Ane Irazabal gerra korrespontsalei buruz
"Kazetariak ezinbestekoa du enpatia. Gazan, etxera iritsi eta negar asko egindakoa naiz. Dena den, nazioarteko kazetariok, eta Mendebaldeak oro har, injustiziarekin enpatizatzen dugunean ere guri ezin zaigula gertatu sinetsita bizi gara. “Ai gaixoak, onartezina da, baina guri ez zaigu gertatuko!”. Sarraskiak eta bortxa urruneko kontuak iruditzen zaizkigu, betiko salbu dagoen lur batekoak garela. Baina iaz Lampedusan topatu genituen errefuxiatu Siriarrek ere gauza bera aitortzen ziguten: “Palestinan gertatzen zirenak guri ezin zitzaizkigula gertatu uste genuen, Damaskon salbu ginela, ondo bizi ginela”. Lau seme-alabarekin, ezer gabe, patera batean iritsi berriak ziren. Horregatik diot benetako enpatia parekoaren larruan sartuz lortzen dela, eta horretarako zuri ere gerta dakizukeela sinetsi behar duzula. Hori lortzean jartzen zaizu oilo-ipurdia."
Duela hiru bat aste argitaratu zuen Argiak Sustrai Colinak Ane Irazabali eginiko elkarrizketa hau. Irakurri nuenean buruan bueltaka geratu zitzaizkidan lerro horiek eta horregatik (edo auskalo zergatik) gaztelaniazko blogean argitaratu dut egun hauetan tarte soltetan itzulitako elkarrizketa: Ane Irazabal, desmitificando a los corresponsales de guerra.
Hartu tarte bat eta irakurri euskaraz (edo gaztelaniaz) elkarrizketa. Mila esker Aneri eta Sustrairi.