Jabierren hamargarrena
Hamabost urte baino gehiago pasa dira Jabier Muguruzak kantautore ibilbidea hasi zuela eta Madrilgo Resistencia etxearen eskutik publikatu du bere hamargarren lana Taxirik ez izenekoa. Ostiralean Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal Aretoan ikusteko parada izan genuen.
Beltzez jantzitako lau gizon agertu ziren eszenatoki gainean: Igor Telletxea, bateria; Txema Garcés, baxua; Angel Unzu, gitarra eta koruak. Kantatzeaz gain, Jabierrek ere alboan zuen eskusoinua astindu zuen abestiren batean edo bestean.
Betiko Jabier ikusi genuen taula gainean, baina badira zenbait aldaketatxo eta ñabardura azpimarragarriak: estudioko azken bi diskoen ondoren, bateria eta baxua ditu laguntzaile eszenatokian; Mireia Otzerinjauregik diskoan sartzen dituen ahotsak Unzuk egiten ditu zuzenean; keinu asko egiten ditu Jabierrek kantak laguntzeko, mugitzen duela gorputza, interpretazioaren bidetik jotzen duela (zerikusia izango du Aitarekin bidaian antzezlanean musikari eta aktore gisa aritzeak? Ez dut uste).
Aspaldiko lagun koadrila izan du letragile lanetan Anjel Katarainen agindupean grabaturiko obra hau osatzeko. Aste honetan bertan emandako prentsaurrekoan esan zuen abestiez osaturiko lehen diskoa zela Taxirik ez. Hau da, ez zirela musikatutako poemak, laguntzaileei abestiak eskatu dizkiela, kasu honetan.
Lehen aldiz ageri da talde honetan Iban Zaldua (uste nuen lehendik letraren bat egina ziola, baina ez da horrela) eta gainerakoak agertuak dira Jabierren aurreko diskoetan: Irazu anaiak (Iñaki eta Bernardo Atxaga), Harkaitz Cano, José Luis Padrón eta Gerardo Markuleta. Erdaraz eginiko abestia katalunieraz dago kasu honetan, Mikel Azpiroz pianistarekin batera moldatutako Maria-Mercè Marçal poetaren Tan petita letra, Catorze poemes, catorze cançons omenezko diskoan agertu zena.
Bernardo Atxagak idatzitako Clementine kanta da gehien gustatzen zaidana, Muguruzatarren amona Joxeparen hitz goxo batzuk dituena. "¡Hay que discurrir, hay que discurrir!" esaten omen zion umetan maistrak. "Bai, intzan hik", amonak arrapostu.
Niri bezala Jabier gustatzen bazaizu, lan hau ere gustatuko zaizu. Ea 2010erako zuzenekoen zerrenda gizentzen ikusten dugun.
El décimo de Jabier, este apunte en castellano.