Eibartik Candasera
Hel diezaiogun herenegun zintzilik utzitako hari-muturrari: Betanzos gudari gizajoaren pleinua, gerran ostiak jaso eta jaso ibili zirela etengabe eta horrek sortzen zion nahigabea.
 
 Galera errepikatuen kontu hori Pepe Bolunbururen bertsoetan ere aurki daiteke, bestelako aldarte batekin ikusia baina. Pentsaeraz sozialista zen Bolunburu itxura denez, zaletasunez gitarra-jolea kontatu didatenez, eta lanbidez armagina, Eibarren ohikoa denez. Hainbat kantu sortu omen zituen, baina denen artean ezagunena "Gerrako gure ibilerak" izeneko bertso-sorta, Eibarren ahoz aho eta hainbat bertsiotan gorde dena.
 
 Kantu horrexek ixten du "Agur Intxorta maite" diskoa ere. Joseba Tapiaren diskorik eder eta originaletako bat da hau (asko esatea da hori, Tapiaren disko guztiak baitira ederrak eta originalak), 36-37ko gerran euskaldunek asmatutako bertso eta poemak kantu bihurtzen dituena, Josebak berak asmaturiko musikarekin gehienetan.
 
 Gerra bezalako egoera batean, normala den bezala, epikoak izan ohi dira testuak, norberaren alderdikoak adoretzeko eta etsaia gutxiesteko eginak. Bolunbururen bertsoek, berriz, ez daukate dramatismo apurrik; gerra galdua dute dagoeneko, baina ez da negarrez hasten ere; aitzitik, barre egiten dio bere buruari eta bere lagunei (esaterako, bigarren bertsoan aipatzen duen Kiputxaneko Periko herrena zela jakiteak umore eta malizia punttua eransten dio bestela ere kamutsa ez zen ahapaldiari).
 
 Ez dut esan nahi jarrera hori besteak baino hobea denik, Bolunburuk berak ere jakingo zuen suminez borrokatzen eta saminez dolutzen beste hainbat unetan. Hala ere, porrotari irri egiten jakitea, aurrera egiteko bizilegearen irtenbide irudimentsua izateaz gain, izan liteke hurrena ere burua altxatzen lagunduko digun jokabidea.
 
 Dena dela, Bolunburu bera ikaratu egingo litzateke horrelako sermoiarekin eta, besterik gabe, haren bertsoak jarriko dizkizuet hemen, Tapiaren musika falta dute baina:
 
 Oraintxe kontatuko dizuet
 gure gerrako historia,
 egin genduan bizimodu bat
  guztiz ikaragarria:
 denbora dana pasatu degu
 hegazkinen ihesian,
 purga beharrik ez degu izan
  gerra denbora guztian.
 
 Guregatikan ez dute esango
 balientiak geranik,
 zaratatxo bat entzun orduko
  hasitzen ginan ihesik.
 Gu geran baino azkarragorik
  oraindik ez da ikusi
 Kiputxaneko Periko berriz 
 danon artean nagusi.
 
 Eibar aldetik irten genduan
  antzintziketan Deustura,
 Deustutik berriz estu ta larri 
 joan ginan Cabezon-era,
 Cabezondikan Borines-era,
 Borinestikan Nava-ra
 Navatik berriz Candas-era ta
  sartu ginduzten barrura
 
 Izugarrizko bizimodua
  jarri digute oraintxe:
 ondo neurtuta daukagu ura
  ogirikan ez sobrante
 eskabetxeko sardina latak
  txorizo ta txokolate...
 Barriro ere kalabazia
 haziko jaku bastante.
