Gernikako arbola
Pasa den astean hil zen Gernikako arbola eta txiste eta meme artean hausnartzeko aukera izan dut sinbolo honen gainean. Ez dut, hala ere egin litezkeen (eta egin diren metaforez berba egingo, luzerako joko ligukeelako). Sinboloaz, baizik. Harritu nau inork ez aipatzea halakorik!
Gernika aldeko familia dut, eta umetan astebururo joaten ginen bisitan. Juntetxera ere, txikitan, sarri joan izan naiz, bai familiarekin, bai txangoan. Santimamiñera joan aurretik, bueltaxka bat tokatzen zen. Gure giroan guztiz barneratutako lekua, ezinbestekoa: juntetxea, arbola, Iparragirreren gitarra, arbola zaharra eta bere katua…
Gainera, naizen belaunaldikoa izanda, umetan zuhaitz hori sinbolo indartsua zen, frankismoan erakuts litekeen euskal irudi ia bakarra zelako. Beraz, gure kintakoek etxean-eta ezagutu ditugu marrazki, koadro, domina, taila eta abarrak. Lauburuarekin batera euskalduntasunaren seinale do euskal munduaren ikono.
Gero etorri ziren halakoak bazterrean lagatzea, Gernika koka-kola refresku santua eta halakoak. Ordura arte, sinbolo guztiz maitatua izatetik, sinbolo zaharkituta izatera pasatu zen, zaharkitu eta zaharmindu, esango nuke.
Eta pena ematen dit, gustuko dut zuhaitz bat izatea gure herriaren sinboloa, haritza gainera. Wangari Muta Maathai 2004ko bake nobelak Bilbora ekarri zuten kongresu batera eta esan zuen ederra iruditzen zitzaiola zuhaitz bat edukitzea sinbolo (berak zuhaitzak landatzen zituen desertifikazioari aurre egiteko). Nik ere hala deritzot. Polita da naturaren elementu hain indartsua izatea ikono (arrano beltzarena ere gustatzen zait, irudi paregabea begitantzen zaidalako). Zuhaitzak eta basoak baino gauza ederrago gutxi dago. Bizitzaren eta iraupenaren sinbolo ere badira arbolak, batez ere ehunka urte bizi litezkeenak.
Gainera, gurean, arbola ugari daude gure iruditegian (gaiak.org-tik hartuta):
Aretxabalakoa (han hartzen zituzten bizkaitarrek jaunak) eta Zuhaitz Malatua (jaunaren aginpidearen muga adierazten zuen eta Urduñako bidean Lujaondon zegoen).
Durangaldeko batzarrak Gerediagako harizpean izaten ziren eta Enkartazioetan Urrestietako zuhaizpean. Orozkoko ibarreko batzarra ere haritzaren jiran egiten zuten, eta baziren gizartearentzat beste arbola berezi batzuk ere.
Lapurdin Uztaritzeko Haitzeko hariztian egiten ziren herriko edo parrokiako batzarrak (Kapitala izenekoak).
Bizkaiko armarrian Gernikako arbola dago, Gipuzkoakoan hiru hagin (eta hagina Taxus baccata galzorian dago -edo zegoen- bertan). Haritz, Aritz, Aritza eta Aretx-ez ere bete ditugu kaleak. Lehenengo Iruñeko errege mitikoa ere Eneko Aritza…hor badago zeozer…euskaldunok badugu zerbait zuhaitzekin…
Resurrección María de Azkuek jaso zuen bezala, moztu aurretik barkamena eskatzen zitzaion; “Guk botako zaitugu eta barkatuiguzu”.
Arbola santuak, adoratuak. Nik ez nuke halakorik proposatuko, ez dakit-eta ezer sakraturik dagoen, baina Euskal Herrian badugu sinbolo premia, denok batuko gaituztenak. Eta haritz bat izatea ondo ikusiko nuke, oraingo EAEko himnoa baino askoz hobea ere izango litzateke Iparragirreren “Gernikako arbola”, horratik!
Hori bai, arbola sinbolikoek ez diezagutela gure herriaren baso erreala eta fisikoaren ikuspegia estali; hau da, ez gaitezen ikurrez bete, baina edukiz hustu. Sinboloaren indarrari atxiki baina helburua lortzeko bidean lagungarri izan dakigun, besterik ez!