Denborarekin oso gauza bitxia gertatzen zaigu. Sarritan, asteak infinituak bihurtzen zaizkigu, batez ere, astelehen goizetan, ostirala argi-urte batera dagoela iruditzen zaigu eta. Bestalde, egunerokoan errutina aspergarrian murgilduta gabiltzanean, bizkor doan sentsazioa izaten dugu: egunak, hilak eta urteak arinegi doazela, egutegiko orriak hegaztada batean desagertzen zaizkigula begitantzen zaigu.
Baina era berean, beti gazte perpetuoak beti berdin gaudelakoan gaude; nahiz eta adinean aurrera joan. Askotan esaten dugu gaztetxoek zahartzen gaituztela: biberoia ematen genion mutikoari ahotsa aldatu zaio, duela gutxi jaio zen ilobak laguntxoekin egindako azken barrabaskeria kontatzen digu, eta ikasle gazteek eskuko telefono gabeko kontuak kontatzen dizkiegunean arraro begiratzen digute. Orduan konturatzen gaztaroa lehen aldiko kontua dela eta gu beste fase batean gaudela: helduaroan. Eibarko Katilluk esan zuen moduan: "Edozein kakaumek jakaz 70 urte".
Urte amaierako data hauetan, ez dakit egutegi, agenda eta abarrak aldatzen digulako den, baina kontzienteago gara denboraren joanaz, zein bizkor pasatu den urtea, eta zein gutxi aldatu eta aurreratu dugun! Urte aldaketak nostalgiara ere bagaramatzala esango nuke, eta gure joerak atzera begiratzeko parada ematen digutela.
Atzera so eginez gero, gauza gutxi dauzkagu nabarmentzeko. Aspaldiko lagunekin elkartzen garenean gertatzen zaigunaren moduko zerbait: '—Zer moduz? —Tira, hainbestean, nobedaderik barik. —Hala hobe, nobedadeak beti txarrerako izaten dira-eta. —Bai, hala da!'. Azkenaldian zenbatetan izan ote dugun elkarrizketa hau, ezta? Etsigarria da, benetan, pentsatu eta aztertuz gero! Ezin dakiguke ezer onik gerta, errutina da onena, gertaera onak izateko momentua pasatu zaigu dagoeneko.
Baina aurtengo aktualitatea ikusita, helduon joera bera dela esango nuke; izan ere, nire sentsazioa da lehengo moduan gaudela, gauza gutxi aldatu direla, immobilismo hutsean murgilduta. Euskal Herriko arazoak iazko moduan daude: euskara, politika, nortasuna, ekonomia, berdintasuna, ekologia… Askotan atzera goazen sentsazioa ere badut, aldaketak, egotekotan, txarrerako direlako, dena delako murrizketa: zerbitzu publikoetan, norbanakoen eskubideetan, soldatetan, langileen eskubideetan, emakumeon askatasunean…
Ez dakit ona den atzera hainbeste begiratzea, nahiz eta euskal esaera zaharrak dioskun atzeak erakusten duela aurrea nola dantzatu, eta egia izan daiteke. Baina hain da jasangaitza eta aspergarria panorama… Egia ere bada beste lelo famatu batek dioela 'atzera pasorik ez, ezta inpultsoa hartzeko ere'. Betetzen ez dugulakoan nago, askotan zirkuluetan mugitzen garenez orain hogei-hogeita bost urte izandako eztabaida eta hausnarketa berak planteatzen ditugu berriak balira legez. Beharbada, ez da atzera egitea izango, baina ez dakit larriagoa ez ote den: buelta-bueltaka jarduteak gure zilborrari begiratzea baino ez dakar, eta irtenbiderik lortzeko aukerarik ez.
Baina errukirik gabe denbora aurrera doa, gu zirkulutan mugitu ala lerro zuzenean, luze edo labur dela iritzita ere, Pablo Milanesen kantuan bezala: ' Denbora pasatu egiten da, zahar jartzen ari gara, maitasuna ez dut atzo bezala irudikatzen…'
http://gipuzkoa.hitza.info/2014/12/19/denboraren-joanean/