Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ze ahots dauka zure poemak?

Ze ahots dauka zure poemak?

xme 2006/03/28 15:13

Koldo Izagirrek poema-liburu berri bat atera du, oraindik aurkeztu ez dena: "Teilatuko lizarra". Ez dakit, baina, zenbateraino den poema-liburua eta zenbateraino den berria. Labur esanda: liburu honetan bildu ditu azken hogeita hamar urteetan kantu bihurtu diren bere poemetako batzuk (ez denak), eta neurriz eta egituraz kantagai izan daitezkeen beste hainbat, bere liburuetan sakabanaturik zeudenak.

Emaitza polita da, eta bitxia. Ez da inondik ere Izagirreren antologia bat, baina bai haren lanaren alderdi esanguratsu baten erakusgarria. Horrez gain, hainbat aldiz entzun ditugun kantu eder zenbaiten hitzak pausatuago dastatzeko aukera ematen digu, edo hautsa biltzen geneuzkan disko zahar batzuk berriz jartzeko: Imanolen "Ene haserrea", "Zure begietan"...

Imanol aipatu dut, asko eta ondo abestu zituelako Izagirreren testuak, baina Koldoren poema gehien musikatu dituena Joseba Tapia dugu, eta aurki kantu berriak ezagutaraziko bide dizkigu, liburutik suma daitekeenez.

Horretaz pentsatzen ari nintzela, burura etorri zitzaidan, kantari batek poeta baten hitzak bere egin eta buru-bihotzez interpretatzen dituenean, nortasun berri bat ematen diela, eta, gainera, biak loturik geratzen direla gure gogoan: Izagirre eta Tapia adibidez, "Apoaren edertasuna" erakutsi zigutenez geroztik.

Uztarketa ez da erabatekoa noski: poeta baten olerkiak kantari batek baino gehiagok erabili ohi ditu, eta, halaber, abeslari bakoitzak ez du idazle bakarrarekin lan egiten. Hala ere, berez ez bada ere geure gogoan loturik geratu ohi dira: Kirmen Uriberen poemak Mikel Urdangarinen ahotsean imajinatu ohi ditugu; Patxi Zubizarreta eta Jabier Muguruza sentsibilitatekide irudikatzen ditugu; Atxagaren poemak Laboaren ahotsean datozkigu gogora eta Sarrionandiarenak Ruperrenean, edo alderantziz (Sarrirenak Mikelek abesturik eta Bernardorenak Mikelek). Orain kantari gazteago mordo batek bertsioak eginda ere Lauaxetak Valverderi atxikita jarraitzen du oraindik, eta Gandiagaren ohorea Gontzal Mendibili aitortu beharko zaio.

Zerrenda luzatu nezake, baina zuei ere utzi nahi dizuet tarte bat, imajinaziorako eta eztabaidarako.

etiketak: Saski Naski
xme
xme dio:
2006/03/29 14:55

Kaixo, Kepa Ele:

Kantariaren eta poetaren arteko lotura irudikatzen dudan kasuak aipatu ditut. Badira kantari batzuk, beste inorenekin ez baizik bere testuekin lotzen ditudanak. Horietakoa da Xabier Lete, eta beste hainbat: Benito Lertxundi, Juan Carlos Perez, Fermin Muguruza, Txuma Murugarren, Anari...

Txomin Artolaren kasua konplexuagoa da: bere lehen diskoetan hiru poetarekin bat egin zuela esan liteke, modu estu eta ederrean: Fernando Artola "Bordari" bere aitarekin, Withman-ekin, eta Gotzon Alemanekin. Hortik aurrerako kantuek ez dut uste hasierakoen indar poetikoa lortu dutenik.

Eta Patzikuren poemez zer esan? Oraindik ez dela azaldu horien mailan egongo den musikaririk.

Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/03/28 17:34

Ez dakit zergatik, baina horrelako zerrendak egiten dituzuenean (zeurean ere, Xabier) beste Xabier bat baztertuta gelditzen da. Xabier Lete poeta handia eta kantari apartaz ari naiz.

Beste aldetik, gogoan dut Txomin Artolak Joserra Gartziaren poema ederrekin egin zuen diskoa.

Eta azkenik galderatxo bat: Ba al dago poema-liburu apropososagoa kantatzeko Patziku Perurenaren "Isileko kantak" baino?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.