Fribolitatea
Aurreko asteetako berriei begiratuz gero, aspaldian izandako albiste kezkagarrienak agertu zitzaizkigula esan genezake. Planetaren betiko gaitzez gain (gosea, pobrezia, gerra, analfabetismoa, beroketa globala, injustizia, konflikto ahaztuak,...), beste notizia kezkagarri eta ilun batzuk erantsi zitzaizkien: Espainiako langabetu kopurua 5 milioira ailegatu zen, Bildu-ren legalizazioa Gorenaren aldetik eta Konstituzionalean era agoniko batean zain egon beharra, Ben Ladenen erailketa,...Gaineratu behar dizkiogu Fukushimaren tragedia erdi ezkutua eta Libian dugun gerra. Panorama polita, ezta?
Hala ere, estaltzeko moduak lortu dituzte. Alde batetik, ezkontza arranditsu batekin,mendeko futbol partidu birekin eta aita santu baten beatifikazio ponposo batekin. Espektakulua jendeak egoeraren larritasuna ahatz zezan. Girgilerian eta azalean geratu mamira joan ez gaitezen. Panem et circenses
Esan beharra daukat ni ere erori nintzela fribolitate horretan, azalkerian. Nahita. Nik ere Sustatuko Zer erantzirako Londresko ezkontzaren gainean idatzi nuelako. Baina ez da "mea culpa" bat, azalpena baizik. Izan ere, igande batez idatzi nuen artikulua. Ia arratsalde osoa eman nuen horretan: argazkiak bilatzen, hitz egokiak aurkitzen, testua atontzen... Hala ere, ez nengoen oso ziur artikuluaz eta idatzitakoan Sustatuko Kolaboratzaileei bidali nien euren iritzia jasotzearren. Handik ordu eta erdira etorri zen Gorenaren erabakia; gogo barik horrelako gauzaren bat ateratzeko, ez argitaratzekotan egon nintzen.
Baina azkenean atera genuen artikulua. Alde batetik, eman zidan lanarekin (batez ere lexiko aldetik, horren gainean idatziko dut posten bat) ez nuen paperontzira bota nahi. Bestetik, fribolitatearengatik, Sustatun kolaboratzen dudenetik askotan neure buruari planteatu diodan gaia. Zer erantzin idazten dudan guztia oso friboloa da: arropa, janzkera, itxura...eta askotan kritika hutsa izaten da; azalekoari erreparatu, hondoan asko sartu barik.
Hala ere, bueltaka dabilkit galdera bat: Nor naiz ni horrelakoak idazteko, inor kritikatzeko? Ez dakit ezer modaz, barren! Askotan epaile sentitzen naiz, gizarte tradizionalaren defendatzaile: artaldetik irteten den ardiari haginka ekiten dion ardi-txakurra legez. Pentsatzen dudanaren konta, beraz.
Esan dudan moduan, arinkeriez baino ez dut idazten Sustatun; izan ere horretarako baino ez zidaten deitu. Horretara, lana ondo betetzen ari naizela esango nuke.
Dena dela, alde on bat ere ikusten diot fribolitatearen gai honi: barre eragiten digula. Eta inoiz baino gehiago behar dugu irri egitea, horren premia larria dugu. Nire ustez, fribolitatea kaltegarria da horretan huts-hutsean geratzen denean. Horregatik ahalegintzen naiz azalkeriaz post horietan, irribarrerik sortzen ez bada, beste buleta bat ere eragiten, gizonezkoen janzkera kritikatzen eta arropagatik inor ez juzgatzen. Edo hori nahiko nuke, behintzat!
Izan ere, barre eginez, edo irribarrez, baino ezin izango diogu aurre egin hasiera-hasieran azaldu dudan panorama beltz horri, sekula iparra eta jo-puntua galdu barik, baina umorez. Bestela gureak egin du. Edo?
"Indarrak lagun diezazuela!"
Ikasleekin gaur izan ditut azken klaseak mailako azterketak baino lehen. Larunbatean ia guztiak izango ditut bertan HABEren etsaminak egiten. BECn ahal dutena emango dute, eta emaitzaren zain izango gara. Ez dezagun geure burua engainatu, horretara etorri zaizkigu ikasleak, ehuneko ikaragarri handi bat bai, behintzat. Paper zati baten bila, lana lortzen edo lagunduko omen diena. Perfildunez bete EAE, irlandarizaioaren bidean: independentzia barik eta hizkuntza ere maila-probetan galduta.
Urduri nago, eurengatik, baita niregatik ere. Eurendako urte guztiko lana eta esfortzua pare bat orduan demostratu behar dutelako. Eta nolabait ere, nire lana epaitzen delako, askok emaitzaren arabera neurtzen dutelako irakasleak laguntzen egin duen lana. Gainera, aztertzailea izanda, zapatua behar eguna izango dudalako, eta azterketa ostekoa inoren ikasleak balantzan jartzen eta zulora ala ahozkora pasatzen.
Dena den, beste gai batek ekarri nau gaur blogera, eta eredu faltarena izan da. Egun hauetan zalantza artean, aholkuak ematen ahalegintzen naiz (gara). era berean suertea ere opa diet, Ikasleak urduri egoten direnez, nire pailazo sena irten egite da, eta lelokeriaren bat esaten saiatzen naiz, Zorte on! edo Animo! hutsen artean hainbat esaldi probatu ditut. Hasi nintzen "mucha mierda" esaten, "kaka asko" gero. Baina ikasle batek harritu aurpegia jarri zidanean eta azalpenak ematen hasi nintzenean, errepertoriotik kendu nuen. Gainera, "kaka asko" ez da batere ondo geratzen, "mucha mierda"rekin konparatuta.
Obamaren hauteskunde sloganarekin ere jarraitu nuen "yes you can" eta oraindik ere, noizean behin erabiltzen dut. Hala ere, ez du lehengo grazia egiten eta ez da hain ona.
Beti gustatu izan zaidana ederra eta frikia "indarrak lagun diezazuela!" da. Hori esan diedanean, harritu aurpegia jarri didate, hain haluzinatuta, "que la fuerza os acompañe" esan behar izan diet! Orduantxe egin dute barre.
Grazia gaztelaniaz egiten du, ez euskaraz. Zergatik? Gure erreferentzia guztiak gaztelaniaz/frantsesez (eta gero eta gehiago ingelesez). Nork egingo du barre "Luke, zure aita naiz"? Baina "Luke, soy tu padre"rekin? Edo "Sue Ellen, berriro ere edan duzu!", baina "Sue Ellen, has vuelto a beber"? edo "bi kandela beltz jarriko dizkizut", baina "te voy a poner dos velas negras"?
Argi dago, telebistak eta zinemak ematen dizkigute ereduak eta hauek gure eguneroko hizkeran txertatzen dira. Zinema euskaldunik edo euskaraz, hutsaren hurrengoa! Eta telebista euskalduna, azaren azpiko orria, ahuntzaren gauerdiko eztula izan da horrelakoetarako, etb 1ek ez duelako marrazki bizidunetatik haratago ezer gutxi egin.
Nola ez dugu erdarara joko? Noizko horrelako esaldi eginak euskaraz denon ahotan? Bitartean "Obi-wan Amunarriz, nire esperantza bakarra zara" esaten jarraitu beharko dugu...
"T" (Tragediaren poza)
Gustura hasi nintzen nobela hau irakurtzen. Planteamendu oso ona eta originala iruditu zitzaidan, eta autorearen idazteko modua ere oso atsegin dut ("Ezinezko maletak" irakurrita nion eta freskoa eta originala begitantzeaz gain, asko gustatu zitzaidan).
Hala ere, planteamendua gustatu arren, liburuan aurrera egin ahala, hainbat egoera irrealak eta sinesgaitzak egin zaizkit. Horrek indarra kendu dio istorioari, nire ustez.
Beste alde batetik, tragedia grekoaren gaineko pasarteak oso astunak egin zaizkit. Izan daiteke ni kultura klasikoan guztiz ezjakina naizelako, baina Techne eta Tyche kontzeptu horiek gehi pertsonaia greko horien aipamenek ez zidaten nahi beste disfrutatzen laga.
Liburua gorabeheratsua dela esango nuke. Ez du magia hori beti mantentzen. Zati batzuk oso ederra dira, baina beste batzuk kalitate kaskarrekoak direla iruditu zaizkit.
Dena dela, gomendagarria deritzot; batez ere pertsonaia nagusi batengatik: Barrutiarengatik, hain zuzen ere. Horrelako pertsonaiarik ez baitut ezagutu euskarazko liburuetan (gaztelaniazkoetan ere ez dakit!)
Irakurri eta esango didazue!
Londresko ezkontza
Ostiralean Londresko ezkontza ikusi nuen, ezteiak asko gustatzen zaizkidalako, eta batez ere emaztegai-soinekoak. Badakit gai friboloa dela,eta askok gaizki begiratuko didatela (batez ere egunotan bizi duguna bizi izanda). Jakin ere badakit Ingalaterrakoa erret-ezkontza izan zela, errepublikanoa izanda arbuiatu beharko nukeena.
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot
Gainera, erlijioa gailendu zitzaion gizarte zibilari; beraz, agnostiko batendako, gaitzesgarri. Beste alde batetik, ezkontza horretan emakumearen menpekotasuna agerian laga zuten hainbat sinbolorekin (beloa aurpegian, eraztun bakarra,...), feminista izanda, errefusatu beharko nuke. Horretaz gain, hainbeste diru xahutzea ezkontza huts batean, eta bertan botere ekonomiko handikoak baino ez azaltzea ezkertiartzat bere burua duenak erdeinatu beharko luke.
Hala ere, asko disfrutatu nuen: zelako antzezlana eta eszenaratzea, nolako antzokia! Baliteke umetatik eskaini dizkiguten ereduak buruan sartu zaizkidala eta hauxe dela gelditu zaidan arrastoetako bat. Ez dakit gustu hauek nondik nora sortu zaizkidan, baina halakoekin ondo pasatzen dut.
Pamela, ginbail eta burukoengatik izatea. Eta emaztegaiaren soinekoaren oihal, bordatu eta parpailengatik, baita paramenta eta soineko luze eta baporosoengatik ere. Ez dakit, baina estetikoki ederrak begitantzen zaizkit.
Tira, Zer erantzi izanagatik ere, nire asmoa ez da Kate Middelton-en soinekoaz, edo gonbidatutako emakumeen arropaz berba egitea. Nire ustez, gehiegi egiten da berba horren gainean, kritikatzeko eta gaizki esaka jarduteko. Ez, gizonezko janzkeraz mintzatu nahi dut: uniformeak eta jaketak, lan txikia niretako!
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot
Horrelako ezteguetan uniformeak janzteko mania ez dakit nondik datorkien. Badakit emakume askori ikaragarri gustatzen zaizkiela uniformez jantzitako gizonezkoak. Edo behintzat, hori diote telebistan eta filmetan. Inguruan inori ez diot horrelakorik entzun. Niri neuri suhiltzaileak ere ez zaizkit horrela gustatzen! Baliteke euskal herritarra izateak ez lagatzea uniformedunez gozatzen :-)
Senargaiak eta bere albolagunak (aitabitxiak) uniformea zeramaten. Williamek, ezkontideak, uniforme gorri-gorria, zerrenda urdin bat bularrean gurutzatuta ezkerreko sorbaldatik, eskumako mokorreraino, zatar-zatarra Beukelaerreko printzea zirudien! (Eskerrik asko @boligorria artikuluaren ideia eta irudiagatik!) Gainera, uniformea handi zeukan, oso handi. Nola liteke neurrira ez egitea? Imajinatzen duzue emakume batek soinekoa hain nasai eramango balu zelakoak entzun beharko lituzkeen? Horretaz gain, bularraldean zeraman txatar guztia? Ikaragarria! Itsusi mortala!
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot
Eta txatarraz hitz egiten badugu Harry anaiaz [eta bere best man-a (albolaguna, aitabitxia)] ezin aipatu barik laga! Txatarraz gain, borla eta eta soka doratuak metroka zeramatzan uniforme beltzaren jakaren bueltan. Bazirudien balkoira irten aurretik errezeletan kateatu zela, eta lepo inguruan geratu zitzaizkiola sokok! Sokasaltoan gonbidatu guztiak egiteko beste metro zeroazen! Itzela! Eta amaitzeko uniforme bako gizonezkoen janzkera aipatu nahi nuke laburki. Zelako tristea, gatzbako eta aspergarria!! Grisa eta beltza, eta ausart batzuek kolore apaleko gorbataren bat. Badakit protokoloak agintzen duela, eta jaketa dela derrigorrezko. Baina inoiz aldatuko ahal da janzteko modu inuzente hori, ezer esaten ez duena?
Gustura ikusi nuen espektakulua, baina britainiarrendako. Ez nuke nahiko monarkia ordaindu ikuskizun zoragarria eskain ziezadan 20 urtean behin,.....A! Orain konturatu naiz! O! Ez! Bagabiltza horretan! Errepublika subito!
Biharreko, parrandako, edo ezkontzetarako erropia?
Arratsaldeko 8rak eta 20 Eroskiko denda txiki bateko illaran nago. Ondoko illaratik neska batek bizkor dendarutz egin dau, zeozer ahaztu dabelako. Bidian nere aurreko andria eruan dau. Orduan konturatu naiz oso gaztia zala, eta takoi haundixak zeroiazela.......eta boda baterako moduan zoiala jantzitta!
Eguen buruzurixa da. Nere aurrekuan aurrekua be goittik behera doia boda baterako moduan jantzitta. Biharretik datozelakuan nago. Harrittuta nago, sekula ez nintzakelako holan jantziko lanerako, baiña modia eta lan batzuetan...
Itzuli da gaztetxua. Beste lagun bikin dago. Hirurak jantzi-jantzi eginda. Ezkontza batera be ez nintzake hain jantzitta juango. Nere lagun pijenak be (eta nire lagun pijak oso-oso pijak dira!) ez leukie superauko!
Tira, batek takoiak eta minigonia bazeroiazen, baiña ez zeguan hain ondo jantzitta. Ikusi dodan lehelenguak, takoidun sandaliak, soiñekotxua, eta boltsua bonbonera baltz bat borladuna! Hirugarrena, bakerotan zeguan eta pentsau dot normalena zala, takoiak zeroiaxen arren; baina mobidu danian, jaka azpixan lentejuela top baltz bat ez detsat ikusi, ba? Ez, ez zan normalena!
Eta makillauta, oso makillauta! Ondo makillauta, e? dana esan bihar da. Halan da be, larregi holako egun baterako. Hainbeste makillaje ez dot nik eruan, ezta kantinera zaldi gaiñian juan nintzanian be! Eta orduan rodilluakin ez, palekin zabaldu zeskuen potia!!
Illaria ez da oso luzia izan, baiña nora ete zoizazen jardun dot pentsatzen. Ez zetozen biharretik (nere aurrekuan aurrekuan moduan), ezkontza batera juateko be, eguenian...raro, Londresera juateko beranduegi (eta pamela batekin bonboneradunak ez zeban papel txarrik egingo), afaltzera.....hain dotore?
Azkenian ez dot jakin nora zoiazen, baiña ikusi dot zer erosi daben: kokakola boteilla batzuk, eta ardaua, tetabrikekua eta marka zurixa!!!! To, glamourra! Hiperdotore boteillorako! Antes muerta que sencilla!
Gernika, Txernobil eta kutsadura
Gaur 74 urte bete dira Gernika bonbardatu zutenetik. 74 urte Gernika ez ezik beste hain bat herri bonbez eta suz txikitu zituztenetik, eta ehunka (edo milaka) pertsona hil. Eibar ere, egun batzuk lehenago birrinduta, hartu zuten gaurko egunez 1937an. Sarraski hauen arduradunei eta euren ondorengoei inoiz ez zaie damutu, biktimei barkamenik eskatu ere ez diete egin.
Duela 25 urte Txernobileko zentral nuklearreko laugarren erreaktorea lehertu zen. Hemen ere ez dakigu ziur zenbat pertsona hil diren, dena ilun eta ezkutua baita. Dakigun bakarra milaka izan direla, eta oraindik ere biktimak sortzen dituela; izan ere erradiazio maila altua da. Lurra, ura eta landareak daude kutsatuta.
Kutsatuta? Bai, Txernobilen moduan, gure Euskal Herri kontinental honetan kutsadura existitzen da. Pertsona kutsakorrak, zerrendak kutsatzen dituztenak. Zikinak omen. Toxikoak, antza. Eskubide guztien jabe ei dira, baina orban bat daroe, sortzezko bekatua bezalakoa, eta zerrendak ukitze hutsarekin euren lohia eta ugerra itsasten dute.
Nortzuk dira? Gernika, Durango, Elgeta, Elorrio, Otxandio,...eta abarren hondamendien arduradunen ondorengo ideologikoak? Ez. Hauek garbiak eta orbangabeak dira, itxura batean, nahiz eta txarto ez begitandu sarraskiok, eta neurri batean, justifikatu.
Puruak eta aratzak direla esaten badute ere, euren toxikotasun maila handiena dela esango nuke, Fukushimakoarenaren parekoa. Hala ere, eurek dira epaile, eurek dira errefusatzaile, eurek dira baztertzaile, legea nahierara egin dutelako.
Emoziñuan negarrak
Bada ixa hillabete blogian idatzi ez dodala. Oso lanpetuta eta hainbat gauzatan nahastauta ibili naizenez, astirik be ez dot euki. Eta astixa izan dodanian, gogo falta, edo gaixa ez zan aproposa: isuri nuklearra, beste gerra baten sartzia, ilegalizaziño prozesuak,.... hórretxek izan dira danon ahotan ibili diran gaixak. Gai larrixak eta gogorrak, eta ni bittartian, happy, urtiak betetzen, irribarriak eskintzen munduari...Ez, ez zan oso aproposa, egixa esateko.
Gaur, malkuak banakarre be blogera, emoziñuak eragindako malkuak dira, gertaera positibuak edo hunkigarrixak bultzatu nabe idaztera, sentimentu hónek askonak izan leiken arren, neriak eta edarrak diralako, eta egun batzuk happy eta beste batzuk ospitalian laguntzaille emonda, negarrok inadarra emoten destelako realidadera bueltau eta atzera be ekitzeko indarra hartzeko.
Behin baiño gehixagotan aittatu izan dot Korrikak zelan ikutzen destan bihotza. Zenbat negar emozionatu eragin izna destatzen, kotxian, goizeko 7retan etxian kafia prestatzen, ordenadore aurrian bidiauak ikusterakuan....barrua emozioz betetzen jata eta malkuak beti dagoz prest urtetzeko. Atzokuan be bai. Uste neban aurten ezingo nebala antxitxiketan egin, baiña zorionez, ustiak erdi ustel!
Gauzia da Korrikia Eibartik 9:15 inguruan pasatzekua zala. Normalian, ordu horretan Ermutik Eibarrerako bidian egoten naiz, trenian, irakortzen. Ermuan be ezin neban, gabeko ordu batetan pasau bihar zalako. Horretara, beste urte bat Korrika barik, esan neban nere kautarako. Baiña Ardantza pasauta hara nun iksute dodan jente mordua zain! Pasau barik zeguan! Estaziñuan trenetik jetsi eta Ibarkurutzian Miren, Edu eta hiru umiekin alkartu eta noiz etorriko zain! Hainbeste pertsona ikusitta hasi jatazan, atzera be, malkuak urten nahixan! zelan, baiña, jendetza guztian aurrian? Erreprimidu egin bihar izan nittuan, ez zeguan beteste erremedixorik. Halako baten etorri zan eta antxitxiketan Untzagaraiño! Señorita zapatekin eta poltsua aldian! Bardin zestan, korriketan juateko aukeria banekan!
Holan Untzargaraiño txalo artian! Zoragarrixa. Bertan geratu eta ikusi genduan zelako jentetzia zetorren! Ikaragarrixa! Deportibuan parian geldittu giñan bigarren bueltia ikusi eta txalo egitteko. Hurreratu zanian, berriro be negarra! Txaluak eta Tipi-tapa-Korrika zaratak amortuguatu zeben pixka baten emoziñua! Ederra, politta, indartsua. Danok irribarretsu eta ilusiñoz beteta. Halakorik!
Gaur goizian Facebooken lagun batek Gatzan bidiua jarri dau, etxeko balkoira famelixiakin txin-txin egitera urten daben momentua. Ordenadore aurrian negar baten hasi naiz, batez be aitta ikusi dodanian. Guraso hórrek zer sentitzen zeben momentu horretan pentsatze hutsak ixa-ixa zotiña be etara desta. Zuek zeuok be ikusi zeinkie:
Azken negarguria, horren ostian etorri jata, twitterren Republikian gaiñian jentia hasi danian berbetan. Erretratuak ikusi, bidion bat, lekuko batzuen grabaziñuak be bai. Ze izan zen eta ze izan zeikian. Buruari buelta asko emonda, ze izan zan prokamaziño ha Eibarrendako, zenbat gauza ekarri zittuan, eta ze izango zan gerria hasi ez balebe....
Gertaera honek be ikaragarri hunkitzen nau, ikusi izan dodalako ospakizuna bizi izan zebeneri begira. Begirada baten zeban kontu, zenbat gogorapen, zenbat ilusiño ...eta zenbat tristura. Ikusi izan dittu zaharrak bandera republikanuari begira, atzera be amesetan!
Tira, nahikua negar egin dot egunotan. Ez dot gehixago nahi! Baiña malkotan hasi bihar banaiz, holakuengaittik izan dedilla, ezta?
Printzesa izateko jaio omen gara
Zenbat mezu jasotzen ote ditugu emakumeok gure pritzesatasunaz? Ume txiki-txikiak garenetik, printzesa eredua jartzen digute begien aurrean. Hori da denok izan nahi omen duguna, desio duguna lehenengo haurtzarotik.
Printzesa: gauza inutilagorik badago? Pertsona mota azalekoagorik? "Lanbide" alferrekoagorik? Loreontzietan loreontziena dena. Erakusleiho, itxura soila, barrutik hutsik dagoena. Horixe da printzesa izatea.
Hasi, Disneyrekin hasten da, eta bonbardaketa etengabea da. Esango didazue obsesionatua nagoela. Baliteke, baina nire ustez, ez da nahikoa aztertu zelako emakume eredu proposatzen duen eta honek nolako eragina duen gure neskatilatxoen artean. Bestela, zer dela eta arrosa kolorez janztea koaderno, gela, arropa, mozorro, motxila, zorro, guardasol eta abarrak? Nondik datorkie neskatotxoei kolore-gama bakarreko zaletasun hori?
Facebook-etik atera dut beheko irudia: Disneyko printzesak eta euren mezuak
Printzesen ipuin tradizionalen berrikusketa ere topatu nuen sarean Microsiervos-i esker Dina Goldsteinen Fallen princesses argazki bilduma: Nola amaitu zuten "....hau bazan edo ez bazan...." (edo agian egokiago gaztelaniazko "Fueron felices y comieron perdices") formularen ostean, ametsak apurtuta, andrazko arrunt eta frakasatu! Oso onak dira argazkiak.
Dena dela, argazkilari hau kenduta, gutxi dira eredu monarkiko suntsitzaile honi aurre egiten diotenak, eta ez dakit zergatik. Zer dela eta sartu behar zaigu hau buruan txikitatik? Zer nahi da lortu horrelako gezurra zabalduta? Are gehiago, hezkuntza sailetik zabaltzen denean, duela gutxi Nafarroako gobernuak iragarki batean azaldu zuen bezala? (Nahiz eta gero ez eman komunikabideetan)
Argi dago, olatu more asko beharko direla printzesen uholde arrosari aurre egiteko! Agian, olatu baino tsunamiaren premia daukagu!
Pailazoak gorrotatzen ditut
Badakit post hau idatzita etsai asko egingo ditudala, jende asko haserretuko zaidala. Ez ezazue pentsa nire helburua probokatzea denik, ezta pentsatu ere! Baina, ezin dut gehiago jasan eta aitortu beharra daukat: pailazoak gorrotatzen ditut. Tira, onartu behar dut, zirkua oro har ezin dudala jasan: malabaristak, funanbulistak, domadoreak,....ezinezkoa zait ikustea! Ezin ditut jasan! Ezta Cirque du soleil famatua ere! Magoak eta trapezistak, ostera, horiek bai. Ez dakit zergatik den, inoiz esan didate ez ote dudan haurtzarorik izan (marrazki bizidunak ere ez ditut gogoko, ezta umeendako filmak ere. Zer esan ez Disneyren edozer Vade retro, Satanas! Hori gorrotagarria izateaz gai, arriskutsua ere bada). Izan liteke gure ume denboran Heidi eta Marcorekin hasi ginela zuri-beltzean, eta nola ez, Los payasos de la tele nazkante haiekin. Hola Don Pepito, hola Don José...
Umetako trauma izan liteke pailazoena, baina ez dauka azalpen handirik; izan ere, nire bizitzan normalean nahiko pailazoa naiz, umorea gustatzen zait, baita tontoarena egitea ere. Ezagutzen nauen edonork esango du hori. Nik neuk ere ez dut ulertzen ezinikusi hau.
Eta umeak gugandik urrun daudenean, tira, tirria hau eramangarria da, ez du eguneroko bizimodua oztopatzen. Baina zer gertatzen da parean haurren bat suertatzen denean, bidaia batean, adibidez? Orduan koplak, izerdi hotza eta egonezina.
Bai, eta ez da inor nire ezinikusitik libratzen. Ez, ezta Pirritx eta Porrotx ere!! Ez Marimototx, ez Takolo, ez eurekin kantatzen duten bertsolari, famatu eta guai guztiak. Ez. Ezin dut jasan. Sakrilegioa! Bekatu mortala! Bai, lagunok, euskaltzaleon artean dagoen tabuetako bat apurtzen dihardut: Pirritx eta Porrotx kritikatzea. Eta ez daukat euren kontra ezer. Euren lanbidea ez zait gustatzen. Ulertu beharko lukete, ni maistra naiz eta zenbat jendek gorrotatzen ditu irakasleak, e?
Badakit beraien mezuak positiboak direna, modernoak, familia anitzen aldekoak, umeak kontuan hartzen dituztela. Ez dago konparatzerik Una niña fue a barrer harekin,.....bale, tira. Mezuena gogoko nuen. Baina entzun nuenean : A mi me gusta el piripipi, dela bota empinar, parapapanpa,........kantu alkoholiko hori euskaraz itzulpen melenga horrekin, politikoki hiperzuzena....hor, momentu horretan, kable guztiak urtu egin zitzaizkidan eta automobiletik neure burua martxan botatzeko egon nintzen. Ufff!
Badakit umeei gustatzen zaizkiela. Bai. Hala ere, batzuetan gurasoek gustukoago dituztela esango nuke. Behintzat, hasieran. Umea jaio eta monobolumena erosi bezain azkar pailazoen CDa erosten (edo jiratzen) dute hainbatek, guraso izatearen betebeharren artean sartuko balitz bezala.
Eta ez pentsa abesten ez dudanik. Zuetako askok baino gehiago. Kantatzen dut Sorgina Pirulina.....; Han zeuden krokodilo....; Ikusi ikusi han, teilatu gainean;.....Kanuto xixilindro;.....Hil da, hil da gure katue;.....ume kantu ia guztiak dakizkit! Bederatzi urtean izan naiz begiralea udalekuetan! Eta disfrutatu egiten dut kantekin eta imintzioekin. Baina pailazoak ezin ditut jasan, larregi da nire buruarendako.
Debtris, zorraren Tetrisa
Gaur agertu da prentsan 1.210 pertsonak dituztela mila milioi dolarretik gora, inoiz baino gehiago. Nola izan liteke mundua krisi ekonomiko sakonean murgilduta dagoenean? Jende arruntak lana galdu eta ezin duenean hipoteka ordaindu? Dirurik ez dagoen honetan? zelan?
Erraz azaltzen digu beheko bideoak. Gobernuek herriak zorpetzen dituzte, aberatsak aberatsago bihurtzeko, herritar arrunten kaltetan.
Erraz eta ondo adierazita, edozeinek ulertzeko moduan!
Debtris - El Tetris de la Deuda from ATTAC.TV on Vimeo.