Gernika, Txernobil eta kutsadura
Gaur 74 urte bete dira Gernika bonbardatu zutenetik. 74 urte Gernika ez ezik beste hain bat herri bonbez eta suz txikitu zituztenetik, eta ehunka (edo milaka) pertsona hil. Eibar ere, egun batzuk lehenago birrinduta, hartu zuten gaurko egunez 1937an. Sarraski hauen arduradunei eta euren ondorengoei inoiz ez zaie damutu, biktimei barkamenik eskatu ere ez diete egin.
Duela 25 urte Txernobileko zentral nuklearreko laugarren erreaktorea lehertu zen. Hemen ere ez dakigu ziur zenbat pertsona hil diren, dena ilun eta ezkutua baita. Dakigun bakarra milaka izan direla, eta oraindik ere biktimak sortzen dituela; izan ere erradiazio maila altua da. Lurra, ura eta landareak daude kutsatuta.
Kutsatuta? Bai, Txernobilen moduan, gure Euskal Herri kontinental honetan kutsadura existitzen da. Pertsona kutsakorrak, zerrendak kutsatzen dituztenak. Zikinak omen. Toxikoak, antza. Eskubide guztien jabe ei dira, baina orban bat daroe, sortzezko bekatua bezalakoa, eta zerrendak ukitze hutsarekin euren lohia eta ugerra itsasten dute.
Nortzuk dira? Gernika, Durango, Elgeta, Elorrio, Otxandio,...eta abarren hondamendien arduradunen ondorengo ideologikoak? Ez. Hauek garbiak eta orbangabeak dira, itxura batean, nahiz eta txarto ez begitandu sarraskiok, eta neurri batean, justifikatu.
Puruak eta aratzak direla esaten badute ere, euren toxikotasun maila handiena dela esango nuke, Fukushimakoarenaren parekoa. Hala ere, eurek dira epaile, eurek dira errefusatzaile, eurek dira baztertzaile, legea nahierara egin dutelako.