Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Urte bat, bi hilabete, eta hogeita bat egun

Urte bat, bi hilabete, eta hogeita bat egun

albret 2010/07/25 10:53
Beraz, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegikideen oraingo kezka ez da sortuko den edo ez, baizik eta zer motatako egoitza izango den.

Ez, ez da epai baten zigorra, bizi garen garaian hori huskeria izango baitzen. Euskadiko Liburutegiak legez sortuta beharko lukeen epea da. Kostata lortu genuen Legebiltzarrera Liburutegien Legea eramatea eta aurrera ateratzea. Herri honetako talde batek, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak, kristorenak eta bi egin ditu gaiak pil-pilean iraun dezan. Urte dezentetan ibili gara liburutegiei buruzko gaiak aldarrikatzen, eta azkenean onartu zen Legebiltzarrean 11/2007 Legea, Euskadiko Liburutegiei buruzkoa. Egia da, azken unean EAJk Alderdi Sozialistarekin adostutako testua, euskaldun batzuentzat oso motza gelditu zela, besteak beste, «euskal» eta «nazional» hitzak baztertu baitzituzten.

11/2007 Legea berandu dator. Gainerako autonomia erkidegoekin konparatuz, batez beste hamabost urteko atzerapenarekin iritsi da: 1986an indarrean sartu ziren liburutegiei buruzko legeak Valentzian, Asturiasen, eta Aragoin; 1989an Galizian, Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Madrilen, Errioxan, eta Murtzian; 1993an Katalunian; 1997an Extremaduran; 1999an Andaluzian; 2001ean Kantabrian; 2002an Nafarroan, eta 2006an Balear uharteetan. Liburutegi Nagusi edo Nazionalei dagokienez, egoera antzekoa da: 1939an sortu zen Katalunian; 1987an Asturiasen; 1988an Errioxan; 1989an Gaztela eta Leonen eta Madrilen; 1990ean Aragoin; 1994an Andaluzian; 1995ean Extremaduran, eta 1999an Kantabrian. Nafarroakoa bukatzear dago, eta, aldiz, Euskadikoa hasi barik; hortaz, beldurrik gabe esan dezakegu oso berandu gabiltzala.

Urteak eta urteak ibili gara lege baten zain, horregatik saiatu ginen Euskadiko Liburutegia sortzeko epea legean zehazten, erakundearen sorrera bermatzeko, eta baita lortu ere. Laugarren xedapen gehigarriak argi eta garbi adierazten du liburutegien legea indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko dela Euskadiko Liburutegia. Hortaz, 2009ko maiatzean sortuta eta martxan beharko zuen. Honezkero urte bete, bi hilabete eta hogeita bat eguneko atzerapena daramagu.

Une honetan ez dago aitzakiarik abian ez jartzeko, eta une batetik bestera sortuko dutelakoan gaude. Dagoeneko politikoek ere badakite legez sortuta beharko lukeela, eta horrela onartu dute berriki. Badira hilabete batzuk, gaztelaniazko artikulu batean, Antonio Rivera Kulturako sailburuordeak Euskadiko Liburutegiari buruz galdetuta abian zegoela erantzun zuela, eta arazo ekonomiko eta egokitze batzuei irtenbidea ematea baino ez zitzaiola gelditzen. Beraz, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegikideen oraingo kezka ez da sortuko den edo ez, baizik eta zer motatako egoitza izango den. Bitxia izan baita hainbeste urtetan kultur arloko hamaika ekimeni argi berdea eman arren, Liburutegi Nagusia eta erakunde horrek egingo dituen funtzioak politikoen agendan ez agertu izana.

Ekonomiaren aldetik esne mamitan ibili ginen garaian, ezinezkoa egin zitzaigun liburutegi sistemaren buru beharko lukeen proiektua aurrera ateratzea. Euskadiko hirietan ikusi dugu nola sortu dituzten hamaika proiektu erraldoi diru franko xahututa, besteak beste, Guggenheima, Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegia, Deustuko Unibertsitateko Liburutegia, Alondegia, Antso Jakintsuaren egoitza berria, Bat eraikuntza, Musikene, Tabakalera... gehienak diru publikoz.

Ea krisi ekonomikoak laguntzen digun liburutegi publikoen arloa berrantolatzen. Badaukagu non eta zer zuzendu. Lehendabizi, sistema bibliotekarioa ordenatu behar dugu. Sistemaren elementu guztiak ezinbestekoak dira, liburutegi denak dira garrantzitsuak: udaletakoak, eskoletakoak, foru aldundietakoak, espezializatuak, eta nola ez orokorra edo nagusia. Esparru bakoitzak dauzka ezaugarri propioak eta eginbeharreko berariazko funtzioak. Bigarrenik, bizi garen Taifen erreinuekin bukatu behar dugu, eta horretarako Liburutegi Orokorrari (Nagusiari, Nazionalari) legeak emandako eskumenak aprobetxatu behar ditugu. Halaber, tokian tokiko kultur ekipamenduen zentzugabeko hazkundearekin bukatu behar dugu. Ezin dugu erantzukizuna politikoen eskuetan utzi, beraien komenientziaren arabera jarraituko baitute Euskal Herriko kultur ekipamenduak sortzen eta ez herriaren beharrei begira.

Arestian aipatutakoarekin bukatzeko, eta beste kontu batzuk ere lortzeko, ezinbestekoa da ahalik eta azkarren Liburutegi Orokorra (Nagusia, Nazionala) sortzea, sistema bibliotekarioa ordenatu eta horren buru izateko. Beste artikulu batzuetan Euskal Herriko alderdi batzuk kontuan hartuta -historia, kultura, ohiturak, hizkuntza...-, sistema bibliotekario bakarraren abantailak aipatu izan ditut; baina egun, krisi ekonomikoan murgilduta gaudenez gero, alderdi ekonomikoei emango diet lehentasuna. Oinarrizko liburutegiak denak dira beharrezkoak, horiek baitira herritarrei eguneroko zerbitzuak eskaintzen dizkietenak. Sistemaren gailurrean, berriz, asko gara pentsatzen dugunok Euskal Herrian erakunde bakar batek eginbehar gehienak egin zitzakeela. Erakunde horren xedea liburutegi zerbitzuen multzoa antolatzea eta elementu guztiak koordinatzea eta planifikatzea denez, bai bukatzear dagoen Nafarroako Liburutegiak eta baita Euskadiko Liburutegiak ere egin zezaketen. Soilik, izena eta esleitutako funtzioak aldatu beharko genituzke. Euskadiko Liburutegiaren kasuan, idazteko eta zuzenketen garaian, erakunde autonomoaren izaera administratiboaren alde egin genuen, Euskal Herriko lurraldeak lankidetzan funtzionatu nahi izanez gero etorkizuneko arazoak eta oztopoak ekiditeko.

Liburutegi esparruan bi edo hiru buru eduki beharrean bat edukiz gero, dirutza aurrez genezakeen, bai eraikuntzetan, bai giza baliabide zein materialetan.... Ezbairik gabe, ziur gaude beste esparru batzuek ere - kirola, artxiboak, komunikabideak, profesionalen elkargoak...- irekitako bide interesgarri hau gogoz eta ilusioz jarraituko dutela.

Gerardo Luzuriaga

 Liburuzaina

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.