Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Donostia 2016ari begira Donostia 2010etik

Mikel Iturria 2010/09/04 21:25
Argia aldizkariaren 2242. zenbakian publikaturiko artikulua.

Esan bezala, Donostia 2016ari buruzko artikulua eskatu zidaten Argia aldizkarian irailaren hasieran prestatu duten zenbakian publikatzeko. Uztailaren amaieran entregatu nuen jada sarean dagoen Donostia 2016ari begira Donostia 2010etik artikulua. Iruñeari buruz Patxi Larrionek idatzi du: Iruñea: Hautagaitza berde hitsa. Gorka Bereziartuak, berriz, sarrera egin digu bioi: Zer dute eskaintzeko Donostiak eta Iruñeak? Hona hemen nire hitzak.

2006ko maiatzean Donostiaren kultur proiektu handiak zeintzuk ziren ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu zituen Udalak San Telmo Museoan. Bertan aurkeztu ziren Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa eta Tabakalera. Victoria Eugenia 2007ko martxoan inauguratu zen. San Telmo datorren urtean inauguratuko da, udal hauteskundeak baino arinago. Tabakalera, berriz, ez dakigu noiz inauguratuko den.

2008an erabaki zuen Donostiak 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza aurkeztuko zuela. Harkaitz Canok zera esan zuen aurkezpen ekitaldian, besteak beste: “Asko hitz egiten da aurrerabideaz, baina gutxi albora egiteak dituen abantailez. Eta kulturaren funtzioa, beharbada, alboan dago eta ez aurrean: ez litzateke txarra noizean behin, xakeko zaldia bezala, aldi berean aurrera eta albo batera mugitzeko gaitasuna izatea”.

Begira dezagun, beraz, alboetara. Donostiako ordezkariak Madrilgo Kultura Ministeriora 2016ko hautagaitza aurkeztera joan ziren egunean, 2010eko uztailaren 9an, Udalak DOKAko (Donostiako Kafe Antzokia) soinu-ekipoa zigilatu zuela jakin genuen. Dirudienez, ekainaren 23an, gaueko 23:00ak pasata, behar zuena baino ozenago zegoen aretoko musika.

Diego Manriquek El País egunkarian idatzitako La ciudad bajo asedio (Setiatutako hiria) zutabeaz akordatu nintzen berehala. Madrilgo Udalak zuzeneko musika programatzen zuten aretoei zer nolako laguntzak ematen zizkien aipatzen zuen Manriquek. Garai hartan bertan arazoak izan zituen Bilboko Kafe Antzokiak. Argigarriak kazetariaren hitzak: “Askok uste dugu rocka, jazza eta antzeko musikek tamaina txikiko edo ertaineko aretoak behar dituztela, lasaitasun giroan talde edo bakarlariekin gozatzeko tokiak, kopa eskuan dugularik, inolako eserlekuri lotu gabe. Ekimen pribatuko lokalak, udalaren ulermena merezi dutenak, baita gehiago ere (salbuespen fiskalak?). Edozein hiriko kultur ehunaren zati dira eta zaindu beharko lirateke, ez jazarri. Eta jazarpena egon, badago: adibidez, Madrilgo udaltzainen astakeria hori, DJen poltsak arakatzen disko piraten bila!”.

1980ko hamarkadan herritarrek ez zuten nahikoa azpiegitura gustuko arte-adierazpena ezagutzera emateko, baina gogoa eta beharra baliabideen gainetik jartzen direnean, nahikoak dira zuk nahi duzuna egitera hurbiltzeko. Duela hogei urte musikak pisu ederra zuen gure aisialdian (orain aisialdian, lanean, kafetegietan, dendetan, full time), baina Kaki Arkarazok duela gutxi eginiko elkarrizketa batean esan bezala, lau kanta ziren behin eta berriz errepikatzen genituenak.

Donostia Kulturak 2009an ia 26 milioi euroko aurrekontua izan zuen. 180.000 biztanle dituen hiri batentzat ez da kopuru eskasa. Aparte utzi behar dira Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Kursaal-eko hainbat kultur ekitaldi, eta abar.

2010-2011 epean Aieten eta Intxaurrondon beste bi kultur etxe zabalduko dira. Aietekoa espezializatua egongo da giza eskubideen alorrean eta bertan izango du egoitza gai horiei buruzko institutu batek. Intxaurrondokoa, berriz, Gasteizko zentro zibikoen bidetik doa. Kiroldegia integratua izango du. Ahaztu gabe San Telmo Museoak ere ateak berriro irekiko dituela 2011n.

2009-2020 eperako proiektua aurkeztu omen du 2016ko hautagaitza donostiarrak. 89 milioi euroko aurrekontua, prentsan irakurri dugunez. Horietarik, 40 milioi 2016ko urtean bertan gastatzekoak. Diru asko da, bai, baina erreparatuz gero beste zenbait konturi, ez da hainbesterako. 4.920 milioi euro aurreikusi dituzte AHT, metroa eta autobus geltokia garatzeko. Donostiako bigarren errepide gerrikoak, berriz, 300 milioitik gorako kostua izan du.

Donostiako kultur adierazpen erraldoienak (Aste Nagusia, Zinemaldia, Jazzaldia) turismoa erakartzeko sortu zituzten XX. mendearen bigarren zatian. Bilboko Guggenheim Museoa Euskal Herriko erakundetako ekonomia sailek bultzatutako proiektua izan zen. Okerrena da Kultura sailetako dirua jaten duela.

Irailaren amaieran U2 taldeak kontzertua eskainiko du Donostiako Anoeta Estadioan. Erakundeek, Foru Aldundiak eta Udalak, seguru emango diotela laguntzaren bat kontzertu sustatzaileari. Kultura aurrekontuak hustu beharrean, hobe da hori sartzea turismoa erakartzeko partidetan.

2006ko jardunaldietan, Josep Ramonedak esan zuen publikotasunaren kudeaketaz ari garelarik legitimitate demokratikoa dela hierarkiaren lehen mailan jarri behar dena. Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroko (CCCB) zuzendariak hori nola ulertzen zuen interesatzen zait. Berak ondo baino hobeto zekien kargutik kentzeko eskubide osoa zutela politikariek, baina bera karguan zegoen bitartean haiek ezin zutela muturra sartu bere eremuan. Abantaila bat zuela aitortu zuen Ramonedak, Diputazioa baita patronorik handiena eta berau eguneko tentsio politikotik at omen dago Bartzelonan.

Horixe da azken urte hauetan gehien aldatu dena eta, Joxan Muñozek Tabakalera utzi zuenean, egoera ondo baino hobeto laburbildu zuen bi esalditan Xabier Erkiziak: "Harrigarria da politikariak kultura kudeatzaile lanetan ikustea. Horrela funtzionatzen dugu hemen".

Disney, Guggenheim eta beste hainbat korporazio nagusi diren iji-aja urteak bizitzea tokatu zaigu. Munduko biztanle guztientzako nahikoa baliabide ez eta fribolitatea da nagusi eremu serioetan ere. Okerragoa da garai postmoderno hauetan dugun memoria eza. Normala da hein batean, gure begi aurrean zenbat informazio pasatzen den kontuan hartuz gero. Batzuetan badirudi krisia etorri dela poetaren udaberria bezala, inork jakin eta konturatu gabe. Eta hori ez da oso normala. Agintariek ondo baino hobeto jakin beharko lukete krisia izan dela gure egoera naturala.

Buka dezagun Harkaitz Canok 2008ko maiatzean esandako beste hitz batzuekin: “Zer da baina, askotan ahoa betetzen digun delako kultura hori? Kaosa argiago ikusteko gaitasuna? Plazera besterik ez, plazererako bidea erraztu eta plazera ematen duena? Gure destinoaren kodea deskodetzeko era bat? Sineskeria estetikoak? Agian arrazoi zuen Roberto Bolañok, eta kultura flotadore bat besterik ez da. Ez da hain gutxi ere”.

Udako oporrak

Mikel Iturria 2010/08/15 09:00
Bai, azkenean iritsi dira.

Hondartza

Datozen hiru asteetan blog hau ere blogariaren modura egongo da: oporretan. Ez naiz saretik erabat kanpo ibiliko, twitter-en (@iturri) batez ere arituko bainaiz, baina gustatuko litzaidake urtean zehar baino dezente gutxiago aritzea.

Bueltan elkar ikusiko dugulakoan...

Arzalluzek zergatik esan zion baietz Ortizi

Mikel Iturria 2010/08/08 15:50
Euskaljakintzako bi ikaslek Xabier Arzalluzi eginiko elkarrizketa batetik ateratako pasartea.
Arzalluz bi ikasleekin

Euskaljakintza blogean ikasturtean zehar Batxilergoko ikasleek eginiko elkarrizketak igotzen ari da Maite Goñi irakaslea. Azkenak aipatzearren: Naroa Agirre atleta, Andoni Iraola futbol jokalaria, Xabier Arzalluz politikaria eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria. Xabier Arzalluzi eginikoa egon naiz irakurtzen igande goiz honetan: Xabier Arzalluz (I) eta Xabier Arzalluz (II).

Jon Cid eta Garazi Usabiagak gai ezberdinak jorratzen dituzte politikari jeltzalearekin: Francoren garaiak, trantsizioa eta horren ondorioak, Ibarretxe eta haren plana, balizko Euskal Estatua, egoera ekonomikoa... etab.

Javier Ortizekin urte hauetan izan dudan harremana dela medio, atentzioa deitu dit zergatik esan zion baietz Ortizi honek Xabier Arzalluz. Así fue liburua egitea proposatu zionean.

"Lehenik eta behin, esango nuke nik ez nuela libururik egin nahi, inoiz ez zaizkit gustatu memoriak eta halako gauzak. Alde batetik, nik memoriarik ez dudalako; eta, bestetik, uste dudalako memoriak egiten dituzten gehienak harropuzkeria hutsez egiten dituztela. Ortizi baietz esan banion, Isabel Durán eta José Díaz Hernándezek nire baimenik gabe egin zuten liburuarengatik izan zen. Mayor Orejaren enkarguz egin zuten, eta gezurrak besterik ez ziren, goitik behera. Nik ezagutzen nuen jende guztiarekin hitz egin zuten, haiek pentsatuz nire lagunak zirela eta nire alde idazten ari zirela. Baina bi horiek esandako gauza guztiei buelta ematen zien, azpijokoan aritu ziren. Nik ez nituen, azkenean, epaitegira eraman -editoreari esan nion zerbait-, baina lasai asko eraman nitzakeen, irabazteko moduan nengoen. Horiei erantzun ahal izateko esan nion baietz Ortizi, ez nuen nahi jendea beste haiek idatzitakoarekin geratzea. Ez dakit zenbat orduz egon ginen; hala ere, esan beharra dago gidoia berak egin zuela, nik bere galderei erantzun besterik ez nuen egin".

Javier Ortizek berak Así va a ser apuntean azaldu zituen liburuaren gorabeherak 2005eko urrian. Bertan idazle donostiarrak idatzitakoaren arabera, 100 bat ordu pasa omen zituzten elkarrekin.

Bitxia bada ere, ez zuten kontraturik sinatu. Eta hitzez lotutako akordio hura Arzalluzek ez zuen gero puskatu, nahiz eta eskaintza erakargarriak (diru aldetik, behintzat) izan.

Por qué Arzalluz accedió al libro de Ortiz, este apunte en castellano.

The organization-en zain

Mikel Iturria 2010/08/02 22:52
Zain dago ama, zain aita, zain andre ta lagunak...

Twitter pikutara joan zen igande goizean eta, aspaldiko partez, periodikoen webguneetara joan nintzen informazio bila. Hau da, zuzenean twitter-etik edota nire RSS jarioetatik pasa gabe.

Berria-ren webgunean egin nuen topo Asier Aranguren Urroz preso ohiari Apurtu telebistak eginiko hamabi minutuko elkarrizketarekin. Aranguren kartzelatik atera berria da pasa den uztailaren 3an. 2003 urtetik zegoen preso.

Euskal Herriak, ETAk, ezker abertzaleak, familiak (“gure familian gatazka besterik ez dugu bizi”) eta berak azken urte hauetan egindako bideari buruz hausnartzen du kamera aurrean Arangurenek.

9 minutu 30 segunduren bueltan zera dio estrategia berriari buruz.

“Tresna guztiak hor dira eta nik argi dut estatuen kontra, hau da, Espainia eta Frantziaren kontra, tresna guztiak gutxi direla, baina bistan da ere ez direla lehen bezain eraginkorrak, orain ikusi beharra dugu nola moldatu behar garen. Ezker Abertzaleak estrategia berri bat hautatu du. Erakundeak bere erantzuna eman zuen eta esan zuen: Ezker Abertzaleak hitz egin du eta Erakundeak hartutako erabakiarekin bat egiten du".

“Baditugu iritzi desberdinak. Beti Ezker Abertzalearen barnean egon diren bezalaxe. ETA bertan ere bai, noski. Orduan, zalantza handiak dauzkagu... Baita kezkak, ea benetan hartu dugun bidea eraginkorra izango ote den, ea bide zuzena izango ote den edo ez, baina bueno... iritsi da garaia, erabaki bat hartu da, erabaki dugu, orain egokitu beharko gara estrategia berrira eta buru-belarri estrategia berri horretan sartu beharra dugu”.

Bruselasko adierazpenari ETAren erantzuna:

“Hor badago eskakizun bat eta eskakizun horri, nik argi dut jendea agian urduri egonen dela Erakundeak ea nola erantzungo dion. Are gehiago, jendea are urduriago dago ea erakundeak noiz erantzungo duen eta ez dago horren kezkatua ea Estatu Espainolak noiz erantzungo duen. Ulergarria izan daiteke... Baina jendeak jakin beharra du erabaki oso-oso garrantzitsua dela, eztabaida handikoa, bere denbora hartu beharra duena, eta erabakia hartuko duela. Hori argi dago, baina ikusiko da noiz eta denbora emango du... eta listo. Azken finean, kide askok osatzen dute, edo kide asko daude hor barrenean, eta eztabaida luzeak daude eta gauzak kontu handiz eztabaidatu behar dira. Ez da kontu bat bai edo ez. Ez da hori, baizik eta horren ondorioak, nola eman, noiz eman... Suposatzen dut, ni elukubratzen ari naiz... Baina kontua ez da bueno bai edo ez, bueno emango diogu Bruselako deialdi horri... zer erabaki hartuko dugu, baiezkoa, ezezkoa... ez da hori. Eztabaida luze eta sakonagoa da”.

Gaur goizean, berriz, Paul Riosi esker, irakurri dut Mari Jose Etxaburu Amutxastegik Noticias de Gipuzkoan sinaturiko beste gutun interesgarri bat. Etxaburu ere preso ohia da. Gutunaren izenburua: El hacha y la serpiente. 2009ko urrian Berrian behintzat argitaratu zioten beste gutun bat. Orduan Gisasola, Urrusolo eta gainerakoan alde agertu zen. Errespetua, ala...

Bi ikuspuntu guztiz kontrajarriak dira. Gehiago izango dira, noski, baina nik hauei erreparatu diet gaurkoan.

Kamiseta bat

Mikel Iturria 2010/07/31 16:14
Duela 18 bat urte erositako kamiseta bat.
Love not money

Atzo arratsaldean Loreak Mendian arropa markak Donostiako Hernani kalean duen dendan egon nintzen Giorgio Bassmattiren kontzertua ikusten. Behin baino gehiagotan aipatu ditut hemen lagunaren kontzertuak eta gaur ez dut horri buruz ezer esango. Zeharka helduko diot gaiari.

Bassmattik kontatu zuen atzo 160 kamiseta baino gehiago izango dituela etxean gordeta. Ez duela kamisetarik botatzen, alegia. Hori frogatzeko-edo ostatu eman zion markaren elastiko zahar batekin atera zen emanaldiaren hasieran.

Nik, aldiz, bai botatzen ditudala kamisetak. Hala ere, badut marka honetako kamiseta bat duela 18 bat urte erositakoa edo. Eta noizean behin janzten dut oraindik.

Larunbat arratsalde batean erosi nuen Irungo Bertso-Hop dendan. Garai hartan askotan joaten nintzen arratsalde pasa dendara. Fermin eta Jone zeuden bertan eta Xabi Zirikiain eta Jon Izetarekin (agian Javi Pez ere bai?) zeuden geratuak. Besteak beste, kamiseta batzuk eraman zituzten salgai jartzeko. Eta niri asko gustatu zitzaidan gorri hau.

Loreak mendia orokorra

Pieza bat erori zaio kamioi bati Donostiako Bulebarrean

Mikel Iturria 2010/07/30 11:11
Ez da ezer gertatu.

Goizeko hamaikak laurden gutxi paseak ziren. Bulegoan geunden. Halako batean, kristoren zalaparta entzun dugu. Eztanda moduko bat.

Leihora beldurtuta atera gara eta han ikusi dugu kamioi bati pieza bat erori zaiola Bulebarraren hasieran. Zorionez ez du inor harrapatu, ez atzeko autorik, ezta gertu zegoen motorduna ere.

Kamioiak grua zuen eta berehala altxatu dute. Mugikorrarekin atera dudan bideo honetan ikusten da nola altxatzen duten pieza.

Botilaratutako uraren auzia

Mikel Iturria 2010/07/26 22:05
Zergatik ez edan iturriko ura?

Pasa den astean oso erreportaje interesgarria irakurri nuen El País egunkarian. Negocio redondo: agua y en botella artikulua sinatu zuen Lola Huete Machado kazetariak. Gaur arte ahaztuta neukan hemen aipatu nahi nuela, baina duela gutxi gogoratu naiz berarekin.

Kazetariak Annie Leonard-en The story of bottled water bideoa aipatzen zuen testuan. Hona hemen gaztelaniazko azpitituluekin. Bederatzi minutu eskaseko iraupena du, baina adi-adi irakurri eta entzun behar da.

Hueteren erreportajean webgune gehiago aipatzen dira, baina ez dago inolako loturarik. Adibidez,Journée sans bouteilles, Kanadan gauzatutako iniziatibaren webgunea. Botilaratutako urik ez duzula edango sinatzeko prest?

Patti Smith-ekin hasi da Donostiako Heineken Jazzaldia

Mikel Iturria 2010/07/21 22:17
Izaskun Pérez-ek (@nuksazi) bideo batzuk igo ditu jada.

Gaueko 21:30ean zen hastekoa Donostiako 45. Heineken Jazzaldian Patti Smith-ek Zurriolako Hondartzan eskaini behar zuen kontzertua.

Izaskun Pérez (alias @nuksazi)-k telefonoa eraman du. Telefono horrekin eta qik.com-i esker bideo batzuk grabatu eta sareratu ditu berehala. qik.com/nuksazi da bere kontua. Bhutam-en geolokalizatuta daude, baina ez, Donostian ateratakoak dira.

Hona hemen bi bideo. Gehiago begiratu bere kontuan: qik.com/nuksazi


Vexilologia

Mikel Iturria 2010/07/19 22:31
Banderei buruzko diziplina.

Nik ez nekien zer zen vexilologia, baina Pako lagunak kontatu zidan behin. Bueno, ez dakit niri kontatu ote zidan edo berak Patera posta zerrendara idatzitako mezu batean irakurri ote nuen.

Gaur arratsaldean topo egin dut Vexilología doméstica izeneko artikuluarekin, La Vanguardia periodikoan Màrius Serra idazleak sinaturikoa. Zera dio hasieran: "Vexilologia banderak, zutoihalak (militarrak) eta estandarteak aztertzen dituen diziplina da". Eta ondoren: "Duela urte batzuk, udaran egoten ziren "banderen gerra" izenekoak. Normalki, Euskadin gertatzen ziren, baina gure inguru cuatribarratu honetan ere eman ziren batzuk".

Anekdota honek egin dit grazia: "Gogoan dut, garai urrun horietan, parlamentuz kanpo ez zeuden independentistak armairutik ateratzen zituzten komunikatuak. Joera markatu zuten horietako bat Ramon Llumà i Guitart izan zen, Solsonako alkate convergentea 1979tik 2003 bitartean, politika utzi zuen arte. Bere men ez egite vexilologikoa zuritzeko, Llumàk argudiatu zuen behin bandera española garbitzera eraman zuela (eta ez zuela ordezkorik)".

Gero, Màrius Serrak aipatzen du zenbat bandera ikusten diren egun hauetan Bartzelonan: espainiarrak, katalanak, Barçarenak... "Ea orain zein den lehena haiek kentzerako orduan".

Màriusek idatzia amaitzen du irakurleei gomendio bat luzatuz: Sanlucar la Mayor eskolako haurren bideo famatua ikusteko. "Hain da kuttuna ezen negarrez hasteko gogoak pizten baititu".

Dena den, badirudi norbait lotsatu dela eta youtuben eskegitako bideoa bertatik erretiratu egin duela. Hala ere, Dale al play plataforman badago ikusterik: Polémica en fin de curso.

Do it(urri) yourself

Mikel Iturria 2010/07/14 06:10
6 urte bete ditu gaur blog honek.

Do it yourself

Atzo goizean Berriako kultur atalean bi orrialde oso punki zeuden.

Ezkerrekoa, Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren antolatutako Punk eta (des)eraikuntza nazionala: ukaziotik harago ikastaroari buruzkoa. "No future" garaiak izeneko artikulua sinatzen zuen Ainhoa Sarasolak eta jardunaldietan Juan Luis Zabalak eta Akauzazte taldeko bi partaidek (Oier Etxeberriak eta Joxe Manuel Larrañagak) esandakoak biltzen zituen.

Eskubikoa, Nora Arbelbidek Rachid Taha musikariari eginiko elkarrizketa. Oranen (Aljeria) jaiotako musikaria Euskal Herria Zuzenean jaialdian egon berri da.

Akauzazte taldeko kide baten esaldi hau azpimarratu dut: "Niretzat punkaren herentzia onena gorrotoa da; mundua ez dela asmo onengatik aldatuko, gorrotoa antolatzetik baizik".

Gaur sei urte bete ditu blog honek. Eibar.org blog komunitatearen barruan sortu zen 2004ko uztailean. Antolatu beharra dugu, komunikazioaren eremuan ere. Eta horretarako blogak oso erreminta onak dira.

Gogoratu punkaren leloa: do it yourself.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter