Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Burutik ezin kendu

Burutik ezin kendu

xme 2006/03/27 14:57

Bertsolari aldizkariaren azken alea etxean. Azken aldian bezala, monografikoa: "BEC: burutik ezin kendu". Aspaldian bezala, gero eta "Hola"go: 260 orri guztira, eta horietatik 60 izango dira egiazko testudunak; beste 200ak, Conny Beyreuther-en lan grafiko zabal, mamitsu, eta baita errepikakor samarra ere, ezinbestean. Joera horrek ni behintzat kezkatu egiten nau, bai baitirudi, aldizkariaren arduradunentzat, bertsolaritzaren inguruan ez dagoela zeresan handirik, edo nahiago dela xantuei begiratu, besterik gabe. Dena dela, ez dut hortik segituko.

Lehen ere aipatu izan da han eta hemen sari-emateetako txistuen kontua. Nik ez nuen gogorik saltsa loditzeko, gertakariak aski agerikoak baitira nork bere iritzia izateko. Dena dela, gogoan daukat oroitzapen bat, burutik ezin kendu dudana hura ere, eta horixe kontatzera natorkizue.

Ez du zerikusirik bertsoekin. Orain dela bizpahiru urte, Tolosan, abesbatzen nazioarteko lehiaketako sari-emate ekitaldia. Txapelak banatzen hasi aurretik, herriko edo eskualdeko Senideak igo ziren oholtzara, nor bere etxeko presoaren argazkia eskutan.

Haiek oholtzara agertu bezain laster, egundoko txistu-hotsa hasi zen. Txalo batzuk ere bai, baina txistuak nagusi, eta baita oihu ozenagoak ere: "Non da Lopez de la Calle?" galdetzen zuen batek, adibidez. Ni, lotsatuta, aita-ama, seme-alaba, anai-arreba, senar-emazte haien lekuan jartzen nintzen, zaparrada hura noiz pasatuko zain.

Bertso-txapelketako txistuak aditzean, Senideei jotako txistuak zetozkidan gogora. Ez dutela zerikusirik? Jakina ez dutela. Bakoitzak bere arrazoiak ditu. Baina batzuetan ez dago lekuz kanpo besteren larruan sartzea eta zer sentituko duen imajinatzea, une batez bada ere.

etiketak: Saski Naski
aitor
aitor dio:
2006/03/29 12:33

gaztelako horri. Errespetu pixka bat sufritzen dutenekin. Guztiekin!!! Eta gogorarazi nahi dizut, nere etxera egunero sartzen direla telebista eta irrati publikoetatik, nigandik urrun nahi nituzkeen milaka pertsona eta horien aldarrikapenak. Berdintasuna bermaturik balego, ez genuke horrelako espaziorik "okupatzen" ibili beharko. Eta jakizu, ixilarazi nahi den ahotsa entzunaraztea oso gauza nekeza eta desatsegiña izatera irits daitekeela. Errespetua, faborez.

Magabila
Magabila dio:
2006/03/28 19:08

Zein koño da "Gaztelako bat"?

Zergatik firmatzen duzu izen horrekin?

Zergatik blog honetan eta ez beste inon?

Zergatik beti tonu berbera?

Zergatik beti gai politikoei (eta batez ere euskal gatazka mintzagai dutenei) erantzuten diezu eta ez besteei?

Naun
Naun dio:
2006/03/28 11:36

Arrazoi duzu horretan. Ez naiz oso bertsozalea, eta ez dut Bertsolari aldizkariaren azken aldea irakurri. Baina aspaldiko ale batzuk gainetik ikuskatuak ditut, eta zuk esaten duzun horixe bururatu zitzaidan ordukoan: itxura ederra, bai, baina mamirik ez (desfileko modeloen fotografia-saioak ere ekarri zizkidan gogora). Askoz interesanteagoa iruditu zait EHGAMek egin duena: BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2005 > EHGAMeko ESKLUSIBA!!! GURE GAIEI BURUZKO BERTSOAK > Sexu bereko pertsonen arteko harremanekin zerikusia izan duten bertsoen ariketak

Ikusi hemen: http://ehgamgipuzkoa.blogspot.com/2005/12/bertsolari-txapelketa-nagusia-2005.html

Gaztelako bat
Gaztelako bat dio:
2006/03/27 18:22

Beraz, lotsatuta zeunden ikustean zer nolako zaparrada jasaten ari ziren senideak, beraiek antolatu ez zuten ekitaldi bat eten eta gero beren betiko errebindikazioak jakinarazteko. Horrek zer esan nahi du, edonork duakala eskubidea nahi duen ekitaldia eteteko berak nahi duena esateko, edo nahiz eta eskubiderik ez eduki, hori egiten duenak ez duela jasan behar entzuleen haserrea? Baina noren bloga da hau, Xabier Mendigurena edo Txirri, Mirri eta Txiribitonena?

Luistxo
Luistxo dio:
2006/03/27 18:14

Xantuak. Eibarren, santuak. Berba polita.

Nahikari
Nahikari dio:
2006/03/27 18:02

Gero eta kezkagarriagoa da Bertsolari aldizkaria. Gaur bertan jaso dut etxean, eta zerbait mamitsuagoa espero nuen.

Argazkiak oso politak izango dira, baina non dago testua? Zergatik ez zeozer luzeagoa, sakonagoa? Badakit txapelketaren inguruko liburu bat aterako dutela.

Baina noiz jorratuko ditu serioski Bertsolari aldizkariak bertsolaritzaren inguruko gaiak?

matxalde
matxalde dio:
2006/03/27 17:11

Esaten duenak behar ez dena, entzun dezake nahi ez duena. Hala dio esaera zahar batek. Ez duela gaiarekin zerikusirik? Agian, agian...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.