Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Egun batzuk Aronan

Mikel Iturria 2015/02/02 23:15
San Sebastian inguruan alde egin nuen Tenerife aldera.

Hamar egun jan dizkiot neguari kanpoan pasa ditudan beste hainbat egunetan. Akabo Rosy´s tabernako naturalak (ebakiak). Bukatu dira Paladarreko zerbezak eta bazkariak, baita José Mi Niñokoak ere. Zer esanik ez El Cine jatetxekoak edota Los Cristianos-eko Kofradiakoak.

Argazki gutxi batzuk atera ditut eta Flickr berpiztura igo ditut dozena bat edo. Hauxe da gehien gustatzen zaidana, paseoan ateratakoa.

Itsasoari begira: Playa de las Américas

Gainerakoak album honetan daude: Arona 2015.

Euskal Herrira iritsi eta ikusi dut gauzak ez direla asko aldatu. Eguraldiak okerrera egin du (Osintxuko parrokoari galdetu bestela); politikariak alderdiko elastikoa ondo jantzita ateratzen dira zelaira (tiroak gora eta tiroak behera; gabonetako argiak; etab.)

Beraz, nobedade handirik ez.

Unos días en Arona, este apunte en castellano.

Gaur ere futbola ari du

Mikel Iturria 2015/01/16 00:05
Ia egunero dago futbola. Kasu honetan, Realak jokatzen du. Edo beste taldeak jokatzen du Realaren kontra. Baina futbola aitzakia da apunte honetan.

Neguak, edo negu faltak, ez dit onik egin eta ez nago Anoetara joateko moduan. Taberna batean sartu naiz hasi berria den lehen zatia ikusteko.

Taberna garai batekoa da. Gehienak gizonezkoak gara. Jende nagusia, batez ere. Ez dago giro berezirik. Telebista partida ematen ari dira.

Barran tokia hartu, edatekoa eskatu eta pantailari begira jarri naiz. Aldameneko mahai batean dagoen gizon bati erreparatu diot. 70 bat urte izango ditu, bibotea, trakets mugitzen da bezero eta mahaien artean. Hitzak ere kostata ateratzen direla konturatu naiz.

Txikitan bozgorailua irentsi zuen zerbitzaria hurbildu zaio esateko ezin dela mahaitik altxatu, erori egingo dela aurrekoan bezala. Bere tokira itzuli da.

Handik gutxira baina, errepikatu egin du jokaldia gizonezkoak, Vila-realeko jokalaria izango balitz bezala. Bai, saiatu da, baina Realekoa ematen zuen, arin etorri baita zerbitzaria bi minutu lehenago esandakoak errepikatzera.

Serio-demonio hitz egin dio oraingoan eta hortik aurrera ez da tokitik mugitu.

Beste bezero batekin komentatu du tabernariak aurrekoan erori eta min hartu zuela. Emazteak tabernara lagundu eta bertan utzi duela bakarrik. Horrela ezin dela jokatu. Ardura gehiegi dela berarentzat.

Tabernako adinaren batez-bestekoari erreparatu diot berriro. Ikusi dudan paisaia ez zait batere gustatu. Hogeitabost urte barru horrelakoa izango naiz ni?

Ispiluaren beste aldean ikusitakoa ez zait batere gustatu. Tira, gaur ere futbola ari du.

Hoy también hace fútbol, este apunte en castellano.

Internet: problema edo irtenbidea?

Mikel Iturria 2014/12/28 09:30
"The Internet is Not the Answer" izeneko liburua argitaratu berri du Andrew Keen idazleak. Lehendik "The Cult of the Amateur" eta "Digital Vertigo" liburu polemikoak argitaratu zituen. Elliot Lepers aktibista frantsesak Amazon-Killer gehigarria plazaratu du liburu-denda independenteak laguntzeko. Forgotify, Spotify-n inoiz entzun gabeko kantak deskubritzeko erreminta.

New York-en egin zen abenduaren 10ean AEBetako The Next Web Conference. Parte hartzaileen artean Andrew Keen idazle eta ekintzailea. Liburua atera berri du Keen-ek: The Internet is Not the Answer (Internet ez da erantzuna). Artikulu motz batean, hamar puntutan laburbildu ditu liburuaren argudio nagusienak (aitor dezadan Markel Olanoren txio honen bidez iritsi nintzela bertara).

  1. Boterea eta ongizatea birbanatu beharrean, XXI. mendeko Amazon eta Google bezalako monopolio erraldoiak sortu ditu.

  2. Lanpostuak sortu beharrean, 19.000 milioi dolar mugitzen dituen WeChat bezalako startup-ak sortu ditu, soilik 55 langile dituena.

  3. Snowden-ek ezagutzera eman duen bezala, gizarte gardena sortu beharrean, gure pribatutasuna suntsitzen ari da eta aukera ematen die gobernuei eta konpainia pribatuei gu zelatatzeko uneoro.

  4. Aberastasuna demokratizatu beharrean, Airbnb bezalako startup aberatsak sustatzen dituen Silicon Valleyko ekonomiak aberatsen eta behartsuen arteko leizea handitzen ari da.

  5. Kultura berpiztu beharrean, Online bidezko pirateriak eta blogosferaren eta social mediaren eduki libreak musika, prentsa, argazki eta liburuen industria suntsitzen ari da.

  6. Demokraziak aurrera egin beharrean, Reddit eta 4Chan bezalako sare anonimoek mafiaren legea ari dira indartzen.

  7. Tolerantzia sustatu beharrean, Twitter eta Facebook bezalako sareetan arrazismoa, sexismoa eta bullying-a pandemia moduan zabaltzen ari dira.

  8. Kultura berpiztu beharrean, Instagram bezalako sareek nartzisismo gorrotagarriaren garai selfie-zentrikoa sustatu dute.

  9. Sareko “ekonomia partekatua” deritzona Uber enpresako buru den Travis Kalanick bezalako enpresarien ekonomia berekoia eta etikoki eztabaidagarria da gaur egun.

  10. Tumblr edota Pinterest bezalako “datu konpainietan” jartzen gaitu musutruk “lanean” eta beraiek aberastu egiten dira guk geuk egunero emandako datuekin.

Gehiago irakurtzeko interesa piztu badizu dekalogo honek, autoreak berak 8. kapitulua jarri du irakurgai sarean.

Amazon-Killer gehigarria

Amazon da goian aipatutako munstroetako bat. Elliot Lepers izeneko aktibistak Chrome-rentzako gehigarri bat egin du Frantziako liburu denda independenteak sostengatzeko. Amazon-Killer deitu dio gehigarri horri (oharra: badirudi Firefox-en ere badagoela Amazon-Killer).

Alde batetik, Amazonek duen datu-basea erabil daiteke liburuak-eta aurkitzeko. Behin liburua lokalizatu duzunean, Place des Libraires izeneko gunera berbideratua izango zara eta bertan zure kokapenetik gertu dauden hainbat liburu-denda aurkituko dituzu.

Chrome nabigatzailean instalatzen den gehigarri honek liburuaren ISBN kodea errekuperatzen du Place des Libraires (Liburu saltzaileen plaza) delakoan bilatzeko.

Hau da, honek buelta ematen dio garai batean egiten zenari: liburu dendan bilatu erreferentzia eta Internet bidez erosi.

Forgotify

Forgotify-k Spotify-n dagoen hutsunea bete nahi du: dirudienez, inoiz inork entzun ez dituen 4 milioi kantu daude Spotifyn (nahiz eta 40 milioi erabiltzaile izan).

20-25 milioi kanta omen daude sare horretan eta Forgotifyk egiten duena da inoiz entzun gabeko kanta horietako bat deskubritu. Alvyk dioen bezala, harribitxi bat izan daiteke, baina aukera gehiago izango dituzu kanta txar-txarra entzuteko.

Are gehiago, 100 milioi kanta diferente omen daude hainbat datu-base eta dendatan eta, beraz, dena ez dago Spotifyn.

Alvy-k dioen bezala, hauxe da buztan luzearen ondorio positibo bat: denda fisiko batean ezin dira kanta eta produktu guztiak jarri, baina Internetek duen erronka nagusietako bat da musika, film eta liburu interesgarriak deskubritzea.


Internet: ¿problema o solución?, apunte en castellano

Bihar da gaur

Mikel Iturria 2014/12/25 11:06
Azken bolada luze honetan ez dut idazteko gogo handirik. Beharrik bai, baina ez dut tonuarekin asmatzen eta dena esanda dagoela iruditzen zait eta nik ezer gutxi gehitu dezakedala.

Baina gaur goizean Twitter zabaldu eta ikusi dut AEBetako NPR irrati publikoaren 2014 urteko 50 disko onenen zerrenda. Zerrenda bitxia da ez baitago bata bestearen gainetik (alfabetikoa da) eta 1976 urteko disko bat dagoelako tartean: Los Lobos & Friends taldeak eginiko Sí se puede albuma (entzun Spotifyn edo Deezer zerbitzuetan). Eta hemen Youtuben:

Aipamen-testutxoa idatzi duen Félix Contrerasek dio gaur-gaurkoa dela. Eta nik uste dut arrazoia duela.

Albuma César Chávez nekazal liderraren United Farm Workers sindikatuaren kanpaina bat laguntzeko atera zuten. "Como estamos en huelga no se puede comer uva", dio Telingo Lingo kantak. Izan ere hori zen borrokaren arrazoia: mahatsa bilketa egiteko lan baldintzak.

Arroitatarrak

Dena ez da twitter, zorionez. Korreoan ere iristen dira pulamentuzko mezuak. Kasu honetan, Eibartarrak posta zerrendan jarri du Gari Araolazak Arroitajauregi anai-arrebei berriki eginiko bideo bat. Gehienok ezagutuko duzue Maite Arroitajauregi Mursego musikaria, baina ez zaizue hain ezaguna egingo Ander Arroita luthierra.

Eibar herritik dator (beste) notiziya (txar bat)

Codesyntax enpresaren albistegi automatiko española (Niagarank.es) ixtera doaz. Arrazoia Jabego Intelektualaren Lege berriak indarrean jarriko duen izeneko AEDE tasa da. Edo izan daiteke, legeak proiektua aurrera eramateko eragiten duen segurtasun falta nabarmentzen baitute eibartarrek.

Mañana es hoy, este apunte en castellano.

Euskal kupoa handitu Kataluniakoa konpontzeko

Mikel Iturria 2014/12/21 21:41
Norbaitek irakurtzen al ditu Kepa Aulestiaren analisiak? Nik gutxitan, baina bai irakurri dudala hari eginiko elkarrizketa bat.

Larunbat goizean sarera konektatu eta hara non agertu zaidan Kepa Aulestiak Kataluniako Ara egunkariari emandako elkarrizketa: “La independència no seria bona per a Catalunya i seria nefasta per a Euskadi” (ordainpeko lotura).

Katalunia eta Euskal Herria (Euskadi) dira gai nagusiak eta hona hemen bi erantzun bitxi, bigarrena lehenengoa baino:

Kataluniako independentzia oso garestia litzatekeela kataluniarrentzat

"Ez da posible eta. Ez naiz Rajoyren argumentuei buruz ari. Oso gizarte anitza da eta edozein independentzia prozesuk horren murrizketa ekarriko luke, pluraltasuna inbutu batean sartuz. Eta horrek aberastasuna eta freskotasuna kenduko lioke. Ekonomiaren garapenaren ikuspuntutik, ongizate estatuaren jokoak eta estutasunak kontutan hartuz, Espainia ez da oztopo, esaten den bezala, aukera bat baizik. Finantza fluxu orekatu eta justuak lortuz gero, errebisatu beharreko sistema errebisatuz, beti izango da positiboagoa eta seguruagoa Espainia, edo gutxienez, arrisku gutxiagokoa. Estatu bat muntatzeko kostuak luzerako oztopo izango lirateke Kataluniako ekonomiari eta zerbitzuak atenditzeko gaitasunari begira."

Kataluniakoa konpontzeko, euskal kupoa ukitu behar

"Ez dut Konstituzioaren erreforman sinisten, eman nahi zaion zentzu magiko horretan. Arazoak ez daude Konstituzioaren letran, nahiz eta Konstituzioak badituen arazoak letran, eh? Tentsio hau integratzeko gai den erreforma bat dut buruan. Adibidez, nik paktu fiskalean sinisten dut, euskal kupoaren errebisioa ekarriko lukeena, elkartasun, justizia eta leialtasun neurriak izango lituzkeena; euskal kupoa errebisatu beharko litzateke. "

(...)

"(Euskaldunak) oso kontziente gara egoera pribilegiatuan gaudela.  Ez dut defendatuko Euskadik pribilegioa eta gaur egungo sistema galtzea ezeren truke, baina bai egingo nukeela, adibidez, horrek balioko balu Katalunia eta Estatuko gainerako (herri)en arteko loturak indartzeko eta baita Kataluniako egoera finantzarioa bera ere. Zalantzarik gabe. Garena baino askoz ere gardenagoak izan beharko genuke, kupoak ezin duelako tabu izan. Ezin du izan euskaldunentzat eta argi eta garbi esan behar dugu hau."

(...)

"Antoni Castells-ek egindako kalkuluen arabera Euskadik dituen abantailak (kupoa eta beste hainbat) Kataluniako urteko defizit fiskala eta finantzarioarekin bat zetozen, gutxi gorabehera. Guk abantaila dugu eta ez gara solidarioak gainerakoekin. Zentzu honetan, ez gara solidarioak Kataluniarekin. Hau horrela da."

Duela urte eta erdi Enric Julianak idatzitako Euskadi contra Catalunya artikuluarekin gogoratu naiz.

"(Ia) gai guztiei buruz sutsuki eztabaidatzen den herri batean, bi herrialderik aberatsenetakoak (EAE eta Nafarroa) apenas ekarpenik egiteak denen kutxara ez da publikoki eztabaidatzeko gaia. Espainia bitxia. Horra hor EAJren eta euskal gizartearen lorpen handienetako bat. Norbaitek eztabaida hori zabalduko balu, norbaitek hitz egingo balu zenbait politikari espainiarrek gaur egun Kataluniako gaiei buruz hitz egiten duten moduan, erantzuna irmoa izango litzateke. Pankarta beraren atzetik ikusiko genituzke euskal alderdi guztiak: Forua ez da ukitzen. Jaime Mayor Orejak eta Arnaldo Otegik manifestu bera sinatuko lukete."

Tira, zaila ikusten dut Orejak eta Otegik gauza bera sinatzea, baina, hori kenduta, oso interesgarria da Julianaren artikulua.

Aulestiaren tesira berriro etorriz, Kataluniako arazoa konpontzeko euskaldunek gehiago eman behar badiogu Espainiako estatuari, hori bai izango litzatekeela euskal independentistak sortzeko makina, Aulestia jauna.

Incrementar el cupo vasco para solucionar el déficit catalán, este apunte en castellano.

The Show Must Go On

Mikel Iturria 2014/11/30 22:35
Beste heriotza bortitz bat futbolaren inguruan.

Atletico Madril eta Deportivoren aurkako partida bukatu bezain laster, norgehiagoka zuzenean eman duen kateetako batek Godín elkarrizketatu du. Madrilgo defentsaren atzealdean logoz gainezka egoten den kartel horietako bat. Pantailaren goiko aldean, ezkerretara, nabarmen ikusten zen leloa: #dañasatuequipo. Traol hau baita Espainiako Liga kudeatzen duen erakundeak aurten aukeratu duena pirateria delakoari aurre egiteko.

Ez dakit nork egiten dion kalte gehien maite duen taldeari, buruzagi batzuen maila kontutan hartuz, baina gaur garbi dagoen gauza bakarra da A Coruñatik bere taldea ikustera joandako 43 urteko gizaseme bat hil dutela. Ez dakit zer gertatu den (nork daki?): elkarri muturra berotzeko geratuta ote zeuden bi taldeetakoak, Frentekoak deporzaleen autobusetara joan ote diren hauek astintzera, Madrilgo beste futbol talde batzuetako zaleak tartean ote ziren (Poliziak esandakoa gezurtatu du Bukaneros taldeak)... Ideiarik ez.

Bai egiten zaidala deigarria partida bertan behera ez geratzea gizon bat hilzorian zegoen bitartean. Ez dakit horrela izango ote zen, baina irakurri dut Federazioko norbaiten azken aginduaren zain gelditu direla eta ezin izan dutela berarekin garaiz harremanetan jarri.

Duela hamasei urte Atletico Madrileko zaletu batek Aitor Zabaleta hil zuenean ere partida jokatu egin zen.

Eta honek gogora ekarri dit duela aste batzuk ere partida jokatu zela Anoetan gizon bat egoera larrian zegoen bitartean. Kasu honetan, partida hasi baino minutu batzuk lehenago bihotzekoa edo izan zuen zaletu batek. Zerbitzu medikuek pertsona hori ia bere tokian berpizten saiatzen ziren bitartean, hasiera eman zion epaileak partidari eta 30 minutu jokatu ziren medikuek gaixoa egonkortu zuten arte, Anoetatik ospitalera eramateko. Zorionez, gizona ez zen hil (hori da esan didatena behintzat), baina ez dakit zer kristo egiten dugun guk baloiari begira, jokaldi onak txalotzen, epailea iraintzen eta barruak hustutzen pertsona bat hain egoera larrian dagoen bitartean.

The Show Must Go On?

The Show Must Go On, este apunte en castellano.

Eusebi eta olibazaleak

Mikel Iturria 2014/11/23 21:45
Aste honetan hil da Eusebi, Bartzelonako artista pentsioduna. Ez nuen pertsonalki ezagutu, baina bai izan nuela haren berri Iban del Camporen bidez.

2005eko otsailean egin nuen topo Iban del Camporekin. Larrotxene Kultur Etxean bota zituzten berak eginiko bi dokumental. Horietako bat izan zen Un tal Eusebi.

Urte hartan bertan, irailaren amaieran, paratu genuen Un tal Eusebi. L´artista pensionista erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean.

"Jubilatu nintzenean nire buruaz beste egin nahi nuen, baina ahots eder batek zera esan zidan: Ez motel, hik artista arima daukak, murgildu buru-belarri horretan eta zoriontsu izango haiz. Eta horrela izan da, eta horrela jarraituko dut hil arte…"

Baina Eusebirentzat izakiak ez dira hiltzen, energiaren moduan lekualdatuz doaz. Tamalez, Ander Izagirreren siesta horietako batean murgilduta ez bada, hil zaigu agure maitagarri hau. Lastima!

Azaroak 24. 11:00. Eguneratzea: Ahaztu egin zitzaidan datu garrantzitsu bat aipatzea. Jorjak bidali zidala duela urte batzuk Eusebik egindako marrazki bat. Mila esker.

Olibazaleak

Gràcies per tot, Eusebi idatzi zuen Toni Vallek pasa den abuztuan. Kafezale amorratua zela gogoratzen nuen, baina ez nintzen akordatzen olibak ere gustuko zituela. “Degustava olives amb desfici“ dio Vallek.

Eta, atzo, azaroak 22, Olibazaleak izan zen Josu Landak Garoa Kultur Laben abestu zuen Miguel Hernandez poetaren poesietako bat. Bederatzi kantatu-errezitatu zituen Josuk, oso modu librean eta originalean, a capella, hitza eta ahotsa lagun, paperei apenas erreparatu gabe.

Munduko Poesia Kaierak egitasmoaren barruan aurten argitaratutako sei antologietako bat eskaini baitiote Orihuelakoari. Hernandezen lanak euskaratu ditu Josuk eta errezitalak eskaintzen ari da zuzenean Euskal Herriko hainbat txokotan. Soraluzen, Durangon eta Donostian, egon ondoren, asteartean, azaroak 25, arituko da Iruñeako Katakrak-en.

Hautatuko poema (edo poema zatia) abestu aurretik sarrera moduko bat egiten zuen. Olibazaleak aurkezterakoan, datu aipagarri bat eman zuen: 1930. hamarkadan Andaluziako nekazal lurren herena zegoela latifundisten esku eta gaur egun erdia baino gehiago. Saiatu naiz Internet bidez hori kontrastatzen, baina ez dut lortu. Norbaitek loturaren bat ematerik badu, eskertuko nuke.

Eusebi y los aceituneros, este apunte en castellano.

Bigarren mailako errepideak

Mikel Iturria 2014/11/19 22:10
Asteburuan Soria aldean ibili naiz, baina beste kontu batzuk ere agertzen dira. Los Enemigos. Heriotzak: Jul Bolinaga, Josemari Ortiz, Vizcaínoren ama.

Soriako bidean Radio 3 jarri nuen pasa den ostiralean. Ez zen Gabinete Caligari agertu dialean (larunbatean agertu zen Jaime Urrutia Babelian, Kiko Amatek eginiko elkarrizketa batean, argitaratu berri duen Canciones para enmarcar liburuaren harira).

Baina, ia garai hartako talde batekin egin nuen topo 180 grados izeneko saioan. Los Enemigos taldeak Vida inteligente izeneko estudioko diskoa ateratzekotan dabiltza eta laukotea estudioan zegoen kazetariaren galderei erantzunez.

Betiko soinua eta letra zirikatzaileak aurkitu ditut haien kantetan.

Sorian barrena zaila da bi karrileko errepideekin topo egitea eta ohikoa da bigarren mailako errepidetan ibiltzea. Eta batzuetan zaila da gasolindegiak aurkitzea. Igande goizean, esate baterako. Laguna Negratik gora piztu zen erreserbaren berri ematen duen argia eta 20 kilometro egin nituen gasolindegirik ikusi gabe. Errioxan jada, Villoslada de Camerosen esan ziguten hurrengo zerbitzugunea ia 40 kilometrotara zegoela (hurbilago bazegoen bat, baina itxita, igandea zelako).

Parentesia zabaldu. Taberna batean hiruzpalau lagun agertu ziren laguntzeko prest. Horietako batek bost litroko bidoia ekarri zuen etxetik eta hari esker egin genuen aurrera. Mila, mila esker. Itxi parentesia.

Bigarren mailako errepidetan barna ibili ziren RIP taldekoak eta oso zorte txarra izan zuten. Larunbatean hil zen eszenatoki gainean Jul Bolinaga, Bergaran The Potes-ekin kontzertua eskaintzen ari zela.

Goio Aranak I laket blogean idatzi zituen igandean Jul Bolinagaren omenez, apunte azkarrak. Bertan dago, adibidez, The Potes-eko lagunek eskainitako Zorionak Jul urtebetze-kanta.

RIP taldearen historia ezagutu nahi izanez gero, hona hemen RIP - 25 años. Historia Viva del Punk bideoa.

Informazio gehiago: Agurrik hunkigarriena Jul Bolinagari (Goiena).

Lerro hauek amaitzeko, bi heriotz gehiago: gaur hil zen duela zazpi urte, 2007ko azaroaren 19an, Josemari Ortiz. Gaurko egunez, berriz, hil da Javier Vizcaínoren ama. Tamalez, egun seinalatua.

Por carreteras secundarias, esta entrada en castellano.

Nolakoak izan ziren gure lehen txioak?

Mikel Iturria 2014/10/27 17:55
Lehen txioa bota zuen joan den astean Britainia Handiko Isabel II.a erreginak. Zer esaten dugu lehen txioetan?

Zientziaren Museoan (Science Museum) Information Age izeneko galeria eta erakusketa zabaltzeko orduan egin zuen txio: Age: six networks that changed our world (Informazioaren Aroa: gure mundua aldatu duten 6 sare).

The Guardian-ek konparatu zuen txio hori beste hainbat politikari eta jende ezagunak botatakoekin: The Queen's first tweet: how does it measure up?

Igandeko Amarauna (audioa eta loturak chez Maite Goñi) irratsaioari begira kolaboratzaile eta jende ezagunaren hainbat txioei erreparatu nien. Denbora arazoak izan genituen eta ezer gutxi botatzerik izan nuenez, hona hemen adibide batzuk. Atera zuen ondorioak.

Oharra: oso erraza da jakitea zein den norberaren edo beste baten lehen txioa. Discover your first Tweet erabili.

Amaraunako kolaboratzaileak

jajaja

— amarauna (@amarauna) October 9, 2008

Oraintxe oporrak hartuta (lanerako ondo etorriko zaizkit).

— Maite Goñi Eizmendi (@euskaljakintza) March 30, 2007

Twitter probatzen eta dutxara bidean

— Gorka Julio (@teketen) March 22, 2007

Twitter-en izena ematen

— Benito Fiz Diez (@bontxi) March 22, 2007

Eup!

— Jozulin 9N (@jozulin) April 5, 2010

Twitter probatzen :P

— Joxe Rojas (@joxe) September 5, 2007

lanean eta secondlifen batera!

— Ana Malagon Zaldua (@anamalagon) March 19, 2007

Lehen mezua Twitter-en. Ale, eguerdion! :)

— Goio Telletxea (@maxkuri) December 16, 2008

Recien llegada a twitter

— Noemí Rivera (@Noerive) October 2, 2009

Probatzen?

— Josu Mendicute (@jmendicute) September 24, 2007

Lehenengo frogak egiten, blogean idazteari bukatu ostean... Asteburua da jada!

— Rodrigorena (@xuriken) March 24, 2007

Etxean nago twitter erabiltzaile berri gisa frogak egiten.

— Mikel Iturria (@iturri) December 24, 2007

Con el Gobierno de Patxi López la deuda en la CAV se ha multiplicado por 5,6 en dos años, alcanzando hoy los 4.918... http://fb.me/V3FGxrVJ

— Iñigo Urkullu (@iurkullu) June 20, 2011

Intentando investigar cómo saber utilizar bien twitter, probando, vamos...

— patxilopez (@patxilopez) September 4, 2008

http://www.gara.net/azkenak/03/187876/es/El-cuerpo-aparecido-morgue-Toulouse-es-Jon-Anza

— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) March 12, 2010

Me gustó lo dicho en la UPV por el profesor Alberto López Basaguren. Nadie debería sentirse relegado por su lengua.

— Arantza Quiroga (@arantzaquiroga) September 14, 2010

Creo que podemos empezar...

— Gorka Maneiro (@Gorka_Maneiro) January 29, 2011

Euskal celebrity batzuk

Euskalgintzaren fase berriaren oinarriparrak eta eraldabideak @topagunea-ren Batzarrean. Fase berria, hiztegi berria http://t.co/vAz2kHGV

— Kike Amonarriz (@KikeAmonarriz) November 18, 2012

Kaixo! Bideoklip berria aurkezten dizuegu, "Ezin ihesi Berlin" http://www.muguruzafm.com

— Fermin Muguruza (@muguruzafm) June 15, 2009

Bueno ya estoy aqui. ¿Y ahora que ?

— MikelPagadi (@MikelPagadi) March 13, 2011

Here I am, @MikelPagadi jarritzen twitterren!

— ilaski serrano (@MeriLing1) October 31, 2012

Twitter erabiltzen ikasten ari naiz!

— Gorka Bereziartua (@boligorria) April 13, 2007

Ez da egun txarra voyeur izatetik parte hartzaile izatera pasatzeko. Ea nolakoa den abentura.

— Maddalen Iriarte. (@maddaleniriarte) May 23, 2011

Zarikara noa...

— Lander Arbelaitz (@larbelaitz) January 9, 2009

baina tendentzia orokorrek diote PS eta Modem-ek huts egin dutela, Frantzian

— Eneko Bidegain (@enekobidegain) June 7, 2009

@zuribia orain arte facebookeroa izan naiz, eta oraintxe nabil twiterrerako asaltoa preparatzen.

— Igor Elortza Aranoa (@ielortza) February 21, 2012

tok-tok-tok. bat-bi-hiru. probando-probando.

— Idurre Eskisabel (@idurreski) March 3, 2010

twitter honetan sartu naiz. Eta hemendik aurrera zer? Ikusiko.

— Xabier Mendiguren (@xme64) April 17, 2010

Lanera astelehenarekin!

— Luistxo Fernandez (@luistxo) March 19, 2007

Hemna, lanean, ia lortzen dudan deskubritzea zelan dabilen hau! Baina laster etxera noa, bada ordua-eta

— leire narbaiza arizm (@txargain) March 28, 2007

Tramankulu hau probatzen...

— Beñat Sarasola (@bsarasola) September 2, 2010

Connected Intersections: istripuak gutxitzeko teknologia lehiaketa

Mikel Iturria 2014/10/26 21:50
Azken hilabeteetan New York-en jokatutako teknologia garatzaileentzako lehiaketa honen berri izan dut aste honetan The Verge webgunean.

Esan bezala, lau hilabetez Connected Intersections (Bidegurutze konektatuak) teknologia lehiaketa jokatu da New York-en, hirian bertan gertatzen diren istripuak gutxitzeko helburu nagusiarekin (Meet the startups trying to stop pedestrian deaths).

The Verge-k emandako datuen arabera, trafiko istripuetan New Yorken egunero dauden zaurituen eta hildakoen kopurua ez da makala:

  • Bi ordutik behin pertsona bat larriki zaurituta suertatzen da (Egunero, beraz, 12 lagunek izaten dituzte zauri larriak).

  • 30 orduro pertsona bat hiltzen da (ia egunero pertsona bat).

13 herrialdetako hainbat taldek hartu dute parte lehian eta 45 ideia iritsi dira finalera. 8 talderen proiektuak saritu dituzte bi kategorietan: gidarientzako irtenbideak eta oinezko zein txirrindularientzako irtenbideak.

Amarauna irratsaioan aipatu ditugu batzuk eta, Andoni Mutiloak esan bezala, komeni da jakitea AEBetan ez dagoela debekatua telefono mugikorra erabiltzea gidatzen duzun bitartean eta arrazoi nagusia da auto gehienak automatikoak direla.

Safe Drive app

Gertutasunean oinarrituta zeuden aurkeztutako proiektu nagusienak, baina kasu honetan puntuak emango lizkiekete abiadura jakin batetik gora gidatzen duten gidariei, hauek telefonoa erabiltzen ez badute. Zenbat eta gehiago gidatu, orduan eta puntu gehiago jaso.

Puntu horiek trukagarriak izango lirateke produktuengatik edo zerbitzuengatik. Hona hemen Safe Drive app-ren aurkezpen bideoa.

Rider Alert

Peter Pottier-rek istripu bat izan zuen bizikletarekin: auto bateko gidariak debekatutako bira eman zuen eta bera harrapatu.

Rider Alert aparatu bat da Bluetooth bidez gidariak ohartarazten dituena (soinu bidez edo bisualki) txirrindulari bat gertu dagoenean.

Anti-Sleep Alarm

Aplikazio honek esna mantenduko luke auto gidaria. Instrukzio batzuk ematen dizkizu (adibidez, eskua mugitzea) eta horiek betetzen ez badituzu, Anti-Sleep Alarm joka hasten da.

Aukeran dago ere telefonoko kamera erabiltzea jakiteko zein den gidariaren neke maila aurpegiko mugimenduak monitorizatuz.

Tug

App honek eraman zituen sari nagusienak (Publikoarena eta Sari Nagusiena Oinezkoen eta Txirrindularien kategorian).

Laburbilduz, egin dutena da oinezkoen telefono mugikorretan trafiko seinaleak agertzea. Hau da, oinezkoentzako pasoa gorrian dagoenean, mugikorrean abisu bat aktibatuko litzateke “Look up!” (Gora begiratu!).

Hona hemen Tug aplikazioaren bideoa.

Connected Intersections, un concurso tecnológico para evitar accidentes de tráfico, este apunte en castellano.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter