Liburutegiei buruzko hitzaldia
Urriaren 6an. Bilboko Alhondigan. Arratsaldeko 18:30. ALDEEk antolaturik.
Egungo Liburutegietan garatzen diren aldaketa teknologikoak, eskari berriak, lankidetza eta beste gauza batzuei buruz jorratuko da.
Jardunaldia doakoa izango da, baina izena eman beharko da aurrez:
http://www.aldee.org/cas/content/cursos/cursos_realizar_matricula.php?idcurso=88
Mahaiinguruan Eugenio López de Quintana (SEDICeko presidentea) izango da moderatzaile eta honakoak izango dira parte-hartzaileak:
Arantza Mariskal, Tabakalera Kultura Garaikideko Zentroko (Donostia) mediatekako arduraduna;
Mertxe Pérez de Ciriza, Arrasateko liburutegi publikoko zuzendaria eta
Jesús Zubiaga, Sancho el Sabio fundazioaren liburutegiko (Gasteiz) zuzendariordea.
Liburutegien etorkizuna
Zertarako behar duzu biblioteka, internet konexioa baldin baduzu?
Horrela erantzun dit Prudenek. Antzerako zerbait jarri nuen nik ere aurreko artikuluan: zertarako Joan liburutegietara etxeetan, lanetan, tabernetan, trenetan… daukaugunean behar duguna?
Liburutegi mota asko dago, eta bakoitzak bere-beregi ezaugarriak eduki arren, liburutegiak zentzu zabalean edo oro har hartuta, aurreko artikuluari jarraipena emateko eta batik bat Prudenek egindako galderari erantzuteko azti lanari ekingo diot.
Orain arte liburutegietara hurbiltzen diren erabiltzaileak informazio bila etorri dira. Informazioa testu inpresoetan zegoelako – liburuetan, entziklopedikoetan, aldizkarietan, CDetan…- hemendik aurrera, aitzitik, sarean eskura edukiko dugu. Hortaz, ordenagailu guztietan eta ordenagailuen bitartez lor daitekeen informazioa izango da. Fenomeno berri honen aurrean hausnarketa ugari eta sakon egitea komeni zaigu. Gogoeta horiek egitera konbidatzen zaituztet. Gogoeta horiek alderdi eta profesional ugari eginda askoz aberatsagoa izango baita. Guri ere, dokumentalistei honi buruz eztabaidatzea dagokigu, hori izango baita erarik onena etorriko denari aurre hartzeko, hanka sartzeko arrisku handiak eduki arren.
Mundu hau aldatzen ari da, erabat aldatuko da, hastapenetan baino ez baikaude. Liburutegi munduan dena da eztabaidagai: lekua, espazioa, ekipamenduak, apalategiak, bulegoen mahaiak, orain arte liburuzainek hain gustuko erabili ditugun egurrezko edo plastikozko erreglak, baita sakralizatuta eduki ditugun bibliotekonomiako erreglak ere (ISBD, SHO). Den-dena hankaz gora jar daitekeelakoan nago: bildumak, funtsak, euskarriak, aurrekontuak, baliabideak, erabiltzaileak…
Uste dut (dagoeneko konturatuta izango zarete gehiegi erabili dudala uste aditza) liburutegiek dauzkaten ezaugarri (oinarri, printzipio) batzuk iraunkorrak izan beharko luketeela.
1. Zerbitzu publikoak izatea, informazioa doan ematea. Eta hori lortzea ez dago udal liburutegi, foru aldundien liburutegi, unibertsitateetako liburutegi, liburutegi espezializatuen esku, baizik eta Estatuaren esku. Estatuek antolatu behar dute politika bibliotekarioa, informazioaren sarea sortzeko. Estatuek gorde, kudeatu eta zabaldu beharko dute sarea dohain eta zerbitzu publikoa jarrai dezan izaten.
2. Kalitatezko zerbitzua izatea -oraingo eta aurreko agintariekin utopia hutsa izan arren-. Teknologia aldakorra da, urte batean onena dena, hurrengoan zahakitua geratzen da. Konexioa, gailuak, baliabide teknikoak merkatuko azkenak izan beharko dira, informazioari dagokionez leikurik garatuena eta erreferentzia izan dadin.
3. Liburutegia herrietako gune kulturala izan behar da, non giro desberdinetako lagunak bilduko diren (haurrak, nerabeak, jubilatuak, langabetuak, irakurleak…). Horretarako leku hauek hornitu beharko genituzke baliabide egokiekin herritarren behar kulturalei aurre egiteko. Leku hauetan erabiltzaileak izan beharko ziren benetako protagonista, eta zerbitzuak hauei begira izan beharko lituzkete antolatuta.
4. Dena den, haize berrien aldaketen aldekoak izan behar bagara ere, kontuan hartu beharko dugu liburutegia ezin dela zibergune bihurtu.
Laburbilduz, LIBURUTEGIEK BADAUKATE ETORKIZUNIK? ZEIN DA ETORKIZUNEKO LIBURUTEGIEN PAPERA?
1. Liburutegien paperak lehen bezain garrantzitsua jarraitzen du izaten. Sarean dagoen gehiena liburutegiek kudeatzen dute, liburuzainek prestatzen dute, dokumentalisten lan barruko, ilun, ixil eta nekosorik gabe ez litzateke sarean ezer izango. Sarea hutsik izango litzateke.
2. Erabiltzaileen beharrak ez dira izango berdinak. Hortaz, Liburuak kontzerbatzea ez da izango xederik garrantzitsuena, liburuen sailkatzea eta ordenatzea lehentasuna galduko du. Seguraski bezeroak ez dira etorriko liburutegietara informazio bila, etorri etorriko badira ere. Baina bai, herrietako kulturguneak izango direla izaten, eta gune hauetan aurkituko dutela nahi dutena.
3. Ezbairik gabe, gauzak aldatzen ari dira, baina aldatzen ari dira lanbide guztietarako, eta zoritxarrez gure lanbidea, dokumentazioarena ez da izango aldaketa hauekin kalteturik irtengo den bat. Internet beti gure alde edukiko dugu, gure alde edukiko baititugu berrikuntza hori guztiak, beste gauza batzuen artean dokumentalistak betidanik ohituta baikaude lankidetzan eta sarean lan egiten.
Beraz, baikorrak izan gaitezen, eta gora teknologia…
Gerardo Luzuriaga
Liburu-sektorearen aldaketak: Liburutegiak.
Liburu arloan aldaketa ugari izan dira. Gehiago ere etortzeko zorian daude, gutzienez inprenta asmatutako garaiko modukoak izango direlakoan nago. Izan ere, jakin ez arren sektorea (argitaletxeak, banatzaileak, inprentak, liburudendak, liburutegiak) nola moldatuko den aldaketen aurrean, argi ikusten dut hobekuntzak baino ez dituela ekarriko, arazo edo kezka batzuk agertuko badira ere.
Hona hemen liburutegiei dagozkion baten bat:
1. Informazioen lekua. Orain arte liburutegiak informazioa bildu dute, erabiltzaileak gune honetara etorri dira informazioaren bila. Egun informazioa leku guztietan daukagu, sarean dagoelako: etxean, lanean, tabernetan, autobuseetan…
2. Informazioa bereiztu. Egun informazioaren bila hurbiltzen gara sareara, egilei eta ideologiari erreparatu barik. Inprentako idatzietan ohituta gaude bereizten egile batzuen eta besteen arteko lanak. Testua bilatu baino lehen egilearen ideologiari edo joerari erreparatzen baitiogu. Interneten, aitzitik, informazioa agertzen denari lehentasuna ematen diogu, egilea bigarren mailan gelditzen da, askotan agertzen ez delako. Hortaz, ez da harritzekoa orrialde ofizialetan, edo zientifikotzat ematen duten orrialdeetan agertzen den bertsioa ontzat ematea ezer gehiago egiaztatu edo kontrastatu gabe.
3. Globalizazioa. Internetera informazio bila hurbiltzen diren gehienentzat orrialde ofizialetan agertzen den bertsioa hori izango da benetako informazio bakarra, eta inoiz ez zaie bururatuko beste bertsio batzuekin kontrastatzea, interneten eta orrialde ofizialetan aurkitu dutelako. Hortaz, egoera politikoak sarean dagoen informazioa inprentako testuetan dagoena baino eragina handiago dauka. Interneterako kontuetan Nafarroa Espainia da, eta Iparralde Frantzia, ñabardurarik izan gabe.
4. Egileen baliogutxitzea. Egile batek beste batzuen testuekin, edo ideikin beste testu bat osatuko da, testu hori beste batek beste aldaketekin eta gehigarriekin zabalduko da, eta horrela bata bestearen atzetik joango dira jatorrizko testua aldatzen. Aldaketak dela eta egilearena gero eta garrantzia gutziago edukiko du, ia inork erreparatuko dion datua izan arte.
5. Kulturaren kontzeptuaren aldaketa. Duela gutxi arte jakintsua zen buruan ideia eta datu asko zeuzkana. Egun, dena eskura dagoenez, jakintsua izango da hobien azaltzeko gai izango dena.
6. Informazioaren monopolioa. Informazio-merkatua enpresa pribatuen eskuetan gelditzen ari da, orain arte informazioa erabiltzea eta liburuak irakurtzea doan izan da, zerbitzu publikoa izan baita. Erakunde publikoak (foru aldundiak, unibertsitateak, fundazioak, akademiak, profesionalen elkargoak, merkataritza ganbarak…) arduratu dira ondare dokumentala jasotzeaz, kudeatzeaz eta banatzeaz. Udal liburutegietatik liburutegi Nazionalera arte, erakunde publikoak erantzukizuna eduki dute herri-funtsak gordetzeko eta banatzeko. Hots, orain arte erakunde publikoak, diru publikoez arduratu dira izango den memoria historikoaren funtsa jasotzen eta zabaltzen.
Egun, aitzitik, teknologiaren bitartez ekoizten den gehiena kontrolpean edukitzea posible izan denean eta hortaz informazio hori kudeatzea eta zabaltzea negozio bihurtu denean, enpresa pribatu askok eskua sartu dute informazio-merkatuan. Batzuen uste, ni barne, informazioaren kudeaketa enpresa pribatuen eskuetan uztea larrutan ordainduko dugulakoan gaude.
Informazioa esku pribatuetan geratzen ari da, informazioaren jabetza enpresa pribatuetan geratzen ari da, eta horrekin batera uztiatzeko lizentziak eta baimenak. Dagoeneko informazioa lortzeagatik ordaindu behar da, eta susmoa daukat hastapenetan baino ez gaudenik.
Gerardo Luzuriaga
Liburu elektronikoak
Liburu elektronikoaren ibilbidea luzea egiten ari zaigu. Badaramagu urte batzuk horren helduera entzuten, dagoneko asko gara liburu elektronikoaren etorreraren zain gaudela.
Enpresa ugari murgiltzen dira liburu elektronikoen merkatuan (Amazon, Apple, Barnes & Noble), irakurgailuen salneurria asko merkatu dira eta hobekuntzak jaso dituzte egun irakurgailuak (Kindle, iPad, Nook) 150 € inguruan eros daitezke.
Dena den, oraindik arazo batzuk daude merkatu horretan. Liburu elektronikoaz hitz egitean bi elementu kontuan hartu beharko genuke. Bata irakurgailua, eta bestea edukia. Telebistarekin aldenduz bata izango zen kutxa (gailua), eta bestea programak (edukia).
Une honetan edukia, eta nola lotu irakurgailuen enpresak edukiekin arazo nagusietarikoak dira. Liburutegietan aldaketa asko ekarriko dizkigu. Liburuzainok ez dakigu zer nolako aldaketak ekarriko dizkigun; baina badakigu etorriko direla, eta iraultzailak izango omen dira. Izan ere, irakurgailu horiek pisurik gabe milaka liburu gordetzeko gai direlako.
Horren panoramaren aurrean orain arte doan izan den irakurketa publikoa kolakan jartzen du, eta horren aurka zer edozer egin beharrean gaude.
Beste aldetik, euskaldunek beste arazo batzuk ere aurkitzen ditugu arbel digitalen aurrean, non kokatuko dugun euskal edukiak, eta batik bat, izango gara gai gure banatzaile propioak sortzeko edo Google, Apple edo Googlen banatzailen mende izango gara?
Gerardo Luzuriaga
Urte bat, bi hilabete, eta hogeita bat egun
Ez, ez da epai baten zigorra, bizi garen garaian hori huskeria izango baitzen. Euskadiko Liburutegiak legez sortuta beharko lukeen epea da. Kostata lortu genuen Legebiltzarrera Liburutegien Legea eramatea eta aurrera ateratzea. Herri honetako talde batek, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak, kristorenak eta bi egin ditu gaiak pil-pilean iraun dezan. Urte dezentetan ibili gara liburutegiei buruzko gaiak aldarrikatzen, eta azkenean onartu zen Legebiltzarrean 11/2007 Legea, Euskadiko Liburutegiei buruzkoa. Egia da, azken unean EAJk Alderdi Sozialistarekin adostutako testua, euskaldun batzuentzat oso motza gelditu zela, besteak beste, «euskal» eta «nazional» hitzak baztertu baitzituzten.
11/2007 Legea berandu dator. Gainerako autonomia erkidegoekin konparatuz, batez beste hamabost urteko atzerapenarekin iritsi da: 1986an indarrean sartu ziren liburutegiei buruzko legeak Valentzian, Asturiasen, eta Aragoin; 1989an Galizian, Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Madrilen, Errioxan, eta Murtzian; 1993an Katalunian; 1997an Extremaduran; 1999an Andaluzian; 2001ean Kantabrian; 2002an Nafarroan, eta 2006an Balear uharteetan. Liburutegi Nagusi edo Nazionalei dagokienez, egoera antzekoa da: 1939an sortu zen Katalunian; 1987an Asturiasen; 1988an Errioxan; 1989an Gaztela eta Leonen eta Madrilen; 1990ean Aragoin; 1994an Andaluzian; 1995ean Extremaduran, eta 1999an Kantabrian. Nafarroakoa bukatzear dago, eta, aldiz, Euskadikoa hasi barik; hortaz, beldurrik gabe esan dezakegu oso berandu gabiltzala.
Urteak eta urteak ibili gara lege baten zain, horregatik saiatu ginen Euskadiko Liburutegia sortzeko epea legean zehazten, erakundearen sorrera bermatzeko, eta baita lortu ere. Laugarren xedapen gehigarriak argi eta garbi adierazten du liburutegien legea indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko dela Euskadiko Liburutegia. Hortaz, 2009ko maiatzean sortuta eta martxan beharko zuen. Honezkero urte bete, bi hilabete eta hogeita bat eguneko atzerapena daramagu.
Une honetan ez dago aitzakiarik abian ez jartzeko, eta une batetik bestera sortuko dutelakoan gaude. Dagoeneko politikoek ere badakite legez sortuta beharko lukeela, eta horrela onartu dute berriki. Badira hilabete batzuk, gaztelaniazko artikulu batean, Antonio Rivera Kulturako sailburuordeak Euskadiko Liburutegiari buruz galdetuta abian zegoela erantzun zuela, eta arazo ekonomiko eta egokitze batzuei irtenbidea ematea baino ez zitzaiola gelditzen. Beraz, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegikideen oraingo kezka ez da sortuko den edo ez, baizik eta zer motatako egoitza izango den. Bitxia izan baita hainbeste urtetan kultur arloko hamaika ekimeni argi berdea eman arren, Liburutegi Nagusia eta erakunde horrek egingo dituen funtzioak politikoen agendan ez agertu izana.
Ekonomiaren aldetik esne mamitan ibili ginen garaian, ezinezkoa egin zitzaigun liburutegi sistemaren buru beharko lukeen proiektua aurrera ateratzea. Euskadiko hirietan ikusi dugu nola sortu dituzten hamaika proiektu erraldoi diru franko xahututa, besteak beste, Guggenheima, Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegia, Deustuko Unibertsitateko Liburutegia, Alondegia, Antso Jakintsuaren egoitza berria, Bat eraikuntza, Musikene, Tabakalera... gehienak diru publikoz.
Ea krisi ekonomikoak laguntzen digun liburutegi publikoen arloa berrantolatzen. Badaukagu non eta zer zuzendu. Lehendabizi, sistema bibliotekarioa ordenatu behar dugu. Sistemaren elementu guztiak ezinbestekoak dira, liburutegi denak dira garrantzitsuak: udaletakoak, eskoletakoak, foru aldundietakoak, espezializatuak, eta nola ez orokorra edo nagusia. Esparru bakoitzak dauzka ezaugarri propioak eta eginbeharreko berariazko funtzioak. Bigarrenik, bizi garen Taifen erreinuekin bukatu behar dugu, eta horretarako Liburutegi Orokorrari (Nagusiari, Nazionalari) legeak emandako eskumenak aprobetxatu behar ditugu. Halaber, tokian tokiko kultur ekipamenduen zentzugabeko hazkundearekin bukatu behar dugu. Ezin dugu erantzukizuna politikoen eskuetan utzi, beraien komenientziaren arabera jarraituko baitute Euskal Herriko kultur ekipamenduak sortzen eta ez herriaren beharrei begira.
Arestian aipatutakoarekin bukatzeko, eta beste kontu batzuk ere lortzeko, ezinbestekoa da ahalik eta azkarren Liburutegi Orokorra (Nagusia, Nazionala) sortzea, sistema bibliotekarioa ordenatu eta horren buru izateko. Beste artikulu batzuetan Euskal Herriko alderdi batzuk kontuan hartuta -historia, kultura, ohiturak, hizkuntza...-, sistema bibliotekario bakarraren abantailak aipatu izan ditut; baina egun, krisi ekonomikoan murgilduta gaudenez gero, alderdi ekonomikoei emango diet lehentasuna. Oinarrizko liburutegiak denak dira beharrezkoak, horiek baitira herritarrei eguneroko zerbitzuak eskaintzen dizkietenak. Sistemaren gailurrean, berriz, asko gara pentsatzen dugunok Euskal Herrian erakunde bakar batek eginbehar gehienak egin zitzakeela. Erakunde horren xedea liburutegi zerbitzuen multzoa antolatzea eta elementu guztiak koordinatzea eta planifikatzea denez, bai bukatzear dagoen Nafarroako Liburutegiak eta baita Euskadiko Liburutegiak ere egin zezaketen. Soilik, izena eta esleitutako funtzioak aldatu beharko genituzke. Euskadiko Liburutegiaren kasuan, idazteko eta zuzenketen garaian, erakunde autonomoaren izaera administratiboaren alde egin genuen, Euskal Herriko lurraldeak lankidetzan funtzionatu nahi izanez gero etorkizuneko arazoak eta oztopoak ekiditeko.
Liburutegi esparruan bi edo hiru buru eduki beharrean bat edukiz gero, dirutza aurrez genezakeen, bai eraikuntzetan, bai giza baliabide zein materialetan.... Ezbairik gabe, ziur gaude beste esparru batzuek ere - kirola, artxiboak, komunikabideak, profesionalen elkargoak...- irekitako bide interesgarri hau gogoz eta ilusioz jarraituko dutela.
Gerardo Luzuriaga
Liburuzaina
Nola bilatzen, ebaluatzen eta aukeratzen dute informazioa unibertsitate-ikasleek?
Ikerketa lan mardula da. Txukuna eta zaindua, halaber, aurkezpena.
Bibliografia bikaina da, aberatsa, gaurkotua eta egokia. Oinarri teorikoaren atalak gaiaren garrantzia eta testuingurua erakusten ditu, nazioarteko ikerketa eta ekarpen nabarmenenak aurkeztuta. Ikerketak oinarri teoriko zabala du; era berean, beren kokapen historiko, geografiko eta kulturala erakutsiz. Metodologiaren aldetik, galdetegiak eta eztabaida taldeak erabili dira, ikasle eta irakasleak inplikatuz, baita liburuzainak ere.
Ikerketa galderarekin lotuta, 36 ondorio aurkeztu dira, oso era argian eta egokian. Testua oso iradokitzailea da eta, dudarik gabe, hori da lanaren atal garrantzitsuena eta interesgarriena. Ikasleen informazio gaitasunen inguruko ahuldadeak erakusteaz gain, gaitasun horiek garatzeko ikaste-irakaste prozesuetan parte hartzen duten eragileen inplikazio beharra plazaratzen duelako, hau da, irakasleena eta Hezkuntza erakundearena. Eta goi mailako irakaskuntza Informazioaren Gizarteak eta Sare Gizarteak dakartzaten paradigma berrian kokatzeko, ekarpen zehatzak egiten ditu.
Txema Egañaren tesiak, gure errealitatea ezagutzeko, nazioarteko ikerketa gaiak, modeloak eta metodologiak ekarri ditu, gure hizkuntzara eta maisuki ekarri ere. Era berean, berak egindako lan mardul eta interesgarri hau tradizio zientifiko horretan sartzen da.
Teresa Agirreazaldegi
Kazetaritza Saila
Euskal Herriko Unibertsitatea
Urteko bilera
2010ko ekainaren 26an Billabonan eduki genuen Albreteko urteko bilera. Taldearen dinamikaren gogoeta sakonaz mintzatu ginen goizean. Xenpelar Dokumentazio Zentro berria ikusteko ere aukera polita eduki genuen.
Eusko Jaurlaritzako oposaketak eta euskara
Administrazioan azterketak egiteko erabiltzen den hizkuntzak etorkizunean Eusko Jaurlaritzan erabiliko den hizkuntza baldintzatzen du. Tamalez, egiaztatuta dago hizkuntza hori gaztelania dela.
1990eko oposaketan gaiak eta azterketak gaztelaniaz nahiz euskaraz egiteko aukera bermatuta izan arren, denok gaztelaniaz egin zuten, baliteke salbuespenen bat izatea, baina ez dut uste. Hamar urte iragan arren, 2000. urteko oposaketan halako horrenbeste gertatu zen. Inork ez zuen euskaraz azterketa egin. Oraingoan, 2010. urteko oposaketan antzerako zerbait gertatuko delakoan nago.
Badaramatzagu 30 urte administrazioa euskaldundu nahian. Esfortzu handiak egin arren, bai administrazioaren aldetik, baita langileen aldetik ere, milaka langilek euskara ikasi arren, euskaraz hitz egiteko eta idazteko gai izan arren, administrazioa oraindik gaztelaniazko erreinua da.
Egun, berriz, oposaketetako hautagaiek euskarazko ereduetan ikasi dute, baita goi mailako unibertsitateko ikasketak ere euskaraz egin dituzte. Beraz, gehienok euskaldun peto-petoak dira. Areago, euskaran gaztelanian baino askoz erosoago murgiltzen dira.
Orduan, zergatik egiten dituzte azterketak gaztelaniaz?
Erantzuna garbia da, euskaraz eginez gero gainditzeko aukera askoz zailago izango da.
2010. urteko azterketetan, aitzitik, oposiziogileen artean asko dira euskaraz egiten planteatzen ari direnak. Niregana asko etorri dira honen gaineko galderen argibideen bila. Zein hizkuntzatan gomendatzen didazu azterketak egitea, da egindako galdera zuzena. Euskalduna eta euskararen aldekoa izanda, asko kostatzen zait erantzutea.
Ez desanimatzearren, soilik aipatzen dizkiet azterketa euskaraz eginez gero topatuko dituzten eragozpen bakan batzuk. Batez ere, administrazio orokorretik kanpotik datozen oposiziogileei, nik emandako argudioak kontuan hartzeko biziki gomendatzen diet.
1. Oposizio guztietan, gaiak gaztelaniaz prestatuta daude, hortaz euskarazko bertsioa itzulpen hutsa da, eta kasu askotan itzulpen azkarregi egin behar da.
2. Itzulpenetan erabilitako euskarazko terminologia arrotza da. Adibide gisa, liburuzain euskaldunek erabiltzen dugun txaplata hitza, zaila izango da identifikatzea testuan agertzen den etiketa hitzarekin. Gai espezializatuetan terminologia egokia erabiltzea ezinbestekoa da azterketako galderen jatorrizko zentzuaz jabetzeko.
3. Azterketak jartzen dituztenek, kasu onenean euskaldunak izanda ere, azterketak gaztelaniaz prestatzen dituzte, gaiak gaztelaniaz prestatu zituztelako eta eguneroko lana ere erderaz egiten dutelako. Beraz, jatorrizko bertsioa, baita ñabardurak ere hizkuntza horri begira eginak daude
4. Azterketa berberaren galderak ere, dudarik gabe, itzulpenak izango dira, eta gainera litekeena da presazko itzulpena izatea.
5. Halaber, alegazioak erantzungo dituztenek, EPEren epaimahaian, baita ondorengo instantzia juridikoetan oposaketa judiziopean sartuz gero, gaztelaniazko bertsioak izango dituzte oinarri.
Teorian administrazioak elebidunen eskubideak bermatzen ditu. Teorian euskara gaztelania bezain ofiziala da, baina kasu gehienetan ikusi dugun moduan, agerian gelditzen da praktikan euskara bigarren mailako hizkuntza dela.
Euskal Herrian euskaldunak gaztelaniazko eledunen menpe gaude. Eta bide horretatik jarraituz gero mendeak eta mendeak pasatu behar izango dira egoera honi buelta emateko. Datorren urterako beste mailako oposaketa batzuk daude iragarrita, ea ordurako gai garen aipatutako trabak gainditzeko.
Euskal Herrian gaude, beraz gutxienez lanpostu guztien erdiak euskaraz egin beharko luke eta beste erdiak soilik gaztelaniaz egin zezakeen. Batzuek, proposamen hori gehiegikeriatzat joko dute, jakina; baina orain gertatzen dena ez ote da gehiegikeria? Euskaldunak zeharo kaltetuta gelditzen gara, eta azterketak “de facto” gaztelaniaz egitera behartuta gaude. Indarrean dagoen legea errespetatuz aurrekoa legalki lortzea ezinezkoa balitz, ondokoa proposatuko nuke: euskarari dagozkion lanpostuen kopurua, euskaraz egiteko baldintzapean atera beharko lituzkete hurrengo EPEan, eta ikasgaien prestatzaileak zein aztertzaileak, egunero euskaraz lan egiten dituztenen artean aukeratuak izan beharko lirateke.
Gerardo Luzuriaga
Liburu elektronikoen irakurgailuak
Liburu elektronikoen irakurgailuak errealitate bihurtu dira Donostiako liburutegietan. Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak teknologia berri honen aldeko apustua egin du eta datorren maiatzaren 3tik, liburutegietako erabiltzaileek liburu elektronikoak maileguan hartzeko aukera izango dute.
Guztira 33 irakurgailu izango dira eta bakoitzaren memorian, lehenengoz, gaztelaniazko 594 idazlan, euskarazko 69 eta ingelesezko 50 izango dira.
Liburutegi Zerbitzuak izenburuen eskaintza gehitu ahal izango du, beti ere legez onartuak dauden deskargen bidez. Euskararen kasuan, orain eskainiko diren 69 izenburuak Auspoa bildumakoak dira, bere garaian Euskararen Patronatuak digitalizatu zituenak.
Tresna berri hauek, iLiad, Cybook eta Papyre, Liburutegien Sareko 11 liburutegietan banatuko dira, eta bazkide erabiltzaileek 21 eguneko mailegua egiteko aukera izango dute. Erabiltzaileari, itzulketa egiterakoan, galdekizun labur bati erantzutea eskatuko zaio, zerbitzua hobetu ahal izateko.
Liburu elektronikoen zerbitzu berri hau gure eduki digitalen hurbilpen lan hildoaren barnean kokatzen da; hain zuzen ere, horren eredu ditugu jada Hemeroteka Digitala
(http://liburutegidigitala.donostiakultura.com/Liburutegiak/), tokiko egunkari zaharren 40 izenburu digitalizatuekin, eta gure bloga: "Liburutegiko albisteak" (http://liburutegikoalbisteak.donostiakultura.comZure iruzkinak eta iradokizunak jasotzea gustatuko litzaiguke.
PARTE HARTU GURE BLOGEAN! Klik egin: http://liburutegikoalbisteak.donostiakultura.com/eu/
DONOSTIA KULTURA, 20003 donostiakoliburutegiak@donostia.org
Liburutegi zerbitzua, Konstituzio plaza, 1
Euskadiko Liburutegiaren Legearen zirriborroa
Kote Guevarak UDALBIB sareari bidalitako Euskadiko liburutegien 11/2007 legearen arauzko garapenen gaineko informazioa oso interesgarria izan da. Eusko Legebiltzarrean Kultura sailburuaren idatzizko erantzunak agerian uzten baitu Euskadiko Liburutegien 11/2007 legearen arauzko garapena (Euskadiko Liburutegiaren Legea, Irakurketa Publikoko Sareko Liburutegien Erregistroa, Euiskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen Mapa) une honetan AZTERKETA ETA BALORAZIO FASEAN dagoela, hots, orain dela urtebete moduan dagoela.
Eusko Jaurlaritzako liburuzain, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegikide, Euskaltzaindiaren Biblioteka batzorkide, eta batez ere Euskadiko Liburutegien Aholku batzordekide izanda Miren Azkarateren ahotik jabetu nintzenean Euskadiko Liburutegien Legearen zirriborroa prestatuta zegoela, gurekiko edukitako jarrera desegokia salatzeko aukera nuen eta eskaera ofizial baten bidez legearen zirriborroa pasatzea eskatu nuen. Garai txarrean izan zenez, ez ziguten bidali, ez baitzuten denborarik eduki erantzuteko ere, baizik eta gobernua hurrengo asteetan utzi behar izan zuten.
Gobernu honek gurekiko jarrera berbera omen du. Baizik eta aipatutako zirriborroaren berri Kotek bidalitako mezuaz jabetu gara. Euzko Abertzaleak “Euskadiko Liburutegien 11/2007 Legearen erregelamenduzko garapena" dela-eta Kulturako sailburuari egindako galderaren idatzizko erantzunari esker jakitun izan gara, alegia.
Liburutegi mundua beti berdin...
Gerardo Luzuriaga