Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Plagioaren alde

Plagioaren alde

xme 2006/03/21 13:47

Inoiz ez dut ondo ulertu Atxagak "Obabakoak"en egiten duen plagioaren aldeko aldarrikapena. Zer esan nahi zuen bai, baina zertarako, ba, ez oso garbi; beharbada, norberari barrutik ateratzen zaiona idazteko ez bada literaturari helburu argirik ikusten ez diodalako. Alabaina, joan den asteko Wazemank ikusten ari nintzela, nire artean esan nuen: bai ba, arrazoi dik Atxagak.

Ostiral gaua. Herrian bertso-saioa, eta hara joateko asmotan ni. Aste osoan goiz jaikitzen nabilenean, ordea, sehaska-kantek baino eragin narkotikoagoa izaten dute nigan bertsoek; eta, aharrausika edo zurrungaka hastekotan, hobe etxeko besaulkian zinemakoan baino. Zahartzen ari naizela esan zidan aurrekoan itxura onari ondo eusten dion adinkide batek; zer egingo diogu bada? Beste bati behin aditu nion moduan, gaitz horrek okerragoa du erremedioa.

Etxean geratu nintzen, bada, eta Wazemank ikusteko aprobetxatu nuen, egunez aldatu zutenetik ez baitut aukera handirik izan. Zorionez, saioak ez du freskotasunik galdu, eta esketxek ondo eusten diote batez besteko maila on bati. Atal txiki bat komentatu nahi dut nik baina.

Arregitarren abentura bat zen. Agirretarrei lapurtutako txerriarekin odolkiak egiten edo halako trapukeriaren batean ari direla, hor non jotzen duten atea. Kax-kax. Ez dira agirretarrak ordea. San Telmoko altzari zaharren arduraduna da (Elordi ondarrutarrak antzeztua), gure baserrian ikusi duen kutxa zahar batekin liluratuta geratzen dena.

Aibadios!, esan nuen neure artean: hau Roald Dahl-ena duk. Roald Dahl ipuingile ingeles bat izan zen, bai haurrentzako bai helduentzako istorio zirraragarrien asmatzailea; ikuspegi kritiko batetik axaleko samarra izan arren, argumentu sorgingarriak sortzen zekiena eta narrazioaren erritmoari ezin hobeto eusten ziona (euskaraz ere irakur litezke haren hainbat istorio). Esaten ari nintzen bezala, Dahl-ek badu halaxe abiatzen den ipuin bat. Abiatu bakarrik ez: esketxak aurrera egin ahala, xehetasun guztietan kontakizun hartan oinarritu zirela ikusi nuen.

Hori zer da: bekatua? Akatsa? Egin behar ez zen zerbait? Bada, pentsatzen jarrita, nik ez diot aitzakiarik ikusten. Emaitza primerakoa izan zen, eta, jatorria urrutikoa izan arren, moldaketa ere guztiz egokia: arregitarren istorio peto-petoa. Hortik zihoala uste dut Atxagaren proposamena: gure narratiba (eta berdin telebista) aberastu genezakeela, han-hemen idatzi diren istorio ederrak geurera moldatuz eta egokituz.

Idazleen jabetza-eskubideak beste kontu bat dira, niri behintzat axola gutxi didana.

etiketak: Saski Naski
lander
lander dio:
2006/03/23 02:30

Plagioa, plagio da, eta, beraz, txarra. Definizioz da plagioa txarra. Pobrea, irudimenez gutxitua. Idazleak beste nonbait entzundakoaz askotan idazten du, hau da, bizitza errealean lapurtutakoaz. Capotek mila folio betetzen zituen entzundako elkarrizketekin, eta gero horiek liburuetan plazaratu zituen (kasu batzuetan, noski). Capotek egindakoa ez da ezohikoa, hala ere. Woody Allenek kontatzen du kalean bildutako zerak kajoi batean gordetzen dituela, eta gidoiak idazterakoan haien bila joetan dela. Obrak, izan ere, onak badira bizitza ordezkatzeko duten ahalmenagatik dira, edota hau gainditzeko. Hau lortzeko, ordea, halako euskarriak beharrezkoak dira, gure oroimenak ez digulako distiraz gauza horiek gogoratzeko eta galbahetzeko ahalemena eskaintzen. Baina halako euskarri delakoaren eta kopiaren artean, amildegia dago. Hasteko, galbahea zure ordez beste batek egin duelako, eta, beraz, meritua (obra) berea delako. Eta hau sakratua da, nire ustez behintzat. Plajioa, aldiz, ezkutuan egindakoa da, klandestinitatean, idazlearen sormen krisi baten eraginez nagusiki. Horrela da, Atxagak aurkakoa aldarrikatu arren. Baina ez da harritzekoa: Henry Bengoaren liburuan, adibidez, zatirik onena Kavafisena da. Horrela edozein! Handik eta hemendik testuak hartu eta norberaren idatzietan sartzeko tentazioa, esandakoagatik, ikaragarria da, batik bat idazlea irakurle ona bada, eta are gehiago idazleak literatura maite badu. Baina ez da zilegi. Kontua da beste testu horiek zureek ez duten zerbait badutela. Noski. Onagoak dira. Sinplea da. Konparazioan norbera askoz ere txarragoa bada, hobe utzi, eta beste gauza batera dedikatu, edo onartu: baina kopiatzea!

Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/03/21 17:52

Egindako plagioa ez kobratu..(Vale)

Baina ezta ere idazlea aipatu?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.