Otarrainxkak baino dilistak nahiago
Gosaltzen nuen bitartean, Euskadi Irratia nuen piztuta sukaldean atzo goizean. Aingeru Epaltza iritzi-emaileari entzun nion aipatzen sarean ikusi berri zuela Langostinos y lentejas bitakoran nik lehengoan egin nahi (baina egin ez) nuena. María San Gil eta Rosa Díez politikarien ekitaldi bi boikotatzen saiatu dira pertsona batzuk azken aste hauetan. Garai batean, aipatu biak, baita beste zenbait jende ere, joaten ziren udal plenoetara beste politikari batzuei aurre egitera. Blogean bi argazki ageri dira: bata, gaur egungoa; bestea, duela zenbait urtekoa. Azken hau egoera gordinean aterata dago (pertsona baten erailketaren ondoren hartutako irudia baita), baina Andoainen Josu Jon Imazi epelak esaten ageri dira aipatu biak. Nacho Escolar blogariak ere egin zuen aipamen bat bere blogean, baita ABC egunkariaren lotura jarri ere (2003ko otsailekoa da informazioa).
Lanean nengoela jada, youtubeko bideo-lotura bat bidali zidan lagun batek. Goizean ez nuen izan ikusteko astirik, baina etxean bai ikusi dudala. Hauxe da bideoa:
Miguel Sanz azaltzen da
alderdikideen aurrean Nafarroan gehiengoa lortzeko zer egin behar duten
esplikatzen (saiatzen behintzat). Lau minutu eskaseko bideo bitxia ikusteko
modukoa da (horregatik itsatsi dut goian).
Youtuben begiratzen ari nintzela, bideo hori lotzen zuten blogak ikustera joan naiz eta hara non agertu zaidan bigarrenez Langostinos y lentejas.
Norbaitek bidalitako seinalea izango ote da? Auskalo, baina hemendik aurrera kontutan hartuko dut Nafarroako egoera politikoa gertutik jarraitzen duen bitakora.
Behnaz Rezaei artista irandarraren margolanak ikusgai Ernest Lluch Kultur Etxean
Esan bezala, Behnaz Rezaei margolari eta diseinatzailearen erakusketa otsailaren 29an, arratsaldeko 19:30ean, inauguratuko da Ernest Lluch Kultur Etxean.
Kontutan izan erakusketa-aretoa Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean dagoela. Martxoaren 18ra arte, margolanak ikusteko moduan egongo dira ondorengo ordutegi hauetan: astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara; larunbatetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara.
Prentsa-oharrak dio, besteak
beste: "diseinu grafikoaren mundutik
bideratu du bere karrera profesionala, baina Txipre eta Iranen bertan alor honetan burututako lan ezberdinak
margolari eta ilustratzaile jardunarekin bateratzen jakin izan du. Horren
lekuko bere jaioterrian bertan antolatu dituen hiru erakusketetan lortutako
publikoaren onespena. Azken boladan Bartzelonan
bere bizilekua kokatu duen artista honek Ametsen bakea izenburuko
atmosfera bereziko margo sorta ekarriko du Donostiara. Emakumea ametsen helburu
eta sorburu dituen margo bilduma".
Pako Belmonte izan da lerro hauek idatzi dituena: "Behnaz Rezaeiren pinturak ametsen esperientzia hegazkorraren ateak irekitzen dizkigu. Lehenik eta behin, atmosfera biribil eta gandutsu batera eramaten gaitu; bertan ikusmena esekita gelditzen da, mugarik gabeko formen eta koloretako gasen mundu batean. Xehetasunetan murgilduz kizkur, distira, filigrana berriak aurkitzen ditugu, tonu bizi horietako dantzaren moztura txikien antzera".
"Amets honetatik ez dago sartu edo ateratzerik, bidaiatzerik beste ez dago. Amesgaizto-errealitatea emana, mundu fantastikoetara egiten den ihesiak ez du ihes-funtzioa betetzen, babesekoa baizik. Izugarrikeria, suntsipen eta triskantza irudiekin aztoratuta, Behnaz Rezaei-k ilusio, sorkuntza eta bizitza-ingurunera eramaten gaitu lan hauen bidez. Den-dena ametsaren etenaldian".
Tonua zaindu behar da
Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartean ere moduak aldatu direla dirudi. Jende gaztea dator atzetik elkartea hainbat urtez gobernatu duten Ruiz Urchegui eta konpainiaren kalterako. Noticias de Gipuzkoa periodikoan asteartean azaldutako albisteari erreparatuz gero, Eduardo Zubiaurre presidenteak kendu ditu kargutik Ruiz Urchegui eta Arturo García. Aldez aurretik ezer esan gabe, bitxia suertatu da lehendakariak nola jakinarazi dion erakundeari kargu gabetzea: langile guztiei bidalitako e-mail baten bidez. Eta orain komeriak, orain aztertu behar omen dute ea presidentea gai ote den halako erabakia hartzeko edo eskuduntza hori ez ote dagoen komite exekutiboaren esku.
Berdin-berdin jarraitzen duena Espainiako politika da. Bi indar nagusietako hautagaien arteko sasi-debateak laurogeita hamargarren urteetako kutsua zuen, hasi aurkezlearekin, segitu estetikarekin eta bukatu zurruntasunarekin. Ez zen 2.0 izan eta debatea ikusi genuenon kopurua ere joan den hamarkadakoa dirudi: 13 milioi pertsona.Eta bere horretan jarraitzen duena Anasagasti jauna da. Argia.com webgunean irakurri diogu Jon Torneri Las Ideas guneak Espainiako politikari baten blog onena aukeratzeko lehiaketa antolatu zuela. Hiru blogari iritsi ziren finalera: bi euskaldun (Patxi López eta Anasagasti) eta Extremadurako lehendakaria (ez Ibarra, Guillermo Fernández Vara baizik). Irabazlea azken hau izan da eta Anasagasti kabreatu dela dirudi. EAJkoa izango ez balitz, bera izango litzatekeela garailea zioen pasa den astean blogean. Eta Extremadurako presidenteak erantzun egin dio.
Garai batean jarraitzen nuen politikari jeltzalearen bloga, baina ohitura hori baztertu behar izan nuen ezin nuelako jasan bera denen gainetik ibili beharra. Umilagoa izan beharko luke Anasagastik. Kasu egin beharko lieke apunte honetan Julen Iturbek enpresei egiten die aholkuei.
Ruperrek furgoi beltza hartu du berriro
Bloglines-i esker jakin dut Danbaka.com webgunean Ruper Ordorika errepidean dela berriro. Lagun batek kontatu zidan aurreko batean Oñatin aritzekoa zela pasa den ostiralean Gutagutarrak taldearen emanaldian eta hala izan zela frogatzerik izan dut (Elizondon, hurrengo egunean, Pantxo Pottoka mitikoa egon omen zen Lur diskotekan). Ea Igorrek edo Unaik laster igotzen duten bideorik beren txokora.
Gure antiojodun maitenetako bat martxoaren 21ean, ostiral santuan, Miarritzeko Gare du Midi aretoan egongo da (aurretik emanaldi gehiago izango ditu, baina hau da gertuen daukadana). Pajaruak dio "datorren apirilaren erdialdera aterako duela CD berria. Kafe Antzokian jasotako zuzeneko grabazioa izango da eta seguru asko DVD batekin".
Duela ia hamar urte Bilbon ikusitako Desorden Público Venezuelako
taldearekin gogoratu naiz. Caracaseko ska taldearen webgunean ikusi nuen duela
gutxi "discotienda" hitza. Diskodenda ezagunagoa da
hemen Euskal Herrian (nahiz eta Google-k hamar emaitza bakarrik jarri bistan),
baina gazteleraz ez nuen inoiz entzun discotienda.
Latinoamerikan erabiliko dute, zeren eta 125.000 emaitza inguru lortu ditu
bilatzaileak.
Txantxikuarrak publikatu ditu bere lanak biniloan, CDan, DVDa erabili du ere.
Zer izango da hurrengoa? Ez dakit, baina aste bukaeran ikusi dut nonbaiten Estopa taldeko bi anaiak haserre zeudela
norbaitek filtratu duelako bere azken lana, Allenrok izenekoa (Kornella
buelta emanda). 250.000 deskarga izan omen ditu ez dakit zer webgunean.
Are gehiago, horren aurretik, beste norbaitek filtratu omen zuen diskoaren
azala.
Kasualitate gehiegi direla
kontutan izanik, La
Tafanera zerbitzuan (Kataluniako zabaldu.com) ikusi dut hasi direla jada
zalantzan jartzen akatsarena; batek baino gehiagok dio ez ote garen marketing
operazio baten aurrean egongo. Sinesgarria
da, bai.
Eguneratzea: 21:15ean. Gutagutarrak taldearen webgunean jarri dute ikusgai bi minutu t´erdiko bideoa.
Rafa Berrio: Obra da garrantzitsuena
Aurreko batean kontatu nuen Hitzorduak izeneko apuntean, Mikel Erentxun musikariarekin batera atera zela Victoria Eugenia antzokiko eszenategira Rafa Berrio. Gaur, Rafaren laguna den Cruz Larrañeta argazkilariaren blogean ibili naiz saltseatzen eta hara non ikusi dudan egun hartako minutu eta erdiko bideo bat. Bertan Rafak kantatzen du Erentxunekin batera.
Abesti hori Rafak egindakoa da. Kanta gehiago ere egin izan ditu beste zenbait artistarentzat. Azkena, Presuntos Implicados taldean ibilitako Sole Giménez bakarlariaren bigarren diskoan agertzen da eta Siempre volverás du izenburu. Duela gutxi hirian egon zen valentziarra lan hori aurkezten; Cruzen blogeanirakur dezakezue kronika moduko bat.
Bukatzeko, pasa den igandean Javier Vizcaíno irrati-gizonak Rafa elkarrizketatu zuen bere programan. Berrioren izenaren gainean klikatuz gero hemezortzi minutuko solasaldi lasaia (tartean Loreto Larunbek eginiko perfil ederra) entzuteko aukera izango duzue. Bertan esaten du apunte honen izenburuan agertzen dena: obra da garrantzitsuena. Horregatik saiatuko da disko bat grabatzen 2008an. Ea egia den.
Rafa Berrio: «Lo importante es la obra», este apunte en castellano.
Kazike ez da beti ron marka bat
Manuel Cañadaren hamahiru
folioko artikuluaren izenburua "Humos y caciques"
da. Zaila da pantailan irakurtzea, baina komeni da inprimatzea eta lasai-lasai
leitzea.
Gaur egungo Extremadurako jauntxokeria eta klientelismoa aztertzeko, herrialde horretako enpresari garrantzitsuenaren ibilbideari erreparatzen dio egileak. Alfonso Gallardo Jerez de los Caballeros herrikoa da eta bertako Fundiciones Gallardo enpresako langileek izan ziren bere metodoak pairatzen lehenak. Hala ere, 1992an sorturiko Siderúrgica Balboa enpresan abiatu zen gizon honen ibilbide loriatsua. Cañadak kontatzen duenez, Ardila ibaiaren alboan zeuden lurrak desjabetu zituen Extremadurako Juntak eta, gainera, 27 milioi euroko dirulaguntza eman zion gure gizonari. Horrela erraztu zioten inperioa martxan jartzea.
Gaur egun tematuta dago Extremaduran bertan petrolio-findegi bat egin guran. Cañadak dioen bezala, mundu guztia aldaketa klimatikoarekin kezkatuta dagoenean, proiektu megalomanoa jarri nahi dute martxan. Izan ere, 1800 milioi euroko inbertsioa behar omen da aurrera egiteko (Junta prest dago 360 milioi jartzeko). Dena den, kontra egiten ari den mugimendu anitza antolatu da jada eta ez dute erraza izango.
Urrutiko kontuak direla uste baduzue, Gipuzkoako hiru enpresa indartsuetako akzioduna dela esango dizuet. Corrugados Azpeitia, Corrugados Lasao eta, erosi berri duen, Errenteriako paper-fabrika. Noticias de Gipuzkoa egunkariak kontatzen duenez 200 milioi euro pagatuko omen ditu Papresa erosteagatik. Artikulua abenduaren 21ekoa da eta bertan dio azken tramiteren bat falta zela erosketa gauzatzeko. Alfonso Gallardo taldearen webgunean oraindik ez da agertzen enpresa honi buruzko informaziorik.
Galderak: ba al dago jauntxo edo kazikerik Euskal Herrian? Nolakoa da klientelismoa gurean? Nor izango da gure Manuel Cañada? Eta gure Alfonso Gallardo?
Ezeraiketak Erakusleihoan
2004an hasi zen Erakusleihoa. Oker ez banago, Oier Iruretagoiena aka Tüsüri (oraindik) gazteari egokitu zitzaion bere lana programa honetan erakusten zuen bigarren artista izatea. Garai hartan hamazazpi urte betetzeke zegoen oraindik.
Lau urte pasa dira jada eta Oier Bilbon dago egun ikasketak burutzen. Halere, ez du herrikoekin zuen loturarik galdu. Horren adibide da proiektu hau, Mikelazulo Elkartearen inguruan dabiltzan bost lagunek prestatutakoa:
Nortzuk: Iker Fernandez eta Asier Sarasola (testuak); Oscar Manso eta Oier Iruretagoiena (musika) eta Ander Fernandez (argiztapena).
Non: Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean).
Noiz: otsailaren 21ean, arratsaldeko 19:30etan.
Sarrera: doan.
Prentsa-oharrak dio: "Ikuskizun honek taldeko kide batek Parisera egindako bidaian du abiapuntu. Bertan, kubisten lana ezagutu eta horiengan inspiratuta, gitarra melodia bat sortu zuen. Hari horri heldu eta, taldearen laguntzaz, deskonposaketa prozesu antzekoa erabili nahi izan zuten, baina margoen ordez literatura eta musikan oinarrituz. Abiapuntu izandako gitarra melodiak gailu elektronikoen bidezko zatiketa eta berkonposaketa kaotikoak jasan zituen, eta emanaldirako sortutako testuak ere esaldien deskonposaketa eta berkonposaketak hartu zituen ardatz".
Kartela Neus Caamañorena da.
Eurovision
Jesús Cutillas musikariak idatzitakoari esker jakin dut Espainian Eurovision 2008 jaialdian aritzeko ordezkaria aukeratu nahian ari direla TVE eta Myspace.
Otsailaren 25era arte, dago botoa emateko aukera Myspace.com-en. 531 talde eta bakarlarik eman dute izena eta pertsona bakoitzak bost boto eman ditzake egunero (kontrola e-mailaren bidez egiten dute, baina ez dakit ezer gehiago kontrolatzen ote duten).
Cutillas y los Autónomos taldeak aurkezturiko kantaren bila ari nintzela, konturatu naiz bazegoela probintziaka begiratzerik. Laguna Murtziakoa da eta bertako 19 hautagai daudela ikusi dut, adibidez.
Gauzak horrela, jakin izan nahi nuen zenbat euskaldun egon zitekeen tartean. Eta hau da emaitza:
Araba, 19
Bizkaia, 9
Nafarroa, 2
Gipuzkoa, 0
Bitxia.
Anariren hitz argiak
Aspaldian ez nuen Pablo Cabezaren berririk. Atzo arratsaldean, Sareko Argiaren Haria buletinari esker irakurri nuen Pablok Anari abeslariari eginiko elkarrizketa
mamitsu hau. Gazteleraz izaki, lerro batzuk itzultzen hasi, baina uste baino
gehiago luzatu naiz, interesgarriak baitira Anariren adierazpenak, oso-osorik
irakurtzeko modukoak.
Gaur goizean, berriz, Juan Luis Zabala idazleak bere blogean eskainitako poesia irakurri dut ere.
Azken kontzertua, bolada batez behintzat
Pasa den hilaren 3an, bolada batez azken kontzertua izango dena eman genuen Le Bukowski aretoan, Donostian. Barruan nuen arantzatxoa zen. Emanaldi asko ikusita nituen bertan eta izugarria izan zen. Oso hunkigarria. Gainera, beti sentitu izan dut nire benetako tokia sorkuntzaren munduan dagoela. Kantak dira gauzarik garrantzitsuena, nahiz eta topiko bat izan. Asko gustatzen zait idaztea, abestea, ulertzen ez dudan edo ulertu nahi ez dudan guztia interpretatzea… Aldatzea, berridaztea… Sentsazio guzti horiek inoiz baino biziago daude nire baitan. Hau izan da urterik onena nire abeslari ibilbidean. Ezin izango nuke gehiago eskatu.
Noren esku dago musika, artea
Batzutan inbidia diot literatur munduari. Idazleak, batzuk behintzat, beraiengatik eta beraientzat dagoen sistemarekin kritikoagoak baitira. Uste dut musika jarrera bat dela, nik horrela sentitzen dut. Eta musikaren mundua, orokorrean artearekin gertatzen den bezala, musikaz ideiarik ez duen jendearen esku dago eta inork ez du ezer egiten edo esaten. Eta hau oso txikia da, onerako zein txarrerako, eta kontrola, zoritxarrez, esku gutxitan dago. Dena estuki dago lotuta eta, honela, nahiz eta txistea dirudien, zure obraz hitz egiten hasten bazara, elkarrizketaren amaieran, Eroskiren izena agertzen da: zure obraren formatuak Eroskiko apalekin bateragarri izan behar du. Eta gauza guztiekin berdin. Nik ulertzen dut gauzak egiteko beste modu bat dagoela, agian txikiagoa. Eta txikiaren zorionerako, denborak demostratzen du ez dela gehiago saltzen gehiago pilatzeagatik. Musika gehien maite duen jendea da kontzertuetara hurbiltzen dena. Eta zer nahi duzu esatea? Guretzat hori da balio duen bakarra: jotzea, abestea, jendea negarrez jartzea, salto edo oihu egitea… Eta uste dut nola edo hala lortuko dugula grabatzea eta jendeari guk egiten duguna helaraztea.
Euskadin rock & rollak ez du inoiz dirurik emanen
Euskadin, produkzio gehiena –taldeak, kontzertuak, diskoak…- ez dago bertako diskoetxe handien esku eta ez da agertzen gure irrati-formuletan. Hain aipatua den krisi diskografikoak ez du hainbesteko eraginik izan, beti izan baita gogorra. Arazoa da produkzio eta produkzio-etxe handietaz hitz egiten dela soilik. Nazkatuta nago behin eta berriro errepikatzeaz krisialdia egitura mailakoa dela, 80. hamarkadako boom-etik datozen eta 90. hamarkadan emaitza hobeagoak eman zituen egitura handiei eragin diela. Garai horretan musikarekin dirutza egin zuen jendea dago, eta ondo iruditzen zait, baina hori amaitu egin da jada. Gaur egun inor gutxik du gure estudio handietan grabatzeko aukerarik, ezta gure ekipo handiak alokatzeko edo katxeta handiak kobratzeko aukerarik ere…
Artea letren mundukoa da
Etsigarriena da berdin-berdin egiten direla gauzak gaur egun. Izar mediatiko handiak sortzen dira, multinazionalen klabeak aplikatuz. Hau horrela da mundu mailan, baina guk gurea aztertu beharra daukagu. Kaka hutsa urrean pare jartzen da eta urrea, kakaren pare. Zenbakiek balio dute soilik eta artea letren mundukoa da… Gainera, hitz egitera eseri aurretik, garbi geratzen da kristoren mesedea egiten ari zatzaizula. Gauzak oso gaizki doazela ere, ezin da ahaztu diskoetxeak daudela artistak daudelako eta ez aldrebes. Gauzak ondo zirenean, diskoetxeek artistek baino diru gehiago irabazi dute diskoekin. Guk, Esan Ozenki diskoetxearekin sinaturiko lehen kontratuetan, hogei urteko karrera zuten musikariek baino kontratu hobeagoak genituen. Niretzat Metak diskoetxearen itxieraren alderik txarrena da gauzak ondo egitearen eta artistarekiko begirunearen erreferentea galdu dugula. Badago oso gaizki pasatzen ari den jendea, baina ez da malko gehien isurtzen dituena. Eta badago jendea urteak daramatzana aretoetan, diskoetxe txikietan, aldizkarietan, irratietan… Chapeau beraiengatik!
Bidea nola egin
Badakit modu batez grabatuz gero, kontsakrazioa lortuko nuela. Teleberrian aterako nintzateke eta telebistako iragarkietan. Euskal musikaren zutabe bat nintzateke azkenean, nahiz eta soilik hamar kontzertu eskaini urtean zehar eta inor ez joan horietara. Ni beti egon naiz horren aurka. Musikari esker zerbait lortu badut, hori izan da pertsona apartak ezagutzea, gauzak nola egin behar diren erakutsi nautenak. Fermin Muguruza, adibidez, aurreko belaunaldikoa da, baina berau da gu guztion artean subertsiboena; bere musika gustuko izan edo ez izan, ezin uka arriskatzen duen pertsona dela. Garrantzitsuena da esaten duena, baina, batez ere, egiten duena. Hori da niretzat balio duen bakarra. Ferminek uko egin die benetako eskaintzei, bizimodua konpontzen dizuten eskaintzei, multinazionalek egindakoak, eta hori jakin beharko litzateke. Eta gainera diskoa Talka Records diskoetxean argitaratu du, autoprodukzioa; bitartean, ustez alternatiboagoa den nire belaunaldiko jendea sistemak irentsi egin du. Musikari gehiago daude, Ruper Ordorika adibidez, edo nire lekuko handiena, Mikel Abrego… Pozten naiz zuen gehigarrian Joseba Irazoki abeslariaren diskoa Sprinsgteen-en aldamenean ikusterakoan. Hori da gehien bat behar duguna, sistemak ez kontrolatzea guztia. Komunikabideak libreak diren bitartean, denek izango dugu tokitxoren bat.