Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Harrittua eta perplejua

Mikel Iturria 2007/09/16 22:00

Eibar.org elkartearen udazkeneko afaria izan genuen ostiralean. Ondo, ohi bezala. Hamar urte bete behar ditu elkarteak ikasturte honetan eta batzuk ospatzeko asmoa dute. Ikusiko dugu zertan gauzatzen den.

Ondarrun egon nintzen sapatuan eta hitz berri bat ikasi nuen: laife. Bete-betea ez den pertsonarengatik esaten omen da. Noventaynueve ("Fulano noventaynueve da") ere erabiltzen dute horretarako, ehunera iristen ez dena, baina horren berri baneukan.

Beste kontu xelebre batekin ere egin genituen barre batzuk: edadeko bi andre omen zebiltzan paseoan aurreko batean McLaren-Ferrari auzia ahotan zutela. Espioitza gora eta behera. Telebistak, eta ustez inolako ideologiarik ez duten komunikabideek (hau da, politikan sartzen ez diren horietakoak) burmuinak jateko duten abileziaren beste froga bat.

Alonso joan egingo da eta akabo motorzaletasuna. Gaur telebistan txirrindularitza ikusten egon naiz eta, kasualitatez, Samuel Sánchezek irabazi du. Oso jende gutxik jarraitzen omen du Espainiako Itzulia, baina saskibaloi zale borrokatuak agertzen dira edonon… Espainiak jokatzen duenean. Atzo bertan ikusi nituen piperpototarren aurkaria erabakitzeko beste finalaurrekoaren irudiak telebistan eta apenas zegoen ikuslerik pabiloian.

Donostia perla hiria denez, hementxe bukatuko dut errepasoa. Victoria Eugenia antzokia gai bakartzat hartuta, Roberto Herrerok alkateari eginiko elkarrizketa plazaratu zuen Gipuzkoako Orakuluak atzo. Bukaera aldera, kazetariak kexak eta laudorioak planteatu zizkion. Laudorioen artean, ondorengoa, hitzez hitz:

- Que los chicos y chicas que acomodan al público son jóvenes, guapos y muy amables.

- Estoy de acuerdo. Siempre es eso mejor que una acomodadora metida en años. La estética también es importante.

Bere eremura eramanez gero, laster Denis Itxasori utziko diola tokia? Non kristo zuen gizon honek burua horrelako gauza bat botatzeko.

En castellano

Hoaxak edo gezurrak

Mikel Iturria 2007/09/12 23:00

Lagun batek bidali zidan astelehen goizean mezu tremendista bat. Nortasun agiri espainola galdu zuen pertsona baten komeriak kontatzen ditu. Nire lehen erreakzioa izan zen galdetzea ea nori gertatu zitzaion hor kontatzen dena (izenik ez nuen ikusi niri bidalitako e-postan, goian jarri dudan loturan bai, ordea).

Erantzun zidan esanez horrelakorik normalean bidaltzen ez dituen lagun batek bidali ziola. Datu gehiagorik ez.

Hortxe geratu zen kontua, astelehen arratsaldean beste saltsa batzuetan ibili nintzen eta gero pasa egin zitzaidan.

Gaur arte. Hasi naiz googlen bilatzen eta, orain ez naiz gogoratzen zer jarriz, menéamen egin dut topo albistearekin. Gaur bertan igotakoa da eta jada garbi dago hoax bat dela. Aspaldikoa gainera.

Nire lagunari bidali diot e-posta deskubritu dudan informazioarekin eta aurreko mezua bidalitako guztiei gezurraren berri eman behar ziela penitentzia moduan. Egingo al du?

Eskubideak

Garai batean hoaxak eta antzeko kontuen berri izateko rompecadenas orrialde argentinarra erabiltzen nuen, baina nahasi samarra da. Norbaitek ezagutzen al du hobeagorik?

Hori bai, Imazena benetazkoa da, baita nire enpresan gertatzen ari diren zenbait kontu ere. Enpin...

En castellano

Esklabu berriak

Mikel Iturria 2007/09/10 01:00

Picapiedra jaunaren aholkua jarraituz, Cuatro telebistak botatako saio berezi bateko bost bideo zati ikusi nituen larunbat gauean. Gaia: paperik gabeko etorkinen lan baldintzak, esklabutza berria.

Madrilgo inguruetan lan merkatu horrek etxegintza alorrean nola funtzionatzen duen ageri da bertan. Jauntxo edo kazikeen garaietan bezala, etorkinak toki jakin batzuetan biltzen dira eta pistoleroak (kontratatzaileak) agertzen dira behargin bila. Batzutan kobratzen dute, beste batzutan ez; zoaz gero norbaiti kontuak eskatzera.

Dena den, atentzioa gehien deitu didana Ekuadorreko ama baten kasua da, Zulema Silva.

Bideoaren 3:45 minututik aurrera agertzen da (osorik ez da 10 minutura ailegatzen). 2003ko ekainean paperik gabeko 20 urteko semea, Juan Carlos Vallejo Silva izenekoa, Baños de Río Tobía herriko urdaiazpiko lehortegi batean hasi zen beharrean. 2003ko abuztuan, lan istripuz hil zen mutila.

Amutio aita-semeen famili negozioa izaki, Juan Carlosen zerraldoa topatu zutenean, lan-arropak kentzen saiatu eta mutila ez zuela ezagutzen, lapurretan ariko zela iradoki omen zion nagusietako batek poliziari. Epaitegiek hiru urteko kartzela zigorra betetzera kondenatu dituzte eta hildakoaren familiari 135.000 euroko kalte ordaina ematera.

Gauzak ez dira bere horretan geratu, baina. Herritarrek indultu eske ibili baitira. Bideoan diote gehienek sinatu dutela, alkate sozialistak, apaizak eta Errioxako presidente popularrak barne. Baina gobernuak ez du indulturik eman.

Bideoan Zulema herriz herri ageri da, ama kuraia baten modura, indultuaren aurkako sinadurak biltzen. Irudiak Nafarroako Mendavian hartuak dira.

Zer ari dira esaten Baños de Río Tobiako biztanleek indultua eskatuz? Famili honi tokatu zaio, baina gu izan gintezkeen, gutarrak dira kondenatuak; bestea, berriz, pobre bat da, janaria eta lantegia eman diogun gizajo kanpotarra.

Ez du honekin zerikusi askorik, baina atzo arratsaldean Reala menderatu zuen Poli Ejidok (jada Ejido ere gu baino hobeto aritzen da futbolean). Futbola ikusten nuen bitartean, Ejidon duela zenbait urte etorkinekin izandako liskarrak gogoratu ditut. Eta zera pentsatu dut: Gu Ejidoko haiek baino askoz hobeagoak al gara? Ezezkoan nago.

En castellano

España va bien, Euskadi también!!!

Mikel Iturria 2007/09/08 12:00

Osteguneko Berrian agertu zen iragarki honek harritu ninduen: "Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak hurrengo lanpostuak betetzeko langileak behar ditu (…) bekaduna". Periodikoaren hamaikagarren orrialdean zetorren. Noiztik bekaduna da langilea? Noiztik betetzen du lanpostu bat? (bai, praktikan horrela izaten da askotan, baina deialdia egiterakoan aitortzea ere!) Bi zutabetan dago iragarkia eta lehenengoan kazetari lanpostua da eskaintzen dena, gainera.

Egokiagoa iruditzen zait Berria bekak 2007 deialdia agertzeko modua. 9 beka daude jokuan eta aukeratutakoek dirulaguntzak jasoko dituzte (6.000 euro kazetaritza-arloan eta 8.000 euro zuzenketa-itzulpengintzan).

Laster lanpostua izateko pagatu egin beharko dela idatzi behar nuen, baina hori jada gertatzen ari dela esango nuke.

Pasa den maiatzean Donostiako Udalak antolatu zuen enplegu feriaren bosgarren edizioa. 3000 enplegu eskaini omen ziren (Irutxuloko Hitzan, berriz, 2.200 lanpostu eskaintzen zituztela dio: "horietatik, aldi baterako 1.500 lanpostu Port Aventurak eta lanaldi luzeagoko 85 lanpostu Ibermaticak"). Lehen loturan klikatuz gero, irakurriko duzue kazetariak diola aurreko urteetan lanpostuen % 30a betetzen zela (erreparatu datuari).

Gertuko pertsona bat joan zen elkarrizketa bat egitera. Banku edo aseguru zerbitzuak (ez naiz ondo gogoratzen) eskaintzen dituen enpresa batek egin zion lan-eskaintza: 300 euro hileko eta kontratu merkantila. Hortik aurrera, salmenten arabera. 300 euroak aipatu zizkiotenean deskonektatu egin zuen, noski.

Okerrena udal agintarien tonu triunfalista izan zen (hauteskundeak pasata zeuden jada, maiatzaren 27an, eta agerpena ekainaren hasieran egin zuen Ramosek): topaketetara 2500 lagun hurbildu omen ziren eta horietatik 750ek egin ei zuten elkarrizketaren bat. Elkarrizketatutakoen 2/3ek lan eskaintza bat jasoko zutela adierazi zuen zinegotziak.

Ez zuen azaldu, baina, nolakoak ziren jasotako eskaintzak. Denak nire ezagunak izandakoaren antzekoak?

"España va bien, Euskadi también". Crisis? What crisis?

En castellano

Ali Zebboudj-en heriotza

Mikel Iturria 2007/09/06 01:00

Julen Iturbek baikortasunari buruz idatzitako testua eta Javier Vizcaínoren kontrapunto pesimista (berak pesimismoa eta ezkortasuna bereizten ditu) nituen gogoan gaur goizean, 2006ko maiatzean ezagutu nuen gizon on bat hil egin dutela jakin dudanean.

Mundua hobetzen zuen horietako pertsona bat zen Ali Zebboudj, Alimentation Générale dokumentalaren protagonista. Chantal Briet zinema zuzendariak kamera paratu zuen Alik Epinay sur Seine herrian zuen ultramarino dendan eta ibilbide polita egin duen filma da emaitza.

Chantalek Donostian eman zuen prentsaurrekoaren berri topatu dut komunikabidetan. Ruth Perez de Anucitak sinaturikoan zera dio zuzendariak Alirengatik:

"Él hacía integración inversa: es un árabe que integra a las abuelas francesas que acuden a su tienda. Fue un marco extraordinario".

"La única condición que puso Ali para colaborar fue que no se utilizaran los clichés y los tópicos que suelen rodear a la periferia. Es decir, una película opuesta a las teorías del ministro Sarkozy".

Hilketaren berri gehiago jakiteko Ali Zebboudj poignardé jarri dut googlen eta, dirudienez, beste auzotar gaixo batek garbitu du. Aliren zain omen zegoen gizona eta, hilabeteko oporraldiaren bueltan, denda zabaltzera zihoanean labankadaka erasotu du.

Eskuinekoa da Ali (ezkerrekoa Salem Bedredine da): argazkiaren eskubideak Donostia Kultura.

Altzako iluntze hartaz akordatu naiz gero. Egun hartan, filma bota ondoren, giro ezin hobean, Jabierri aita ospitaleratu zutela esan niola (handik gutxira hil zen).

Topikoak baztertuta, Aliri egin diezaiokedan omenaldirik onena "Alimentation Générale" film hunkigarriaren berri sarean zabaltzea da. Egon naiz begiratzen youtuben eta soinu banda osatzen duen kanta bat topatu dut soilik, "Rien ne change":

Allocine.com webgunean dokumentalaren bost zati hauek daude:

1 (auzoko umeak gozokeriei begira)

2 (barregarria, arazoak kanporatzeko sistema bitxia)

3 (igogailua izorratu eta zortzigarren pisuan bizi den amona)

4 (break-a dantzatzen duen mutikoa)

5 (betiko bezero batzuen elkarrizketa)

En castellano

Berriemaile bereziak

Mikel Iturria 2007/09/04 06:00

Su-etenaren bukaera amorragarriak eta maiatzeko hauteskunde ostean betiko (gustuko ez? Hautatu nahi duzuna: ortodoxoa, ofiziala, historikoa...) ezker abertzaleak udaletxe batzuetan agintea hartzeak, ekarri du Madrilen egoitza duten zenbait komunikabidek berriemaile bereziak gurera bidaltzea. Eta arazoa da horietako batzuk Gaza edo Afganistanera doazen aire berberarekin azaltzen direla hemendik.

Hernani

Aipatu udaletako bat Hernani da. Marian Betialarrangoitia kazetaria da alkate berria pasa den ekainetik. Udalbatza EAE-ANVko beste zazpi zinegotzik gehi PSE-PSOEko hiruk, EAJ-PNVko bik, EAko bik eta EB-Aralar zein PPko banak osatzen dute. Horrelako panoramarekin, beste aukera, PP tarteko, ezinezkoa zirudien.

Abuztuko oporren bueltan, Argia aldizkariaren 2100 zenbakiak Mikel Asurmendik alkatearekin izandako elkarrizketa dakar. Ez dut oso-osorik irakurri, baina bai hona ekarri nahi dudala ondorengo galdera-erantzuna.

Mikel Asurmendi: El Paíseko El silencio de Hernani izeneko erreportajeak bereganatu du jendearen arreta. "En Hernani no existe una cultura de la paz, ni de pluralismo. Ni libertad de expresión. La guerra no ha acabado" irakurri dugu.

Marian Beitialarrangoitia: Hori bera esan dezaket nik, azken lau urteetan ezker abertzalea udaletik kanpo egon delako. Hauek [El País eta Jesús Rodríguez kazetaria] Hernanira etorri dira hernaniarrek adarrak eta buztana balituzte bezala. Errespetuz etorri ordez, ikusi ez duena kontatzeko borondatez etorri da kazetaria. Pertsona hau duela hamaika urte egon zen herrian, herritar askok lagundu zion herria ezagutzen, eta ordainez Territorio Comanche izeneko artikulua idatzi zuen, herria hala-moduz jarri zuen. Esperientzia txar haren ondoren, inork gutxik hitz egin du berarekin orain. Areago, erreportajean aipatu dituen lau pertsonen esanak zalantzazkoak dira. Berarekin hitz egin zuten bi kexatu dira, beren ahotan jarri duena manipulatuta dagoela salatu dute prentsan. Nik esan omen nuen esaldia, bakarra, gezurra da. Gezurrak ibilbide motza du, beti ez zaio gezurrari erantzun behar, denborak gauzak bere tokian jartzen ditu.

Ondarroa

Aurten soilik Arrantzale Egunean egon nintzen Ondarroan. Osaba egun batzuk lehenago hil zenez, normalean jaietan pasatzen ditudan hiruzpalau egunak ez nituen bertan pasa.

Giroa lasaia bazegoen ere, tentsio gehiegi dago kalean. Bizkaiko Aldundiak aukeratutako jestorak hartu du udalaren gobernua, baina horrek ez ditu gehiengo absolutua lortu duten EAE-ANVkoen animoak baretu.

Nik ez dut ikusi, baina Iñaki Anasagastik kontatzen duenagatik, aurten ere eskegi dute herrian the organizationen aldeko pankarta. Inoiz ez zait gustatu horrelako parafernaliarik (gorrotagarria zinez) eta zaila egiten zait beste aldera begiratzea (Iñakiren blogean batek justifikatzen du kartelak inori ez diola kalte egiten eta herriaren nahia dela argudiatuz; kalte ez dakit, baina hori herriaren nahia dela...)

Anasagastik Esther Solabarrieta emaztea du jestoran. Agian ondo legoke beraiek ere irakurtzea El Paísek pasa den ekainean argitaraturiko beste erreportaje bat aitzakiatzat hartuz, Jose Felix Azurmendik Ondarroari buruz idatzitakoak.

En castellano

Impresión! erakusketaren inaugurazioa

Mikel Iturria 2007/08/30 18:00

Bihar, abuztuaren 31n, inauguratuko dugu Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean Impresión!. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da erakusketa aretoan (sarrera Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean).

Ordu horretan Few & far between dvd-a emitituko da. Chris Mulhernen bideo honek AEBetako Ekialdeko kostaldean (Filadelfia, besteak beste) dagoen skater eszenaren berri ematen du.

Irailaren 22rarte egunero bisita daiteke erakusketa, jai-egunetan izan ezik, ondorengo ordu hauetan: 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera; 17:00etatik 21:00etara larunbatetan.

Argazkiak, serigrafiak, x-izpiak, pintura

... eta sticker-art

Artistak

Javi Cobo, Alex Mosterin, Unai Pascual, Naiara Goikotxea, Juanma Fernández, Toño Geosk8, Xabier Ilarregi, Joseba Cortazar gehi Francisco Chávez peruarra.

Mikel Arbizak koordinaturiko ekimenak jarraipena emango dio iaz kultur etxean antolatutako Parafernalia: cultura skate bildumari. Oraingoan ere, Street Zinemarekin batera skateboarding munduarekin lotutako artisten erakusketa bat egin da.

En castellano

Feedburner, bloglines, statcounter...

Mikel Iturria 2007/08/28 20:00

Processblack jaunak gaztelerazko blogean utzitako erantzun batetik abiatzen da gaurko hau.

Feedburner

Miguelek dio blog baten harpidedun kopuruaren berri zehatza izateko modurik eraginkorrena feedburner erabiltzea dela, besteak beste agregatzaile ezberdinetan harpidetutako jendea hartzen baitu kontutan (bloglines-ek lehen zuen hegemonia galdu egin du). Alta eman dut zerbitzu berri horretan eta ikusiko dut zerbait atera daitekeen hortik (ziur zer edo zer gaizki egin dudala eta atera daitekeen etekinaren herena ere ez diodala ateratzen!)

Bloglines

Bloglines agregatzaileaz ari naizela, atzo jaso nuen jarioan bertsio berriaren notizia. Jada hasi dira euskal geekak beta bertsioari buruzko iritziak plazaratzen. Besteak beste Ikteroak eta Teketen.

Nik faltan botatzen dudana da irakurritako albiste bat kontserban gordeta edukitzeko aukera. Hau da, batzutan asteak edukitzen ditut nik aktibatuta zenbait albiste, del.icio.us-era edo zakarrontzira botatzeko zain. Eta orain ez dut aukera hori ikusten bertsio berrian (kontrakoa, orain klikatuz gero, irakurri duzula esan nahi baitu eta desagertu egiten da).

Statcounter

Blogaren trafikoa ikusteko statcounter erabiltzen nuen. Joan den astean antibirusaren epea bukatzear nuela-eta, Kaspersky (Kaspersky Internet Security 6) instalatu nuen eta geroztik ezin ditut kontsultatu estatistikak. Zerbait ezabatu al dut? Ez dut irtenbiderik topatzen. Norbaitek badu laguntzerik? Fororen batean saiatu naiz, baina abuztuan gaude eta ez dut topatu erantzunik oraindik.

Gainera, Kasperskyren bertsio hori erosi ondoren, 7.a ingelesez prest dutela konturatu nintzen. Kaguenlasoria!

En castellano

In fraganti

Mikel Iturria 2007/08/25 21:00

Ostegun arratsaldean in fraganti harrapatu ninduen Haritz Rodriguez-ek.

Atzo gauean irakurri nuen elkarrizketa eta gustatu zait emaitza.

Hala ere, badago akats bat paperean zuzendu ezin dena eta edizio digitalean datorren aste hasieran-edo konponduko dena: ez ditut 200 harpidedun gaztelerazko blogean, 20 baizik.

Eskerrak Haritzi nitaz akordatzeagatik eta eskerrak ere edizio digitalean agertzen ez diren argazkien egileari, Argazki Press-eko Juan Carlos Ruizi.

Ez badakizu zer den Gaur 8 klikatu hemen.

En castellano

Loretopetik (XVI) Reala, Praileaitz eta kirol etika

Mikel Iturria 2007/08/24 06:00

Irutxuloko Hitzan abuztuaren 24an argitaratutakoa.

Ondarroan egon nintzen ostiralean Arrantzale Eguna ospatzen. Athletic zale amorratu diren pare bat lagunek gelditu ninduten kalean, Realak kategoria galdu zuela-eta doluminak emateko. Pozik ziren beraiek ni zirikatuz, zer egingo diogu ba.

Larunbatean aurkeztu zen Reala Anoetako zelaian. Webgune ofizialak dio 3000 zale hurbildu zirela goizeko 10:30etan, baina beste zenbait komunikabidek erdira jaitsi zuten kopurua. Dena den, asko zirela iruditzen zait, zalegoa pozez txoratzen ez dagoela aintzat hartuz. Kalean jendeak komentatzen dituenak entzutea baino ez dago-eta (azido urikoa ondo baduzue, sartu txuri urdinen aktualitatea jarraitzen duten interneteko foroetan).

Ate joka dugu denboraldi ofiziala eta aspaldiko partez 2. Mailan gaude. Entrenatzaile berria eta plantillaren osaketari dagokionez azken ukituak zehazteke oraindik. Itxura guztien arabera, ez da sorpresa asko egongo, baina abuztuaren bukaera arte itxoin beharko da. Denboraldi aurrean apenas ikusi dugun pulamentuzko ezer, gazte batzuek tokia hartzeko prest daudela (Carlos Martínez nafarra, adibidez: ez al dago gipuzkoar adoretsurik ala?) eta zaleek pazientzia poto handia beharko dugula igandean arratsaldeko 7:00etan hasiko den sufrikarioari aurre egiteko.

Athletic alde batera utzita, inbidiaz ikusten dut Osasunak azken denboraldi hauetan izan duen bilakaera. Garai batean haiek guri begira egoten ziren bezala, kontrakoa egin beharko genuke guk oraingoan. Hau da, komeni zaigu aztertzea nola egin dituzten gauzak Taxoaren azken urte hauetan. Futbolean, bizitza modernoaren beste alorretan bezala, dena azkar doa eta lo geratuz gero, zezenak harrapatzen zaitu. Eta hori gertatu zaigu txuri-urdinei.

Udan jakin dugu, berriz, Construcciones Amenabar izango dela bigarren babesle (lehenengoa Belca izango da). Ondo dago hemengo enpresek bertako klubetan dirua inbertitzea, baina badago aintzat hartzeko datu bat. Luistxo Fernandez blogariari irakurri diodanez, Amenabar da Debako Sasiola harrobia ustiatzen duena eta han bertan dago Praileaitz kobazuloa, Paleolitiko garaiko pinturak dituena eta ustiaketaren ondorio larriak paira ditzakeen aztarnategia. Sesioa dago honen inguruan eta, zenbait adituren arabera, zalantzazkoa da Eusko Jaurlaritzak argitara emandako dekretua nahikoa ote den gure ondarea behar den bezala babesteko. Futbolean ondo dago harrobia lantzea, baina Amenabarrek Sasiola babestea eskertuko nuke nik (eta ez bakarrik Reala).

Realarekin batera aritzekoa da 2. Mailan Granada 74 talde berria. Liga horretan aritzeko plaza erosi omen dio Murtzia Hiriari. Espainiako Futbol Federazioa, FIFA eta UEFA lagun, kontra azaldu da, kirol etikaren aurkakoa ei baita. Hori entzun dut irratian eta barrez lehertzen nago oraindik.

En castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter