Salbatzailerik? Ez, eskerrik asko
Hitzak soberan dauden arren, ezin dut isilik egon the organization-ek gaur eguerdian egindako krimenaren aurrean. 42 urteko Isaías Carrasco erail dute Arrasaten. Edozeini bizia kentzea justifikaezina iruditzen zait gaur egungo Euskal Herrian, baina mingarriagoa egiten da hildako pertsona langile xume bat denean. Izan ere, atentatua etxe inguruan izan da eta Carrasco non bizi zen ikustea nahikoa da langile bat akabatu dutela jakiteko.
Norbaitek Do not save me ekimena jarri du martxan sarean. Bat egiten dut ekimenarekin.
"Norbaitek,
ETAkideren batek seguruenez, PSE-EEko zinegotzi izandako Isaias Carrasco
tiroz hil du gaurkoan, etxetik irteten ari zela, emaztea eta alaba ondoan
zituela. Euskal Herria libreago omen da orain".
"Hori bada
Euskal Herria salbatzeko, libre eta independente egiteko bidea, mesedez, ez
nazala inork salba. Eskerrik asko".
Eta ingelesez
ere bai:
"Someone,
probably an ETA activist, has shot former PSE-EE councilman Isaias Carrasco
dead, when he was leaving home with his wife and his daughter. Euskal Herria
(Basque Country) is supposed to be a little more free after that".
"If
that is the way to save Euskal Herria, to make it free and independant, just
please do not save me, thanks".
Loretopetik (XXI) Zaila da herritar arduratsua izatea
Irutxuloko Hitzan 2008ko martxoaren 5ean argitaratutakoa.
110.000 lagunek ikusi dute youtuben Bidebieta auzoko arazo batzuk salatzeko herritar talde batek eginiko bideoa. Eta harritzen naiz, zeren eta kopuru horiek lortzea ez baita erraza. Adibidez, Donostiako Giorgio Bassmatti musikariak ia bost mila milioi euro desagerrarazteaz akusatuta dagoen Jérôme Kerviel frantsesari buruzko kantu bat egin zuen etxean eta aipatu zerbitzuan zintzilikatu denen bistan. Handik gutxira Le Figaro periodiko frantsesak aipatu zuen gure musikari-gerrilari maiteenaren kantua. Ondotik ABC News, Público periodikoa, Entzun musika webgunea, DV egunkariaren kontrazala, El confidencial.com… Aparte sarean bertan izan dituen aipamenak ahaztu gabe, bideoak 5000 bat ikusle izan ditu (hau da, Faemino y Cansado bikoteak Victoria Eugenia antzokian sei egunetan izan duen publiko kopurua gutxi gora behera).
Horregatik zur eta lur geratu naiz Bidebietako bideoa 110.000 lagunek ikusi dutela konprobatzerakoan. Ez dakit nola lortu duten emaitza hori, baina meriturik aitortu behar zaie erdietsitako agerikotasunagatik. Lana berez ez da batere ikusgarria, oso sinplea baizik. Gazteleraz eginiko grabazio laburra Donostia mapan kokatuz hasten da. Ondoren, hiriaren irudi salgarrienak (eta erosienak) aipatzen ditu. Baina Sanchís y Jocanok Donostiako kronika kantuan zioten bezala, hiriaren kronika ez dela udatiarrei ematen zaizkien mapa madarikatu horietan agertzen den bezain polita, Bidebietako errealitatea agertzen saiatzen dira ondoren.
Gauza hauek buruan jiraka nituela, beste behin pentsatu dut zenbat kostatzen den herritar arduratsua, pertsona informatua izatea. Teknologia berriak gailentzen ari diren gizarte honetan informazioak gainezka egiteari infoxikazioa deitzen diote. Ez da oso zehatza berba, informazio gutxi izaten baitugu eta propaganda edo publizitatea sobera, baina ulertu duzue zer adierazi nahi duen kontzeptuak.
Behnaz Rezaei margolari irandarraren koadroekin gogoratu naiz goiko lerro hauek idatzi ondoren. Neska hau Bartzelonan bizi den pintora eta diseinatzailea da (martxoaren 18ra arte daude erakusgai bere margolanak Ernest Lluch Kultur Etxean). Zer dakit nik Irango herrialdeari buruz? Ezer gutxi. Clemente izendatu behar zutela bertako futbol hautatzaile, Ahmadineyad beldurgarria dutela presidente (irudi hobea du Bush deabruaren etsaia delako, baina ez litzaidake gustatuko bera buruzagi duen herrialdean bizitzea), Pertsiako Sha, Jomeini, Jamenei, Frantzian bizi den Persepolis komikiaren egilea, Marjane Satrapi...
Okerrena da gertuko Bidebieta urrutiko Iran bezainbeste ezagutzen dudala.
Eliteko kirolariek ere diru arazoak dituzte
Jon Truebak Jon Larreategi futbolari eibartarrarekin izandako solasaldia publikatu du gaur DVk. Erral blogariaren anaia Levante klubaren bigarren taldean ari da aurten. Lehendik Eibar, Valencia eta Athletic futbol taldeetan ibilitakoa, lehenengo denboraldia du Espainiako Ligako azkenaren harrobian. Arazo ekonomikoak ditu Levantek eta soldatak kobratzeko zailtasunak dituzte enplegatuek.
Ez da kirolarien diru problemetaz gaurko prentsan argitaratu den albiste bakarra. Noticias de Gipuzkoa egunkariak munduko saskibaloi lehiaketa indartsuenari buruzko erreportaje batean dio NBAko jokalariek arazo ekonomiko larriak dituztela erretiroa hartu ondoren. NBA Player´s Association elkarteko ordezkari baten arabera, jokalarien %60a erabateko porrot ekonomikoan geratzen omen da saskibaloia utzi eta bost urtera.
Jokalari askoren izen-abizenak aipatzen dira erreportajean, baita mitiko batzuena ere. Scottie Pippen, adibidez. NBAko txapelduna izan zen sei aldiz Michael Jordan-en garaian. Manute Bol, berriz, Khartoum-en bizi da egun eta diru guztia galdu omen zuen Sudango gerran ari zen bi aldeetako bati dirua emandakoan.
Hondoa jotzearen zergatiak hobeto ulertzearren, Shaquille O´Neal, egungo ligako izarretako baten kasua aipatzen du. Dibortzio-prozesu batean omen dago jokalaria eta publiko egin omen dute hilean 750.000 dolar gastatzen dituela. Zaila da horrelako jarioa mantentzea lehen lerroa utzi ondoren.
Segi irakurtzen Noticias de Gipuzkoa egunkariaren webgunean.
Otarrainxkak baino dilistak nahiago
Gosaltzen nuen bitartean, Euskadi Irratia nuen piztuta sukaldean atzo goizean. Aingeru Epaltza iritzi-emaileari entzun nion aipatzen sarean ikusi berri zuela Langostinos y lentejas bitakoran nik lehengoan egin nahi (baina egin ez) nuena. María San Gil eta Rosa Díez politikarien ekitaldi bi boikotatzen saiatu dira pertsona batzuk azken aste hauetan. Garai batean, aipatu biak, baita beste zenbait jende ere, joaten ziren udal plenoetara beste politikari batzuei aurre egitera. Blogean bi argazki ageri dira: bata, gaur egungoa; bestea, duela zenbait urtekoa. Azken hau egoera gordinean aterata dago (pertsona baten erailketaren ondoren hartutako irudia baita), baina Andoainen Josu Jon Imazi epelak esaten ageri dira aipatu biak. Nacho Escolar blogariak ere egin zuen aipamen bat bere blogean, baita ABC egunkariaren lotura jarri ere (2003ko otsailekoa da informazioa).
Lanean nengoela jada, youtubeko bideo-lotura bat bidali zidan lagun batek. Goizean ez nuen izan ikusteko astirik, baina etxean bai ikusi dudala. Hauxe da bideoa:
Miguel Sanz azaltzen da
alderdikideen aurrean Nafarroan gehiengoa lortzeko zer egin behar duten
esplikatzen (saiatzen behintzat). Lau minutu eskaseko bideo bitxia ikusteko
modukoa da (horregatik itsatsi dut goian).
Youtuben begiratzen ari nintzela, bideo hori lotzen zuten blogak ikustera joan naiz eta hara non agertu zaidan bigarrenez Langostinos y lentejas.
Norbaitek bidalitako seinalea izango ote da? Auskalo, baina hemendik aurrera kontutan hartuko dut Nafarroako egoera politikoa gertutik jarraitzen duen bitakora.
Behnaz Rezaei artista irandarraren margolanak ikusgai Ernest Lluch Kultur Etxean
Esan bezala, Behnaz Rezaei margolari eta diseinatzailearen erakusketa otsailaren 29an, arratsaldeko 19:30ean, inauguratuko da Ernest Lluch Kultur Etxean.
Kontutan izan erakusketa-aretoa Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean dagoela. Martxoaren 18ra arte, margolanak ikusteko moduan egongo dira ondorengo ordutegi hauetan: astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara; larunbatetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara.
Prentsa-oharrak dio, besteak
beste: "diseinu grafikoaren mundutik
bideratu du bere karrera profesionala, baina Txipre eta Iranen bertan alor honetan burututako lan ezberdinak
margolari eta ilustratzaile jardunarekin bateratzen jakin izan du. Horren
lekuko bere jaioterrian bertan antolatu dituen hiru erakusketetan lortutako
publikoaren onespena. Azken boladan Bartzelonan
bere bizilekua kokatu duen artista honek Ametsen bakea izenburuko
atmosfera bereziko margo sorta ekarriko du Donostiara. Emakumea ametsen helburu
eta sorburu dituen margo bilduma".
Pako Belmonte izan da lerro hauek idatzi dituena: "Behnaz Rezaeiren pinturak ametsen esperientzia hegazkorraren ateak irekitzen dizkigu. Lehenik eta behin, atmosfera biribil eta gandutsu batera eramaten gaitu; bertan ikusmena esekita gelditzen da, mugarik gabeko formen eta koloretako gasen mundu batean. Xehetasunetan murgilduz kizkur, distira, filigrana berriak aurkitzen ditugu, tonu bizi horietako dantzaren moztura txikien antzera".
"Amets honetatik ez dago sartu edo ateratzerik, bidaiatzerik beste ez dago. Amesgaizto-errealitatea emana, mundu fantastikoetara egiten den ihesiak ez du ihes-funtzioa betetzen, babesekoa baizik. Izugarrikeria, suntsipen eta triskantza irudiekin aztoratuta, Behnaz Rezaei-k ilusio, sorkuntza eta bizitza-ingurunera eramaten gaitu lan hauen bidez. Den-dena ametsaren etenaldian".
Tonua zaindu behar da
Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartean ere moduak aldatu direla dirudi. Jende gaztea dator atzetik elkartea hainbat urtez gobernatu duten Ruiz Urchegui eta konpainiaren kalterako. Noticias de Gipuzkoa periodikoan asteartean azaldutako albisteari erreparatuz gero, Eduardo Zubiaurre presidenteak kendu ditu kargutik Ruiz Urchegui eta Arturo García. Aldez aurretik ezer esan gabe, bitxia suertatu da lehendakariak nola jakinarazi dion erakundeari kargu gabetzea: langile guztiei bidalitako e-mail baten bidez. Eta orain komeriak, orain aztertu behar omen dute ea presidentea gai ote den halako erabakia hartzeko edo eskuduntza hori ez ote dagoen komite exekutiboaren esku.
Berdin-berdin jarraitzen duena Espainiako politika da. Bi indar nagusietako hautagaien arteko sasi-debateak laurogeita hamargarren urteetako kutsua zuen, hasi aurkezlearekin, segitu estetikarekin eta bukatu zurruntasunarekin. Ez zen 2.0 izan eta debatea ikusi genuenon kopurua ere joan den hamarkadakoa dirudi: 13 milioi pertsona.Eta bere horretan jarraitzen duena Anasagasti jauna da. Argia.com webgunean irakurri diogu Jon Torneri Las Ideas guneak Espainiako politikari baten blog onena aukeratzeko lehiaketa antolatu zuela. Hiru blogari iritsi ziren finalera: bi euskaldun (Patxi López eta Anasagasti) eta Extremadurako lehendakaria (ez Ibarra, Guillermo Fernández Vara baizik). Irabazlea azken hau izan da eta Anasagasti kabreatu dela dirudi. EAJkoa izango ez balitz, bera izango litzatekeela garailea zioen pasa den astean blogean. Eta Extremadurako presidenteak erantzun egin dio.
Garai batean jarraitzen nuen politikari jeltzalearen bloga, baina ohitura hori baztertu behar izan nuen ezin nuelako jasan bera denen gainetik ibili beharra. Umilagoa izan beharko luke Anasagastik. Kasu egin beharko lieke apunte honetan Julen Iturbek enpresei egiten die aholkuei.
Ruperrek furgoi beltza hartu du berriro
Bloglines-i esker jakin dut Danbaka.com webgunean Ruper Ordorika errepidean dela berriro. Lagun batek kontatu zidan aurreko batean Oñatin aritzekoa zela pasa den ostiralean Gutagutarrak taldearen emanaldian eta hala izan zela frogatzerik izan dut (Elizondon, hurrengo egunean, Pantxo Pottoka mitikoa egon omen zen Lur diskotekan). Ea Igorrek edo Unaik laster igotzen duten bideorik beren txokora.
Gure antiojodun maitenetako bat martxoaren 21ean, ostiral santuan, Miarritzeko Gare du Midi aretoan egongo da (aurretik emanaldi gehiago izango ditu, baina hau da gertuen daukadana). Pajaruak dio "datorren apirilaren erdialdera aterako duela CD berria. Kafe Antzokian jasotako zuzeneko grabazioa izango da eta seguru asko DVD batekin".
Duela ia hamar urte Bilbon ikusitako Desorden Público Venezuelako
taldearekin gogoratu naiz. Caracaseko ska taldearen webgunean ikusi nuen duela
gutxi "discotienda" hitza. Diskodenda ezagunagoa da
hemen Euskal Herrian (nahiz eta Google-k hamar emaitza bakarrik jarri bistan),
baina gazteleraz ez nuen inoiz entzun discotienda.
Latinoamerikan erabiliko dute, zeren eta 125.000 emaitza inguru lortu ditu
bilatzaileak.
Txantxikuarrak publikatu ditu bere lanak biniloan, CDan, DVDa erabili du ere.
Zer izango da hurrengoa? Ez dakit, baina aste bukaeran ikusi dut nonbaiten Estopa taldeko bi anaiak haserre zeudela
norbaitek filtratu duelako bere azken lana, Allenrok izenekoa (Kornella
buelta emanda). 250.000 deskarga izan omen ditu ez dakit zer webgunean.
Are gehiago, horren aurretik, beste norbaitek filtratu omen zuen diskoaren
azala.
Kasualitate gehiegi direla
kontutan izanik, La
Tafanera zerbitzuan (Kataluniako zabaldu.com) ikusi dut hasi direla jada
zalantzan jartzen akatsarena; batek baino gehiagok dio ez ote garen marketing
operazio baten aurrean egongo. Sinesgarria
da, bai.
Eguneratzea: 21:15ean. Gutagutarrak taldearen webgunean jarri dute ikusgai bi minutu t´erdiko bideoa.
Rafa Berrio: Obra da garrantzitsuena
Aurreko batean kontatu nuen Hitzorduak izeneko apuntean, Mikel Erentxun musikariarekin batera atera zela Victoria Eugenia antzokiko eszenategira Rafa Berrio. Gaur, Rafaren laguna den Cruz Larrañeta argazkilariaren blogean ibili naiz saltseatzen eta hara non ikusi dudan egun hartako minutu eta erdiko bideo bat. Bertan Rafak kantatzen du Erentxunekin batera.
Abesti hori Rafak egindakoa da. Kanta gehiago ere egin izan ditu beste zenbait artistarentzat. Azkena, Presuntos Implicados taldean ibilitako Sole Giménez bakarlariaren bigarren diskoan agertzen da eta Siempre volverás du izenburu. Duela gutxi hirian egon zen valentziarra lan hori aurkezten; Cruzen blogeanirakur dezakezue kronika moduko bat.
Bukatzeko, pasa den igandean Javier Vizcaíno irrati-gizonak Rafa elkarrizketatu zuen bere programan. Berrioren izenaren gainean klikatuz gero hemezortzi minutuko solasaldi lasaia (tartean Loreto Larunbek eginiko perfil ederra) entzuteko aukera izango duzue. Bertan esaten du apunte honen izenburuan agertzen dena: obra da garrantzitsuena. Horregatik saiatuko da disko bat grabatzen 2008an. Ea egia den.
Rafa Berrio: «Lo importante es la obra», este apunte en castellano.
Kazike ez da beti ron marka bat
Manuel Cañadaren hamahiru
folioko artikuluaren izenburua "Humos y caciques"
da. Zaila da pantailan irakurtzea, baina komeni da inprimatzea eta lasai-lasai
leitzea.
Gaur egungo Extremadurako jauntxokeria eta klientelismoa aztertzeko, herrialde horretako enpresari garrantzitsuenaren ibilbideari erreparatzen dio egileak. Alfonso Gallardo Jerez de los Caballeros herrikoa da eta bertako Fundiciones Gallardo enpresako langileek izan ziren bere metodoak pairatzen lehenak. Hala ere, 1992an sorturiko Siderúrgica Balboa enpresan abiatu zen gizon honen ibilbide loriatsua. Cañadak kontatzen duenez, Ardila ibaiaren alboan zeuden lurrak desjabetu zituen Extremadurako Juntak eta, gainera, 27 milioi euroko dirulaguntza eman zion gure gizonari. Horrela erraztu zioten inperioa martxan jartzea.
Gaur egun tematuta dago Extremaduran bertan petrolio-findegi bat egin guran. Cañadak dioen bezala, mundu guztia aldaketa klimatikoarekin kezkatuta dagoenean, proiektu megalomanoa jarri nahi dute martxan. Izan ere, 1800 milioi euroko inbertsioa behar omen da aurrera egiteko (Junta prest dago 360 milioi jartzeko). Dena den, kontra egiten ari den mugimendu anitza antolatu da jada eta ez dute erraza izango.
Urrutiko kontuak direla uste baduzue, Gipuzkoako hiru enpresa indartsuetako akzioduna dela esango dizuet. Corrugados Azpeitia, Corrugados Lasao eta, erosi berri duen, Errenteriako paper-fabrika. Noticias de Gipuzkoa egunkariak kontatzen duenez 200 milioi euro pagatuko omen ditu Papresa erosteagatik. Artikulua abenduaren 21ekoa da eta bertan dio azken tramiteren bat falta zela erosketa gauzatzeko. Alfonso Gallardo taldearen webgunean oraindik ez da agertzen enpresa honi buruzko informaziorik.
Galderak: ba al dago jauntxo edo kazikerik Euskal Herrian? Nolakoa da klientelismoa gurean? Nor izango da gure Manuel Cañada? Eta gure Alfonso Gallardo?