Elkarrizketa ez, bakarrizketak nagusi
Astelehenetik ez dut periodikorik erosi. Total, zertarako? Ostiralekoak pott eginda utzi ninduen. Aste bukaeran egon naiz irakurtzen Xabier Zabaltza historialari eta itzultzaile nafarraren Gu, nafarrok liburua. Handik atera dut testu hau:
"Orohar, eusko-nafar zein erdo-nafarren artean lan intelektuala gutxietsi eta kirola handiesteko joera dago. Ez dakit nafarrak espainolistak, baskistak edo navarristak diren, baina bistan da osasunistak direla. Eusko-nafarrek eta erdo-nafarrek berdin-berdin jauretsi zuten Miguel Indurain eta haren desagertzeak hutsune bat utzi zuen, batzuek eta besteek oraindik bete ezin izan dutena. Nor izanen ote da Indurainen ordezkoa? Geroak erranen. Zaila iruditzen zait, baina, poeta, filosofo, artista edo zientzialari bati duin iriztea ohore hori lortzeko. Eta zer esanik ez, emakume bati ere ez".
"Lan intelektualarekiko utzikeria kultura kontzeptuaren inguruan izan daitekeen adostasunean adierazten da, gazteen artean gehienbat. Erdo-nafar eta eusko-nafar anitzendako ostatua da kulturaren babeslekua. Kontzeptu horren interpretazio zabal samar horrekin loturik agian, elkarrizketarako zailtasuna eta, argudioen bidez konbentzitzen saiatu beharrean, aurkaria iraintzeko joera nabarmena dago. 1977tik aurrera, teorian estatu demokratiko batean bizi bagara ere, Nafarroan (eta ez bakarrik Nafarroan), ezinezkoa izan da eztabaida serio bat edukitzea gizartea ukitzen duen edozein aferaren gainean, direla beste euskal autonomia erkidegoarekiko harremanak, euskara, NATO, abortatzea, Iparraldeko Autobia, Itoizko Urtegia, intsumisioa edo, gaur egun, Lastertasun Handiko Trena eta inmigrazioa. Elkarrizketa bat izan beharrean, bi bakarrizketa izan dira gehienetan, Nafarroako Gorteetan eta hortik kanpo".
Nafarretaz ari da, baina besteoi ere aplikatzen erraza da. Liburuaren tonua gustatu zait, nahiz askotan garratza izan. Aipatutako bi parrafoetan dagoen ideia nagusiarekin ere ados nago: ez dugu bestea entzuteko ohiturarik. Lankide batek esan zidan atzo Holandako bere ezagun bat sarritan geratzen zela lagunekin eztabaidatzeko. Gurasoekin ere egiten omen zuten zita noizean behin. Noiz ikusiko dugu hori hemen?
Liburuxka honen berri eman zigun Joxe Aranzabal farozainak, baita Beni komandanteak ere. Azken honengatik iritsi naiz Bixente Serrano Izkok idatzitako kritikara.
Bukatzeko, goian jarri dut esteka, baina hona hemen berriro Mikel Asurmendi kazetariak eginiko elkarrizketa.
Itxura ona du ere Bezperaren bezperan, Aingeru Epaltzak azken hogeita hamar urteei buruz idatzitako kronika liburua. Hamar urte gehiago jarri dizkiote liburuaren azal-hegalean eta akats bera errepikatu dute Argian Miel Anjel Elustondok eginiko elkarrizketan, baina hori beste kontu bat da.