Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Gernikatik New Yorkera

Gernikatik New Yorkera

xme 2006/03/29 13:44

Atzo Joseba Tapia aipatu nuen, eta gaur ere azalduko da hemen gure soinujolea, baina aurretik utzi iezadazue itzulinguru bat egiten.

Orain dela asteburu batzuetakoa kontua da; egun bat izango ohean lasai egoteko eta barruko iratzargailuak esnatu ninduen igande goizean; erloju biologiko aluak. Telebista aurrera joan, eta 36ko gerrari buruzko saio bat egokitu zitzaidan ETB1en. "Seguru ikusita daukadala" pentsatu nuen, baina gustura ikusten ditut halakoak eta hantxe geratu nintzen.

Ikusi gabekoa zen hala ere, eta txukuna gainera. Koldo San Sebastianek "Ad Maiorem Alderdii Gloriam" azken 25 urteotan egin dituenak baino txukunagoa. Hau ere gure aberri-heroi nagusia goratzekoa zen ordea, ez pentsa gauza okerrik: Jose Antonio Agirreren heriotzaren urteurrena zela-eta, haren bizitzaren kontaketa, irudi dokumentalak eta gaur egungo lekukoen iritziak tartekatuta; Jose Julian Bakedanok zuzendua, Humberto Unzueta eta Ainhoa Lodoso erredaktore, amaierako kredituetan ikusi nuenez.

Askotan esan izan da "De Guernica a Nueva York pasando por Berlín" film bikain baten gidoia izan zitekeela, Agirre lehendakariaren epopeia pertsonala eta herri oso batena uztartuz. Bakedanok aspalditik omen zuen hori egiteko asmoa, baina honakoa ez da horretara iristen: film dokumental txukun baina apal bat da, besterik gabe; besteak proiektuen zakuan jarraitu beharko du, norbaitek hogei milioi euro gastatu nahi dituenerako (hori egiten hasterako, baditugu aurreagoko lanak gure zinema koxkorra bizkortzen, ezta?)

Dokumentalean agertu ziren lekukoen artean biziki inpresionatu ninduen Jose Maria Bengoa medikuak, gerraren ostean Venezuelan bizi izan denak (horregatik ez nuen ezagutuko akaso), baina hizpidea eman didana Betanzos izeneko gudari xehe baten esaldi bat izan zen: "Zuk ez dakizu gazte batentzat zer den -esan zuen momentu batean-, gerrara joan eta gudaldi guztiak galtzea, beti atzera eta atzera ibili beharra".

Hitz triste horiek entzutean, hitz alai batzuekin oroitu nintzen: Pepe Bolunburu eibartarrak idatzitako "Gerrako gure ibilerak" bertsoekin, alegia. Baina askotxo luzatu naiz dagoeneko, eta hurrengoan jarraituko dut. Joseba Tapiak itxarongo du pare bat egunetan, ezta?

etiketak: Saski Naski
Jozulin
Jozulin dio:
2006/03/29 18:38

Nago aspaldiko urteotako diskarik garrantzitsuenetakoa Joseba Tapiaren "Agur Intxorta Maite" izan dela, nahiz eta batzuentzat oharkabean-edo pasatu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.