Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Biribiltasuna

Leire Narbaiza 2015/01/28 20:01
2015eko urtarrilaren 23an Gipuzkoako Hitzan argitaratuta

Batek baino gehiagok pentsatuko du urtarrilean Gabonen jan-edanen gehiegikeriak sortutako (edo areagotutako) zilbotaz hitz egingo dudala. Edo haurdunaldiez, edo arrautza oskolen perfekzioaz, edo futboleko baloien garrantziaz... Ez, pentsamenduen biribiltasunaz edo zirkularitateaz berba egin nahi nuke...

Guatemalan, lagun bati indigena batek esan zion europarrok, zuriok (edo nahiago baduzue "mendebaldarrok", herrialde "garatuetakook", "lehenengo mundukook"), oso era berezia genuela pentsatzeko: dena konpartimentuz josita, kategoria bakoitza kaxa batean dugula, tiraderaz betetako chiffonnier bat balitz legez. Bere esanetan, euren pentsamendua biribila da, zirkularra, gauza bat bestearekin kateatuta dagoelako, continuum baten, denak duelako guztiarekin harremana.

Ez naiz gai esateko horrelakoa ote den batzuen eta besteen pentsatzeko modua. Baina gero eta konbentzituago nago gurea, behintzat, hein handi batean halakoa dela. Halere, sinetsita nago ideia eta kontzeptuen biribiltasunarekin; dena lotuta dagoela, alegia.

Horretaz, lehenengoz Batxilergoan jabetu nintzen. Gure sasoian, aspaldiegi, BUPeko (BBB) bigarren mailan aukeratu behar genuen hirugarren mailan zein bide hartuko genuen: zientziak ala letrak, mistoak ala hutsak. Aukeraketa horrekin bizitza osoan jarraitu dugu: zientzietakoa naiz/letretakoa naiz. Baina hain absurdoa eta gaitza egin zitzaidan orduan sasoian... Beharrezkoa da hain zorrotz jokatzea, mundua matematika eta hizkuntzaren artean banatzea? Letrak zenbakien kontra! Matematika hizkuntza izanik, eta hizkuntza matematika hutsa... Zergatik banatu behar? Zergatik ez aitortu musika, artea, hizkuntza eta matematika mundua azaltzeko moduak direla, hizkera ezberdinak? Zergatik nahi gaituzte elbarri bihurtu arlo batzuetan? Zer dela eta ez argitu alor guztiak lotzen direla eta elkarren arteko beharra dutela?

Biribiltasun eta elkarren arteko lotura horiek, baina, ez dira mugatzen nire ustez, jakintzetara. Bizimodu arruntean, egunerokoan ere ikusten dira hausturak, sailkapena derrigorrean egin beharra, kutxetan jarri eta etiketatu. Esango nuke gizarteak mailakatuta nahi gaituela: umeak umeekin, gazteak gazteekin, zaharrak zaharrekin. Espazio gutxitan dago adinen arteko nahasketa, egoera anitzen arteko amalgama, ideien eta esperientzien elkartruke biribila. Eskolan hasten dira mailaketak. Praktikoa da antolaketa aldetik, baina adin desberdinen arteko kooperazio eta ezagutzan, kale.

Kontu bera gertatzen da adin berekoak izanda ere guraso/umebako dibortzioan: ezin ezer konpartitu egoera batean ala bestean egonda! Horrela iristen dira asko gurasotasunera, sekula umerik tratatu gabe! Hor ere ez dago feedbackik.

Eta zer esanik ez zahar-gazteen arteko elkarreraginaz! Zaharrak jubiletxean gazteez marmarka, eta gazteak lokalean, zaharrak mespretxatzen. Hala ez dago kohesiorik, elkar ezagutzarik. Bakoitza bere tiraderan sartuta, ingurukoei zer gertatzen zaien jakin barik. Dena ondo sailkatuta bakoitza bere taldekoekin.

Biribiltasunean, zirkuluak eta espiralak egitea da gakoa. Indarren batuketa, sinergia, hartu-emana, atzera elikadura, input-a output bihurtuta... elkarreragin infinituan egon beharko genuke sartuta, bilbe bereko hariak baino ez garelako. Baina biribilean jardun gabe lerro paraleloetan dihardugu intersekzio gutxi eginda.

Gernikako arbola

Leire Narbaiza 2015/01/23 11:35
Euskadi irratiko Faktorian egindako kolaborazioa 2015eko urtarrilaren 23an

Pasa den astean hil zen Gernikako arbola eta txiste eta meme artean hausnartzeko aukera izan dut sinbolo honen gainean. Ez dut, hala ere egin litezkeen (eta egin diren metaforez berba egingo, luzerako joko ligukeelako). Sinboloaz, baizik. Harritu nau inork ez aipatzea halakorik!

Gernika aldeko familia dut, eta umetan astebururo joaten ginen bisitan. Juntetxera ere, txikitan, sarri joan izan naiz, bai familiarekin, bai txangoan. Santimamiñera joan aurretik, bueltaxka bat tokatzen zen. Gure giroan guztiz barneratutako lekua, ezinbestekoa: juntetxea, arbola, Iparragirreren gitarra, arbola zaharra eta bere katua

Gainera, naizen belaunaldikoa izanda, umetan zuhaitz hori sinbolo indartsua zen, frankismoan erakuts litekeen euskal irudi ia bakarra zelako. Beraz, gure kintakoek etxean-eta ezagutu ditugu marrazki, koadro, domina, taila eta abarrak. Lauburuarekin batera euskalduntasunaren seinale do euskal munduaren ikono.

Gero etorri ziren halakoak bazterrean lagatzea, Gernika koka-kola refresku santua eta halakoak. Ordura arte, sinbolo guztiz maitatua izatetik, sinbolo zaharkituta izatera pasatu zen, zaharkitu eta zaharmindu, esango nuke.

Eta pena ematen dit, gustuko dut zuhaitz bat izatea gure herriaren sinboloa, haritza gainera. Wangari Muta Maathai 2004ko bake nobelak Bilbora ekarri zuten kongresu batera eta esan zuen ederra iruditzen zitzaiola zuhaitz bat edukitzea sinbolo (berak zuhaitzak landatzen zituen desertifikazioari aurre egiteko). Nik ere hala deritzot. Polita da naturaren elementu hain indartsua izatea ikono (arrano beltzarena ere gustatzen zait, irudi paregabea begitantzen zaidalako). Zuhaitzak eta basoak baino gauza ederrago gutxi dago. Bizitzaren eta iraupenaren sinbolo ere badira arbolak, batez ere ehunka urte bizi litezkeenak.

Gainera, gurean, arbola ugari daude gure iruditegian (gaiak.org-tik hartuta):

Aretxabalakoa (han hartzen zituzten bizkaitarrek jaunak) eta Zuhaitz Malatua (jaunaren aginpidearen muga adierazten zuen eta Urduñako bidean Lujaondon zegoen).

Durangaldeko batzarrak Gerediagako harizpean izaten ziren eta Enkartazioetan Urrestietako zuhaizpean. Orozkoko ibarreko batzarra ere haritzaren jiran egiten zuten, eta baziren gizartearentzat beste arbola berezi batzuk ere.

Lapurdin Uztaritzeko Haitzeko hariztian egiten ziren herriko edo parrokiako batzarrak (Kapitala izenekoak).

Bizkaiko armarrian Gernikako arbola dago, Gipuzkoakoan hiru hagin (eta hagina Taxus baccata galzorian dago -edo zegoen- bertan). Haritz, Aritz, Aritza eta Aretx-ez ere bete ditugu kaleak. Lehenengo Iruñeko errege mitikoa ere Eneko Aritza…hor badago zeozer…euskaldunok badugu zerbait zuhaitzekin…

Resurrección María de Azkuek jaso zuen bezala, moztu aurretik barkamena eskatzen zitzaion; “Guk botako zaitugu eta barkatuiguzu”.

Arbola santuak, adoratuak. Nik ez nuke halakorik proposatuko, ez dakit-eta ezer sakraturik dagoen, baina Euskal Herrian badugu sinbolo premia, denok batuko gaituztenak. Eta haritz bat izatea ondo ikusiko nuke, oraingo EAEko himnoa baino askoz hobea ere izango litzateke Iparragirreren “Gernikako arbola”, horratik!

Hori bai, arbola sinbolikoek ez diezagutela gure herriaren baso erreala eta fisikoaren ikuspegia estali; hau da, ez gaitezen ikurrez bete, baina edukiz hustu. Sinboloaren indarrari atxiki baina helburua lortzeko bidean lagungarri izan dakigun, besterik ez!

 

Arrosa, printzesak eta superheroiak

Leire Narbaiza 2015/01/21 17:34
Gipuzkoako hitzan 2015eko urtarrilaren 9an argitaratutakoa
Gabonez berba egiten dugunean, oporrez eta jan-edanez gain, opariz eta jostailuz betetzen zaizkigu elkarrizketak: Olentzero versus Errege Magoak, lagun ezkutua, non erosi eskatutakoa, zer erosi… Ehiza txakurrak dirudigu usnan, oparia jaso behar duenaren desioen atzetik. Edozein iradokizun edo datsegit agindu bihurtzen zaigu, edo, hobeto esanda, erregalua lortzeko parada paregabea. Ideiak ere agortzen baitzaizkigu, gustuak ere aldatu egiten direlako, pertsonaren ezagutza urria delako, edo jasotzailearen zailtasuna benetan agerikoa delako.
Ume sinesberen kasuan errazagoa da. Nahikoa da eskutitza idazteko esatea, bertan apeta guztiak apuntatzeko aukera emango digute-eta. Sarri askotan zer eskatzen duten deskubritzea zaila egingo zaigu, jakin ere ez dugu jakingo zer den idatziz jarri dutena, guk jostailu iragarkirik ez dugulako ikusten. Baina haurraren guraria argitzeko jostailu katalogoak dauzkagu, hainbat dendak egin eta dohainik partitzen dituztenak.
Halako bat erabili zuen eta erabiltzen ari da gure iloba, iaz eta aurten, urte bietan El Corte Ingles almazen handien katalogo mardula. Egunotan bere liburu kuttuna da eta noranahi eramaten du, Olentzerorena pasatuta egon arren. Emozioz beteta seinalatzen dizkigu bere gogoko artikuluak eta gai da behin eta berriro, etengabe, orriak pasa eta begira egoteko. Edozein momentu begitantzen zaio aproposa bere gogokoak gurekin konpartitzeko. Erraz asko altzora igo eta trepeta asko erakutsi, ea gu ere, era sibilinoan, gustatu eta erortzen garen.

Iaz aho bete hortz laga ninduen bertan ikusitakoak. Neska/mutil banaketa oso argia zen: neskentzako zena, arrosa eta more argiz seinalatuta; mutilentzako zena, berde, gorri eta kolore ilunez. Jostailuen ondoan ere neskatilak edo mutikoak ageri ziren, produktu horren hartzailearen arabera. Jakina, beti gizartearen genero-banaketaren ikuspuntu klasiko eta zorrotzenetik begiratuta: panpinak, printzesak, tximeletak eta loreak, arrosak, neskentzat; eta kamioiak, superheroiak, eraikuntza-blokeak eta ninja dortokak, ilunak, mutilentzat.

IMG_20131117_162128 IMG_20131117_162859 IMG_20131117_162953 IMG_20131117_163047 IMG_20131117_163204

Orduan sumindu egin nintzen, eta hala segitzen dut. Izan ere, aurtengoa ere berdintsua da. Horregatik ez nau harritu Susaeta argitaletxearekin sortutako polemikak, neska eta mutilentzako ipuinak argitaratzen dituela ikusita, ezta beste merkataritza guneek ere ateratako katalogo eta iragarkietan genero desberdintasun faltsu eta murriztaile hori ageri denean.

Baina nola harritzen gaitu horrek, jaio orduko niniak arrosaz ala urdinez janzten baditugu? Mozorrotzen ditugunean maitagarriz eta spidermanez betetzen baditugu bazterrak? Emakumeok etengabe printzesak garela esanez bonbardatzen bagaituzte? Horrela, pikutara aukera-berdintasuna, emakumeen imajinarioa beti izango delako ahula eta makala, hauskorra, salbatzailea behar duena, bere kabuz ezin duelako ezer lortu. Eta gizonena defendatzaile ahalguztiduna, bestea bezain faltsua eta hutsala.

Rolak betiko eta indartuta, herri desorekatua baino ez dugu lortuko, eguneroko hainbat jardueratarako gai ez diren gizabanakoak, pertsona ahul eta desorekatuak. Hori ote da lortu nahi dutena enpresa handi horietatik? Makalago izanda, zaurgarriago garelako?

Noiz jakiten dugu ez garela gazteak?

Leire Narbaiza 2015/01/16 10:55
Euskadi irratiko Faktoria saioan egindako kolaborazioa 2015eko urtarrilaren 16an

Askok geure burua “beti gazte”tzat dugu. Gauza askogatik izan liteke, batzuetan etxean, lanean edo lagun artean gazteenak garelako. Eta besteetan, heldutasunak hobeto sentiarazten gaituelako eta geure burua hobeto ezagutu, onartu eta erosoago gaudelako gure azalean. Libreago sentitzen garelako, berba baten.


Agian burua ere liberatu dugu eta pentsaera ausartagoa eta freskoagoa dugu denborak eta esperientziek eman digutenaren arabera. Helduak gara, baina gazte sentitzen gara.


Hala ere, ezin dugu ahaztu hori gure pertzepzio desitxuratua baino ez dela, adinez benetan gazteak direnek señor eta señora ikusten gaituztelako, euren gurasoak bezala, alegia! Eta guk alderantziz, gazteagoak, sein!


Eibarko famoso batek, Katilluk, esan zuena bezalakoak bururatzen zaizkigu. Laurogeitaka urte zituenean galdetu zuen zenbat urte zituen beste gizon batek. Hirurogeitaka erantzun ziotenean berak natural hauxe jaurti zuen: “Edozein kakaumek jakazak 70 urte”


Baina noiz konturatzen gara ez garela hain gazteak?


Lehenengo pista umeek ematen digute: kalean joan eta “Señora, me dice la hora, por favor?” ai, ama! Señora ni!!!!! eta usted!!!! Gaztelaniak askoz gehiago nabarmentzen du hau. Izan ere, euskaraz “Esango didazu ordua, mesedez? esango ligukete 13, 20 zein 58 urte izan. Frantsesez, Madame esaten dute eta vous . Baina arruntagoa da tratatzeko modu hau eta ez digu hainbeste eragiten.


Beste pista bat udalekuetako umeak dira. Ni 9 urtean izan nintzen Goñiko euskal udalekuetan begirale eta nirekin ume izandakoak, urteetara, kide izan nituen! Gogorra! Hasieran beldurtuta, atso zahartzat tratatuko nindutelakoan. Baina kontrakoa izan zen, esperientziaren ahotsa ginelako beraientzat, erreferente! Azkenean oso polita! Besarkada bat guztiei!


Beste kolpe bat gazte txartela kentzen digutenekoa! Hor, dagoeneko eta ofizialki ez gara gazteak!!!! Drama!!!! 


Suzko proba izaten da futbolariekin: heltzen da momentu bat non ez dagoen gure kintako futbolaririk. Horrekin ere adina gora doakigu. Denak gu baino gazteagoak!


Bo, eta zeharo zahartzen duena, errutinaz, eskelei begiratzea da! Zahartzaroan hanka bat dugula adierazten du. Kaleko eskelak erdi ezkutuan begiratzen nituen, nire kalean eta ez zentroan, pentsa ez zezaten atso hutsa nintzela!


Terribleena, baina, kuadrillako (eskolako, auzoko lagunen) afarietan izaten da, gurasoen kuadrillarekin gaudela sentitzea. Tira, agian zaharrak beraiek dira, euren berba egiteko modua, kontatzeko dituzten gauzak,… Hor dugun adinarekin kontziente egiten gara, baina poztekoa litzateke, besteak baino gazteagoak baikara espirituz! 


Beste bat izaten da auzoan umeak zirenak guraso bihurtzen direnean! ai, ene! Kakaume horrek umea eduki du! Beti muki berdea zeriola ibiltzen zen, barren!


Baina izugarriena da -benetako izua sortzen duelako- amaren berbak eta esaldiak erabiltzen hasten garenean: izozkia jan dezakezu, baina polorik ez! Ezin zara bainatu, digestioa egin behar duzu eta! Sartu kamiseta praka barrutik! Amaaaaaaaaa!!!!!!!! Nor naiz????????????


Akabua, halere, amamaren esamoldeak gaztetxoekin erabiltzen ditugunean: “Ene, ze nagusia zaren, ama/aita/osaba baino altuagoa”. “Hauek gora doaz, gu behera”. “Kaleak ez bazaitut ezagutzen, zuk egin kasu, e?”. Horrela, gainean kolpean 20 urte jartzen ditugu! Atsotuta gaude, zeharo!


Ai, ene, zahartzearena ze gaizki daroagun!

Barreaz, barrez

Leire Narbaiza 2015/01/09 11:23
Euskadi irratiko Faktoria saioan 2015eko urtarrilaren 9an egindako kolaborazioa.

Gustuko dut barre egitea. Kontu osasuntsu eta askatzailea iruditzen zait. Penak kentzen ditu eta barnea zabaldu. Algaraka jardutea atsegin dut, tripak bota, matraileko giharretan mina izan arte.

Era berean, asko maite dut barre egiten duen jendea. Zantzoka aritzen dena. Jende sanoa dela iruditzen zait. Horegatik, sekula ez naiz fidatu beti serio ibiltzen direnekin. Ez susmo txarra hartzen diet beti, irribarre egiten ere ez dakite eta (de Guindos eta Ares, esate baterako).

Hori ere gustatzen zait, irribarre egitea. Bizitzan barretxoa ahoan marraztuta daraman jendea, agurtzean irriñoa ateratzen duena. Horretan ere ahalegintzen naiz, batzuetan haserreak uzten ez badit ere.

Baina edozeren gainetik maite dut barre eragiten didan jendea, pertsona umoretsuak.  Segituan konkistatzen naute, asko estimatzen baitut dohain hori. On handia egiten didatelako: triste nagoenean poztu; urduri banago, lasaitu; arduratuta egonez gero, ezaxolati bihurtzen naute. Inteligentzia mota bat da umorea egitea eta txinparta ateratzea inguruko guztiari. Nire ustez, pertsona horiek apartak dira eta halako asko nahi ditut nire bizitzan.

Agian horregatik gustatzen zait hainbeste umeekin egotea, barre erraz eta edozeri egiten diotelako, arduratu barik zer esan nahi duen edo zer dagoen horren atzean.

Horregatik ez zaizkit batere gustatzen barre egitea debekatu nahi digutenak, adibidez, Bulent Arinç Turkiako lehendakariordea. Udan esan zuen emakumeok ez genukeela barre egin behar publikoan kastuak (edo kasta?) izan behar dugulako.

Tira, gure kulturan ere emakumeok  karkailaka jardutea ez dago ondo ikusita! Makinatxo bat aldiz agiraka egin didate algara batean aritzeagatik. Izan ere, señorita batek, ondo hezitako emakumeak, fina bada, ez du barre zantzorik egiten… Enfin! Horregatik, emakume askok barre egitean ahoa estaltzen dute. Ohartu zarete?

Era berean, gorroto ditut Charlie Hebdo aldizkariaren umorea isilarazteko AK47ak erabiltzen dituztenak. Umore hori gustuko edo ez gustuko izango dugu, gordina edo grazia gabekoa iritziko diogu. –Izan ere, non dago muga iraina eta umorearen artean? Nola desberdindu hori begian atzamarra sartzen badigute?– Baina marrazki bidez arkatz eta pintura soilarekin irria ateratzen ahalegintzen ziren, eta argi laga digute fanatikoek barreari diotela beldurra, arma indartsuenetakoa delako; hain zuzen ere, ahulguneetan hazkura egiten digulako, ez dakigulako gure buruari barre egiten. Latzena da, kontu honetan irabazle bakarra barre egiten ez duen Marine LePen izango dela.

Halaber, ez ditut batere gogoko atzo bertan, Facun Díez kazetaria ‘La tuerka’ telebista saioan egindako esketx batengatik Entzutegi Nazionalean salatu dutenak, eurek beraiek herenegun Parisekoaz askatasun adierazpenaren kontrako erasoa zela esaten jardun zuten berberak. Jakina, horiek ere barre gutxi egiten dute, eta eurak direnean trufaren subjektuak askatasunak ahaztu egiten zaizkie.

Txirlak

Beraz, egin dezagun barre edozeren aurrean!

 

Dendak, kolokan

Leire Narbaiza 2015/01/06 23:49
Faktorian 2015eko urtarrilaren 2an egindako kolaborazioa

Urteberriarekin batera hamaikatxo antzinako denda itxi dituzte, errenta zaharrekoak, hain zuzen ere. Estatuko hainbat lekutan denda historikoek merkatuko prezio altuei aurre ezin egin eta betiko itxiko dituzte ateak. Ez da berri polita, alajaina.


Horrelako albisteez betetzen zaizkigu egunotan komunikabideak, besterik ezean. Gu ere horretan dihardugu, globoa puzten, egia da. Baina esango nuke datu honek hari izpi askotxo dauzkala.


Batetik, lokal jabeek errenta altuagoa jasotzeko nahia. Normala denez, diru gehiago hartzea dute helburu. Baina askotan, neurritik kanpo. Diru-gose demasa igartzen da hainbat lokaletako alokairuetan. Jabeek eta errenteroek akordioak lortu dituzte kasurik gehienetan, baina beste askotan ez, dirutza irrealak eskatzen direlako. Agian Bartzelona edo Madrilen erdigunean nazioarteko marka erraldoiek pagatu ahal izango dituzte diruok, baina denda ertainek ezin, are gutxiago familia komertzio txikiek. Horrek dakarren kalte itzelarekin. Langile horien langabeziaz gain, Europako hiri handien homogeneizazioa ere badakar. Hiriguneen paisaia klon bihurtu zaigu, zoritxarrez. Goazen lekura goazela, denda-kate berberak ikus litezke, erakusleiho klonikoak, objektu igualak Bilbon zein Budapesten. dena ISO baten sartuta, estandar estuen barruan, imajinazio eta nortasun barik. (ez dut ezer esango denda horiek sortzen duten lan-kontratu eta lan-baldintzez, Faktoria osoa beharko genuke-eta!)


Baina, tira, gure herrietan ez da halakorik gertatuko, eta jabeen exijentziak handiak badira azkenean “Zuhurraren poltsak bi zulo”, “Asko gura duenak, dena galdu”, “beteegiz zorroa, lehertuz doa”. Denda zaharrak itxi eta lokal-jabea lonja hutsik! Negozioek ez dutelako ematen sasoi honetan hainbesterako. Errentetatik bizi nahi izatea nahiko amorala da, ezta? Horiek ere diru-gosez beste batzuei bizimodua kendu. Ez dira kasu gehienak halakoak izango, baina batzuk-batzuk ezagutzen ditut, eta lege honen aurretik ere bai.


Beste hari-izpi bat ere bada gobernuen hipokrisia. Eten barik egiten dizkigute komertzio txikiaren aldeko aldarrikapenak eta publizitatea, baina era berean horrelako legeak onartu eta makro zentro komertzialak baimendu hirietatik kanpo. Nola liteke? Ezin ditut kontu biak uztartu! Dendak bizitza badira, zelan egin litezke eta baimendu arau horiek? Aipatu barik ordutegi zabalena eta jai egunetan zabaltzearena! Ez dira bateragarriak!


Eibarrek, esate baterako 144 denda galdu ditut 5 urtean. Larria, batez ere zerbitzu hiria dela esaten zaigunean. Gurean bezala, antzera izango da beste herrietan ere. Gure kontsumo ohiturak eta komertzioaren aldatze prozesuek ere izango dute zerikusia eta negozio hauetan eskaintzen zaigunarekin. Ez nuke aitatu gura barik laga krisi sasoi honetan jende askoren hautua: langabezia saria kapitalizatu eta dendatxo bat zabaldu, irtenbide gisa. Ogia irabaztea latza dago sarritan eta askorentzat modua izan baliteke ere arrisku handiko kontua!


Bo, baina lasai, asteazkenean hasiko da merkealdia eta jo ea sua beteko ditugu dendak!

Umeen erreinuan, umeak galtzaile

Leire Narbaiza 2014/12/29 11:40
Euskadi irratiko Faktoriarako 2014ko abenduaren 26an botatakoaren oinarria

Gabonetan askotan egiten dugu berba jai hauek gogoko ditugun ala ez. Aurreko baten ere esan nuenez, ez ditut batere gustuko. Hau komentatu izan dudan bakoitzean beti entzun izan dut: umeekin desberdina da. Tira, baliteke, baina orain familian ume txikiak dauzkagu eta egia esatera, Olentzeroren urduritasuna gorabehera, ez diot aldaketa handirik sumatu.

 

 

Egia da festa hauetan dena dagoela umeengan fokatuta: Olentzeroren opariak, jolas parkeak, barrakak, telebistako saioak, dekorazioa,… festa hauek umeendako baino ez balira legez, besteok ospatu ezingo bagenitu bezala. Zergatik ote? Izan ere halakorik ez da gertatzen Aste Santuko edo udako oporretan.

 

 

Baina jai hauetan ez ezik, eguneroko martxan ere umeak dira zentroa: oparirik onenak eta asko behar dituzte; euren gustu eta desio minimoak bete behar dira, berehala, frustra ez daitezen, bestak baino gutxiago direla senti ez dezaten.

 

 

Esango nuke ez dugula natural jokatzen eurekin, sarri ahazten dugula gu bezalakoak direla eta gu ere umeak izan ginela. Edo agian, batzuen kasuan, hori da arazoa; hain zuzen ere. Heldu horiek barruan duten haurra lehian jartzen da benetako umearekin. Apetatsu hutsak izanda, haurraren gutiziak asetzeko beti prest. Askotan gure amets hondatuak ere haurrengan islatzen ditugu, eta ezin izan genuena izan/lortu, pareko ume horrek eskura dezala. Ez da ulertzen, bestela, nola dauden hainbeste ume “izar” bihurtzeko telebista castingetan, ezta zelako arrakasta duten saiook ere.

 

Era berean, hainbeste babestu nahi ditugu, ezen ez diegun uzten egiten guri egiten lagatzen zigutena. Bazkal oste baten ibili gara horretaz hitz egiten, 11 urterekin ahizpa eta gure kaleko beste neskato bi ere eroaten nituela eskolara, eta ni ere ondoko neskatila batzuek eraman nindutela. Edo etxetik gertu zegoen dendara errekaduak egitera bidaltzen gintuztela. Orain dena da beldurra. automobilen aitzakiak ez dit balio, eskolarako bidean ez baitzegoen espaloirik eta kotxe eta kamioiak ibiltzen zirelako.

 

Jakina, orduan umeak ez ginen kreazioaren erdigunea. Hezi, hazi eta maitatu behar gintuzten, baina kontua basagoa zen, naturalagoa ere bazela esango nuke. Orain kaiolatuta daudela iruditzen zait, olgetan ibiltzeko denborarik barik, klasez beteta, eskolaz kanpoko jardueretan murgilduta apetitu aseezinean, azkarrenak eta abilenak direla demostratzea exijitzen zaiela: bizkor ikasi, arin hazi, prodijioa direla azaldu besteen aurrean, eta arlo guztietan, gainera; baina beti gutxiegi diren sentsazioarekin. Ume koitaduak!

 

 

Loteriaren iruzurra

Leire Narbaiza 2014/12/22 00:20
Euskadi irratiko Faktoria saiorako 2014ko abenduaren 19rako prestatutako testua

Ezagutzen nautenek badakite ez ditudala Gabonak batere maite. ez dut ukatuko oporrak gustuko ditudala, opariak egitea eta jasotzea ere gustatzen zait, baina gutxi gehiago. Ikasle batek grinch ere deitu zidan behin… Baliteke grinch samarra izatea, bai, denok ezin izan “happy”.

Eta Espainiar estatuan Gabonak ofizialki loteriarekin hasten dira. Bai, zoriontasuna eta dirua banatzen ei duen iruzur horrekin. Sarrera ederra, alajaina. Denon aberats bihurtuko garen amets faltsua buruan. Izan ere, loterian irabazitakoarekin nork laga liezaioke lan egiteari, eta irabazitakoarekin bizi? Inork ere ez, eta hori da benetan aberats izateko ametsa eguneroko obligaziorik ez izatea.

Tira, loteria tokatuta, sari potoloa jokatzen diren partizipazioekin, gutxirako ematen du. Zuloren bat tapatzeko, pasadoreak bagina legez, zuloz betatako koladoreak, alegia. Zulogintzan iaioak, alajaina, denok eibartarrak balira ere…(obrengatik diot)

 

Nola engainatu gaituzten sariarekin! 'Nola ez duzu erosiko, bada, neska! Eta tokatzen bada?' Eta halakoekin dabil makina bat jende loteria erosi eta erosi ohiturazko taberna, denda eta lanean, dantza talde, euskara elkarte eta ikastolako loteria ere erosten dute. Baita txango bat egiten badute ere Benidormera edo Bermeora, berdin dio. Eta zer egin sobratu zaigun boteko diru honekin? Loteria erosi.

 

Horrela iristen dira abenduaren 22ra paperez gainezka, askorendako irakurri duten libururik mardulena izango da txartelez egindakoa, ilusioa jarrita bonbo eta ume ahots gogaikarrietan. Eta zenbakiak atera ahala, irrati zein telebista saioen emisioa eten eta zozketa aretorekin egingo dute konexioa, denondako mesede handia bailitzan.

 

Ederki sakatu digute ziria! premio handia galtzearen beldurra hedatu dute eta konpartitze eta solidaritatez mozorrotu dituzte marketin estrategiak. Nik dezimoa erosi, partizipazioak egin eta trukatu, elkarrekin trukearen gurpil zoroa elikatuta.

 

Horrela estatuak milioika euro irabazten ditu urtero, bai, azkenean bera baita benetako irabazlea sari potoloa lortzen duena zozketan parte hartu barik. Eta guk osasuna dugulako eskerrak ematen jardungo dugu ez baitzaigu tokatuko!

Denboraren joanean

Leire Narbaiza 2014/12/19 11:25
Gipuzkoako Hitza-n 2014ko abenduaren 19an argitaratutakoa

Denborarekin oso gauza bitxia gertatzen zaigu. Sarritan, asteak infinituak bihurtzen zaizkigu, batez ere, astelehen goizetan, ostirala argi-urte batera dagoela iruditzen zaigu eta. Bestalde, egunerokoan errutina aspergarrian murgilduta gabiltzanean, bizkor doan sentsazioa izaten dugu: egunak, hilak eta urteak arinegi doazela, egutegiko orriak hegaztada batean desagertzen zaizkigula begitantzen zaigu.

Baina era berean, beti gazte perpetuoak beti berdin gaudelakoan gaude; nahiz eta adinean aurrera joan. Askotan esaten dugu gaztetxoek zahartzen gaituztela: biberoia ematen genion mutikoari ahotsa aldatu zaio, duela gutxi jaio zen ilobak laguntxoekin egindako azken barrabaskeria kontatzen digu, eta ikasle gazteek eskuko telefono gabeko kontuak kontatzen dizkiegunean arraro begiratzen digute. Orduan konturatzen gaztaroa lehen aldiko kontua dela eta gu beste fase batean gaudela: helduaroan. Eibarko Katilluk esan zuen moduan: "Edozein kakaumek jakaz 70 urte".

Urte amaierako data hauetan, ez dakit egutegi, agenda eta abarrak aldatzen digulako den, baina kontzienteago gara denboraren joanaz, zein bizkor pasatu den urtea, eta zein gutxi aldatu eta aurreratu dugun! Urte aldaketak nostalgiara ere bagaramatzala esango nuke, eta gure joerak atzera begiratzeko parada ematen digutela.

Atzera so eginez gero, gauza gutxi dauzkagu nabarmentzeko. Aspaldiko lagunekin elkartzen garenean gertatzen zaigunaren moduko zerbait: '—Zer moduz? —Tira, hainbestean, nobedaderik barik. —Hala hobe, nobedadeak beti txarrerako izaten dira-eta. —Bai, hala da!'. Azkenaldian zenbatetan izan ote dugun elkarrizketa hau, ezta? Etsigarria da, benetan, pentsatu eta aztertuz gero! Ezin dakiguke ezer onik gerta, errutina da onena, gertaera onak izateko momentua pasatu zaigu dagoeneko.

Baina aurtengo aktualitatea ikusita, helduon joera bera dela esango nuke; izan ere, nire sentsazioa da lehengo moduan gaudela, gauza gutxi aldatu direla, immobilismo hutsean murgilduta. Euskal Herriko arazoak iazko moduan daude: euskara, politika, nortasuna, ekonomia, berdintasuna, ekologia… Askotan atzera goazen sentsazioa ere badut, aldaketak, egotekotan, txarrerako direlako, dena delako murrizketa: zerbitzu publikoetan, norbanakoen eskubideetan, soldatetan, langileen eskubideetan, emakumeon askatasunean…

Ez dakit ona den atzera hainbeste begiratzea, nahiz eta euskal esaera zaharrak dioskun atzeak erakusten duela aurrea nola dantzatu, eta egia izan daiteke. Baina hain da jasangaitza eta aspergarria panorama… Egia ere bada beste lelo famatu batek dioela 'atzera pasorik ez, ezta inpultsoa hartzeko ere'. Betetzen ez dugulakoan nago, askotan zirkuluetan mugitzen garenez orain hogei-hogeita bost urte izandako eztabaida eta hausnarketa berak planteatzen ditugu berriak balira legez. Beharbada, ez da atzera egitea izango, baina ez dakit larriagoa ez ote den: buelta-bueltaka jarduteak gure zilborrari begiratzea baino ez dakar, eta irtenbiderik lortzeko aukerarik ez.

Baina errukirik gabe denbora aurrera doa, gu zirkulutan mugitu ala lerro zuzenean, luze edo labur dela iritzita ere, Pablo Milanesen kantuan bezala: ' Denbora pasatu egiten da, zahar jartzen ari gara, maitasuna ez dut atzo bezala irudikatzen…'

http://gipuzkoa.hitza.info/2014/12/19/denboraren-joanean/

Tabakoa, betiko borroka

Leire Narbaiza 2014/12/12 11:20
2014ko abenduaren 12an Euskadi Irratiko Faktorian esateko prestatua

Gaurko gaiarekin badakit jendea haserretuko zaidana, ez naizela berriro ere “emakume jator hori”, edo “irratian berba egiten duen zoro hori”. Ziurrenik, batzuek begitan hartuko naute; izan ere, badira gai bi pertsonak zuhurrenak ere zoratzen dituenak: futbola eta tabakoa. Kontra eginez gero, jakina. Futbolaz ez dut jardungo, hemen askotan egin dut berba-­eta. Gaur tabakoaz egitea tokatzen zait, eta tabakoa soziedadeetan! Elkarte gastronomikoak hainbat esentziaren gotorleku sakratu hori!

Aspaldi nerabilen tabakoaren gaia buruan, lehengo egunean, trenaren zain banku batean jarrita nengoela ondokoaren kea etorri zitzaidanean. Nasan geunden, “kalean” nolabait esatearren. Harritu ninduen ke bafada hain gertu sentitzeak, aspaldi sentitu ez nuena sentitu nuelako. Orduan konturatu nintzen ze jende gutxik erretzen duen nire inguruan! Ia inork ez! Eta lankide eta ikasleak lantokian sartu aurretik egiten dutenez, jakin ere ez dut egiten, sentitu ere ez dut sentitzen kea, zorionez. Era berean, esango nuke, erretzaile ziren askok ere laga diotela erretzeari, eta ez ditugula jasan behar ke txarrak. Eta hau guztiau tabakoaren legeengatik da. Bai!

Debekuak sentimendu anbibalenteak sortzen dizkit; izan ere, ez dut oso gogoko galarazi behar izatea zerbait lortzeko. Baina badirudi hala dela: tabernetan -ordu txikietan ez bada, behintzat- sar liteke ketu barik, gustura egon gintezke bertan inoren keak arnastu gabe. Hala ere, gobernuak inposatu behar izatea ere latza da! Horrek sortzen dituen kontraesan guztiekin (zergak, pribatutasuna, eskubideak,...)

Tira, nik ere erretzen nuen, erre zitekeen tokietan. Ez naiz inoiz erretzaile ofiziala izan, baina bai soziala: lehenengo zuritoarekin sortzen zitzaidan erretzeko gogoa. Baina irten ezean, ez. Sekula ez nintzen menpekotasunaren sareetan jausi, zorionez. Baina egia da ezer erretzen ez dudanetik keak gehiago molestatzen nauela, lehen ere hala zen, baina gutxiago.

Egia esatera, debekuenak funtzionatu du. Gogoan dut duela ez hainbeste urte, ia edonon erretzen zela. Medikuak kontsultan, adibidez. Gelan euskaltegian, Eibartik Donostiara rutako autobusean (herriz herri zihoan hartan) puru ederrak erretzen ikusi eta jasan ditugu!

Beste mundu bateko kontuak dirudite. Orduan ere esaten zen orain esaten dena: nor da gobernua arautzeko, gure eskubidea da, nola pasatuko dute denbora hori guztia erre barik? Eta horri esker, zoritxarrez, lortu dira ke bako espazioak.

Beharbada, horregatik, arauei aurre egiteagatik, da, antza Amelia Barquinek bere blogean dioena: espazio autogestionatuetan tabakoa jaun eta jabe dela. Eretzea “progrea” dela, ez erretzeko eskatzea, atzerakoia...

Pertzepzioak pertzepzio, debekua onerako izan dela uste dut. Oraindik automobilen keak dauzkagu airean, eta badakigu horiek murrizteko gobernuak askoz gauza gutxiago egingo dituela, interes ekonomiko gehiegi daudelako jokoan (autogintza, zergak, gasolina eta hidrokarburoen negozioa, autopistak,...). Ke horiek ere egunen batean murriztuko ahal ditugu!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua