Germán Herrera utzita dator Realera
Zurrumurru anitz egon da Realak fitxatu behar zituen jokalarien inguruan, baina nik ez dut inon irakurri Germán Herrera izeneko aurrelari argentinarra fitxatzeko asmoa zegoenik.
Mutil hau Granadero Baigorria izeneko herrian jaio zen duela 23 urte eta azken denboraldia Brasilgo Gremio Portoalegre taldean jokatu du utzita.
Talde horren jarraitzaile den tipo batek youtuben jarri du haren omenez eginiko bideoa. Brasilgo azken txapelketan sartutako 9 golak ageri dira bertan.
Realak Savio ere ekarriko du denboraldia amaitu arte. Ikusteko dago ea zer lortzen dugun amaieran, baina komeni da gaur Osasunari irabaztea.
Espainiako Erregearen urtebetetzea
Gorkalimotxok abiatutako kanpaina da hau.
Espainian ere izan du oihartzunik:
ABC egunkariaren arabera:
"La Fiscalía de la Audiencia Nacional ha presentado una querella contra el autor de un artículo publicado los días 31 de octubre y 2 de noviembre de 2006 en los diarios vascos Deia y Gara, respectivamente, así como contra el autor o autores de la ilustración publicada en el primero de dichos rotativos el 28 de octubre. Tanto el texto del artículo como el montaje fotográfico son constitutivos de un presunto delito de injurias graves al Rey. La querella se tramitará en el Juzgado Central de Instrucción número 3, en este momento vacante y a la que en las próximas semanas podría incorporarse el juez Fernando Grande-Marlaska".
La Jungla Sonora irratsaioak egindako lana
Betiko kontuetara bueltatuko naiz, gainerakoan jai baitugu.
Joseba Martin irrati-gizona da euskaldunon John Peel. Ingelesek ez bezala, abantaila dugu guk: bizirik dagoela. Espainiako irrati publikoetan lanean ari diren beteranoen kasuan ez bezala, Euskadiko irrati publikoan, oraingoz, ez dutela jubilazio bidean jarri (nahiz bere jefeek gustura bidaliko zuketen kalera).
La Jungla Sonora 1989 urtean abiatu zen Radio Euskadin musika-irratsaio gisa. Izan du programak gorabeheraren bat edo beste, baina bizirik dirau.
Gaur egunean Estibaliz Sainz da Josebaren osagarria astelehenetik ostiraleko ordubeteko saioak (15:00etatik 16:00etara, eskerrik asko, Jon) eta larunbat gauerdikoak egiteko. Kolaboratzaile finkoak dira ere Eduardo Ranedo eta Fernando Gegúndez. Josebaren jarduna ezaguna da ere Berria egunkariarentzat egiten ditu kontzertuen kritikengatik.
Gaur aipatu nahi dudana da "La Jungla Sonora Conciertos" diskoa plazaratu duela Radio Euskadik, 1998tik hona grabaturiko 2000 kanten aukeraketa (20 abesti). Urtero 50-60 kontzertu grabatzen omen dituzte emisoran eta dagoeneko fondo aparta osatzea lortu dute.
Urtzi Urkizuk Berrian galdetu zion ea beste 17 urtez aritzeko energia eta gogorik ba ote zuen:
"Bai. Etxean bilduma ugari ditut, irratian disko interesgarri pila bat dago jartzeko. Hau ez da inoiz amaitzen. Saiatzen gara irratsaioan urtero gauzak aldatzen, berritzen, musika interesgarriena entzuleari helarazteko".
Espero dezagun horrela izatea. Ea gure belarriek ere osasunez entzuteko aukera duten.
Post Scriptum: ia ahaztu egin zait esatea, baina faltan botatzen dut Cristina Ardanza, orain bakarrik publizitate tarteak egiten duen kazetari bikaina.
Loretopetik (X) Hiltzaileak ez ditut laket
Irutxuloko Hitzan urtarrilaren 3an argitaratutakoa.
Igande goizean lau ordu pasa nituen Donostiako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan. Itxoiten nuen bitartean eramandako bi periodikoak irakurri nituen goitik behera ezker eskuin, baita egunkarietako baten igandekaria ere.
Eta paper honetan argitaratzeko ostiral arratsaldean idatzitakoa gainbegiratu behar nuela pasa zitzaidan burutik. Larunbat goizean Barajaseko aireportuan egindako ankerkeriak zuen errua.
Gogoratu nintzen Ruperrek abenduaren 20an Egiako Kultur Etxean emandako kontzertuaren aipamena egina nuela. Beti bezala, dotore eta bikain eraman gintuela oñatiarrak Joseba Sarrionandiaren memoriaren mapan barrena. Jon Piris kontrabaxu jotzailea, Javi Ullaren eszenografia eta argi apalak, gehi betiko Angel Katarain soinu teknikaria bidailagun.
2006a memoria historikoaren urtea izan dela ere idatzi nuen eta gobernu sozialista saiatu dela berau urardotzen. Eta Francisco Etxeberria foru medikuak askotan esandakoa azaldu nuen: hilobiak zabaltzearekin batera ez direla zauriak irekitzen, betiko ixten baizik.
Hari horri tiraka, Tolosaldeko Bide Ertzean taldeko Ubedatar anaiek Espainiako Gerra Zibilean hildako senideak ekarri dituztela Non dira disko kontzeptual interesgarrira, familian isilpean egondako kontu hauen korapiloak askatuz.
Alberto Méndez idazlearen Los girasoles ciegos irakurri dudala gabonetan. 2004an argitaratu ondoren hil egin zen egilea, obra bakarra utziz. Guda Zibila amaitu berrian kokatutako istorio ezberdinak daude bertan, galtzaileei eginiko omenaldia.
José Luis Fernández Leongo donostiarrak Historias de un detective eleberria oparitu zidala oporrak hartu aurretik. Artisau lana da, berak idatzi eta azaleztatu baitu. Behin baino gehiagotan hitz egin dugu haren jaioterrian gerrak utzitako herrari buruz. Beti berdin bukatzen dugu: duela hirurogeita hamar urteko kontuak itxi gabe baldin badaude, gaur Euskal Herrian dugun leize-zuloa estutzeko zenbat urte eta komeria ikusi beharko ditugun oraindik.
Horrelako gauzak nituen gaurko idatzita. Baina larunbat goizean izoztu egin zitzaidan odola eta testua berridatziko nuela erabaki nuen igande goizean larrialdi zerbitzuan.
Bernardo Atxagak zioenagatik: "bizitza bizitza da, / handiena; / kentzen duenak / kentzen du dena".
Fermin Muguruzaren adierazpena Barajaseko atentatuaren ondoren
"Izan ere, hitzari eskainitako gune xume honetatik, nire erabateko gaitzespena azaldu nahi baitut, Madrilen izandako atentatuari. Nire amorrua bi langile ekuadortar desagertuengatik. Bidaiariok beti aurkitu ahal izaten dugu lekutxoren bat atsedena hartzeko eta horregatik ni ere oihukatzen ari naiz hondakinetatik, atzo goizean nire isileko presentziarekin, Segiren aldeko prentsaurrekoan oihukatu nuen bezala, beraien jarduera politikoa gazte erakunde bezala zilegiztatzen eta pairatzen duten jazarpena salatzen".
"Gaur, inoiz baino gehiago eta beti bezala nire izenean bakarrik, ozenki eskatzen diot ETAri sueten iraunkorra berrezartzea eta Espainiar zein Frantziar gobernuei, errepresioa etetea, ideiak ilegaltzat jotzen dituzten legeak bertan behera uztea eta presondegiko politika sarraskitzailea aldatzea, errespetuaren zimendu sendoetan, hitzari emandako aukera eta bake prozesua berbideratzeko. Nire aldetik, prozesua blindatzeko, atzeraezina bihurtuz, antolatzen diren hiritarren ekimenetan parte hartzeko konprometitzen naiz, soilik gizarte zibila eta herri mugimenduak lortuko duelako geure erabakiak eta eskubideak errespeta daitezen".
"Besarkada erraldoi bat".
Urtarrilaren 2ko eguneraketa. 22:30etan.
Ferminen komunikatua toki ezberdinetan dago eztabaidagai:
Urtarrilaren 4ko eguneraketa. 22:25etan.
Zabaldun inork ez du iruzkinik egin, baina zerbitzu horren historia laburrean notiziarik bozkatuena da une honetan.
Urte berri on
Oso ondo gogoratzen dut nola enteratu nintzen 1998-1999 urteko su-etena bukatu zela. Oso ondo dut gogoan iltzatuta nola ikusi nuen, etxean, bi hegazkin tupust egiten New York-eko dorre bikien aurka. Edo Madrilgo martxoaren 11ren berri nola jaso nuen. Lehenengoa, kioskoan izan zen, igandeko periodikoei begira, 1999ko azaroaren amaieran. Bigarrena, telebistaren aurrean, bazkaltzen nuen bitartean. Hirugarrenaren berri lankide batek eman zidan.
Atzokoa, berriz, ohean, oporretako larunbat goizari dagokion goxotasuna alferrarekin borrokan, irrati bidez. Radio Euskadi nuen jarrita. Sadam Hussein exekutatu zutela esan zutenean, buelta eman nuen, deseroso. Javier Vizcaínok bonba bat lehertu egin zela Barajaseko aireportuan adierazi zuenean, altxa egin nintzen ohetik.
Galdera asko idatz ditzaket hemen, baina batean laburbilduko dut: nori egiten dio mesede sarraski honek?
Urte berri on!
Eraso vs. Irizar
Gogo gutxi gehi arazo tekniko batzuk izan ditut hemendik agertzeko azken egun hauetan, baina pare bat gauza komentatzea otu zait gaur.
Santi Eraso
Santi Erasok publiko egin du aspaldian bolo-bolo zebilen notizia: utzi egingo duela Arteleku. Albistea emateko Diario Vasco eta Alberto Moyano aukeratu ditu.
Emandako arrazoia, berriz, duela zenbait hilabete Tabacalera proiektutik ateratzeko emandako berdina: "He tenido una niña y he decidido cambiar de vida. Seguiré yendo y viniendo, pero voy a tener el centro en Sevilla. Estaré más volcado en la vida afectiva y personal, y menos en el trabajo».
Ez dut pertsonalki ezagutzen gizon hau, baina iruditzen zait lan ona egin duela Artelekun. Bejondeiola Sevillan edo berak aukeratzen duen tokian.
Mikel Irizar
Kontrako bidea aukeratu duena, berriz, Mikel Irizar da. Izan ere ardura berriak hartu baititu Kutxan, Hizkuntza plangintza eta Barne Komunikazioko arduradun izendatu baitute.
Eta kontrako bidea egin du zeren "utzi egin behar izan dut orain arte hainbeste gozatu dudan jardun murrizketa, eta astelehenak berriro bihurtuko zaizkit lan egun".
Zorterik onena, Mikel eginkizun berri horretan.
Adin beretsua (berrogeita hamarreko aldapan sartuak), baina bide, itxuraz, ezberdinak aukeran.
Irutxuloko Hitza RSS jarioarekin
San Tomas eguneko Hitzak albiste on bat zekarren kontrazalean: Hitza hurbilago, titulupean, "aste honetatik aurrera Irutxuloko Hitzaren informazioa e-posta bidez jasotzeko aukera izango da, RSS jarioek ahalbidetuta".
Ez dakit oso zuzena den azpititularra: e-posta bidez baino, RSSak ahalbidetuko duena da blog jarioak irakurtzen dituzten robotek irakurtzea egunkariaren webgunea. Honela, bloglines, alesti eta antzeko zerbitzuen bidez egongo da Hitza jarraitzeko aukera.
Gaur arratsaldean ibili naiz RSS jarioei begira eta gehitu dut bat nire Bloglines-eko zerrenda oparoan.
Gehienak auzoetakoak dira, baina badago Donostiako bat eta edizio jarraitua izeneko beste bat. Dena den, nik paperean argitaratzen dena jarraituko dut Irutxulo izenekoarekin.
Zorionak Irutxuloko Hitzakoei urtea honela amaitzeagatik.
Jende temosoa
Lankide batek, Maitek, oraindik Word Perfect testu prozesadorea erabiltzen duen tipo bat ezagutzen duela aipatu dit gaur goizean. Pertsona hori ezaguna da, baina Maitek ez dit utzi haren izena publiko egiten.
Duela zenbait asteburu, Javier Marías idazleak El País egunkariaren igandeko aldizkarian duen zutabean zioen ez zuela e-mailik erabiltzen. Donna Leon idazle estatubatuarrak ere ez omen du e-postarik nahi. García Cancini irakasle mexikarrak adierazi zuen elkarrizketa batean e-postak gainditu egin zuela eta berriro faxa erabiltzen hasia zela.
Goazen honekin zerikusi gutxi duen beste gai bat aipatzera. Arratsaldean, Udalak atera dituen egutegiak banatu ditugu hiriko kultur etxetan. Banaka banatzeko gomendioa genuen, baina beti dago baten bat alaba duena lanean, ahizpa ospitalean, seme-alabak kanpoan, lehengusu bat Bolivian… Eta 19:00etarako agortu dira guztiak.
Amaitu eta berehala etorri zait andre bat esanez, haserre, ikusi duela pertsona bat bi egutegirekin eta bera, zergak pagatzen duen herritarra, alerik gabe gelditu dela. Esan diot gauzak ez hartzeko horrela. Alkateari esateko etxera bidaltzeko ale bat hurrengoan, arrapostu dit berak, kontribuzioa helarazten dioten bezala. Alde egin duenean, ea kemen berarekin egiten ote duen borroka gauza garrantzitsuak lortzeko pasa zait burutik.
Zein den istorio guztien haria? Jende temosoa garela, dedio!
Sarelarion eguna eta aste honetako mapa
Amaitzear dagoen astea ekitaldiz lepo egoten den horietakoa da, aurreko zubiaren erruz, urtearen helmuga marra nork lehenago zapaltzeko asmoz.
Sarelarion eguna
Pena dut ostiralean ezin izan nuelako joan bosgarren urteurrena ospatu zuen The Balde aldizkariaren festara. Eskerrak Lok kronika egin duen. Eta ez nintzen joan, besteak beste, Altzan egon nintzelako Album altzatarra argazki bildumaren aurkezpenean
Sustaturen bosgarren urteurrena ospatzeko jaialdian bai egon nintzela asteazkenean. Alde batetik, plazer handia izan zen Iban Zaldua presentatzea eta, bestetik, norbaitek nire mezu bat lehiaketara aurkeztu zuenez, i-pod nanoaren zozketan sartzeko aukera izan nuen… eta etxera i-podarekin bueltatu nintzen, Leireren baimenaz... ;-)
Sarelariok giro aparta izan genuen. Jostunen eguna zen, saregileen festa ere bai eta, hori kontutan hartuz, Zalduaren aurkezpenean, proposatu nuen blogarion eguna bihurtzea hura. Ez dakit datorren urtean jarraipena izango ote duen, baina giro aparta sortu genuen eta gustura egon ginen, inauguratzear dagoen Arrasateko Kultur Etxe berrian, Kalistroan, baita handik kanpo ere.
Ruper eta bertso tranpak
Igande goiz honetan, beste hainbat igande goizetan bezala, irratia aukeratu dut goizari soinu banda jartzeko (Más que palabras, Javier Vizcaínok gidatutako irratsaioa). Xabi Paiaren atzoko garaipenak ireki du programa, Txaro Arribas, Dardo Gómez eta Karmele Jaio hirukotearen solasaldia, Jabier Muguruzaren betiko tartea eta… Ruper Ordorikari eginiko elkarrizketa.
Ruper bidean da berriro eta batetik bestera joateko Memoriaren mapa aukeratu du. Aste honetan hasi duen birak Donostian izango du geldialdia datorren asteazkenean, Egiako Gazteszena gunean. Hantxe egongo gara, Ruperrek eta Piris kontrabajistak eskaintzeko dutena ikus-entzuteko. Adi ibili, harmailak jarriko dituzte eta horrek asko murriztuko du sarrera kopurua (264 eserleku).
Eta Santo Tomas egunean, Paiatarren eta Egañatarren arteko desafioa, arratsaldeko 20:00etan kapitaleko Antzoki Zaharrean hasiko den Bertso tranpak emanaldian. Musika, antzerkia, bertsoak... Alde batetik, Bizkaiko txapelduna; bestetik, Euskal Herrikoa. Oraina eta geroa, Ander Lipusek ederto gidatuko duen showa.
Bi ekitaldi hauetara doazenei bostekoa luzatzeko prest nago, baita musuak emateko ere. Hori bai, niregandik jamoirik ez espero.
