Umeen erreinuan, umeak galtzaile
Gabonetan askotan egiten dugu berba jai hauek gogoko ditugun ala ez. Aurreko baten ere esan nuenez, ez ditut batere gustuko. Hau komentatu izan dudan bakoitzean beti entzun izan dut: umeekin desberdina da. Tira, baliteke, baina orain familian ume txikiak dauzkagu eta egia esatera, Olentzeroren urduritasuna gorabehera, ez diot aldaketa handirik sumatu.
Egia da festa hauetan dena dagoela umeengan fokatuta: Olentzeroren opariak, jolas parkeak, barrakak, telebistako saioak, dekorazioa,… festa hauek umeendako baino ez balira legez, besteok ospatu ezingo bagenitu bezala. Zergatik ote? Izan ere halakorik ez da gertatzen Aste Santuko edo udako oporretan.
Baina jai hauetan ez ezik, eguneroko martxan ere umeak dira zentroa: oparirik onenak eta asko behar dituzte; euren gustu eta desio minimoak bete behar dira, berehala, frustra ez daitezen, bestak baino gutxiago direla senti ez dezaten.
Esango nuke ez dugula natural jokatzen eurekin, sarri ahazten dugula gu bezalakoak direla eta gu ere umeak izan ginela. Edo agian, batzuen kasuan, hori da arazoa; hain zuzen ere. Heldu horiek barruan duten haurra lehian jartzen da benetako umearekin. Apetatsu hutsak izanda, haurraren gutiziak asetzeko beti prest. Askotan gure amets hondatuak ere haurrengan islatzen ditugu, eta ezin izan genuena izan/lortu, pareko ume horrek eskura dezala. Ez da ulertzen, bestela, nola dauden hainbeste ume “izar” bihurtzeko telebista castingetan, ezta zelako arrakasta duten saiook ere.
Era berean, hainbeste babestu nahi ditugu, ezen ez diegun uzten egiten guri egiten lagatzen zigutena. Bazkal oste baten ibili gara horretaz hitz egiten, 11 urterekin ahizpa eta gure kaleko beste neskato bi ere eroaten nituela eskolara, eta ni ere ondoko neskatila batzuek eraman nindutela. Edo etxetik gertu zegoen dendara errekaduak egitera bidaltzen gintuztela. Orain dena da beldurra. automobilen aitzakiak ez dit balio, eskolarako bidean ez baitzegoen espaloirik eta kotxe eta kamioiak ibiltzen zirelako.
Jakina, orduan umeak ez ginen kreazioaren erdigunea. Hezi, hazi eta maitatu behar gintuzten, baina kontua basagoa zen, naturalagoa ere bazela esango nuke. Orain kaiolatuta daudela iruditzen zait, olgetan ibiltzeko denborarik barik, klasez beteta, eskolaz kanpoko jardueretan murgilduta apetitu aseezinean, azkarrenak eta abilenak direla demostratzea exijitzen zaiela: bizkor ikasi, arin hazi, prodijioa direla azaldu besteen aurrean, eta arlo guztietan, gainera; baina beti gutxiegi diren sentsazioarekin. Ume koitaduak!