Mentalitea
Zenbatetan eman beharko dugu nortasun agiriaren fotokopia tramite bat egiteko? Noiz arte jarraituko dugu Bilboraino joaten agiri zigiludun bat jasotzera? Noiz amaituko da sinadura faxez bidali behar izatea? Bai, ez gaude 1980an, XXI. mendean baizik, eta oraindik zenbait administrazio eta enpresatan paperaren mentalitatearekin jokatzen jarraitzen dute.
Azkenekoa, senide bati pasatu zaiona: txartelen zorroa galdu zuen oporrak hartzekoa zen egunean. Nortasun agiria, kreditu eta Lurraldebuseko txartelak zituen bertan. Bankuko txartela dei batekin baliogabetu zuen, eta Lurraldebusekoa e-mail bidez egiten ahalegindu zen. Baina Saninazio jai-zubia tartean, ez zioten ezeztatu. Topatu zuenak, bitartean, erabili egin dio txartela, eta dirua gastatu. Hori bai, abuztuaren 1ean 08:30ean telefonoz deitu zioten esanez ezin ziotela baliogabetu bere sinadura eduki ezean! Familiako hori oporretan dago, eta galdetu zion ea nola bidaliko zion izenpea. Erantzuna: faxez (!) edo eskaneatuta e-mail bidez! Faxez? Baina atzera egin dugu denboran? Kreditu txartela dei huts batez ezezta genezake eta Lurraldebusekoa ez? Faxez bidalitako zirrimarra batek hainbesteko balioa du? Segurtasuna handitzen du? Bai, zera!
Burokrazia zikina besterik ez da! Paperera lotuegi dagoena, zigiluak, sinadurak, egiaztapenak behar dituena. Agian, paperkraziak beldurra dio paper falta horri, euren lana arriskuan ikusten duelako, zigilatu beharrik ez badaukagu zigilatzailea soberan dagoelako. Baliteke.
Niri ere gertatu zaizkit horrelakoak. Beharbada larriena orain urte batzuk pasatu zitzaidan, INEMen (Espainiako lan bulegoan). Langabezian geratu nintzen udan, eta subsidioa kobratzera joan nintzen. Fenomeno paranormalak gertatu ohi dira bertan; izan ere, beti paperen bat falta zaigu bezerooi. Kontua da oporrak hartu berri geundela, enpresa itxita. Emandako agiriak baino ez neuzkan, baina, beti pasatzen den legeztxe, INEMekoak enpresaren paper bat falta nuela esan zidan. Zer egin? Nora jo? Nire enpresari zegokion INEMeko bulegora deitzeko esan zidan langile ozpinduak, «hor konpon, Marianton» esanez bezala.
Deitu nuen beste bulego horretara, eta non esaten didaten paper hori ez zela beharrezkoa, beraiek intranetez egiten zutela eta enpresek zegoeneko ez zidatela eman behar! Haluzinatuta eta sutan nire bulegora itzuli nintzen, guztia kontatu nion ozpinduari, eta «badaezpada» eskatu zidala berak erantzun! Edo ez zeukan ideiarik edo izorratu nahi ninduen. Eta ez dakit zer den larriagoa utzikeria ala gaiztakeria.
Kontrakoa ere gertatzen da: Biba! Badaukagu era modernoan egitea! Dena egingo dugu e-mail eta web bidez! Gu baino modernoagorik ez dago! Gezurra! Langileak ez kontratatzeko beste jukutria bat baino ez da. Diruan baino ez dute pentsatzen, zenbat aurrez dezaketen horrela eginda. Berdin dio webak azpiegitura nahikorik duen edo populazioaren zati bat baztertzen duen. Diruaren burokrazia da, dirukrazia!