Tabakoa, betiko borroka
Gaurko gaiarekin badakit jendea haserretuko zaidana, ez naizela berriro ere “emakume jator hori”, edo “irratian berba egiten duen zoro hori”. Ziurrenik, batzuek begitan hartuko naute; izan ere, badira gai bi pertsonak zuhurrenak ere zoratzen dituenak: futbola eta tabakoa. Kontra eginez gero, jakina. Futbolaz ez dut jardungo, hemen askotan egin dut berba-eta. Gaur tabakoaz egitea tokatzen zait, eta tabakoa soziedadeetan! Elkarte gastronomikoak hainbat esentziaren gotorleku sakratu hori!
Aspaldi nerabilen tabakoaren gaia buruan, lehengo egunean, trenaren zain banku batean jarrita nengoela ondokoaren kea etorri zitzaidanean. Nasan geunden, “kalean” nolabait esatearren. Harritu ninduen ke bafada hain gertu sentitzeak, aspaldi sentitu ez nuena sentitu nuelako. Orduan konturatu nintzen ze jende gutxik erretzen duen nire inguruan! Ia inork ez! Eta lankide eta ikasleak lantokian sartu aurretik egiten dutenez, jakin ere ez dut egiten, sentitu ere ez dut sentitzen kea, zorionez. Era berean, esango nuke, erretzaile ziren askok ere laga diotela erretzeari, eta ez ditugula jasan behar ke txarrak. Eta hau guztiau tabakoaren legeengatik da. Bai!
Debekuak sentimendu anbibalenteak sortzen dizkit; izan ere, ez dut oso gogoko galarazi behar izatea zerbait lortzeko. Baina badirudi hala dela: tabernetan -ordu txikietan ez bada, behintzat- sar liteke ketu barik, gustura egon gintezke bertan inoren keak arnastu gabe. Hala ere, gobernuak inposatu behar izatea ere latza da! Horrek sortzen dituen kontraesan guztiekin (zergak, pribatutasuna, eskubideak,...)
Tira, nik ere erretzen nuen, erre zitekeen tokietan. Ez naiz inoiz erretzaile ofiziala izan, baina bai soziala: lehenengo zuritoarekin sortzen zitzaidan erretzeko gogoa. Baina irten ezean, ez. Sekula ez nintzen menpekotasunaren sareetan jausi, zorionez. Baina egia da ezer erretzen ez dudanetik keak gehiago molestatzen nauela, lehen ere hala zen, baina gutxiago.
Egia esatera, debekuenak funtzionatu du. Gogoan dut duela ez hainbeste urte, ia edonon erretzen zela. Medikuak kontsultan, adibidez. Gelan euskaltegian, Eibartik Donostiara rutako autobusean (herriz herri zihoan hartan) puru ederrak erretzen ikusi eta jasan ditugu!
Beste mundu bateko kontuak dirudite. Orduan ere esaten zen orain esaten dena: nor da gobernua arautzeko, gure eskubidea da, nola pasatuko dute denbora hori guztia erre barik? Eta horri esker, zoritxarrez, lortu dira ke bako espazioak.
Beharbada, horregatik, arauei aurre egiteagatik, da, antza Amelia Barquinek bere blogean dioena: espazio autogestionatuetan tabakoa jaun eta jabe dela. Eretzea “progrea” dela, ez erretzeko eskatzea, atzerakoia...
Pertzepzioak pertzepzio, debekua onerako izan dela uste dut. Oraindik automobilen keak dauzkagu airean, eta badakigu horiek murrizteko gobernuak askoz gauza gutxiago egingo dituela, interes ekonomiko gehiegi daudelako jokoan (autogintza, zergak, gasolina eta hidrokarburoen negozioa, autopistak,...). Ke horiek ere egunen batean murriztuko ahal ditugu!