Beste gu
Esan bezala, Alakrana ontzikoak aske ikusi nahi ditut berandu baino lehen. Horregatik, besarkada bat bidali nahi diet hemendik beren senide, lagun eta bizilagunei.
Baina, gauza batzuk esan nahi ditut arazo honen aurrean.
Aste honetan Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak Teodoro Akarregi ondarrutarra elkarrizketatu du: Marea luzea piraten esku. Alakrana ontziaren aurretik Alakran baforan ibilitakoa da Teodoro eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu hango kontuak.
Gehienok bezala, lehenengo eta behin arrantzaleak ekarri behar direla pentsatzen du Akarregik. "Ordaindu eta ekarri egin behar dira". Gero, "txalupak portuan eduki behar badira arazoak konpondu arte, eduki egin beharko dira". Ez ditu armak gustuko eta konpondu baino egoera zailduko dutela uste du. "Nik ez dut ikusten irtenbide modura. Horrela ere berdin-berdin doa galtzeko. Alakrana bahitu zutenak hamaika ziren, baina hurrengo erasotu zutenak bi txalupa izan ziren. Bakoitzean hamar joanda, 20 dira. Ontzi batean lau militar sartuta ere, eurak gehiago". Barrura begira ere ez omen da ona: "Gabon Eguna, Gabon Zahar Eguna... horiek txarrak izaten dira itsasoan. Sarritan egoten dira auskak, eta barruan armak eroanda, batek jakin zer pasa daitekeen (...) Armarik ez da behar itsasoan, beste edozein beharretan erabiltzen ez diren moduan, itsasoan ere ez".
Bizitza latza, bai, "gure arrantzaleena". Kakotx artean jartzen dut, ez bata ez bestea ez zaizkidalako gustatzen. Gure? Nongoak gara gu? Arrantzaleak? Greenpeace erakundeak aurpegia atera zien bere garaian Hondarribian kañabera erabiliz atuna-eta arrantzatzen zutenei, baina Indiako Ozeanoan dabiltzan ontzi hauek aurretik jartzen zaien gauza oro harrapatu eta sareratzen dute.
Ez pentsa inguruan ez dudala inor arrantzatik bizi denik eta, beraz, urrutiko kontuak aipatzen ari naizela. Adibidez, senide bat daukat ia hogeitabost urte daramatzana Venezuela eta Panamako uretan arrantzan. Laurogeigarren hamarkadan bertara joan zenean, dolarretan kobratzen zuen eta asko irabazten zuen pezetarekiko aldea nabarmena zelako. Orain, berriz, askoz ere denbora gehiago pasatzen du itsasoan eta gutxiago irabazten du dolarrak euroarekiko asko galdu duelako.
Bukatu aurretik, beste kontu bat ere aipatu nahi dut. Picapiedraren blogean ikusi dut Diagonal periodikoaren webgunean duela egun batzuk jarritako bideo bat. Kazetari batek eginiko erreportaje laburra da, lau minutu pasatxokoa. Merezi du ikustea. “Gure ikuspegiaren” beste aldea.
Zorionez, badirudi, Alakranako tripulazioa askatzeko akordioa gertu dagoela.
Hasta Calcuta, este apunte en castellano.
Eskerrik asko Zach. Hona hemen lotura Atun latak, piratak eta gu.