Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Eusko Jaurlaritzako oposaketak eta euskara

Eusko Jaurlaritzako oposaketak eta euskara

albret 2010/05/24 18:04
Administrazioan azterketak egiteko erabiltzen den hizkuntzak etorkizunean Eusko Jaurlaritzan erabiliko den hizkuntza baldintzatzen du.

Administrazioan azterketak egiteko erabiltzen den hizkuntzak etorkizunean Eusko Jaurlaritzan erabiliko den hizkuntza baldintzatzen du. Tamalez, egiaztatuta dago hizkuntza hori gaztelania dela.

1990eko oposaketan gaiak eta azterketak gaztelaniaz nahiz euskaraz egiteko aukera bermatuta izan arren, denok gaztelaniaz egin zuten, baliteke salbuespenen bat izatea, baina ez dut uste. Hamar urte iragan arren, 2000. urteko oposaketan halako horrenbeste gertatu zen. Inork ez zuen euskaraz azterketa egin. Oraingoan, 2010. urteko oposaketan antzerako zerbait gertatuko delakoan nago.

Badaramatzagu 30 urte administrazioa euskaldundu nahian. Esfortzu handiak egin arren, bai administrazioaren aldetik, baita langileen aldetik ere, milaka langilek euskara ikasi arren, euskaraz hitz egiteko eta idazteko gai izan arren, administrazioa oraindik gaztelaniazko erreinua da.

Egun, berriz, oposaketetako hautagaiek euskarazko ereduetan ikasi dute, baita goi mailako unibertsitateko ikasketak ere euskaraz egin dituzte. Beraz, gehienok euskaldun peto-petoak dira. Areago, euskaran gaztelanian baino askoz erosoago murgiltzen dira.
Orduan, zergatik egiten dituzte azterketak gaztelaniaz?
Erantzuna garbia da, euskaraz eginez gero gainditzeko aukera askoz zailago izango da.

2010. urteko azterketetan, aitzitik, oposiziogileen artean asko dira euskaraz egiten planteatzen ari direnak. Niregana asko etorri dira honen gaineko galderen argibideen bila. Zein hizkuntzatan gomendatzen didazu azterketak egitea, da egindako galdera zuzena. Euskalduna eta euskararen aldekoa izanda, asko kostatzen zait erantzutea.

Ez desanimatzearren, soilik aipatzen dizkiet azterketa euskaraz eginez gero topatuko dituzten eragozpen bakan batzuk. Batez ere, administrazio orokorretik kanpotik datozen oposiziogileei, nik emandako argudioak kontuan hartzeko biziki gomendatzen diet.

1. Oposizio guztietan, gaiak gaztelaniaz prestatuta daude, hortaz euskarazko bertsioa itzulpen hutsa da, eta kasu askotan itzulpen azkarregi egin behar da.

2. Itzulpenetan erabilitako euskarazko terminologia arrotza da. Adibide gisa, liburuzain euskaldunek erabiltzen dugun txaplata hitza, zaila izango da identifikatzea testuan agertzen den etiketa hitzarekin. Gai espezializatuetan terminologia egokia erabiltzea ezinbestekoa da azterketako galderen jatorrizko zentzuaz jabetzeko.

3. Azterketak jartzen dituztenek, kasu onenean euskaldunak izanda ere, azterketak gaztelaniaz prestatzen dituzte, gaiak gaztelaniaz prestatu zituztelako eta eguneroko lana ere erderaz egiten dutelako. Beraz, jatorrizko bertsioa, baita ñabardurak ere hizkuntza horri begira eginak daude

4. Azterketa berberaren galderak ere, dudarik gabe, itzulpenak izango dira, eta gainera litekeena da presazko itzulpena izatea.


5. Halaber, alegazioak erantzungo dituztenek, EPEren epaimahaian, baita ondorengo instantzia juridikoetan oposaketa judiziopean sartuz gero, gaztelaniazko bertsioak izango dituzte oinarri.

Teorian administrazioak elebidunen eskubideak bermatzen ditu. Teorian euskara gaztelania bezain ofiziala da, baina kasu gehienetan ikusi dugun moduan, agerian gelditzen da praktikan euskara bigarren mailako hizkuntza dela.

Euskal Herrian euskaldunak gaztelaniazko eledunen menpe gaude. Eta bide horretatik jarraituz gero mendeak eta mendeak pasatu behar izango dira egoera honi buelta emateko. Datorren urterako beste mailako oposaketa batzuk daude iragarrita, ea ordurako gai garen aipatutako trabak gainditzeko.

Euskal Herrian gaude, beraz gutxienez lanpostu guztien erdiak euskaraz egin beharko luke eta beste erdiak soilik gaztelaniaz egin zezakeen. Batzuek, proposamen hori gehiegikeriatzat joko dute, jakina; baina orain gertatzen dena ez ote da gehiegikeria? Euskaldunak zeharo kaltetuta gelditzen gara, eta azterketak “de facto” gaztelaniaz egitera behartuta gaude. Indarrean dagoen legea errespetatuz aurrekoa legalki lortzea ezinezkoa balitz, ondokoa proposatuko nuke: euskarari dagozkion lanpostuen kopurua, euskaraz egiteko baldintzapean atera beharko lituzkete hurrengo EPEan, eta ikasgaien prestatzaileak zein aztertzaileak, egunero euskaraz lan egiten dituztenen artean aukeratuak izan beharko lirateke.

 Gerardo Luzuriaga

diego
diego dio:
2010/05/25 17:41

Nik azterketa euskaraz egin behar nuen, eta halaxe apuntatu naiz, baina orain zuri irakurrita... IVAPek bere web orrian jarri duen liburua gainbegiratu dut, eta euskarazko bertsioa ulergarriago egin zait. Erdarazkoa, izan ere, espainol juridiko pedante horretan dago idatzita, esaldi amaigabeez osatuta, eta nabaritzen da itzultzaileek hori errazten saiatu direla. Gainera, euskarazko bertsioan hitz eta esaldi inportanteak beltzez azpimarratuta daude, erdarazkoan ez ordea. Hau da, iruditzen zait itzultzaileek saiatu direla benetan bertsio egoki bat idazten. Baina ez dut sakonki aztertu, eta orain zuri irakurrita duda jarri zait.

Gerardo
Gerardo dio:
2010/05/26 02:12

Nire asmoa ez da izan euskaldunak uxatzea, edo beldurtzea... eta askoz gutxiago euskaldunak erderaz azterketak egitera animatzea.

Nire asmoa egoera kritikatzea izan da, ea denon artean oraingo egoera eta orain arte izan den ohitura aldatzen dugun. Argi eta garbi esan dezaket orain arte euskaldun gehienek ez esateagatik denok gaztelaniaz egin dituztela azterketak. Eta hori larritzat jotzen dut.

Hortaz, biziki eskertzen dizut zure erantzuna, (ea jende gehiago animatzen den honi buruz zeredozer esatera) ulertuko duzunez aipatu nituen zailtasunak hor jarraitzen dute izaten, baina une honetan beste baldintza batzuk kontuan hartzekoak dira, haien artean nik aipatzen ditudan batzuk: Egun, oposaketetako hautagaiek euskarazko ereduetan ikasi dute, baita goi mailako unibertsitateko ikasketak ere euskaraz egin dituzte. Beraz, gehienok euskaldun peto-petoak dira. Areago, euskaran gaztelanian baino askoz erosoago murgiltzen dira. Baita zuk aipatzen dituzunak ere kontuan hartzekoak dira: Erdarazkoa, izan ere, espainol juridiko pedante horretan dago idatzita, esaldi amaigabeez osatuta, eta nabaritzen da itzultzaileek hori errazten saiatu direla.

BERAZ, ez desanimatu, eta egin euskaraz. Inoiz ez da izan mezu honen helburua euskaldunak uxatzea, baizik honen gaineko eztabaidatzea...

Xabier
Xabier dio:
2010/06/09 12:40

Ni neu aurten aurkeztuko naiz lehen aldiz oposaketa batzuetara (administrazio laguntzaileen kidegora) eta, ia-ia pentsatu ere egin gabe, azterketa euskaraz egiteko jarri nuen izen emate orrian. Pentsatzekoa da gai bildumak gaztelaniaz prestatzen dituela IVAPek eta gero euskaratu, zenbait kasutan nola-halako itzulpenak eginez. Urteetan IVAPek lan handia egin du administrazioan euskara txertatzen joan ahal izateko, ukaezina da hori, baina oraindik leku gutxi batzuk kenduta gainerako administrazio guztietan nabari da gaztelania dela ohiko hizkuntza.

Oposaketak prestatzeko kaleratu duten liburua eskuratu dut (euskarazkoa) eta bertan argi ikusten da zein den administrazioaren hizkuntza. Besteak beste genero berdintasuna eta 4/2005 legea azaltzen direnean, hizkuntza zaindu beharraz ari direlarik, gaztelaniazko adibideak jartzen dituzte beti: "los ciudadanos" idatzi beharrean "la ciudadanía" idatzi behar dela, "el solicitante" barik "la persona solicitante", etab. Argi dago generoari dagokionez (beste aspektu askotan bezala) euskarak eta gaztelaniak ez dutela elkarren antzik, baina euskarazko temarioan nire ustez euskarazko gaiak landu beharko lirateke. Bistan dago, beste behin, betiko apriorismoarekin jokatzen dihardugula: "guztiek dakite gaztelania eta guztiek erabili behar dute; euskara, aldiz, txoro batzuen hizkuntza baino ez da".

Beste kontu bat hizkuntza eskakizunena da. Zergatik hainbesteko pelmada 3. HE behar dela eta ez dela, gero azterketa erdaraz egingo badute? Azterketa gaztelaniaz egin eta gero euskara proba egitea denbora galtzea iruditzen zait. Baldin lanpostu baterako bi hizkuntzak menderatzea eskatzen bada, logikoena azterketa bi hizkuntzetan batera egitea litzateke, edo bestela, hizkuntza gutxituan, hau da, euskaraz (lehengo apriorismoari jarraiki, inork ez du frogatu behar gaztelaniaz dakienik). Gainera temarioko azterketa euskaraz eginda froga zenezake gai horri buruzko terminologia euskaraz ulertzeko eta erabiltzeko gai zarela, ezta? Nik neuk behintzat argi daukat euskara ezinbestekotzat duten postuetarako azterketak euskaraz izan beharko luketela. Denbora eta baliabideak aurreztea ekarriko liguke horrek.

alaitz
alaitz dio:
2010/06/02 01:07

apa! nik ikasketa guztiak euskaraz egin ditut, baita karrerako asignatura gehienak ere, eta oposaketak euskaraz egitea erabaki dut, gaztelaniazko eredua ikusi ostean, astunegia iruditu zaidalako. Baina hau irakurri ostean, ni ere nahiko larritu naiz...baina pentsatzen jarri naiz, eta uste dut onena euskaraz egitea dela. Izan ere, ikasteko orduan erosoena dena aukeratu behar dela uste dut, eta gaur egun hobetu egin dira erderatik euskerara egiten diren itzulpenak. Beraz jende guztia animatzen dut oposaketak euskaraz egitera. Zorte denei, ba al dakizue ze gai diren garrantzitsuenak?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.