Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Alberto Ladron Arana: "Argumentu zirraragarri bat ezin da inprobisatu"

Alberto Ladron Arana: "Argumentu zirraragarri bat ezin da inprobisatu"

Xabier Mendiguren 2006/03/23 09:01

Alberto Ladron Arana (Iruñea, 1968) azken urteetako obra narratibo sendo eta oparoenetako baten egile gisa plazaratu da. Horren erakusgarri dira orain arteko bere eleberriak: "Itzalaren baitan", "Xake Mate" eta "Eguzki Beltzaren sekretua", eta hori berrestera dator oraintxe plazaratu duen lana: "Arotzaren eskuak".

Idazleak ez ditu etiketak maite baina, nola definituko zenuke nobela hau: thrillerra? thriller historikoa?

Suspentsezko thrillerra da. Suspentsea, ezustekoak eta zirrara dira nobelaren elementu nagusiak. Anek ikertzen duen misterioak bere erroak iraganean dituen arren, ez nuke nobela historikotzat sailkatuko, argumentua gaur egun gertatzen baita.

Bigarren Mundu Gerrak badu toki bat eleberri honetan; haren aurretiko eta ondotiko garaiak ageri ziren zure aurreko nobeletan; kasualitatea izan da, ala interes berezia pizten dizute giro hark, aldi hark?

Ez da kasualitatea, nire azken hiru eleberrietan Bigarren Mundu Gerraren gaia jorratu baitut modu batean edo bestean. Oso une historiko interesgarria deritzot, eta nire ustez halako garai nahasi batean istorioa girotzeak aberastu egiten du argumentua, eta erakargarriago egin. Hala ere, Xake Mate edo Eguzki Beltzaren sekretua ez bezala, Arotzaren eskuak gaur egun dago giroturik eta Gerra Mundiala iraganeko erreferentzia moduan besterik ez da agertzen.

Alderdi historikoez dokumentatzeko Internet-ez baliatu zara ala...?

Internet oso tresna baliagarria da nobela dokumentatzeko, bai informazioa zuzenean lortzeko, bai informazioa duten pertsona zein erakundeekin harremanetan jartzeko. Arotzaren eskuak dokumentatzeko erruz erabili dut Internet: bai pertsonaiek erabiltzen dituzten armak, autoak, tresna elektronikoak eta abar deskribatzeko, bai nobelan agertzen diren tokiak aukeratzeko. Adibidez, Frantziako Metz hiriko turismo bulegoak informazioa bidali zidan hiriari eta bertako Posta bulegoari buruz, eta Maginot lerroa ikertzen duen erakunde batek aholku oso baliagarriak eman zizkidan. Gainerakoan, historia-liburuak eta elkarrizketa zuzenak erabili ditut (sendagile eta abokatuekin, adibidez) nobelari sinesgarritasuna emateko.

Berritasunen errronka

Istorioa gaur egun gertatzeaz gain, bada beste aldaketa esanguratsu bat zure aurreko nobelen aldean: protagonista, Ane Duhalde, emakumezkoa da. Arrazoi bereziren bat horretarako?

Bi galderek erantzun bera dute: nobela honetan zerbait berria egin nahi nuen. Orain arte idatzi ditudan nobela guztiak edo iraganean ("Xake Mate", "Eguzki Beltzaren sekretua") edo garai mitiko batean ("Itzalaren baitan") gertatzen ziren. Oraingoan, ordea, nobela biziago bat egin nahi nuen, ekintza handiagokoa, eta iruditu zitzaidan gaur egun kokatzeak lagunduko zuela helburu horretan. Ane protagonista neska da, alde batetik istorioak hala eskatzen zidalako, eta bestetik orain arteko nire protagonista guztiak gizonezkoak izan zirelako, eta aldatu nahi nuelako. Erronka berri bati aurre egin nahi nion.

Neska gaztea da Ane, eta ikerlari bikotea osatzeko-edo, polizia erretiratu bat sartu duzu. Eleberri polizialetako beste bikote ospetsu batzuk izan dituzu gogoan ala...?

Ikerlari bikotearen klixea nahiko erabilia izan da halako istorioetan, bai nobeletan bai zinemaren munduan, emaitza desberdinekin. Nire ustez, kimika kontua da halako bikoteek bizia izatea edo ez. Eta askotan zenbat eta desberdinagoak izan, kimika handiagoa egoten da ikerlarien artean. Polizia erretiratua Aneren kontrapuntua da: gizonezkoa da, zaharra, ziniko eta sinesgabea. Ez ditu Aneren kezkak ulertzen, oso bestelako mundu batean bizi baita. Hala ere, bien artean nahiko giro ona sortzen da.

Oso ondo eraiki ohi duzu zure eleberrietako trama, korapiloa. Idazten hasi aurretik lotzen dituzu mutur guztiak, ala idatzi ahala bururatzen zaizkizu gauzak?

Plan jakin batetik abiatzen naiz beti, eta askotan lan horrek hainbat hilabetez iraun dezake. Tramaren mugarri nagusiak ongi finkatutakoan hasten naiz idazten. Dena den, idatzi bitartean ideia hoberik bururatuz gero, ez dut arazorik izaten nobela hankaz gora jartzeko. Nire helburua argumentu zirraragarriak eraikitzea da, eta hori ezin da inprobisatu. Nahitaezkoa da egitura sendo bat hasieratik edukitzea.

Amaiera indartsuaren aho-zaporea

Liburu honetan ere azpimarragarria da amaiera, hemen argituko ez duguna...

Berebiziko garrantzia ematen diot nire nobelen amaierari. Nire ustez, amaiera indartsu batek aho zapore ona uzten dio irakurleari. Irakurleak gustukoak ditu ezustekoak, biziki atsegin du idazleak engainatzea. Hori ez da erraza, baina asmatuz gero irakurlearen oniritzia jasoko duzu dudarik gabe. Espero dut nobela honen amaierak txunditurik uztea irakurlea. Suspentsezko nobeletan funtsezkoa da intentsitateari eustea nobela osoan zehar, bestela galdu egiten duzu irakurlearen interesa. Eta amaieran ezin duzu huts egin, intentsitatea goratu egin behar da, kapituluetan zehar egin duzun apustu hori goratu egin behar duzu. Amaieran hordagoa bota behar diozu irakurleari.

Idazle batzuk bilaketa estetikoan saiatzen dira, beste zenbait sentimendu edo ideia batzuk transmititu nahian; zer bilatzen duzu zuk?

Irakurtzea atsegin nukeen istorioak idazten ditut. Irakurlearen interesa katigatzea da nire helburua, eta beste elementu guztiak helburu horren menpe jartzen ditut. Argumentu sendoen bidez, zirrara eta sorpresa bilatzen ditut nire istorioetan. Gurean entretenimenduzko literatura ez da beste literatura batzuetan bezain indartsua, eta batzuetan badirudi gutxietsi egiten direla halako liburuak. Hala ere, generoak ez du kalitatea baldintzatzen. Nire helburua kalitatezko entrenimendua egitea da.

Dagoeneko obra inportantea osatu duzu, baina hala ere ezezaguna zara irakurle askorentzat; hala nahi duzulako? Periferian egoteak promoziorako aukera murriztu dizulako...?

Egia da nahiko ezezaguna naizela. Egia erran, horrek ez nau gehiegi ardura, baina pena ematen dit nire liburuak gustuko lituzkeen hainbat irakurlerengana iritsi ezin izateak. Zergatik gertatzen da hori? Tira, EAEko komunikabideak bertako idazleez arduratzen dira gehienbat, eta Nafarroakoek, oro har, ez digute arreta handirik eskaintzen euskaraz idazten dugunoi. Horrek linbo batean egotearen sentipena sortzen dit askotan. Hala ere, pozik nago iaz "Xake Mate"ren 3. edizioa atera zelako, eta "Eguzki Beltzaren sekretua"ren 2.a. Oztopoak oztopo, horrek erran nahi du irakurle milaka batzuk iritsi direla nire liburuetara. Bestalde, idatzi didaten irakurleen mezuen bitartez, jakin dut publizitaterik ezean, ahoz ahoko gomendioak izan direla nire nobelak irakurtzera bultzatu dituztenak, eta hori ere pozteko modukoa da, horrek liburuen bizitza segurtatzen baitu. Gainerakoan, egin dezakedan bakarra egiten dut: ahalik eta nobelarik hoberenak idatzi.

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.