Fribolitatea
Aurreko asteetako berriei begiratuz gero, aspaldian izandako albiste kezkagarrienak agertu zitzaizkigula esan genezake. Planetaren betiko gaitzez gain (gosea, pobrezia, gerra, analfabetismoa, beroketa globala, injustizia, konflikto ahaztuak,...), beste notizia kezkagarri eta ilun batzuk erantsi zitzaizkien: Espainiako langabetu kopurua 5 milioira ailegatu zen, Bildu-ren legalizazioa Gorenaren aldetik eta Konstituzionalean era agoniko batean zain egon beharra, Ben Ladenen erailketa,...Gaineratu behar dizkiogu Fukushimaren tragedia erdi ezkutua eta Libian dugun gerra. Panorama polita, ezta?
Hala ere, estaltzeko moduak lortu dituzte. Alde batetik, ezkontza arranditsu batekin,mendeko futbol partidu birekin eta aita santu baten beatifikazio ponposo batekin. Espektakulua jendeak egoeraren larritasuna ahatz zezan. Girgilerian eta azalean geratu mamira joan ez gaitezen. Panem et circenses
Esan beharra daukat ni ere erori nintzela fribolitate horretan, azalkerian. Nahita. Nik ere Sustatuko Zer erantzirako Londresko ezkontzaren gainean idatzi nuelako. Baina ez da "mea culpa" bat, azalpena baizik. Izan ere, igande batez idatzi nuen artikulua. Ia arratsalde osoa eman nuen horretan: argazkiak bilatzen, hitz egokiak aurkitzen, testua atontzen... Hala ere, ez nengoen oso ziur artikuluaz eta idatzitakoan Sustatuko Kolaboratzaileei bidali nien euren iritzia jasotzearren. Handik ordu eta erdira etorri zen Gorenaren erabakia; gogo barik horrelako gauzaren bat ateratzeko, ez argitaratzekotan egon nintzen.
Baina azkenean atera genuen artikulua. Alde batetik, eman zidan lanarekin (batez ere lexiko aldetik, horren gainean idatziko dut posten bat) ez nuen paperontzira bota nahi. Bestetik, fribolitatearengatik, Sustatun kolaboratzen dudenetik askotan neure buruari planteatu diodan gaia. Zer erantzin idazten dudan guztia oso friboloa da: arropa, janzkera, itxura...eta askotan kritika hutsa izaten da; azalekoari erreparatu, hondoan asko sartu barik.
Hala ere, bueltaka dabilkit galdera bat: Nor naiz ni horrelakoak idazteko, inor kritikatzeko? Ez dakit ezer modaz, barren! Askotan epaile sentitzen naiz, gizarte tradizionalaren defendatzaile: artaldetik irteten den ardiari haginka ekiten dion ardi-txakurra legez. Pentsatzen dudanaren konta, beraz.
Esan dudan moduan, arinkeriez baino ez dut idazten Sustatun; izan ere horretarako baino ez zidaten deitu. Horretara, lana ondo betetzen ari naizela esango nuke.
Dena dela, alde on bat ere ikusten diot fribolitatearen gai honi: barre eragiten digula. Eta inoiz baino gehiago behar dugu irri egitea, horren premia larria dugu. Nire ustez, fribolitatea kaltegarria da horretan huts-hutsean geratzen denean. Horregatik ahalegintzen naiz azalkeriaz post horietan, irribarrerik sortzen ez bada, beste buleta bat ere eragiten, gizonezkoen janzkera kritikatzen eta arropagatik inor ez juzgatzen. Edo hori nahiko nuke, behintzat!
Izan ere, barre eginez, edo irribarrez, baino ezin izango diogu aurre egin hasiera-hasieran azaldu dudan panorama beltz horri, sekula iparra eta jo-puntua galdu barik, baina umorez. Bestela gureak egin du. Edo?
Leire, eta zer pentsatzen duzu, "gauza inportenteez" dihardutenak ez direla arinkeria friboloenean jausten? Zer da bestela Gipuzkoako hautagai guztien gaurko argazkia realeko kamisetarekin, mundua konpontzea? Gauza latzak eta potoloak gertatzen direnean egunkariek futbolarien hamaikakoen kuitak argitaratzen jarraitzen dute, baina horrek ez omen dira fribolitateak. Uxue Apaolazak joan zen egunean Berrian: "Mundua fribolitate gabe tuntunentzat baizik ez baita eramangarria". Segi, ondo zabiz. Musu bat Elna