Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Berdintasuna

Leire Narbaiza 2012/08/07 10:34
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/07

Olinpiar Joko hauei ez diet jaramonik egin. Ez zait asko gustatzen kirolak telebistaz ikustea —bestela ere ez naiz oso zalea—. Baina nahitaez komunikabideei jarraituz gero, edo Twitterren ibilita, ez dago aldentzeko modurik. Horretara, zeharka bada ere, badut euren berri.

Jakin dut, lau haizeetara zabaldu delako, hauek direla lehenengo jokoak diziplina guztietan emakume kirolariak dituztenak. Horrezaz gain, parte hartzen duten estatu guztiek ere emakume kirolariak bidali dituzte. Hori ere lehenengoz. Nazioarteko Batzorde Olinpiarrak (NOB) gogor jardun omen du horretan, eta horrela lortu ei da aurtengoa. Garbi gera zedin, inaugurazioan behin eta berriro aipatu zuten telebistan, batez ere, desfilatzen ari zen delegazioak estreinakoz emakumerik bidaltzen bazuen.

Ahalegin horiek guztiak behar-beharrezkoak dira, ez dut dudarik. Baina oraindik asko falta da hainbaten burua aldatzeko. Eta ez naiz ari emakumeak baztertzen dituzten estatuez. Mendebaldeko kazetari eta esatari txoropito askoren ahoak eta begiradak daude aldatzeko.

Adibidez, emakumezkoen hondartza-boleibolean ateratzen diren argazkiak zerikusi gutxi dute kirolarekin, ipurtaldeen plano eta argazkiak dira ohikoena. Ez da gauza bera gertatzen gizon kirolariekin: inork ikusi du abiadura-lasterkariren baten planorik ipurdia huts-hutsean fokatzen duenik? Ez, ezta? Eta erretratatzeko modukoak dira, alajaina!

Lehentsuago esatariena aipatu dut. Dirudienez, Eurosport telebista katean iruzkin sexista eta desegokiak jaurti zituen ahotik Emilio Marquiegui izeneko batek. Behean, Maite Goñik Twitterren aipatu zituenak euskaraz emango ditut jakin dezazuen zelako mentalitatea dagoen oraindik.

Maratoian esan zuen emakume korrikalariaz: «Kulerotxoarekin beltzarantzeren marka ikusten zaio». Imajinatzen duzue hori berori gizonezko batez esan balu?

Gero, halterofiliara pasatu zen. Umorearen festibala dator, kirol hau praktikatzen duten pertsonek gaur eguneko estetika kanonetatik oso urrun daudelako: «Emakume atleta astunenak —eta ez diogu euren izaerarengatik, euren gorputz-pisuagatik baizik—».(To!) «Emakumeei ez zaie kiloez hitz egitea gustatzen, baina kasu honetan azaldu beste erremediorik ez dago: 150». (Gizonei gustatzen zaie kiloez jardutea, antza!). «Marian (…) 144 kilodunak familia osatu du. Behar den bezala».(Pisu horrekin nola lortu ote du senarra?). «Ez dago zehazki modelo pase baterako, baina bai domina lortzeko» (Baina nork esan dizu modeloa izan nahi duela?)

Zuen esku lagako dut Marquiegui hori adjektibatzea. Baina horrelakoen begirada aldatzen ez dugun bitartean, ezer gutxirako balioko du emakumeen parte-hartzeak.

Mugan

Leire Narbaiza 2012/08/05 10:31
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/05

Sentitzen dut, baina gaurkoan Euskal Herri zati handiena kanpoan lagako dut. Bai, probintziakeriaz egingo dut berba, eta ondoen ezagutzen dudana komentatuko dut. Beraz, gaur barkatuko didazue arabar, nafar, lapurtar eta xiberotarrek. Zuetaz ez dut deus esango. Entzunak baditut perretxiko, hondartza eta manexen kontuan, baina ez naiz gai ganoraz komentatzeko. Hala ere, segi ezazue irakurtzen, mesedez. Agian zuek ere topatuko duzue gustuko zerbait, edo ez.

Hortaz, Gipuzkoa-Bizkaiaz mintzatuko naiz, eta badakit lagunak baino gehiago etsaiak edo ez-lagunak egingo ditudala. Ez du axola, badakit askok nik bezala pentsatzen dutela eta besteei komeni zaiela gure ikuspuntua ezagutzea.

Eibartarra naiz. Ez dakizuenondako, Gipuzkoan, Bizkaiarekin mugan dagoen hirikoa. Ia beti egin dut behar Bizkaian, eta zergak, beti, Gipuzkoan ordaindu. Lan egunetan lau bider pasatzen dut muga Ermuraino, ondoko herrira, Bizkaia dena.

Eibartar naizen aldetik, darabildan euskalkia bizkaiera da edo sartaldekoa, gura duzuen legez. Gipuzkoako bizkaiera edo sartaldeko sortaldekoa. Konplikatua, ezta? Herrikide askoren moduan, familia zati bat Bizkaikoa dut. Ikusten duzuenez, nahaste indartsua.

Horregatik ez dut probintziakeria ez ulertzen ez onartzen! Ba ote daki inork zer den Gipuzkoa eta Bizkaia? Azal diezadatela, faborez. Askotan «banatu eta bentzutu» taktika dela iruditzen zait, ezinikusia areagotuz, mesfidantza erein eta hainbat afektu ez sustraitzeko. Jabe bera duten bi egunkari bik sustatutakoa ere badela esatera ere ausartuko naiz, eskela gehiago saltze aldera (ez dut harantzago joan nahi…).

Ikaragarri gorrotatzen dudan kontuetako bat guipuchi berba da. Bai, horrela idatzita, erdarak deformatutako hitz bat (giputz) delako. Gipuzkoarra naiz, baina ez giputza; izan ere, Eibarren kiputza historikoki gipuzkeraz egiten duena da. Bizkaian askotan deitu izan didate guipuchi, ia beti mespretxuz, ukitu xenofoboa duelako. Ez ziren libratzen nire erretolikaz, ez horratik!

Bestetik, Gipuzkoa sakon horretan, eibartarrak garela diogunean, bizkaitarrak esaten digute, hori ere erdeinuz! Gipuzkoartzat ere hartzen ez gaituzte-eta! Baina nola? Ez dira Zarauztik mendebalderago joan! Hortik aurrera, askorendako Terra ignota da, barren! Mapa bat egin beharko balute, hortik aurrera zuriz margotuko lukete…

Baina batean zein bestean, kale egiten ez duena futbol hitza da!Horrekin ahalegintzen dira xaxatzen! Real! Athletic! Grrrr! Hori da desberdintzen gaituena? Ezinikusia sortzen diena? Mesedez! Futbolak niri bost axola dit-eta! Nola zirikatuko naute horrekin! Jakina, argumentu horiek biak —euskalkia eta futbolik eza— erabiltzen ditudanean, isilik geratzen zaizkit. Zer egingo dute, bada? Besterik ez dago, gero! Baina, badakit bestelako jendea ere badagoena, herrarik ez duena; probintzia batean zein bestean, espiritu eraikitzailea eta zabala duena. Horiekin bizi gura dut mugaz gaindi!

 

Mentalitea

Leire Narbaiza 2012/08/04 11:50
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/04

Zenbatetan eman beharko dugu nortasun agiriaren fotokopia tramite bat egiteko? Noiz arte jarraituko dugu Bilboraino joaten agiri zigiludun bat jasotzera? Noiz amaituko da sinadura faxez bidali behar izatea? Bai, ez gaude 1980an, XXI. mendean baizik, eta oraindik zenbait administrazio eta enpresatan paperaren mentalitatearekin jokatzen jarraitzen dute.

Azkenekoa, senide bati pasatu zaiona: txartelen zorroa galdu zuen oporrak hartzekoa zen egunean. Nortasun agiria, kreditu eta Lurraldebuseko txartelak zituen bertan. Bankuko txartela dei batekin baliogabetu zuen, eta Lurraldebusekoa e-mail bidez egiten ahalegindu zen. Baina Saninazio jai-zubia tartean, ez zioten ezeztatu. Topatu zuenak, bitartean, erabili egin dio txartela, eta dirua gastatu. Hori bai, abuztuaren 1ean 08:30ean telefonoz deitu zioten esanez ezin ziotela baliogabetu bere sinadura eduki ezean! Familiako hori oporretan dago, eta galdetu zion ea nola bidaliko zion izenpea. Erantzuna: faxez (!) edo eskaneatuta e-mail bidez! Faxez? Baina atzera egin dugu denboran? Kreditu txartela dei huts batez ezezta genezake eta Lurraldebusekoa ez? Faxez bidalitako zirrimarra batek hainbesteko balioa du? Segurtasuna handitzen du? Bai, zera!

Burokrazia zikina besterik ez da! Paperera lotuegi dagoena, zigiluak, sinadurak, egiaztapenak behar dituena. Agian, paperkraziak beldurra dio paper falta horri, euren lana arriskuan ikusten duelako, zigilatu beharrik ez badaukagu zigilatzailea soberan dagoelako. Baliteke.

Niri ere gertatu zaizkit horrelakoak. Beharbada larriena orain urte batzuk pasatu zitzaidan, INEMen (Espainiako lan bulegoan). Langabezian geratu nintzen udan, eta subsidioa kobratzera joan nintzen. Fenomeno paranormalak gertatu ohi dira bertan; izan ere, beti paperen bat falta zaigu bezerooi. Kontua da oporrak hartu berri geundela, enpresa itxita. Emandako agiriak baino ez neuzkan, baina, beti pasatzen den legeztxe, INEMekoak enpresaren paper bat falta nuela esan zidan. Zer egin? Nora jo? Nire enpresari zegokion INEMeko bulegora deitzeko esan zidan langile ozpinduak, «hor konpon, Marianton» esanez bezala.

Deitu nuen beste bulego horretara, eta non esaten didaten paper hori ez zela beharrezkoa, beraiek intranetez egiten zutela eta enpresek zegoeneko ez zidatela eman behar! Haluzinatuta eta sutan nire bulegora itzuli nintzen, guztia kontatu nion ozpinduari, eta «badaezpada» eskatu zidala berak erantzun! Edo ez zeukan ideiarik edo izorratu nahi ninduen. Eta ez dakit zer den larriagoa utzikeria ala gaiztakeria.

Kontrakoa ere gertatzen da: Biba! Badaukagu era modernoan egitea! Dena egingo dugu e-mail eta web bidez! Gu baino modernoagorik ez dago! Gezurra! Langileak ez kontratatzeko beste jukutria bat baino ez da. Diruan baino ez dute pentsatzen, zenbat aurrez dezaketen horrela eginda. Berdin dio webak azpiegitura nahikorik duen edo populazioaren zati bat baztertzen duen. Diruaren burokrazia da, dirukrazia!

 

Zapia

Leire Narbaiza 2012/08/03 09:41
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/03

Azoka txikian ikusi nuen berriro ere, udako egun sargoritsuan. Tira, bera zela uste dut. Haize zakarrak arropak astintzen zizkion; izan ere, goitik behera zihoan jantzita, lurrerainoko gona, soingainekoa, denak berde ilunak; eskularruak, buru-estalkia, eta aurpegia ezkutatzeko oihala (nikab-a), beltzak. Begiak baino ez zitzaizkion ikusten.

Lehenengoz berarekin topo egiteak barrena irauli zidan. Agian, gure kulturan, pertsonaren ezaugarria delako aurpegia eta musu bakoek ez dutelako identitaterik. Zirrara eragiten badit ere, emakume horren aukera da horrela joatea. Denok daukagulako nahi dugun bezala janzteko eskubidea. Gogoak ematen digun moduan ibiltzeko, inongo presiorik gabe. Baina hau ez da hala, zoritxarrez.

Ez da horrela, kontrola existitzen delako. Eibarren familia musulmanak duela 40 urte daude etorrita lanera. Emakume batzuek zapia erabiltzen zuten, baina ez denek eta gutako edozeinek erabiliko genukeen legez, hondartzan edo garbiketak egiteko. Imana etorri arte. Orduan, bat-batean emakume guztiek aldatu zuten janzkera eta zapia: arropa nasaiagoak eta luzeagoak eta ilea osorik estalita, baita sama ere. Eta jakin badakit zelako presioak egiten dizkieten komunitateak zapia janzteko.

Horren adibidea Olinpiar Jokoetan izan dugu, Wojdan Shaherkani Saudi Arabiako judokaren aitak esan zuenean ez zuela alabak parte hartuko burua estali barik. Zer esango luke protagonistak, ordea? Ez dakigu, isilduta dagoelako.

Tematuta daude, baina, andrazko ilearekin! Ezin dugu ahaztu katolikoek orain 50 urte, elizan sartzeko mantelina behar zutela, eta mojek ere ilea estalita eraman dutela. Egia esatera, Eibarren ikusitako emakume estaliak eta mojek antzeko arropak janzten dituzte (aurpegikoa salbu). Biek kolore ilunak eta tristeak: marroiak, grisak, beltzak…antzekotasun gehiegi. Duela 30 urte kendu zuten burukoa moja askok eta eskola erlijiosoetan genbiltzanontzat modernitate haizea izan zen burua libre ikustea irakasleak.

Judu ortodoxoek ere ilea ezkutatu behar dute. Askotan zapiak erabili beharrean ile-ordeak edo kapelak erabiltzen badituzte ere. Moja (eta monje) budistek ere arradatzen dute burua. Erlijioek ez ezik, errepresioak ere izan du obsesioa ilearekin. Jakina da Francozaleek emakume askori kaskamotz laga arte moztu zietela adatsa. Zigor handia eta lotsagarria, denen bistan zegoelako. Tema hau andrazkoen irudiarekin, estereotipoarekin du zerikusia; zer den femeninoa eta zer ez.

Dena den, kasu guztietan zapia, kartzela beharrean, lagungarri ere izan liteke. Nikabduna ikusi eta Wojdan Shaherkanirena pasatu eta egun berean Uxue Barkosek gaixotasunaren zapia erantzi eta burua nola duen erakutsi digu. Kasualitatez, Terelu Campos Espainiako aurkezleak ere ile-ordea kendu du. Biek bularreko minbiziaren tratamenduak eragin die ile falta. Kasu bi hauetan zapia eta ile-ordea lagun izan dute, estalki, babesle. Dena ez da txarrerako izango!

 

Menpe

Leire Narbaiza 2012/08/02 10:13
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/02

Inoiz ez zaizue gertatu argindar matxura izatea herri osoan neguko gau batean, lanetik bueltan zatoztela, afaltzeke? Atariraino iritsi, eta nola igo bosgarren solairura argi barik? Ezin! Lortuz gero (telefonoaren pantailaz edo automobileko linternaz), zelan prestatu afaria, sutegi osoa elektrikoa da, barren?! Gainera, negua denez, hotz dago, baina uraren termoa eta berogailua sareari entxufatu gabe ez dabiltza! Nola iraun bizirik?


Holakoetan konturatzen gara zein garrantzitsuak diren egunerokoan erreparatu gabe erabiltzen ditugun gailuak. Morrontza hori gero eta zabalagoa da eta beste zerbitzu batzuk ere, ezinbestean, mendean hartu gaituzte.

Internet, esate baterako. Lehenengo artikulua BERRIAra bidali behar nuenean deskubritu nuen nahitaezkoa bilakatu zitzaidala. Urduri nengoen, estreinakoa zelako. Imajina ezazue egoera: artikulua idatzita, oporretan dagoen lagun kazetari baten oniritzia jasotzeko zain, baina ez nuen haren berri. Interneten sartu, eta ez zebilen! Kablea kendu, modema amatatu, berrabiarazi, eta ezer ez! Panikoa! Familiari deitu ia eurenean bazebilen, eta eurenetan ere ez! Lagun kazetariari deitu, eta ez zidan esan, bada, iritzia e-mail bidez bidali zidala? Euskaltelera deitu, eta Eibarren matxura zegoela, arratsaldeko bostetarako konponduko zutela esan zidaten. Ni, histeriko! Lagunak, oporretan; hemen zeudenak, Euskaltelekoak! San Ignazio eguna, gainera: liburutegia eta Kazetagunea txita! Baneukan Abadiñon konexio bat, baina auto barik… Azkenean, bonbilla piztu zitzaidan, eta gogoratu nuen lagun bat lanean ari zela bulegoan. Berari deitu, eta baietz, bazebilkiela internet! Ordurako, buruko min izugarria, urduritasuna eta tentsioa! Lortu nuen bidaltzea, eskerrak!

Etxera itzuli, ordenagailua isiotu, eta hara non ikusten dudan, matxura konpondu zutela nire entrega-ordua baino ordu laurden lehenago! Ai, ama! Niri pasatzeko ez da gutxi! Gaixotzeko, baina, gutxi falta izan zitzaidan! Bihotza taup-taup topera!

Bihotza ez ezik, burua ere abiada bizian nerabilen. Ikaragarria da segundo gutxitan zenbat buelta eman lezakeen! A, B, C eta D planak neuzkan! Azkena, besteek funtzionatu ezean, BERRIAra deitu, eta telefonoz diktatu! Itzela!

Orain hamar urte esan balidate horrelako izu momentua izango nuela Internet ezagatik, barre egingo nien, algaraka! Pentsatzea ere gure komunikatzeko eta lanerako modua hainbeste aldatuko zela! Ezinbesteko bihurtuko zela sarea! Zenbat eztabaida izan ote ditudan eta zein oker nengoen!

Amaraunean jausi gara, onerako, zalantza gabe. Asmakizun onenetakoa dela begitantzen zait. Halere, askok dudan jartzen dute Interneten balioa. Baina nork jartzen du ezbaian ur-korrontea eta elektrizitatea? Inork ere ez. Egia esatera, ez dakigu eurek barik bizitzen. Nik Internet beraien parean jarriko nuke, menpetasunak menpetasun. Probatzean datza guztia, ezta?

 

Lehenengoa

Leire Narbaiza 2012/08/01 11:34
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/01

Kuku! Egun on! Abuztuaren bata da, eta oporretan egon arren, lan berri baten hasteko unea, inoiz imajinatuko ez nuen beharrean. Bai, hemen izango nauzue, BERRIAko irakurleok, abuztu osoan, egunero, burutik pasatzen zaizkidan zorakeriak eta burutazioak papereratzen; ahalik eta txukunen eta ondoen adierazten.

Egia esatera, aho bete hagin laga ninduen proposamenak, ez bainuen inondik inora espero. Buelta asko eman nizkion buruan gaiari; izan ere, egunero izate horrek ikaragarri kezkatzen ninduen —eta nau—. Dena dela, arriskatzen ez denak ez du irabazten. Gainera, zer edo zer ikasi badut bizitzan izan da damutzekotan, ez egitea damutu behar zaigula. Premisa bi horiekin, inguruko jendearen animoek baietza esatera bultzatu ninduten.

Harrezkero, zenbat denbora eman ote dudan ohean lo egin ezinda, etengabe buruan artikuluak idazten, ideiak garatzen! Inoiz, argia isiotu eta zirriborroren bat ere egin dut eskuz, koaderno zahar batean. Ez dakit apunte horiek erabiliko ditudan, baina argi daukat lo egiten lagundu didatela! Hala ere, uste dut lasaitu, hilaren 31n lasaituko naizela! Tira, hilaren 30ean, azkena bidaltzen dudanean.

Zertaz bete ordura arteko artikuluak? Ez dakit, egunean egunekoaz. Batek esan zidan bezala, memento honetan hamaikatxo gai dabiltza airean. Agian, gaurkotasuneko hautu politikoetan ez naiz lar ondo mugitzen, ur handia da niretzat, edo nire idazteko moduarentzat. Baina beste lagun batek ere esan zidan uda bazela oso sasoi ederra mintzagai (idazgai hobeto, ezta?) asko eta desberdinak bururatzeko. Gainera, seguru nago orain esango banu, adibidez, «ez dut Joko Olinpikoez hitz egingo», hori eskribitu eta egun bitara, hortaz idatziko nukeela! Murphyren legea!

Egunero izateak kezkatzen banau ere, irakurleen iritziak ere ardura dit. Batzuen esanak, batez ere. Batzuek horiek izen eta abizena daukate, eta zorrotzak dira, oso zorrotzak. Badakit non bizi diren, nire Twitterreko DLan (TL denbora lerro itzuli da?). Gaiztoak dira oso, eta idazle eta kolaboratzaileak larrutzen dituzte gupidarik gabe. Horiei eskatzen diet —dizuet— nire aurka murielkeriarik ez jaurtitzeko, maitasunez har nazatela; bestela zartailua atera, eta dantzan jarriko dut: jakinaren gainean zaudete! Beharbada, oporretan egongo dira —zarete— Euskal Herritik kanpora (Kaxiano legez) eta ez dute —duzue— Interneteko konexiorik izango!

Ikusten duzuenez, edozein artikulutan aldartea aldatzen zait, samur hasi eta suminduta amai nezake. Hori bai, saiatuko naiz tristurarik ez transmititzen, alaitasun pixak bat, baizik. Eta ahal dudan neurrian, umorea. Horrek ez du kentzen, egun batzuetan ernegua eta amorrua hartuta idaztea, hori baita sarri askotan nire egoera naturala!

Beraz, hau da lehengoa. Bihar gehiago!

Egunkari euskaldun hutsa ikusezina da

Leire Narbaiza 2012/06/26 23:55
Pasadizo bi, egunkari bi, denboran errepikatzen den errealitate gordina.

Egun batean, klasean, 3.mailako (EGA) ikasleei artikulu batzuk banatu nizkien, ia egunero egiten dudan bezala. Seguruenik, Onintza Enbeita edo Anjel Lertxundiren bat izango zen, ez naiz gogoratzen. Edizio digitaletik inprimatuta zeuden; beraz, Berria.info logoa zeramaten. Banatutakoan ikasle berri batek, mutil jatorra, ikastolan ikasitakoa, baina bertatik irten zenetik euskararik egin ez zuenak, galdetu zidan: "Leire, ikusi dut banatzen diguzun orrietan beti helbide bera agertzen dela. Zer da, euskaraz dagoen web orriren bat?"

Ez nekien barre, negar, oihu edo zer egin! Ez zekien Berria existitzen zenik! Irakasle gelara joan, eta paperezko edizioa eroan nion. Sekula ikusi barik zeukan! Ni flipatzen nenbilen, haluzinatzen, ahoa bete hagin. Ez zekien euskara hutsezko egunkari bat zegoenik!

Hau gertatzerakoan, beste historia batekin gogoratu nintzen. Duela 20 bat urte, Bergarako UNEDko euskara sailean "Sakontze maila" (EGAtik gorakoa) egiten genbiltzan Eibarko lagun batzuk, tartean Luistxo Fernandez, orduan Euskaldun Egunkarian beharrean. Goiz erdian atsedena izaten genuen, eta kafea hartzera joaten ginen. Taldeko baten lehengusina ere etortzen zen gurekin batzuetan. Neska hau Gipuzkoako Goierriko ikastola bateko andereñoa zen.

Tabernarantz gindoazela gutako baten batek plazako kioskoan Egunkaria erosi zuen. Eta goierritar honek galdetu zuen:  –Ze periodiko da hori? –Egunkaria, guk. –Bai, baina zein? –Euskaldunon Egunkaria. –Euskaraz? Baina badago periodikorik euskaraz?

Imajina dezakezue denon aurpegia, eta Luistxorena zer esanik ez! Kontua da, Sakontzen ia jende guztiak ekartzen zuela Egunkaria besazpian klasera! (Orain ez bezala) Nola izan zitekeen neska hark inoiz ez ikusi izana? Jakin ere ez jakitea existitzen zenik?

Lehenengo anekdota otsailaren 20aren inguruan gertatu zen. Jakina, Berria erakustean mutilak esan zidan berak itxi zutena ezagutzen zuela, baina ez zekiela besterik atera zenik. Orduan, azalpenak ematen hasi behar nintzen zer izan zen bidegabekeria hura. Ginera, epaiketan errugabeak zirela esan zutela aipatu nien; izan ere, Ermuan nabil klaseak ematen…

Baina nola azaldu Goierriko irakasle hari eta Ermuko ikasle honi Euskaldunon Egunkariak zer garrantzi zuen guretako? Zer izan zen hura sortzea eta euskaraz lehenengo aldiz berripapera irakurtzea? Albisteak euskara hutsez (eta egokian) leitzea? Zer apurtu zitzaigun bihotzean itxi zutenean?

Eta Berriak ere gure bizitzetan, lanean, ikas-prozesuan horrelako garrantzia izan du (eta izan behar du)? Zer litzateke atzera ere euskara hutsezko kazeta barik geratzea, bai beste sumario batengatik, bai euskaldunon interes faltagatik, bai diru ezagatik? Hori ere katastrofikoa litzateke! Behar dugulako, nahi dugulako, gurea delako. Zizta dezagun!

Fantasia

Leire Narbaiza 2012/05/23 16:45
Bizitzan laguntzen digun buruaren misterioa.

Fantasiarako joera nabaria dut. Beti gustatu izan zait egoera bitxiren bat ikusiz gero imajinatzea zer gertatzen den, nire begien aurrean pasatzen denaz haratago. Horregatik, eszena horretako pertsonaien bizitza zelakoa den; eta, batez ere, zerk eraman dituen egoera horretara irudikatzea dut gogoko.

Besteen bizitzak eta egora pertsonalak asmatzea plazer txiki horietako bat da; are plazerago konpartitua bada: Onena izaten da norberaren moduko fantasioso batekin topo egitea; hau da, besteen bizimodua imajinatzen eta fantaseatzen disfrutatzen duen horietako batekin elkartzea. Elkarri begiratu eta kontatu buruan eraikitako istorioa, zein den sinisgarriagoa edo politagoa konparatu, elkarren artean istorio bakarra osotu. Esperientzia paregabea!

Norberaren bizitzarekin fantasian jardutea ere ez dago txarto; egoera berezi batean jarri geure burua, eta nola jokatuko genukeen imajinatu: zelan jantziko ginatekeen, zer esango genukeen, nola portatu… Inoiz gertatuko ez dena, baina mundu oniriko horretan bizi genezakeena.

Azken aldian, gainera blogekin ere fantasian aritzen naiz. Inoiz pentsatu izan dut ederra litzatekeela, hainbeste miresten dudan idazle, musikari edo pertsona horrek, kasualitatez, eta amaraunaren kliken magiaz nire post batera ailegatu, irakurri eta asko gustatzea.

Edo jakitea, aspaldian (gazteago nintzenean) ezagututako gizonezko argi, irribarre ederdun, erakargarri eta estupendo horietakoren batek nire blogetako baten (edo bien) jarraitzaile sutsua dela, baina nire letren distirek kikildu egiten dutenez, ezin didala mirespenik adierazi… eta sasoi hartan jaramon gutxi egin izana damutzen zaiola izugarri.

Fantasia hain da mundu ederra! Mendekurako ere balio du!

Eibartarrak posta zerrenda EraldaLAB-en

Leire Narbaiza 2012/05/20 21:19
maiatzaren 12an egin nuen aurkezpenean kontatutakoa, gutxi gorabehera.

EraldaLAB jardunaldian izena eman nuenean kuriositate handia neukan. Egia esatera, ezer gutxi nekien zer kontatuko ziguten, eta benetan gai izango nintzen egun osoan bertako kontuei jarraitu ahal izateko. Egun batekoa zenez, ausartu nintzen eta ez zait damutzen.

Eguna baino pare bat aste lehenago hitzalditxo bat egitea proposatu zidaten, eibartarrak zerrenda zer den azaltzeko. Bi aldiz pentsatu barik baietza eman nuen. Ai, ama! Zer inkontzientea naizen batzuetan! Aurreko aste osoan ohean sartu eta hitzaldia ematen nuen! Zein gaizki egin nuen lo! Emakume erraza, edo ezetz esaten ez duen horietakoa izateagatik!

Ez nekien, baina, zehatz-mehatz zer nahi zuten, eta nik proposatu nien nire esperientzia kontatuko nuela, niri zer eman didan zerrenda honek. Beste era batera ez dakidalako egiten. Baietz esan zidaten eta aurrera!

Zerrendan bota nuen mezua eta jaso nituen hainbat erantzun bertan zein pribatuan. Benetan eskertzen dizuet, lagunok! Luistxo Fernandezek ere pista batzuk eman zizkidan, eta power-point hasi bat, nik oinarri hartu nuena, eta entzuleak ez aspertzeko jarri nuena. Mila esker, bihotzez!

Hau da gutxi gorabehera kontatu nuena. Lehengo eta behin aitortu nien Luistxorena zela hasiera eta agian, larregi igarriko zela aldaketa. Gainera, hasieratik ez nintzenez egon hainbat kontu ez nekizkiela. Hauxe da Luistxorena:

Peru, Luistxoren seme zaharrena jaiotzear zegoela, orain 14 urte, posta zerrendak egiteko tresna bat aurkitu zuen, eta lagun batzuk gonbidatu (Araolazatar batzuk esango nuke nik, eta horrela abiatu zen.

Hainbat kokaleku izan ostean, 2004an zerrendaren burujabetza lortu zen, pipermail zerbitzuaren bitartetzez eta gmane.org artxiboak kontsultatzeko moduarekin. Horren ostean, nire esperientzia kontatzeari ekin nion.

2002ko abenduan eman nuen izena. Neure burua preteknolgikotzat neukan (eta hala zen). Sasoi latzak izan ziren, Aznaratoa bete-betea, ezin dugu ahaztu otsailaren 2003an Egunkaria itxi zutela eta martxoan Irakeko inbasio/gerra hasi zela. Honekin esan nahi dut garai hartan komunikazio premia handia zegoela, eta e-maila bageneukanok inoiz baino gehiago hasi ginela erabiltzen. Nire kasuan, ordura arte etxean ordenagailurik ez, eta lanean konpartitu egiten nuela. Baina ikasturte horretan, laneko ordenagailua niretako baino ez zen; beraz nahi nuenean eta nahi nuen modura erabiltzeko aukera neukan.

Orduan sasoian Matrallako irratian nenbilen eta bertako kide batzuk zerrendakideak ziren. Tira, zerrendakide asko ezagutzen nuen kaletik, baina eibar.org frikien kontua begitantzen zitzaidan. Hala ere, nire saltsera izpiritua, preteknologikoari gailendu zitzaion eta horrela eman nuen izena. Horrela ikus liteke nondik abiatu nintzen eta zerrendak zer eman didan.

Oraintxe, sare sozialen sasoian Iturrik beti esaten du twitter taberna dela eta blogak etxea. Nik diot zerrenda edota eibar.org familia dela, behintzat, niretako. Gainera, sare sozial garrantzitsuena. Era berean, eta ironia kontuan izanda, aitortu beharrean nago familia ilustrea dela gure hau, aristokratikoa edota nobleziakoa dela ere esango nuke, eibartarrak ez bagina :-)

Jakina denez, familia "onekoek" euren kideei gauza asko ematen diete, eta niri posta zerrendak zer eman didan zerrendatuko dut:

  • Jende interesgarria ezagutzeko aukera. Lehen ezagutzen ez nituen hainbat lagun interesgarri eta hainbat modutakoak aurkitu ditut.

  • Kontaktu sarea handitu eta trinkotu dut bertan nagoenetik, beste "mundu" batzuk ere ezagutu ditut.

  • Eztabaidagune aparta, beti errespetutik eginda, eta askotan eztabaida sutsuak. Sparring onak izan ditugu.

  • Harreman soziala ere bada, lagunartea. Lehen aipatu dudan sare soziala

  • Informazio iturri paregabea. Partaideek informazio asko ematen dute zerrendan, era askotakoa, gainera

  • Alfabetizazio digitala. Ikasi dudan guztiaren oinarrian (eta gehiago) zerrendaren erruz izan da. Horrela izan ez balitz, oraindik karma oneko ppt-ak bidaltzen ibiliko nintzateke! 

  • Bloga sortzeko kemena. Taldekideek bultzatu izan ez banindute, seguruenik ez nuen blogik izango.

  • Audientzia. Jakina, familia aristokratan jaiota, blogeko jarraitzaile gehiago. Nork ez du ikusten telebista badin badaki lehengusina agertuko dela? Berdin hemen. Leirek bloga zabaldu du, ia zer dioen!

  • Konfiantza neure buruarengan: Alfabetizazio digital berantiarrak segurtasun falta handia ematen du. "Zer egiten dut nik hemen?" galderari aspaldi erantzuna genio aurkituta.

  • Parrandaren bat, gutxi. Afariak. Oso sortzaileak batzuetan.

Eta zelan lortu da?

  • Lagun giroan. Garrantzitsuak dira horretarako topaketa ez birtualak. Pertsonak hezur-haragizkoak bihurtzen dituztelako.
  • Kariñotik. Onerako zein txarrerako. Gure poz eta tristuren berri emanez: jaiotza, haurdunaldi, heriotza eta gaixotasun berri emanez. Pixka bat "leire, te queremos" eredua.

  • Berdintasunean. Horretarako izen eta abizenekin funtzionatzen dugu eta gure artean dagoen harremana horizontala. Inor ez da besteak baino gehiago.

  • Denok gara denon "lagunak" eta denon jarraitzaileak, ez twitterren moduan. Honek eragiten du eztabaida aberasgarriagoa izatea, denok denen mezuak iruzkindu genitzakeelako.

  • Musu-truk funtzionatzen dugu, eta musu-trut egin ditugu hainbat kontu.

Ekintza ez digitalak ere egin ditugu

  • GPSrako ahotsak itzuli, grabatu eta on-line jarri ditugu.

  • "Kalamuako parlamentua” jokoa egin dugu. 1000 galdera Eibarren gainean.

  • Afariak eta afari-ostekoak

Honekin zer lortu dugu?

  • Talde indartsua izatea.

  • Erreferente izatea euskal ziber-espazioan

  • Komunitatea izatea

  • Agian, …Munduaren dominazioa…?!

Zein gauza on ikusten dizkiodan

  • Edonora esportatzeko modukoa dela. Edozein kolektibok martxan jar lezakeena.

  • Parte-hartzailea dela

  • Konfiantzakoa, izen eta abizenak erabiltzen dituelako

  • Denok denen "lagun" garela

  • Berdinen artekoa, horizontala dela

  • Dinamikoa

  • Sinergikoa

  • Umoreak ere oso garrantzi handia duela

    Hau guztia da kontatu nuena. Beharbada politegia, baina horrela da bizi dudana. Behe aldean jarri nien ppta ipiniko dut

    Eraldalab_Eibartarrak

Durango, Eibar, Gernika: hiru bonbardaketa, gezur bakarra

Leire Narbaiza 2012/04/26 01:20
75. urteurrenean, gure aurrekoak gogoan.

Durango izan zen lehena, Otxandiogaz batera. Bertan, herritarrez gain, Gipuzkoako errefuxiatuak zeuden. Izan ere, frentea geldirik zegoen 1936ko uztailetik Eibar-Elgeta artean. Durangon bonbardaketak izan ziren, bat baino gehiago, alegia. Izua eta segurtasun eza zabaldu zen herrian. Hainbat etxe (tartean gure aitarena eta familiarena) desegin zituen eta baita elizak eta komentuak ere. Santa Maria basilikan mezatan zeuden ia guztiak hil zituzten, meza esaten ari zen abadea ere bai. Komentu kaleko komentu baten ere moja batzuk hil zituen. Eliza katolikoak ez ditu inoiz ohoratu bere kide horiek, errepublikanoek hildako moja eta-apaizak ez bezala, santu, dohatsu eta abar izendatu dituztelako.

Bonbardaketa itzela, hildako asko. Baina isildua eta ezkutatua.

Hilabeteren buruan Eibar eta Elgeta bonbardatu zituzten. Elgetan sartu, indarrez hartu eta emakumeak bortxatu. Eibar erre eta txikitu. Hau guztiau 7 hilabeteko gerra jasan ostean, frentea geldituta egon zelako Arrate bailaran eta Intxortan. Hainbesteko sufrimendua pairatu ondoren, entzun behar izan zuten "gorriek" eurek erre zutela herria. Eta 75. urteurrenean, beste irain bat: Espainiar ejertzitoa maniobratan Elgetan herria desegin zuten egun beran. Auzolotsa! Samina! Sumina! 

 

Hurrengo egunean, Gernika. Errenteriako zubia txikitzeko aitzakiaz, herria bonbardatu, erre eta ihes zihoazenak metrailatu. Zubia, hala ere, zutik geratu zen. Atzera ere, entzun behar izan zuten "gorriek" erre zutela Gernika. Gai ere ez ziren izan egindakoa onartzeko.

Dirudienez, herri hauek eta aitatu ez ditudan besteek merezi zuten horrelako txikizioa, hainbesteko hondamena eta heriotza.

Oraindik ere, irabazleen ondorengo batzuek ukatu egiten dute benetan zer gertu zen. Ez dute barkamenik eskatu, ezta gaitzetsi ere. Gerraren kontuak ei ziren, eta lobok ahaztu behar ditugu, iragana direlako, nahiz eta askoren gorpuak topatu ez, ostutako gauzak itzuli ez dituzten eta bahitutako umeek ez dakiten lapurtuak direnik.

Antzina gertatutakoak dira. Baina nola ahaztu txikitatik etxean entzundakoa? Bizi izan barik kontakizun hutsak malkoak badakarzkigu begietara? Koadro bati begira familiak bizitakoa berriro sentitzen badugu?

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua