Barreaz, barrez
Gustuko dut barre egitea. Kontu osasuntsu eta askatzailea iruditzen zait. Penak kentzen ditu eta barnea zabaldu. Algaraka jardutea atsegin dut, tripak bota, matraileko giharretan mina izan arte.
Era berean, asko maite dut barre egiten duen jendea. Zantzoka aritzen dena. Jende sanoa dela iruditzen zait. Horegatik, sekula ez naiz fidatu beti serio ibiltzen direnekin. Ez susmo txarra hartzen diet beti, irribarre egiten ere ez dakite eta (de Guindos eta Ares, esate baterako).
Hori ere gustatzen zait, irribarre egitea. Bizitzan barretxoa ahoan marraztuta daraman jendea, agurtzean irriñoa ateratzen duena. Horretan ere ahalegintzen naiz, batzuetan haserreak uzten ez badit ere.
Baina edozeren gainetik maite dut barre eragiten didan jendea, pertsona umoretsuak. Segituan konkistatzen naute, asko estimatzen baitut dohain hori. On handia egiten didatelako: triste nagoenean poztu; urduri banago, lasaitu; arduratuta egonez gero, ezaxolati bihurtzen naute. Inteligentzia mota bat da umorea egitea eta txinparta ateratzea inguruko guztiari. Nire ustez, pertsona horiek apartak dira eta halako asko nahi ditut nire bizitzan.
Agian horregatik gustatzen zait hainbeste umeekin egotea, barre erraz eta edozeri egiten diotelako, arduratu barik zer esan nahi duen edo zer dagoen horren atzean.
Horregatik ez zaizkit batere gustatzen barre egitea debekatu nahi digutenak, adibidez, Bulent Arinç Turkiako lehendakariordea. Udan esan zuen emakumeok ez genukeela barre egin behar publikoan kastuak (edo kasta?) izan behar dugulako.
Tira, gure kulturan ere emakumeok karkailaka jardutea ez dago ondo ikusita! Makinatxo bat aldiz agiraka egin didate algara batean aritzeagatik. Izan ere, señorita batek, ondo hezitako emakumeak, fina bada, ez du barre zantzorik egiten… Enfin! Horregatik, emakume askok barre egitean ahoa estaltzen dute. Ohartu zarete?
Era berean, gorroto ditut Charlie Hebdo aldizkariaren umorea isilarazteko AK47ak erabiltzen dituztenak. Umore hori gustuko edo ez gustuko izango dugu, gordina edo grazia gabekoa iritziko diogu. –Izan ere, non dago muga iraina eta umorearen artean? Nola desberdindu hori begian atzamarra sartzen badigute?– Baina marrazki bidez arkatz eta pintura soilarekin irria ateratzen ahalegintzen ziren, eta argi laga digute fanatikoek barreari diotela beldurra, arma indartsuenetakoa delako; hain zuzen ere, ahulguneetan hazkura egiten digulako, ez dakigulako gure buruari barre egiten. Latzena da, kontu honetan irabazle bakarra barre egiten ez duen Marine LePen izango dela.
Halaber, ez ditut batere gogoko atzo bertan, Facun Díez kazetaria ‘La tuerka’ telebista saioan egindako esketx batengatik Entzutegi Nazionalean salatu dutenak, eurek beraiek herenegun Parisekoaz askatasun adierazpenaren kontrako erasoa zela esaten jardun zuten berberak. Jakina, horiek ere barre gutxi egiten dute, eta eurak direnean trufaren subjektuak askatasunak ahaztu egiten zaizkie.
Beraz, egin dezagun barre edozeren aurrean!