Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Monarkiaren kontra

Monarkiaren kontra

xme 2006/03/24 13:15

Badira lanbide batzuk gurasoetatik seme-alabetara igaro ohi direnak. (Hau noizbait esana dudala iruditzen zait, baina ezin gogoratu non edo noiz). Ferratzailearen semea ferratzaile, medikuarena sendagile eta legegizonaren alaba abokatu. Gaitasun handixeagoz edo gutxixeagoz, baina meritu handirik behar izan gabe askotan. Zer esanik ez herentziarekin batera doan errege-ofizioaz.

Artistaren lanbidean, baina, ez da halakorik gertatzen. Idazlea saiatuko da, bai, bere seme-alabei literaturarako gustua txertatzen, baina bakanak dira letren historia osoan lumaren lekukoa etxeko bati pasatu ahal izan dioten puntako idazleak. Idazleez esandakoak berdin-berdin balio du margolari eta musikarientzat ere.

Aktoretzan, berriz, barka nazatela langintza eder horretan dabiltzan lagunek baina, ezin gauza bera esan. Zenbat aldiz ikusi ote ditugu aitatxo edo amatxoren eskutik, casting askorik egin gabe, rol inportanteak lortu dituzten jokalari gazteak... Gogoan izango duzue haien betiko leloa ere: "Bai, izenak hasieran laguntzen du ate batzuk zabaltzen, baina gero besteei baino gehiago esijitzen dizute".

Eta kiroletan zer? Printzipioz abizenak ez du pisu askorik. Johan Cruyff munduko futbolaririk handiena izanda ere, haren seme Jordik Alaves-en jokatzen zuen. Badira hala ere, geneen edo saiatuaren poderioz, belaunaldietan zehar nabarmendu diren familiak: Atanotarrak, esaterako.

Gaur Julen Retegik du partida, Urberuagarekin, buruz buruko txapelketarako. Bere aitaren semea izan ez balitz ez zutela txapelketako zerrendan sartuko esan dute. Baliteke, baina ez zait askorik axola, irabaztekotan berak egin beharko baititu tantoak, aitak aholkurik zorrotz eta zuhurrenak emanagatik.

Itsusiagoa iruditu zait izenarena. Berez Retegi V.a behar zuenari Retegi Bi deitu behar omen zaio, Julen hau Julianen klonikoa balitz bezala. Kutsu komertzial txatxu samarra sumatzen diot nik asmakizun horri, eta batez ere alferrikakoa: Julenek aitaren talentua baldin badakar, azkar asko antzemango diogu eta txalotuko, izendapen xelebrerik gabe ere. Eta, aldiz, erdipurdiko pilotaria ateratzen bada, bere lotsarako besterik ez du izango abizenaren osteko "Bi" hori, aita-semeen arteko aldearen oroigarri.

Arrazoiarekin esan ahalko du Julenek, aktore entxufatuen antzera, izenak hasieran laguntzen duela, baina gero ikusleak gehiago esijitzen diola.

Eta azken puntua: pilotari ona izanda ere, partidaren osteko adierazpenetan erdara hutsez egiten digunean, asko izango dira bihotzondoko mina sentituko dugunak.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.