Mugan
Sentitzen dut, baina gaurkoan Euskal Herri zati handiena kanpoan lagako dut. Bai, probintziakeriaz egingo dut berba, eta ondoen ezagutzen dudana komentatuko dut. Beraz, gaur barkatuko didazue arabar, nafar, lapurtar eta xiberotarrek. Zuetaz ez dut deus esango. Entzunak baditut perretxiko, hondartza eta manexen kontuan, baina ez naiz gai ganoraz komentatzeko. Hala ere, segi ezazue irakurtzen, mesedez. Agian zuek ere topatuko duzue gustuko zerbait, edo ez.
Hortaz, Gipuzkoa-Bizkaiaz mintzatuko naiz, eta badakit lagunak baino gehiago etsaiak edo ez-lagunak egingo ditudala. Ez du axola, badakit askok nik bezala pentsatzen dutela eta besteei komeni zaiela gure ikuspuntua ezagutzea.
Eibartarra naiz. Ez dakizuenondako, Gipuzkoan, Bizkaiarekin mugan dagoen hirikoa. Ia beti egin dut behar Bizkaian, eta zergak, beti, Gipuzkoan ordaindu. Lan egunetan lau bider pasatzen dut muga Ermuraino, ondoko herrira, Bizkaia dena.
Eibartar naizen aldetik, darabildan euskalkia bizkaiera da edo sartaldekoa, gura duzuen legez. Gipuzkoako bizkaiera edo sartaldeko sortaldekoa. Konplikatua, ezta? Herrikide askoren moduan, familia zati bat Bizkaikoa dut. Ikusten duzuenez, nahaste indartsua.
Horregatik ez dut probintziakeria ez ulertzen ez onartzen! Ba ote daki inork zer den Gipuzkoa eta Bizkaia? Azal diezadatela, faborez. Askotan «banatu eta bentzutu» taktika dela iruditzen zait, ezinikusia areagotuz, mesfidantza erein eta hainbat afektu ez sustraitzeko. Jabe bera duten bi egunkari bik sustatutakoa ere badela esatera ere ausartuko naiz, eskela gehiago saltze aldera (ez dut harantzago joan nahi…).
Ikaragarri gorrotatzen dudan kontuetako bat guipuchi berba da. Bai, horrela idatzita, erdarak deformatutako hitz bat (giputz) delako. Gipuzkoarra naiz, baina ez giputza; izan ere, Eibarren kiputza historikoki gipuzkeraz egiten duena da. Bizkaian askotan deitu izan didate guipuchi, ia beti mespretxuz, ukitu xenofoboa duelako. Ez ziren libratzen nire erretolikaz, ez horratik!
Bestetik, Gipuzkoa sakon horretan, eibartarrak garela diogunean, bizkaitarrak esaten digute, hori ere erdeinuz! Gipuzkoartzat ere hartzen ez gaituzte-eta! Baina nola? Ez dira Zarauztik mendebalderago joan! Hortik aurrera, askorendako Terra ignota da, barren! Mapa bat egin beharko balute, hortik aurrera zuriz margotuko lukete…
Baina batean zein bestean, kale egiten ez duena futbol hitza da!Horrekin ahalegintzen dira xaxatzen! Real! Athletic! Grrrr! Hori da desberdintzen gaituena? Ezinikusia sortzen diena? Mesedez! Futbolak niri bost axola dit-eta! Nola zirikatuko naute horrekin! Jakina, argumentu horiek biak —euskalkia eta futbolik eza— erabiltzen ditudanean, isilik geratzen zaizkit. Zer egingo dute, bada? Besterik ez dago, gero! Baina, badakit bestelako jendea ere badagoena, herrarik ez duena; probintzia batean zein bestean, espiritu eraikitzailea eta zabala duena. Horiekin bizi gura dut mugaz gaindi!