Pailazoak gorrotatzen ditut
Badakit post hau idatzita etsai asko egingo ditudala, jende asko haserretuko zaidala. Ez ezazue pentsa nire helburua probokatzea denik, ezta pentsatu ere! Baina, ezin dut gehiago jasan eta aitortu beharra daukat: pailazoak gorrotatzen ditut. Tira, onartu behar dut, zirkua oro har ezin dudala jasan: malabaristak, funanbulistak, domadoreak,....ezinezkoa zait ikustea! Ezin ditut jasan! Ezta Cirque du soleil famatua ere! Magoak eta trapezistak, ostera, horiek bai. Ez dakit zergatik den, inoiz esan didate ez ote dudan haurtzarorik izan (marrazki bizidunak ere ez ditut gogoko, ezta umeendako filmak ere. Zer esan ez Disneyren edozer Vade retro, Satanas! Hori gorrotagarria izateaz gai, arriskutsua ere bada). Izan liteke gure ume denboran Heidi eta Marcorekin hasi ginela zuri-beltzean, eta nola ez, Los payasos de la tele nazkante haiekin. Hola Don Pepito, hola Don José...
Umetako trauma izan liteke pailazoena, baina ez dauka azalpen handirik; izan ere, nire bizitzan normalean nahiko pailazoa naiz, umorea gustatzen zait, baita tontoarena egitea ere. Ezagutzen nauen edonork esango du hori. Nik neuk ere ez dut ulertzen ezinikusi hau.
Eta umeak gugandik urrun daudenean, tira, tirria hau eramangarria da, ez du eguneroko bizimodua oztopatzen. Baina zer gertatzen da parean haurren bat suertatzen denean, bidaia batean, adibidez? Orduan koplak, izerdi hotza eta egonezina.
Bai, eta ez da inor nire ezinikusitik libratzen. Ez, ezta Pirritx eta Porrotx ere!! Ez Marimototx, ez Takolo, ez eurekin kantatzen duten bertsolari, famatu eta guai guztiak. Ez. Ezin dut jasan. Sakrilegioa! Bekatu mortala! Bai, lagunok, euskaltzaleon artean dagoen tabuetako bat apurtzen dihardut: Pirritx eta Porrotx kritikatzea. Eta ez daukat euren kontra ezer. Euren lanbidea ez zait gustatzen. Ulertu beharko lukete, ni maistra naiz eta zenbat jendek gorrotatzen ditu irakasleak, e?
Badakit beraien mezuak positiboak direna, modernoak, familia anitzen aldekoak, umeak kontuan hartzen dituztela. Ez dago konparatzerik Una niña fue a barrer harekin,.....bale, tira. Mezuena gogoko nuen. Baina entzun nuenean : A mi me gusta el piripipi, dela bota empinar, parapapanpa,........kantu alkoholiko hori euskaraz itzulpen melenga horrekin, politikoki hiperzuzena....hor, momentu horretan, kable guztiak urtu egin zitzaizkidan eta automobiletik neure burua martxan botatzeko egon nintzen. Ufff!
Badakit umeei gustatzen zaizkiela. Bai. Hala ere, batzuetan gurasoek gustukoago dituztela esango nuke. Behintzat, hasieran. Umea jaio eta monobolumena erosi bezain azkar pailazoen CDa erosten (edo jiratzen) dute hainbatek, guraso izatearen betebeharren artean sartuko balitz bezala.
Eta ez pentsa abesten ez dudanik. Zuetako askok baino gehiago. Kantatzen dut Sorgina Pirulina.....; Han zeuden krokodilo....; Ikusi ikusi han, teilatu gainean;.....Kanuto xixilindro;.....Hil da, hil da gure katue;.....ume kantu ia guztiak dakizkit! Bederatzi urtean izan naiz begiralea udalekuetan! Eta disfrutatu egiten dut kantekin eta imintzioekin. Baina pailazoak ezin ditut jasan, larregi da nire buruarendako.