Zuk zeuk egiten al duzu?
Aspaldiko kartelik deigarriena ikusi dut asteburu honetan. Zutik-ek atera du, pertsonen zaintza emakumeen gain utzi ordez denon artean banatzeko ardura hori. "Hazlo si eres hombre" amu publizitarioaren azpian, hiru argazki ageri dira, non hiru gizonezko ari diren normalean andrazkoen esku uzten diren zereginetan: ezindu bat garbitzen, adindu bati laguntzen, haur bati jaten ematen. Azpian, ondorioa: "Zaintza ere gizonezkoen lana da".
Hori dena txalogarria izan liteke, politikoki zuzena nahi bada, baina zer du ba harrigarritik? Ba, harrigarriena da, lan horietan ari diren gizonezkoak ez direla modeloak, edo Zutik-eko kide ezezagunak, alderdi horretako aurpegi ezagun eta publikoak baizik.
Zutik-ekoak beti izan dira publizista abilak, orain dela 25 urteko martxa galdua badago ere. Afixa honen mezuaz Katixa Agirre publizitate-irakasleari galdetu beharko nioke beharbada, baina bitartean neuk egingo dut interpretazioa:
Horrelako "marroiak" ez ditu inork nahi izaten, berez; horregatik uzten dizkiogu hain erraz estatuari, ahal bada, neskame atzerritar bati bestela, edo familian halakoetarako bere burua "behartuta" edo ikusten duenari: emakumezko bati, nolanahi ere. Horren aurrean "denon ardura da" esatea ondo dago; "gizonezkoon lana ere bada" esatea hobeto; baina biak ere eslogan abstraktu samarrak dira, inor konprometitzen ez dutenak. Alderdi politiko horretako gizonezko ezagunen aurpegiak jarriz, izen-abizenak emanez, indartu egiten da zaintza-lanak gutako bakoitzari eta guztioi dagozkigulako mezua. Baina...
"Baina" bat du aurreko guztiak. Baldin eta kartelean ageri direnak zaintzeko beharra duten pertsonez arduratzen badira bere eguneroko bizitzan, oso ondo. Baina hala ez bada, publizitatearen trikimailu hutsa baldin bada, hauteskundeetan hautagaia umeei muxu ematen ageri denean bezala, orduan kanpaina faltsu eta ustela irudituko litzaidake, "begira gu ze jatorrak garen" esate huts eta hutsala. Edo, domeketako berba barkatzen badidazue, inmorala.
nik ez det uste zutik-ekoak prexixamente hipokritenak direnik.
badabil bazterrotan ekintzak gaitzetsi behar direla eta pake santua gora eta bla, bla, bla ibiltzen den alderdi bateko ez hain santu bat, emaztea jipoitzeagatik salaketa jarri ziotena duela urtetxo batzuk eta, miraria!, iñor goatu ez haren biolentzia-ekintza horrekin.