Motibazioaren garrantzia
Badira lanpostu batzuk, gerriko mina ez baina burukoa sortzeko arrisku handi samarrekoak, gaixotasun psikologiko ugari eragiten dutenetakoak. Horietako bat, ezaguna den moduan, irakasleena da; beste bat, aurrekoan komentatu zidatenez, poliziena.
Ez da berez harritzekoa polizia-lanak halako estutasunak eta ongiezak sortzea. Lanbide hori hautatzen duenaren buru-osasunaz ere zalantza egingo nuke nik, baina, noski, denok ez gara berdinak. Nolanahi dela, orain dela gutxi nonbaiten argitaratu denez, guardia zibilak omen dira Espainian lanean baja psikologiko gehien hartzen dutenak edo dutenetakoak.
Eta Hego Euskal Herrian? Edonork pentsatuko luke, nik neuk uste nuen bezala, areagotu egingo zela joera hori: nortasuna ezkutatu beharra, gizartean integratzeko zailtasuna, begiratu txarrak, tentsioa, beldurra... Bada, ez! Espainian baino askoz ere baja gutxiago hartzen dute guardia zibilek gure artean daudenean.
Zergatiak? Bat soldata handiagoa. Bestea, opor egun gehiago. Horiek edonork eskertuko lituzke. Hirugarrena, trafiko-lanik egin behar ez izatea, bidezaintzak edo errepideak estresa dakarrelako nonbait... Eta onena: nola ia erabat borroka antiterroristara emanak dauden, ikerketa-lan handia izaten omen dute, horrek motibazio izugarria sortzen die, eta jakina da ez dagoela motibazioa bezalakorik lanean gustura jarduteko.
Langile guztiek beren beharrean pozik aritzeko duten eskubidea ukatu gabe, nahiago nuke gure guardia zibil hauek Espainiako beren kideen gogo-egoera berera itzuliko balira. Eta, bide batez, beren herrira itzuliko balira ere bai. Gero, datozela oporretan, hain zoriontsu izan ziren lurralde honen edertasunaz gozatzera.
Ez da txantxa motibazioarena. Baina nik beste inkesta bat egingo nieke: ERTZAÑEI. Hauek, seguru asko, Cadizera joaten direnean sufrituko dute estresik gutxien (Uste dut ERTZESA deitzen zaiola hauenei). Alajaina! Badaki bakoitzak zer egin estresa albo batera uzteko.