Castillo Suarez: Sinesten dut zaurien edertasunean
Castillo Suarez (Altsasu, 1976), "Mugarri estaliak" (2000) eta "Spam poemak" (2004) kaleratu eta gero, poema-bilduma berri batekin datorkigu: Bala hutsak, hitz kopuru txikienarekin ahalik eta gauza gehien adierazi nahi duten testuak, umorez eta sedukzioz irakurlea harrapatzen dutenak. Betiko moduan galderak planteatuz; inoiz baino sendoago eta ziurrago, elkarrizketa honetan aitortzen digunez.
Bala hutsak izenburua ipini diozu, baina irakurle honi ondo kargatuta doazela iruditu zaio...
Poema batean ageri da liburuaren izenburuaren zergatia; hona: Bala hutsek ez dute bazterreko kalterik sorrarazten;/ez dute minik egiten, pitzadura laburrak baizik./Ez dute nortasuna aldarazteko balio ere./Nire bala hutsak gordeta dauzkat tiraderan:/bereizi ginenean zuretako hartu zenuen armairukoan.. Liburu honetan, beraz, tiradera ireki eta balak ateratzen hasi naiz, poliki eta banan-banan. Egia da zauri arinekin bizimodu normala eduki dezakegula, oharkabean ixten zaizkigula; baina nik, Bala hutsaken bidez, zauri txiki horiei ere erreparatu nahi izan diet.
Ohi duzun moduan, poema zuzenak egin dituzu, metaforetatik urruti...
Bilatzen dudana zera da: hitz kopuru txikienarekin ahalik eta gauza gehien aditzera ematea. Ez zait gustatzen sentimenduen deskribapen hutsa punchik gabeko idazketa den aldetik.
Hizkuntza ere egunerokoa da, ez batere loratua, eta hala ere intentsitate handiko ideiak asmatzen dituzu.
Poema narratiboak egitea lortu nahiko nuke prosa egitetik desberdina dena. Alde horretatik, saiatzen naiz ahalik eta ausartena izaten hitzak elkartzerakoan, hari narratiboa galdu gabe. Giza harremanen ikuspegi mikatz samarra duzula esan liteke?
Iruditzen zait zoriontasuna edo ongizatea hurbilago ditugula jabetzen garenean gure harreman asko gehienak ez esateagatik ez direla guk nahiko genukeen terminoetan zedarritzen. Espektatiba handiak jartzen ditugu gure harremanetan, eta ez dago espektatibak baino gauza txarragorik. Malgutasuna eta askatasuna funtsezkoak dira harremanetan. Liburuari dagokionez, ez nuke nahi irakurleak pentsatzea harremanek dakarzkiguten dezepzio txikiak edo handiagoak kontatzen ditudala besterik gabe. Horretarako egunerokoak daude, eta normalean ez dute asmo literariorik.
Exibizionismoa eta sedukzioa
Zauriak erakusten dituzu, baina ez zara batere negarti ageri.
Sinesten dut zaurien edertasunean; zauriek uzten dituzten orbanak ez dira, nire ustez, itsusiak. Gainera, zauri baten ondotik ez dira gauzak berdin sentitzen. Askoz ere biziagoak dira sentsazioak, are nabarmenagoa sentitutakoa. Horretan datza zaurien edertasuna. Bestalde, minaren exibizionismoa ez zait gustatzen. Ez duzu nire minaren geografia zertan ezagutu idatzi zuen Jon Benitok; horixe, da hain zuzen, poemen ibilbidea gidatu duen esaldia. Bala hutsak exibizio ariketa bat da, nire orban guztien erakustaldia alegia. Haatik, ez dago minetik eginda, baizik eta distantziatik eta, beraz, harrotasunetik.
Aldi berean, umorea erakusten duzu: defentsarako ala erasorako tresna da hau?
Ez bata ez bestea. Nik dibertitzeko idazten dut eta, beraz, umorea funtsezkoa iruditzen zait. Ez nuke idazketa zutabeak ala poemak izan, berdin da, inor erasotzeko erabiliko; eta defenditzeko ere ez dakit. Nik uste umorea dela sedukziorako armarik onena. Eta hori ez dut inongo gerra tratatutan irakurri, ez eta autolaguntza liburuetan ere.
Eta probokazioa zer da: poema bortitzak lortzeko baliabidea, ala bizitzan erabiltzeko jarrera?
Probokatzailea baino gehiago seduktorea izan nahiko nuke, baina hori ez dago hein batean nire esku, sedukzio edo probokazio gaia denarengan baizik. Izan ere, sedukzioan idazlearen eta irakurlearen artean harreman berezia lortzen da. Nik horregatik idazten diot zu bati eta ez hirugarren pertsona bati.
Aurreko zure liburuen aldean, batetik nabari da jarraipena, baina bestetik baita garapena ere: gero eta sendoagoak dira zure testuak, zehatzagoak, baita gaiztoagoak ere agian?
Ez dakit nik esan beharko nukeen, baina orain artekoetan nire libururik sendoena da Bala hutsak. Neure buruaz, eta hortaz, neure idazketaz ziurrago nago, eta hori ezinbestean islatzen da testuetan. Gaiztoa izateko ezinbestekoa da idazketa oso kontzientea izatea; bestela ez zara gaiztoa, beste zerbait baizik
Irabaziak eta galerak
Adierazpen biribilak lortu arren, airean utzi ohi duzu anbiguotasun puntu bat; poemen irakurketa irekia uzteko teknika hutsa da, ala enigmatiko izatera jolastea maite duzu?
Iruditzen zait joera zabaldua dela literaturaren bidez idazlea hustearena, baina nik ez dut literaturaren balio terapeutikoen sinesten. Gainera, hori kaltegarria da idazlearendako, bere idazlana defendatu ordez bere burua defendatzen edo, txarragoa dena, justifikatzen ibili behar duelako etengabe. Bestalde, iruditzen zait ez diegula ingurukoei ez eta irakurleei ere gure berri zehatza eman behar. Idazleak eta, zer esanik, ez poetak galderak egiteko idazten dugu, ez gure barne-biografiaren berri emateko. Galderak iradokitzaileak badira, hobe.
Poemez gain, iritzi-artikuluak ere idazten dituzu, baina oso bestelakoak dira darabiltzazun gaiak eta estiloak, ezta?
Zutabe bat poema bat gutxiago da. Inguruan dabilkidan ideietatik asko zutabe izaten bukatzen dute. Alde horretatik, iruditzen zait zutaberik idatziko ez banu poema gehiago idatziko nituzkeela. Nolanahi ere, egia da saiatzen naizela idazkera ezberdinak erabiltzen genero batean eta bestean. Emaitza ere desberdina da: zutabeen bidez feedback handia lortzen dut irakurle askorekin; poesiari dagokionez, ordea, ez dut hainbeste ezagutzen irakurleengan ze sentsazio sortzen dituzten.
Elisabeth Bishopen poema batekin hasten da liburua, galtzearen arteari buruzkoa.
Inoiz ez didate eskatu zer den garrantzitsua eta zer ezinbestekoa bereiztea. Nik ere inoiz ez diot inori ariketa hori egin dezan eskatu. Nolanahi ere, azkenaldian galtzen ditugun gauzei buruz idazteko gogoa daukat, eta ez hainbeste eskuragarri eduki ditzakedanei buruz. Eta iruditzen zait galtzen ditugun gauzak garrantzitsuak izan daitezkeela, baina inoiz ere ez ezinbestekoak. Galtzearen artea ez dela zaila ikasten idatzi zuen Elisabeth Bishop-ek, badirela galdu nahian diruditen gauzak, eta honek ez dakarrela hondamendirik, kontua dela gero eta gehiago eta azkarrago galtzea. Jon Benitok oparitu dit poemaren itzulpena, eta ez da kasualitatea, oso egokia baita.
Liburuak hiru atal ditu: Bekoki erdiko zain iluna, Edertasun mingarria eta Ezpain hilezkorrak. Poemen tituluei dagokienez, batean izenak dira, bestean aditzak eta hirugarrenean izenondoak. Zergatik?
Banaketa hori liburu barruko poema batekin oso lotuta dago. Ipuina izenburuko poema hori, hain zuzen, asmoen aitorpen gisako zerbait da, liburua idazten hasi nintzenean lehendabizikoetakoa: Poema bat ipuin zedarritua da: / adjektiboetan daude oroitzapenak, / aditzetan etorkizunerako asmoak, / adberbioetan zalantzak / eta izenetan isiltasuna. / Nahiago zaitut biluzik, hala ere, / letrarik gabeko kanta baten gisan. Bestalde, kapituluen banaketa aro kronologiakoaren arabera egina dago. Hiru arotan idatzia dago liburua, eta horregatik ditu hiru kapitulu. Nolanahi ere, ez
"Nik uste umorea dela sedukziorako armarik onena."
Baita neuk be, Castillo.