Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Tokiz kanpo

Mikel Iturria 2009/11/11 06:05
Errege-erreginak Donostira ekarri dituzte Aquariumak eta Diario Vascok. Kontutan hartzeko modukoa.

Dear JOR:

Gaur bertan kontatu izan bazenit bezala gogoratzen dut duela urte batzuk erregeak Donostiara egindako bisita batean gertatutakoa.

Miramar Jauregian zaude. Erregea (edo errege-erreginak) etorriak dira Donostiara ez dakit oso ondo zertara, baina El Mundo (del País Vasco) egunkariaren ordezkari gisa bidali zaituzte harrera ofizialera. Halako batean, zigarroa erretzera atera zara Miramarko lorategira. Lorategian ezezagun batekin egin duzu topo. Eta ezezagunari esaten diozu ea nolatan etorri den Borboia Euskal Herrira. Zuen talaiatik ondo baino hobeto ikusten dira manifestazioaren ondorioz sorturiko keak, baita entzun ere polizi autoen sirenak. Ezezagun horri esaten diozu ea zergatik etorri behar zuen halako istiluak sortzeko arriskua zegoenaren jakitun.

Ezezagunak ez dizu erantzun eta zu barrura zoaz, zigarroa itzali ostean. Barruan zaudela, zure taldeko batek galdetzen dizu ea zertan zenbiltzan Sabino Fernández Camporekin.

Biak jada joanak zarete, baina errege-erreginak Donostiara datoz gaurkoan, ongizatearen nekaezinak baitira hauek (Monacoko Carolina ere badator). Kasu honetan, Aquarium bisitatzera eta El Diario Vascoren hirurogeita hamabosgarren urteurrena ospatzera. Ze popopoza! Are gehiago, Ertzaintzak herri xumeari gomendatzen dio garraio publikoa erabiltzea (hau da, beti bezala).

Irabazten ari dira.

Herritarrok galtzen ari gara.

Hurrengora arte, JOR.

Fuera de juego, este apunte en castellano

Beste gu

Mikel Iturria 2009/11/08 22:48
Alakrana ontzian bahituta daudenak, etxera. Ados. Baina komeni da ere ur haietan gertatzen ari dena beste begi batzuekin begiratzea.

Esan bezala, Alakrana ontzikoak aske ikusi nahi ditut berandu baino lehen. Horregatik, besarkada bat bidali nahi diet hemendik beren senide, lagun eta bizilagunei.

Baina, gauza batzuk esan nahi ditut arazo honen aurrean.

Aste honetan Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak Teodoro Akarregi ondarrutarra elkarrizketatu du: Marea luzea piraten esku. Alakrana ontziaren aurretik Alakran baforan ibilitakoa da Teodoro eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu hango kontuak.

Gehienok bezala, lehenengo eta behin arrantzaleak ekarri behar direla pentsatzen du Akarregik. "Ordaindu eta ekarri egin behar dira". Gero, "txalupak portuan eduki behar badira arazoak konpondu arte, eduki egin beharko dira". Ez ditu armak gustuko eta konpondu baino egoera zailduko dutela uste du. "Nik ez dut ikusten irtenbide modura. Horrela ere berdin-berdin doa galtzeko. Alakrana bahitu zutenak hamaika ziren, baina hurrengo erasotu zutenak bi txalupa izan ziren. Bakoitzean hamar joanda, 20 dira. Ontzi batean lau militar sartuta ere, eurak gehiago". Barrura begira ere ez omen da ona: "Gabon Eguna, Gabon Zahar Eguna... horiek txarrak izaten dira itsasoan. Sarritan egoten dira auskak, eta barruan armak eroanda, batek jakin zer pasa daitekeen (...) Armarik ez da behar itsasoan, beste edozein beharretan erabiltzen ez diren moduan, itsasoan ere ez".

Bizitza latza, bai, "gure arrantzaleena". Kakotx artean jartzen dut, ez bata ez bestea ez zaizkidalako gustatzen. Gure? Nongoak gara gu? Arrantzaleak? Greenpeace erakundeak aurpegia atera zien bere garaian Hondarribian kañabera erabiliz atuna-eta arrantzatzen zutenei, baina Indiako Ozeanoan dabiltzan ontzi hauek aurretik jartzen zaien gauza oro harrapatu eta sareratzen dute.

Ez pentsa inguruan ez dudala inor arrantzatik bizi denik eta, beraz, urrutiko kontuak aipatzen ari naizela. Adibidez, senide bat daukat ia hogeitabost urte daramatzana Venezuela eta Panamako uretan arrantzan. Laurogeigarren hamarkadan bertara joan zenean, dolarretan kobratzen zuen eta asko irabazten zuen pezetarekiko aldea nabarmena zelako. Orain, berriz, askoz ere denbora gehiago pasatzen du itsasoan eta gutxiago irabazten du dolarrak euroarekiko asko galdu duelako.

Bukatu aurretik, beste kontu bat ere aipatu nahi dut. Picapiedraren blogean ikusi dut Diagonal periodikoaren webgunean duela egun batzuk jarritako bideo bat. Kazetari batek eginiko erreportaje laburra da, lau minutu pasatxokoa. Merezi du ikustea. “Gure ikuspegiaren” beste aldea.

Zorionez, badirudi, Alakranako tripulazioa askatzeko akordioa gertu dagoela.

Hasta Calcuta, este apunte en castellano.


José Luis Sampedro

Mikel Iturria 2009/11/07 14:28
Krisiari buruz hitz egin zuen Sampedrok chez Calleja. Zortzi minutu pasatxoko bideoa.

 

Raquelen bidez iritsi zait. Eskerrik asko.

Babiloniako loreak

Mikel Iturria 2009/11/04 06:05
Larunbatean eta igandean egon zen FTIko troupe-a Egiako Gazteszenan. Babiloniako loreak emanaldian, aretoa lepo bi egunetan.

Larunbatean Babiloniako loreak antzezlana ikusteko aukera izan genuen Egiako Gazteszenan, Antzerkiola Imaginarioaren obra berria. Hor nonbait irakurri genuen Ander Lipus antzerkilariak amonari eskainitakoa zela obra hau. Antzerki prestakuntzarekin jarraitzeko, Lipusek Madrilera jo zuenean, gaizki hartu omen zuen amonak bilobak alde egitea. Geroztik, ez omen zen etxetik atera eta ordu asko ematen omen zituen ohean.

Argiak oraindik piztu ez direnean, gaztelaniazko esaldi bat entzuten da. Gero jakingo dugu Nikosia dela oihu egiten duena. Argiak piztu eta Lipus bera ageri da amona Inesen paperean, eszenatokiaren erdian obrak irauten duen bitartean dagoen ohe handian. Zortzi armairu zutabe inguratzen dute ohea. Nola zen Rafaela Aparicio aktorearen hura? Mamá cumple cien años? Hori, baina ohean.

Miren Gaztañagak jokatzen du amonaren bilobaren papera, Hegoa narratzaile, aktore eta kantaria. Espe López aktoreak (Legaleon T) amonaren zaintzailearena, soilik gaztelaniaz hitz egiten duen Nikosia da, laismoz eta loismoz beteriko herri xumearen diskurtsoarekin jotafuego. Alex Gerediaga, berriz, politikari, apaiz eta mediku lanetan dabil. Politikariarena ez zaio politikari askori gustatuko, batez ere agintean egon diren abertzaleei. Azken aktorea Mirian Martxande da, enterradorea eta zamaltzain beltza.

Gauza on asko ikusi genituen: Lipus denen gainetik eta Gaztañagaren elegantzia natural hori azpimarratuko nituzke aktoreen artean; gogoan izateko eszenak (biloba eta amonarena, adibidez, izango da hunkigarriena); euskara da nagusi, baina gaztelania oso era naturalean txertatzen da obran zehar; bi egunetan aretoa betetzea ez da meritu makala (500 lagun)…

Baina obra gehiegi luzatu dutela uste dut eta amaiera horrek… ez dakit ba. Ez dut gehiago kontatuko, baina lehendik amaitu behar zela uste dut eta amonaren agur-dantzarekin nahikoa delakoan nago.

Orokorrean, oso kontutan hartzeko lana da. Ahal baduzue, segi ikustera.

Flores de Babilonia, este apunte en castellano

Eguneratzea. Gaueko 21:00etan. Mandrágora telebista saioak eskaini zien tartea jarriko dizuegu paragrafo honen azpian. Gainera, antzezlan honi buruz idatzi zuen Gorka Bereziartuak astelehenean eta, Jonek erantzunetan dioen moduan, mezu truke polita sortu du : Antzerkiolaren arrakastaz pentsamendu erraz eta arin batzuk, mundu guztiak ulertzeko modukoak.

Jabierren hamargarrena

Mikel Iturria 2009/11/02 06:05
Ostiralean, Jabier Muguruzak Lugaritzen eskaini zuen Taxirik ez lana aurkezteko kontzertuan egon nintzen.

Hamabost urte baino gehiago pasa dira Jabier Muguruzak kantautore ibilbidea hasi zuela eta Madrilgo Resistencia etxearen eskutik publikatu du bere hamargarren lana Taxirik ez izenekoa. Ostiralean Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal Aretoan ikusteko parada izan genuen.

Beltzez jantzitako lau gizon agertu ziren eszenatoki gainean: Igor Telletxea, bateria; Txema Garcés, baxua; Angel Unzu, gitarra eta koruak. Kantatzeaz gain, Jabierrek ere alboan zuen eskusoinua astindu zuen abestiren batean edo bestean.

Betiko Jabier ikusi genuen taula gainean, baina badira zenbait aldaketatxo eta ñabardura azpimarragarriak: estudioko azken bi diskoen ondoren, bateria eta baxua ditu laguntzaile eszenatokian; Mireia Otzerinjauregik diskoan sartzen dituen ahotsak Unzuk egiten ditu zuzenean; keinu asko egiten ditu Jabierrek kantak laguntzeko, mugitzen duela gorputza, interpretazioaren bidetik jotzen duela (zerikusia izango du Aitarekin bidaian antzezlanean musikari eta aktore gisa aritzeak? Ez dut uste).

Aspaldiko lagun koadrila izan du letragile lanetan Anjel Katarainen agindupean grabaturiko obra hau osatzeko. Aste honetan bertan emandako prentsaurrekoan esan zuen abestiez osaturiko lehen diskoa zela Taxirik ez. Hau da, ez zirela musikatutako poemak, laguntzaileei abestiak eskatu dizkiela, kasu honetan.

Lehen aldiz ageri da talde honetan Iban Zaldua (uste nuen lehendik letraren bat egina ziola, baina ez da horrela) eta gainerakoak agertuak dira Jabierren aurreko diskoetan: Irazu anaiak (Iñaki eta Bernardo Atxaga), Harkaitz Cano, José Luis Padrón eta Gerardo Markuleta. Erdaraz eginiko abestia katalunieraz dago kasu honetan, Mikel Azpiroz pianistarekin batera moldatutako Maria-Mercè Marçal poetaren Tan petita letra, Catorze poemes, catorze cançons omenezko diskoan agertu zena.

Bernardo Atxagak idatzitako Clementine kanta da gehien gustatzen zaidana, Muguruzatarren amona Joxeparen hitz goxo batzuk dituena. "¡Hay que discurrir, hay que discurrir!" esaten omen zion umetan maistrak. "Bai, intzan hik", amonak arrapostu.

Niri bezala Jabier gustatzen bazaizu, lan hau ere gustatuko zaizu. Ea 2010erako zuzenekoen zerrenda gizentzen ikusten dugun.

El décimo de Jabier, este apunte en castellano.

Atxagari eginiko elkarrizketa bat

Mikel Iturria 2009/11/01 15:11
Euskal Jakintza faktoriaren produktu berri bat.


Irune Agirrek elkarrizketatu zuen duela pare bat aste Bernardo Atxaga

Zalduondoko bere etxean. Igande arratsalde honetan beste konturik ez baduzue, hona hemen plan ederra. Idatzizkoa irakurri nahi izanez gero, jo iturrira: Bernardo Atxaga: Ez goaz argirantz. Ilunak bultzatzen gaitu (i) eta Ez goaz argirantz. Ilunak bultzatzen gaitu (ii).

Klase ertainaren hautua

Mikel Iturria 2009/10/31 12:08
Pasa den igandean El País egunkarian Jose Luis Barberiak krisiari buruz idatzitako erreportajetik ateratako paragrafo bat.

Euskal aberiaz ari den gehienetan ez zait gustatzen Jose Luis Barberia kazetariaren ikuspuntua, baina pasa den igandeko El País-en argitaratutako krisiari buruzko erreportaje zabala Familias hundidas por la crisis egokia iruditu zitzaidan eta gustura irakurri nuen, nahiz eta bertan kontatzen dena ez izan irents erraza. Krisiak kolpatutako hainbat pertsona elkarrizketatu zituen Barberiak eta hemen jarritako lotura jarraituz irakur dezakezue lasai.

Nik, berriz, amaieran ageri den Pedro Cabrera irakaslearen esanari erreparatu nahi diot:

"Klase ertainak oinarrizko bi erreakzioen artean hautatu beharko du: beldurraren eta elkartasunaren artean. Lehenengoarekin batera datoz mugak ixtea, etorkin irregularren harrera penalizatzea, jende gehiago kartzelan sartzea eta eskuratutako pribilegioei eustea".

Comillasko Unibertsitateko soziologia irakasleak gaineratzen du: "Elkartasunaren alde eginez gero, ongintza eta karitate jantokietatik haratago joan beharko genuke eta galdegin geure buruari dirulaguntzen desastre burokratikoaz, baliabide eskasiaz eta Administrazioko departamentu ezberdinen arteko koordinazio ezaz. Honek ekarriko luke babes sozialeko sistemak eraginkortasunez birrantolatzea, aurrekontuetan lehentasun handiagoa ematea eta beharrezkoak diren zergak ordainaraztea pagatu behar dituzten guztiei".

Planteamendu egokia dirudi. Nora joko dugu?

Eguneratzea. 12:35ean. Lerro hauek ostegunean idatzi nituen. Ostiraleko DVko paperezkoan azalera eraman zuten bikote honen kasua. Bi gaixo hauen kasua azalera eraman behar zen, argazki erraldoi batekin?

Eguneratzea. Azaroak 1. 11:30ean. La elección de la clase media, este apunte en castellano.

Jamaika da bidea

Mikel Iturria 2009/10/28 06:05
Sei hilabete joan zaizkigu jada JOR hil zenetik.

Dear JOR:

Gogoratzen Oier potolitoa? Haren amak, Elenak, idatzi berri du blogean semeak gelakide berria duela eskolan. Amak galdetu zionean ea nongoa zen mutila, semeak ez zekien erantzuten. Berarentzat galdera garrantzitsuena beste bat baitzen: portero edo jokalari.

Lehenengo galdera helduen mundukoa baita. Jakin nahi dugu nongoa den bestea, nire garai bateko jefe baten moduan “nirekin edo nire aurka” maxima aplikatzeko ondoren. Berarekin ez nengoenez, haren ustez kontra ari bainintzen.

Hemen gauzak ez dira asko aldatu. Beti bezala jarraitzen dugu, gizona. Batekin bazaude, malo; bestearekin, okerrago.

Baina guri bost axola. Zaletasun gutxi ditugu, baina egungo Javier Vizcaínoren zale izaten jarraituko dugu  (erreparatu elkarrizketa honetako komentarioen mailari), inorekin ezkontzen ez den horietakoa delako.

Ezkontzak aipatzen ditugula, aurrekoan irakurri genuen Iñigo Alonsori eginiko elkarrizketa hau. Euskalmet agentziako buru berria da Iñigo eta senarra, Ernesto Gasco, da departamentuko sailburuordetako bat. Baina zu lasai, ez baitio senarrak deitu, Arriolak baizik. Gauza jakina da Geografia lizentziatua izanik eta autobus gidari lanetan ibili ondoren, asko ikasten dela eguraldiaz (igogailuetan gehiago, izenda dezatela hurrengo zuzendari aszensoristaren bat). 

Hauei tokia egin dietenak ere, ez pentsa. Aste honetan bertan El Mundok publikatu du EITBko zuzendaritzako sei kidek jasotako kalte-ordaina, nahiz eta lagun horiek etxean bertan jarraitu beharrean. Tonto aurpegia geratzen zait horrelakoak irakurrita.

Noticias taldean ere sumatzen da saltsa. Pentsa, Iñigo Camino izendatu dute Deiako zuzendari. No comment!

Amaitu baino lehen: Rubalcaba bezalakoentzat ez dago tokirik Jamaikan? Esango didazu.

Besarkada bat, JOR.

Jamaica es el camino, este apunte en castellano.

Afganistanen bonbak jaurti ondoren, familiarekin afaltzera

Mikel Iturria 2009/10/26 10:15
Lau minutu pasatxoko bideoa. Aktan jasoa. Sustatu.

Ander Izagirre kazetariaren bidez izan dut bideo honen berri. Berak fogonazos izeneko blogetik jaso du: Bombardeo en Afganistán y después a cenar a casa.

Kontua da bonbak botatzen dituztenak Estatu Batuetan daudela, Las Vegasko iparraldean dagoen Creech basean. Eta hildakoak, berriz, Afganistanen. Urrutiko kontrol bidez maneiatzen dituzte abioiak eta bonbak.

Lau minutu pasatxoko bideo beldurgarria.

 

Afganistanen bonbak jaurti ondoren, familiarekin afaltzera. Aktan jasoa. Sustatu. 2009-10-26.

Ezin iritsi

Mikel Iturria 2009/10/23 06:05
Bost aste, hamaika ekitaldi (hamalau). Ni ere ez naiz iristen.

Donostiatik mugitu gabe eta udal ekipamenduak soilik kontutan hartuz, gauza interesgarri hauek apuntatu ditut nik datozen asteetarako.

Urriak 30: Jabier Muguruza. Musika. Imanol Larzabal (Lugaritz).

Urriak 31-Azaroak 1: Babiloniako loreak, FTI Antzerkiola Imaginarioa. Antzerkia. Gazteszena (Egia). 20:00.

Urriak 31–Azaroak 6: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Astea. Zinema.

Azaroak 5: Anari + Zeren Zai. Musika. Gaztemaniak! Gazteszena (Egia). 20:30.

Azaroak 7: Kings of Convenience. Musika. Victoria Eugenia. 20:30.

Azaroak 13: 50 años de Nova canço, Marc Parrot. Musika. Imanol Larzabal (Lugaritz). 21:00.

Azaroak 14: De Mahagonny a Youkali: un viaje con Kurt Weill, Vicky Peña. Gazteszena (Egia). 20:00.

Azaroak 16: Tres vidas de Santos, Eduardo Mendoza. DK Literatura. Egilea egongo da ekitaldian.

Azaroak 18: The Lemonheads + Thee Brandy Hips. Musika. Gazteszena. 20:30.

Azaroak 20: El Lebrijano: cuando Lebrijano canta se moja el agua. Musika. Victoria Eugenia. 20:30.

Azaroak 21: Si je t´m, Black Blanc Beur. Dantza. Gazteszena (Egia). 20:00.

Azaroak 21: Lady Dottie & The Diamonds + Lord Bishop. Musika. Altza Kultur Etxea. 21:30.

Azaroak 25: Ari + La Omega + Paulee… Indarkeria matxistaren kontrako hip-hop emanaldia. Musika. Gazteszena (Egia). 21:00.

Azaroak 26: Txakurrek haginka, Kandido Uranga. Antzerkia. Erakusleihoa. Ernest Lluch K. E. 19:30.

Goian aipatu bezala, ez ditut denak zerrendatu; nire gustukoak direnak, baizik. Ni ez naiz kexatuko, baina hain hiri txikian badago publikorik horrelako eskaintza bati erantzuteko?

Eta badakit ez dela une aproposa horrelakoak planteatzeko, zeren eta uste baitut krisiaren erauntsiak behar ez diren ekimen asko bidaliko dituela pikutara.

Dena den, dagoen bitartean, gozatu! Gaur ostirala da-eta.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter