizkizuet esaldiaren nondik norakoak.

Donostiarra da nire lagun hau, bizitzaren gorabeherengatik bere senar eta bi ume txikiekin Madrilera joan zena, orain dela urte batzuk. Madrilera joanda ere, etxean euskarari eutsiko ziotela erabaki zuten lagunak eta senarrak, eta denboraren buruan pozik ikusi zuen baietz, bere neska-mutikoek txukun egiten zutela euskaraz, etxetik kanpo beste hizkuntza batean bizi arren. Handik urte batzuetara Londres aldera aldatu zen familia osoa, eta haurren bizitzan ingelesak hartu zuen gaztelaniaren tokia, baina euskarak segitu zuen izaten etxekoen arteko mintzabidea.

Nire lagun hau Donostiara etorri ohi da opor garaian -gabonetan eta udan- senideak eta lagunak ikusteko, herrimina lasaitzeko, haurrek sorterriarekiko harremanari eusteko. Eta urterik urte ikusten omen du bere seme-alabek hobeto egiten dutela euskaraz adin bereko bere iloba guztiek baino: hauek denek Santo Tomas lizeoan ikasten dute, eta kaleko edo ikastolako euskañol higatua egiten dute; lehengusu madrildar-londrestarrek, berriz, zalantza lexikoak izaten omen dituzte, gauza batzuen euskal izena ezagutu ez-eta, baina gainerakoan askoz txukunagoa omen da haien mintzaira. Hortik, sefardiekiko konparazioa.

Juduen kasuan ez bezala, emigrazioa eta hizkuntzari uztea loturik joan dira beti euskaldunen kasuan (salbuespenak salbuespen, farwest-eko artzainak eta). Gaur egungo teknologia eta garraiobideei esker errazagoa da sorterriarekin loturik egotea, eta posibleago beraz euskaldun irautea. Teknologia baino inportanteagoa da borondatea ordea. Biba zuek: I, J, L eta L.

etiketak: Saski Naski
Jozulin
Jozulin dio:
2006/01/04 22:14

Nire seme-alabak dira sefardi etxetik kanpo, baina hauek hizkuntza "zaharra" eta "berria" ezagutzen dituzte. Dena dela eskolako lagunekin erdaraz ari dira nagusiki. Lankide batek harrapatu zuen semea telefonoz ikastolako lagunekin euskañolez; esan zion ia ez zekien euskara hoberik, etxekoa alegia, eta semeak honakoa erantzun: -Barre egingo didate-eta! Lankidea eta bere familia sefardi hutsak dira: gipuzkoarrak Bilbon bizitzen. To!

patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/01/04 20:18

Neu be Diasporan bizi nintzanean askotan sentitzen nintzan sefardia edo ashkenazia geure "Sefarad" honetara etorten nintzanean.

Tamalez hamengo aborigen askok ez dabe lotsarik sentitzen horregaitik. Eta lotsatzeko modukoa da, I think.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.