Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Eibartik Candasera

xme 2006/03/31 11:50

Hel diezaiogun herenegun zintzilik utzitako hari-muturrari: Betanzos gudari gizajoaren pleinua, gerran ostiak jaso eta jaso ibili zirela etengabe eta horrek sortzen zion nahigabea.

Galera errepikatuen kontu hori Pepe Bolunbururen bertsoetan ere aurki daiteke, bestelako aldarte batekin ikusia baina. Pentsaeraz sozialista zen Bolunburu itxura denez, zaletasunez gitarra-jolea kontatu didatenez, eta lanbidez armagina, Eibarren ohikoa denez. Hainbat kantu sortu omen zituen, baina denen artean ezagunena "Gerrako gure ibilerak" izeneko bertso-sorta, Eibarren ahoz aho eta hainbat bertsiotan gorde dena.

Kantu horrexek ixten du "Agur Intxorta maite" diskoa ere. Joseba Tapiaren diskorik eder eta originaletako bat da hau (asko esatea da hori, Tapiaren disko guztiak baitira ederrak eta originalak), 36-37ko gerran euskaldunek asmatutako bertso eta poemak kantu bihurtzen dituena, Josebak berak asmaturiko musikarekin gehienetan.

Gerra bezalako egoera batean, normala den bezala, epikoak izan ohi dira testuak, norberaren alderdikoak adoretzeko eta etsaia gutxiesteko eginak. Bolunbururen bertsoek, berriz, ez daukate dramatismo apurrik; gerra galdua dute dagoeneko, baina ez da negarrez hasten ere; aitzitik, barre egiten dio bere buruari eta bere lagunei (esaterako, bigarren bertsoan aipatzen duen Kiputxaneko Periko herrena zela jakiteak umore eta malizia punttua eransten dio bestela ere kamutsa ez zen ahapaldiari).

Ez dut esan nahi jarrera hori besteak baino hobea denik, Bolunburuk berak ere jakingo zuen suminez borrokatzen eta saminez dolutzen beste hainbat unetan. Hala ere, porrotari irri egiten jakitea, aurrera egiteko bizilegearen irtenbide irudimentsua izateaz gain, izan liteke hurrena ere burua altxatzen lagunduko digun jokabidea.

Dena dela, Bolunburu bera ikaratu egingo litzateke horrelako sermoiarekin eta, besterik gabe, haren bertsoak jarriko dizkizuet hemen, Tapiaren musika falta dute baina:

Oraintxe kontatuko dizuet
gure gerrako historia,
egin genduan bizimodu bat
guztiz ikaragarria:
denbora dana pasatu degu
hegazkinen ihesian,
purga beharrik ez degu izan
gerra denbora guztian.

Guregatikan ez dute esango
balientiak geranik,
zaratatxo bat entzun orduko
hasitzen ginan ihesik.
Gu geran baino azkarragorik
oraindik ez da ikusi
Kiputxaneko Periko berriz
danon artean nagusi.

Eibar aldetik irten genduan
antzintziketan Deustura,
Deustutik berriz estu ta larri
joan ginan Cabezon-era,
Cabezondikan Borines-era,
Borinestikan Nava-ra
Navatik berriz Candas-era ta
sartu ginduzten barrura

Izugarrizko bizimodua
jarri digute oraintxe:
ondo neurtuta daukagu ura
ogirikan ez sobrante
eskabetxeko sardina latak
txorizo ta txokolate...
Barriro ere kalabazia
haziko jaku bastante.

Castillo Suarez: “Sinesten dut zaurien edertasunean”

xme 2006/03/30 13:02

Castillo Suarez (Altsasu, 1976), "Mugarri estaliak" (2000) eta "Spam poemak" (2004) kaleratu eta gero, poema-bilduma berri batekin datorkigu: Bala hutsak, hitz kopuru txikienarekin ahalik eta gauza gehien adierazi nahi duten testuak, umorez eta sedukzioz irakurlea harrapatzen dutenak. Betiko moduan galderak planteatuz; inoiz baino sendoago eta ziurrago, elkarrizketa honetan aitortzen digunez.

Bala hutsak izenburua ipini diozu, baina irakurle honi ondo kargatuta doazela iruditu zaio...

Poema batean ageri da liburuaren izenburuaren zergatia; hona: “Bala hutsek ez dute bazterreko kalterik sorrarazten;/ez dute minik egiten, pitzadura laburrak baizik./Ez dute nortasuna aldarazteko balio ere./Nire bala hutsak gordeta dauzkat tiraderan:/bereizi ginenean zuretako hartu zenuen armairukoan.”. Liburu honetan, beraz, tiradera ireki eta balak ateratzen hasi naiz, poliki eta banan-banan. Egia da zauri arinekin bizimodu normala eduki dezakegula, oharkabean ixten zaizkigula; baina nik, Bala hutsaken bidez, zauri txiki horiei ere erreparatu nahi izan diet.

Ohi duzun moduan, poema zuzenak egin dituzu, metaforetatik urruti...

Bilatzen dudana zera da: hitz kopuru txikienarekin ahalik eta gauza gehien aditzera ematea. Ez zait gustatzen sentimenduen deskribapen hutsa punchik gabeko idazketa den aldetik.

Hizkuntza ere egunerokoa da, ez batere loratua, eta hala ere intentsitate handiko ideiak asmatzen dituzu.

Poema narratiboak egitea lortu nahiko nuke —prosa egitetik desberdina dena—. Alde horretatik, saiatzen naiz ahalik eta ausartena izaten hitzak elkartzerakoan, hari narratiboa galdu gabe. Giza harremanen ikuspegi mikatz samarra duzula esan liteke?

Iruditzen zait zoriontasuna edo ongizatea hurbilago ditugula jabetzen garenean gure harreman asko —gehienak ez esateagatik— ez direla guk nahiko genukeen terminoetan zedarritzen. Espektatiba handiak jartzen ditugu gure harremanetan, eta ez dago espektatibak baino gauza txarragorik. Malgutasuna eta askatasuna funtsezkoak dira harremanetan. Liburuari dagokionez, ez nuke nahi irakurleak pentsatzea harremanek dakarzkiguten dezepzio txikiak edo handiagoak kontatzen ditudala besterik gabe. Horretarako egunerokoak daude, eta normalean ez dute asmo literariorik.

Exibizionismoa eta sedukzioa

Zauriak erakusten dituzu, baina ez zara batere negarti ageri.

Sinesten dut zaurien edertasunean; zauriek uzten dituzten orbanak ez dira, nire ustez, itsusiak. Gainera, zauri baten ondotik ez dira gauzak berdin sentitzen. Askoz ere biziagoak dira sentsazioak, are nabarmenagoa sentitutakoa. Horretan datza zaurien edertasuna. Bestalde, minaren exibizionismoa ez zait gustatzen. “Ez duzu nire minaren geografia zertan ezagutu” idatzi zuen Jon Benitok; horixe, da hain zuzen, poemen ibilbidea gidatu duen esaldia. Bala hutsak exibizio ariketa bat da, nire orban guztien erakustaldia alegia. Haatik, ez dago minetik eginda, baizik eta distantziatik —eta, beraz—, harrotasunetik.

Aldi berean, umorea erakusten duzu: defentsarako ala erasorako tresna da hau?

Ez bata ez bestea. Nik dibertitzeko idazten dut eta, beraz, umorea funtsezkoa iruditzen zait. Ez nuke idazketa —zutabeak ala poemak izan, berdin da—, inor erasotzeko erabiliko; eta defenditzeko ere ez dakit. Nik uste umorea dela sedukziorako armarik onena. Eta hori ez dut inongo gerra tratatutan irakurri, ez eta autolaguntza liburuetan ere.

Eta probokazioa zer da: poema bortitzak lortzeko baliabidea, ala bizitzan erabiltzeko jarrera?

Probokatzailea baino gehiago seduktorea izan nahiko nuke, baina hori ez dago —hein batean— nire esku, sedukzio edo probokazio gaia denarengan baizik. Izan ere, sedukzioan idazlearen eta irakurlearen artean harreman berezia lortzen da. Nik horregatik idazten diot zu bati eta ez hirugarren pertsona bati.

Aurreko zure liburuen aldean, batetik nabari da jarraipena, baina bestetik baita garapena ere: gero eta sendoagoak dira zure testuak, zehatzagoak, baita gaiztoagoak ere agian?

Ez dakit nik esan beharko nukeen, baina orain artekoetan nire libururik sendoena da Bala hutsak. Neure buruaz, eta hortaz, neure idazketaz ziurrago nago, eta hori ezinbestean islatzen da testuetan. Gaiztoa izateko ezinbestekoa da idazketa oso kontzientea izatea; bestela ez zara gaiztoa, beste zerbait baizik

Irabaziak eta galerak

Adierazpen biribilak lortu arren, airean utzi ohi duzu anbiguotasun puntu bat; poemen irakurketa irekia uzteko teknika hutsa da, ala enigmatiko izatera jolastea maite duzu?

Iruditzen zait joera zabaldua dela literaturaren bidez idazlea hustearena, baina nik ez dut literaturaren balio terapeutikoen sinesten. Gainera, hori kaltegarria da idazlearendako, bere idazlana defendatu ordez bere burua defendatzen —edo, txarragoa dena, justifikatzen— ibili behar duelako etengabe. Bestalde, iruditzen zait ez diegula ingurukoei ez eta irakurleei ere gure berri zehatza eman behar. Idazleak —eta, zer esanik, ez poetak— galderak egiteko idazten dugu, ez gure barne-biografiaren berri emateko. Galderak iradokitzaileak badira, hobe.

Poemez gain, iritzi-artikuluak ere idazten dituzu, baina oso bestelakoak dira darabiltzazun gaiak eta estiloak, ezta?

Zutabe bat poema bat gutxiago da. Inguruan dabilkidan ideietatik asko zutabe izaten bukatzen dute. Alde horretatik, iruditzen zait zutaberik idatziko ez banu poema gehiago idatziko nituzkeela. Nolanahi ere, egia da saiatzen naizela idazkera ezberdinak erabiltzen genero batean eta bestean. Emaitza ere desberdina da: zutabeen bidez feedback handia lortzen dut irakurle askorekin; poesiari dagokionez, ordea, ez dut hainbeste ezagutzen irakurleengan ze sentsazio sortzen dituzten.

Elisabeth Bishopen poema batekin hasten da liburua, galtzearen arteari buruzkoa.

Inoiz ez didate eskatu zer den garrantzitsua eta zer ezinbestekoa bereiztea. Nik ere inoiz ez diot inori ariketa hori egin dezan eskatu. Nolanahi ere, azkenaldian galtzen ditugun gauzei buruz idazteko gogoa daukat, eta ez hainbeste eskuragarri eduki ditzakedanei buruz. Eta iruditzen zait galtzen ditugun gauzak garrantzitsuak izan daitezkeela, baina inoiz ere ez ezinbestekoak. Galtzearen artea ez dela zaila ikasten idatzi zuen Elisabeth Bishop-ek, badirela galdu nahian diruditen gauzak, eta honek ez dakarrela hondamendirik, kontua dela gero eta gehiago eta azkarrago galtzea. Jon Benitok oparitu dit poemaren itzulpena, eta ez da kasualitatea, oso egokia baita.

Liburuak hiru atal ditu: Bekoki erdiko zain iluna, Edertasun mingarria eta Ezpain hilezkorrak. Poemen tituluei dagokienez, batean izenak dira, bestean aditzak eta hirugarrenean izenondoak. Zergatik?

Banaketa hori liburu barruko poema batekin oso lotuta dago. “Ipuina” izenburuko poema hori, hain zuzen, asmoen aitorpen gisako zerbait da, liburua idazten hasi nintzenean lehendabizikoetakoa: “Poema bat ipuin zedarritua da: / adjektiboetan daude oroitzapenak, / aditzetan etorkizunerako asmoak, / adberbioetan zalantzak / eta izenetan isiltasuna. / Nahiago zaitut biluzik, hala ere, / letrarik gabeko kanta baten gisan.” Bestalde, kapituluen banaketa aro kronologiakoaren arabera egina dago. Hiru arotan idatzia dago liburua, eta horregatik ditu hiru kapitulu. Nolanahi ere, ez

Gernikatik New Yorkera

xme 2006/03/29 13:44

Atzo Joseba Tapia aipatu nuen, eta gaur ere azalduko da hemen gure soinujolea, baina aurretik utzi iezadazue itzulinguru bat egiten.

Orain dela asteburu batzuetakoa kontua da; egun bat izango ohean lasai egoteko eta barruko iratzargailuak esnatu ninduen igande goizean; erloju biologiko aluak. Telebista aurrera joan, eta 36ko gerrari buruzko saio bat egokitu zitzaidan ETB1en. "Seguru ikusita daukadala" pentsatu nuen, baina gustura ikusten ditut halakoak eta hantxe geratu nintzen.

Ikusi gabekoa zen hala ere, eta txukuna gainera. Koldo San Sebastianek "Ad Maiorem Alderdii Gloriam" azken 25 urteotan egin dituenak baino txukunagoa. Hau ere gure aberri-heroi nagusia goratzekoa zen ordea, ez pentsa gauza okerrik: Jose Antonio Agirreren heriotzaren urteurrena zela-eta, haren bizitzaren kontaketa, irudi dokumentalak eta gaur egungo lekukoen iritziak tartekatuta; Jose Julian Bakedanok zuzendua, Humberto Unzueta eta Ainhoa Lodoso erredaktore, amaierako kredituetan ikusi nuenez.

Askotan esan izan da "De Guernica a Nueva York pasando por Berlín" film bikain baten gidoia izan zitekeela, Agirre lehendakariaren epopeia pertsonala eta herri oso batena uztartuz. Bakedanok aspalditik omen zuen hori egiteko asmoa, baina honakoa ez da horretara iristen: film dokumental txukun baina apal bat da, besterik gabe; besteak proiektuen zakuan jarraitu beharko du, norbaitek hogei milioi euro gastatu nahi dituenerako (hori egiten hasterako, baditugu aurreagoko lanak gure zinema koxkorra bizkortzen, ezta?)

Dokumentalean agertu ziren lekukoen artean biziki inpresionatu ninduen Jose Maria Bengoa medikuak, gerraren ostean Venezuelan bizi izan denak (horregatik ez nuen ezagutuko akaso), baina hizpidea eman didana Betanzos izeneko gudari xehe baten esaldi bat izan zen: "Zuk ez dakizu gazte batentzat zer den -esan zuen momentu batean-, gerrara joan eta gudaldi guztiak galtzea, beti atzera eta atzera ibili beharra".

Hitz triste horiek entzutean, hitz alai batzuekin oroitu nintzen: Pepe Bolunburu eibartarrak idatzitako "Gerrako gure ibilerak" bertsoekin, alegia. Baina askotxo luzatu naiz dagoeneko, eta hurrengoan jarraituko dut. Joseba Tapiak itxarongo du pare bat egunetan, ezta?

Ze ahots dauka zure poemak?

xme 2006/03/28 15:13

Koldo Izagirrek poema-liburu berri bat atera du, oraindik aurkeztu ez dena: "Teilatuko lizarra". Ez dakit, baina, zenbateraino den poema-liburua eta zenbateraino den berria. Labur esanda: liburu honetan bildu ditu azken hogeita hamar urteetan kantu bihurtu diren bere poemetako batzuk (ez denak), eta neurriz eta egituraz kantagai izan daitezkeen beste hainbat, bere liburuetan sakabanaturik zeudenak.

Emaitza polita da, eta bitxia. Ez da inondik ere Izagirreren antologia bat, baina bai haren lanaren alderdi esanguratsu baten erakusgarria. Horrez gain, hainbat aldiz entzun ditugun kantu eder zenbaiten hitzak pausatuago dastatzeko aukera ematen digu, edo hautsa biltzen geneuzkan disko zahar batzuk berriz jartzeko: Imanolen "Ene haserrea", "Zure begietan"...

Imanol aipatu dut, asko eta ondo abestu zituelako Izagirreren testuak, baina Koldoren poema gehien musikatu dituena Joseba Tapia dugu, eta aurki kantu berriak ezagutaraziko bide dizkigu, liburutik suma daitekeenez.

Horretaz pentsatzen ari nintzela, burura etorri zitzaidan, kantari batek poeta baten hitzak bere egin eta buru-bihotzez interpretatzen dituenean, nortasun berri bat ematen diela, eta, gainera, biak loturik geratzen direla gure gogoan: Izagirre eta Tapia adibidez, "Apoaren edertasuna" erakutsi zigutenez geroztik.

Uztarketa ez da erabatekoa noski: poeta baten olerkiak kantari batek baino gehiagok erabili ohi ditu, eta, halaber, abeslari bakoitzak ez du idazle bakarrarekin lan egiten. Hala ere, berez ez bada ere geure gogoan loturik geratu ohi dira: Kirmen Uriberen poemak Mikel Urdangarinen ahotsean imajinatu ohi ditugu; Patxi Zubizarreta eta Jabier Muguruza sentsibilitatekide irudikatzen ditugu; Atxagaren poemak Laboaren ahotsean datozkigu gogora eta Sarrionandiarenak Ruperrenean, edo alderantziz (Sarrirenak Mikelek abesturik eta Bernardorenak Mikelek). Orain kantari gazteago mordo batek bertsioak eginda ere Lauaxetak Valverderi atxikita jarraitzen du oraindik, eta Gandiagaren ohorea Gontzal Mendibili aitortu beharko zaio.

Zerrenda luzatu nezake, baina zuei ere utzi nahi dizuet tarte bat, imajinaziorako eta eztabaidarako.

Burutik ezin kendu

xme 2006/03/27 14:57

Bertsolari aldizkariaren azken alea etxean. Azken aldian bezala, monografikoa: "BEC: burutik ezin kendu". Aspaldian bezala, gero eta "Hola"go: 260 orri guztira, eta horietatik 60 izango dira egiazko testudunak; beste 200ak, Conny Beyreuther-en lan grafiko zabal, mamitsu, eta baita errepikakor samarra ere, ezinbestean. Joera horrek ni behintzat kezkatu egiten nau, bai baitirudi, aldizkariaren arduradunentzat, bertsolaritzaren inguruan ez dagoela zeresan handirik, edo nahiago dela xantuei begiratu, besterik gabe. Dena dela, ez dut hortik segituko.

Lehen ere aipatu izan da han eta hemen sari-emateetako txistuen kontua. Nik ez nuen gogorik saltsa loditzeko, gertakariak aski agerikoak baitira nork bere iritzia izateko. Dena dela, gogoan daukat oroitzapen bat, burutik ezin kendu dudana hura ere, eta horixe kontatzera natorkizue.

Ez du zerikusirik bertsoekin. Orain dela bizpahiru urte, Tolosan, abesbatzen nazioarteko lehiaketako sari-emate ekitaldia. Txapelak banatzen hasi aurretik, herriko edo eskualdeko Senideak igo ziren oholtzara, nor bere etxeko presoaren argazkia eskutan.

Haiek oholtzara agertu bezain laster, egundoko txistu-hotsa hasi zen. Txalo batzuk ere bai, baina txistuak nagusi, eta baita oihu ozenagoak ere: "Non da Lopez de la Calle?" galdetzen zuen batek, adibidez. Ni, lotsatuta, aita-ama, seme-alaba, anai-arreba, senar-emazte haien lekuan jartzen nintzen, zaparrada hura noiz pasatuko zain.

Bertso-txapelketako txistuak aditzean, Senideei jotako txistuak zetozkidan gogora. Ez dutela zerikusirik? Jakina ez dutela. Bakoitzak bere arrazoiak ditu. Baina batzuetan ez dago lekuz kanpo besteren larruan sartzea eta zer sentituko duen imajinatzea, une batez bada ere.

Monarkiaren kontra

xme 2006/03/24 13:15

Badira lanbide batzuk gurasoetatik seme-alabetara igaro ohi direnak. (Hau noizbait esana dudala iruditzen zait, baina ezin gogoratu non edo noiz). Ferratzailearen semea ferratzaile, medikuarena sendagile eta legegizonaren alaba abokatu. Gaitasun handixeagoz edo gutxixeagoz, baina meritu handirik behar izan gabe askotan. Zer esanik ez herentziarekin batera doan errege-ofizioaz.

Artistaren lanbidean, baina, ez da halakorik gertatzen. Idazlea saiatuko da, bai, bere seme-alabei literaturarako gustua txertatzen, baina bakanak dira letren historia osoan lumaren lekukoa etxeko bati pasatu ahal izan dioten puntako idazleak. Idazleez esandakoak berdin-berdin balio du margolari eta musikarientzat ere.

Aktoretzan, berriz, barka nazatela langintza eder horretan dabiltzan lagunek baina, ezin gauza bera esan. Zenbat aldiz ikusi ote ditugu aitatxo edo amatxoren eskutik, casting askorik egin gabe, rol inportanteak lortu dituzten jokalari gazteak... Gogoan izango duzue haien betiko leloa ere: "Bai, izenak hasieran laguntzen du ate batzuk zabaltzen, baina gero besteei baino gehiago esijitzen dizute".

Eta kiroletan zer? Printzipioz abizenak ez du pisu askorik. Johan Cruyff munduko futbolaririk handiena izanda ere, haren seme Jordik Alaves-en jokatzen zuen. Badira hala ere, geneen edo saiatuaren poderioz, belaunaldietan zehar nabarmendu diren familiak: Atanotarrak, esaterako.

Gaur Julen Retegik du partida, Urberuagarekin, buruz buruko txapelketarako. Bere aitaren semea izan ez balitz ez zutela txapelketako zerrendan sartuko esan dute. Baliteke, baina ez zait askorik axola, irabaztekotan berak egin beharko baititu tantoak, aitak aholkurik zorrotz eta zuhurrenak emanagatik.

Itsusiagoa iruditu zait izenarena. Berez Retegi V.a behar zuenari Retegi Bi deitu behar omen zaio, Julen hau Julianen klonikoa balitz bezala. Kutsu komertzial txatxu samarra sumatzen diot nik asmakizun horri, eta batez ere alferrikakoa: Julenek aitaren talentua baldin badakar, azkar asko antzemango diogu eta txalotuko, izendapen xelebrerik gabe ere. Eta, aldiz, erdipurdiko pilotaria ateratzen bada, bere lotsarako besterik ez du izango abizenaren osteko "Bi" hori, aita-semeen arteko aldearen oroigarri.

Arrazoiarekin esan ahalko du Julenek, aktore entxufatuen antzera, izenak hasieran laguntzen duela, baina gero ikusleak gehiago esijitzen diola.

Eta azken puntua: pilotari ona izanda ere, partidaren osteko adierazpenetan erdara hutsez egiten digunean, asko izango dira bihotzondoko mina sentituko dugunak.

Alberto Ladron Arana: "Argumentu zirraragarri bat ezin da inprobisatu"

xme 2006/03/23 09:01

Alberto Ladron Arana (Iruñea, 1968) azken urteetako obra narratibo sendo eta oparoenetako baten egile gisa plazaratu da. Horren erakusgarri dira orain arteko bere eleberriak: "Itzalaren baitan", "Xake Mate" eta "Eguzki Beltzaren sekretua", eta hori berrestera dator oraintxe plazaratu duen lana: "Arotzaren eskuak".

Idazleak ez ditu etiketak maite baina, nola definituko zenuke nobela hau: thrillerra? thriller historikoa?

Suspentsezko thrillerra da. Suspentsea, ezustekoak eta zirrara dira nobelaren elementu nagusiak. Anek ikertzen duen misterioak bere erroak iraganean dituen arren, ez nuke nobela historikotzat sailkatuko, argumentua gaur egun gertatzen baita.

Bigarren Mundu Gerrak badu toki bat eleberri honetan; haren aurretiko eta ondotiko garaiak ageri ziren zure aurreko nobeletan; kasualitatea izan da, ala interes berezia pizten dizute giro hark, aldi hark?

Ez da kasualitatea, nire azken hiru eleberrietan Bigarren Mundu Gerraren gaia jorratu baitut modu batean edo bestean. Oso une historiko interesgarria deritzot, eta nire ustez halako garai nahasi batean istorioa girotzeak aberastu egiten du argumentua, eta erakargarriago egin. Hala ere, Xake Mate edo Eguzki Beltzaren sekretua ez bezala, Arotzaren eskuak gaur egun dago giroturik eta Gerra Mundiala iraganeko erreferentzia moduan besterik ez da agertzen.

Alderdi historikoez dokumentatzeko Internet-ez baliatu zara ala...?

Internet oso tresna baliagarria da nobela dokumentatzeko, bai informazioa zuzenean lortzeko, bai informazioa duten pertsona zein erakundeekin harremanetan jartzeko. Arotzaren eskuak dokumentatzeko erruz erabili dut Internet: bai pertsonaiek erabiltzen dituzten armak, autoak, tresna elektronikoak eta abar deskribatzeko, bai nobelan agertzen diren tokiak aukeratzeko. Adibidez, Frantziako Metz hiriko turismo bulegoak informazioa bidali zidan hiriari eta bertako Posta bulegoari buruz, eta Maginot lerroa ikertzen duen erakunde batek aholku oso baliagarriak eman zizkidan. Gainerakoan, historia-liburuak eta elkarrizketa zuzenak erabili ditut (sendagile eta abokatuekin, adibidez) nobelari sinesgarritasuna emateko.

Berritasunen errronka

Istorioa gaur egun gertatzeaz gain, bada beste aldaketa esanguratsu bat zure aurreko nobelen aldean: protagonista, Ane Duhalde, emakumezkoa da. Arrazoi bereziren bat horretarako?

Bi galderek erantzun bera dute: nobela honetan zerbait berria egin nahi nuen. Orain arte idatzi ditudan nobela guztiak edo iraganean ("Xake Mate", "Eguzki Beltzaren sekretua") edo garai mitiko batean ("Itzalaren baitan") gertatzen ziren. Oraingoan, ordea, nobela biziago bat egin nahi nuen, ekintza handiagokoa, eta iruditu zitzaidan gaur egun kokatzeak lagunduko zuela helburu horretan. Ane protagonista neska da, alde batetik istorioak hala eskatzen zidalako, eta bestetik orain arteko nire protagonista guztiak gizonezkoak izan zirelako, eta aldatu nahi nuelako. Erronka berri bati aurre egin nahi nion.

Neska gaztea da Ane, eta ikerlari bikotea osatzeko-edo, polizia erretiratu bat sartu duzu. Eleberri polizialetako beste bikote ospetsu batzuk izan dituzu gogoan ala...?

Ikerlari bikotearen klixea nahiko erabilia izan da halako istorioetan, bai nobeletan bai zinemaren munduan, emaitza desberdinekin. Nire ustez, kimika kontua da halako bikoteek bizia izatea edo ez. Eta askotan zenbat eta desberdinagoak izan, kimika handiagoa egoten da ikerlarien artean. Polizia erretiratua Aneren kontrapuntua da: gizonezkoa da, zaharra, ziniko eta sinesgabea. Ez ditu Aneren kezkak ulertzen, oso bestelako mundu batean bizi baita. Hala ere, bien artean nahiko giro ona sortzen da.

Oso ondo eraiki ohi duzu zure eleberrietako trama, korapiloa. Idazten hasi aurretik lotzen dituzu mutur guztiak, ala idatzi ahala bururatzen zaizkizu gauzak?

Plan jakin batetik abiatzen naiz beti, eta askotan lan horrek hainbat hilabetez iraun dezake. Tramaren mugarri nagusiak ongi finkatutakoan hasten naiz idazten. Dena den, idatzi bitartean ideia hoberik bururatuz gero, ez dut arazorik izaten nobela hankaz gora jartzeko. Nire helburua argumentu zirraragarriak eraikitzea da, eta hori ezin da inprobisatu. Nahitaezkoa da egitura sendo bat hasieratik edukitzea.

Amaiera indartsuaren aho-zaporea

Liburu honetan ere azpimarragarria da amaiera, hemen argituko ez duguna...

Berebiziko garrantzia ematen diot nire nobelen amaierari. Nire ustez, amaiera indartsu batek aho zapore ona uzten dio irakurleari. Irakurleak gustukoak ditu ezustekoak, biziki atsegin du idazleak engainatzea. Hori ez da erraza, baina asmatuz gero irakurlearen oniritzia jasoko duzu dudarik gabe. Espero dut nobela honen amaierak txunditurik uztea irakurlea. Suspentsezko nobeletan funtsezkoa da intentsitateari eustea nobela osoan zehar, bestela galdu egiten duzu irakurlearen interesa. Eta amaieran ezin duzu huts egin, intentsitatea goratu egin behar da, kapituluetan zehar egin duzun apustu hori goratu egin behar duzu. Amaieran hordagoa bota behar diozu irakurleari.

Idazle batzuk bilaketa estetikoan saiatzen dira, beste zenbait sentimendu edo ideia batzuk transmititu nahian; zer bilatzen duzu zuk?

Irakurtzea atsegin nukeen istorioak idazten ditut. Irakurlearen interesa katigatzea da nire helburua, eta beste elementu guztiak helburu horren menpe jartzen ditut. Argumentu sendoen bidez, zirrara eta sorpresa bilatzen ditut nire istorioetan. Gurean entretenimenduzko literatura ez da beste literatura batzuetan bezain indartsua, eta batzuetan badirudi gutxietsi egiten direla halako liburuak. Hala ere, generoak ez du kalitatea baldintzatzen. Nire helburua kalitatezko entrenimendua egitea da.

Dagoeneko obra inportantea osatu duzu, baina hala ere ezezaguna zara irakurle askorentzat; hala nahi duzulako? Periferian egoteak promoziorako aukera murriztu dizulako...?

Egia da nahiko ezezaguna naizela. Egia erran, horrek ez nau gehiegi ardura, baina pena ematen dit nire liburuak gustuko lituzkeen hainbat irakurlerengana iritsi ezin izateak. Zergatik gertatzen da hori? Tira, EAEko komunikabideak bertako idazleez arduratzen dira gehienbat, eta Nafarroakoek, oro har, ez digute arreta handirik eskaintzen euskaraz idazten dugunoi. Horrek linbo batean egotearen sentipena sortzen dit askotan. Hala ere, pozik nago iaz "Xake Mate"ren 3. edizioa atera zelako, eta "Eguzki Beltzaren sekretua"ren 2.a. Oztopoak oztopo, horrek erran nahi du irakurle milaka batzuk iritsi direla nire liburuetara. Bestalde, idatzi didaten irakurleen mezuen bitartez, jakin dut publizitaterik ezean, ahoz ahoko gomendioak izan direla nire nobelak irakurtzera bultzatu dituztenak, eta hori ere pozteko modukoa da, horrek liburuen bizitza segurtatzen baitu. Gainerakoan, egin dezakedan bakarra egiten dut: ahalik eta nobelarik hoberenak idatzi.

Motibazioaren garrantzia

xme 2006/03/22 11:24

Badira lanpostu batzuk, gerriko mina ez baina burukoa sortzeko arrisku handi samarrekoak, gaixotasun psikologiko ugari eragiten dutenetakoak. Horietako bat, ezaguna den moduan, irakasleena da; beste bat, aurrekoan komentatu zidatenez, poliziena.

Ez da berez harritzekoa polizia-lanak halako estutasunak eta ongiezak sortzea. Lanbide hori hautatzen duenaren buru-osasunaz ere zalantza egingo nuke nik, baina, noski, denok ez gara berdinak. Nolanahi dela, orain dela gutxi nonbaiten argitaratu denez, guardia zibilak omen dira Espainian lanean baja psikologiko gehien hartzen dutenak edo dutenetakoak.

Eta Hego Euskal Herrian? Edonork pentsatuko luke, nik neuk uste nuen bezala, areagotu egingo zela joera hori: nortasuna ezkutatu beharra, gizartean integratzeko zailtasuna, begiratu txarrak, tentsioa, beldurra... Bada, ez! Espainian baino askoz ere baja gutxiago hartzen dute guardia zibilek gure artean daudenean.

Zergatiak? Bat soldata handiagoa. Bestea, opor egun gehiago. Horiek edonork eskertuko lituzke. Hirugarrena, trafiko-lanik egin behar ez izatea, bidezaintzak edo errepideak estresa dakarrelako nonbait... Eta onena: nola ia erabat borroka antiterroristara emanak dauden, ikerketa-lan handia izaten omen dute, horrek motibazio izugarria sortzen die, eta jakina da ez dagoela motibazioa bezalakorik lanean gustura jarduteko.

Langile guztiek beren beharrean pozik aritzeko duten eskubidea ukatu gabe, nahiago nuke gure guardia zibil hauek Espainiako beren kideen gogo-egoera berera itzuliko balira. Eta, bide batez, beren herrira itzuliko balira ere bai. Gero, datozela oporretan, hain zoriontsu izan ziren lurralde honen edertasunaz gozatzera.

Plagioaren alde

xme 2006/03/21 13:47

Inoiz ez dut ondo ulertu Atxagak "Obabakoak"en egiten duen plagioaren aldeko aldarrikapena. Zer esan nahi zuen bai, baina zertarako, ba, ez oso garbi; beharbada, norberari barrutik ateratzen zaiona idazteko ez bada literaturari helburu argirik ikusten ez diodalako. Alabaina, joan den asteko Wazemank ikusten ari nintzela, nire artean esan nuen: bai ba, arrazoi dik Atxagak.

Ostiral gaua. Herrian bertso-saioa, eta hara joateko asmotan ni. Aste osoan goiz jaikitzen nabilenean, ordea, sehaska-kantek baino eragin narkotikoagoa izaten dute nigan bertsoek; eta, aharrausika edo zurrungaka hastekotan, hobe etxeko besaulkian zinemakoan baino. Zahartzen ari naizela esan zidan aurrekoan itxura onari ondo eusten dion adinkide batek; zer egingo diogu bada? Beste bati behin aditu nion moduan, gaitz horrek okerragoa du erremedioa.

Etxean geratu nintzen, bada, eta Wazemank ikusteko aprobetxatu nuen, egunez aldatu zutenetik ez baitut aukera handirik izan. Zorionez, saioak ez du freskotasunik galdu, eta esketxek ondo eusten diote batez besteko maila on bati. Atal txiki bat komentatu nahi dut nik baina.

Arregitarren abentura bat zen. Agirretarrei lapurtutako txerriarekin odolkiak egiten edo halako trapukeriaren batean ari direla, hor non jotzen duten atea. Kax-kax. Ez dira agirretarrak ordea. San Telmoko altzari zaharren arduraduna da (Elordi ondarrutarrak antzeztua), gure baserrian ikusi duen kutxa zahar batekin liluratuta geratzen dena.

Aibadios!, esan nuen neure artean: hau Roald Dahl-ena duk. Roald Dahl ipuingile ingeles bat izan zen, bai haurrentzako bai helduentzako istorio zirraragarrien asmatzailea; ikuspegi kritiko batetik axaleko samarra izan arren, argumentu sorgingarriak sortzen zekiena eta narrazioaren erritmoari ezin hobeto eusten ziona (euskaraz ere irakur litezke haren hainbat istorio). Esaten ari nintzen bezala, Dahl-ek badu halaxe abiatzen den ipuin bat. Abiatu bakarrik ez: esketxak aurrera egin ahala, xehetasun guztietan kontakizun hartan oinarritu zirela ikusi nuen.

Hori zer da: bekatua? Akatsa? Egin behar ez zen zerbait? Bada, pentsatzen jarrita, nik ez diot aitzakiarik ikusten. Emaitza primerakoa izan zen, eta, jatorria urrutikoa izan arren, moldaketa ere guztiz egokia: arregitarren istorio peto-petoa. Hortik zihoala uste dut Atxagaren proposamena: gure narratiba (eta berdin telebista) aberastu genezakeela, han-hemen idatzi diren istorio ederrak geurera moldatuz eta egokituz.

Idazleen jabetza-eskubideak beste kontu bat dira, niri behintzat axola gutxi didana.

Zuk zeuk egiten al duzu?

xme 2006/03/20 11:26

Aspaldiko kartelik deigarriena ikusi dut asteburu honetan. Zutik-ek atera du, pertsonen zaintza emakumeen gain utzi ordez denon artean banatzeko ardura hori. "Hazlo si eres hombre" amu publizitarioaren azpian, hiru argazki ageri dira, non hiru gizonezko ari diren normalean andrazkoen esku uzten diren zereginetan: ezindu bat garbitzen, adindu bati laguntzen, haur bati jaten ematen. Azpian, ondorioa: "Zaintza ere gizonezkoen lana da".

Hori dena txalogarria izan liteke, politikoki zuzena nahi bada, baina zer du ba harrigarritik? Ba, harrigarriena da, lan horietan ari diren gizonezkoak ez direla modeloak, edo Zutik-eko kide ezezagunak, alderdi horretako aurpegi ezagun eta publikoak baizik.

Zutik-ekoak beti izan dira publizista abilak, orain dela 25 urteko martxa galdua badago ere. Afixa honen mezuaz Katixa Agirre publizitate-irakasleari galdetu beharko nioke beharbada, baina bitartean neuk egingo dut interpretazioa:

Horrelako "marroiak" ez ditu inork nahi izaten, berez; horregatik uzten dizkiogu hain erraz estatuari, ahal bada, neskame atzerritar bati bestela, edo familian halakoetarako bere burua "behartuta" edo ikusten duenari: emakumezko bati, nolanahi ere. Horren aurrean "denon ardura da" esatea ondo dago; "gizonezkoon lana ere bada" esatea hobeto; baina biak ere eslogan abstraktu samarrak dira, inor konprometitzen ez dutenak. Alderdi politiko horretako gizonezko ezagunen aurpegiak jarriz, izen-abizenak emanez, indartu egiten da zaintza-lanak gutako bakoitzari eta guztioi dagozkigulako mezua. Baina...

"Baina" bat du aurreko guztiak. Baldin eta kartelean ageri direnak zaintzeko beharra duten pertsonez arduratzen badira bere eguneroko bizitzan, oso ondo. Baina hala ez bada, publizitatearen trikimailu hutsa baldin bada, hauteskundeetan hautagaia umeei muxu ematen ageri denean bezala, orduan kanpaina faltsu eta ustela irudituko litzaidake, "begira gu ze jatorrak garen" esate huts eta hutsala. Edo, domeketako berba barkatzen badidazue, inmorala.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.