Xapre, euskal hippy bitxia
"Aitari garai batean esaten nion: ikusten duzu, zuek alferraren fama aitatuz gero gaizki hartzen duzue. Munduan dagoen onena alferraren fama izatea da eta! Niri ez dit inork lanerako deitzen, denak jan eta edan egiteko. Eta bizitzeko inportanteagoa da jatea; jan gabe ez da inor bizi, lanik egin gabe asko".
"Atzo? Siesta pixka bat egin eta ama ile apaindegira eraman nuen. Zazpiak aldera etorri eta joan nintzen Galarretara [pilotalekura]. Partiduak bukatu zirenean lagun batek esan zidan etxera eramateko, Mirakruzera [Donostia]. Eta Josean Tolosak: 'deituko diat nora goazen afaltzera sagardotegira edo, Zepakoa ere hemen dago eta'. Bale. Beste hura utzi nuen etxean, eta artean ez zidaten deitzen. Ba Juan Mariri [Arzak] bisita egingo diot. Sagardotegian zegoela nagusia, baina esertzeko, sukaldean. Deitu zidan Joxeanek Zepara joateko afaltzera. Baina ez zidaten altxatzen utzi. Atera zizkidaten dozena bat platera eta bertan afaldu nuen. Eta gero handik kafea hartzera Zepara".
Nahi izanez gero, jarraitu irakurtzen Irune Lasak Xapreri eginiko elkarrizketa, otsailaren amaieran Berrian agertu zena. Lehenengo parrafoa berdintsu errepikatzen da duela ia hiru urte Argia aldizkarirako Amets Arzallusek eginiko elkarrizketan. Orduan ere ondokoa esan zuen:
"Nik, orain ere ez dut sekula etxean afaltzen, aurten (oharra: elkarrizketa 2005eko apirilaren hasieran publikatu zen) oraindik egun bakar batean ere ez dut etxean afaldu. Iaz hiru aldiz. Aldiz, egun bakarrean hiru sagardotegitatik pasa naiz aurten. Eta iaz izan nuen bolada bat, sei egunetan zortzi sagardotegitan izandakoa. Horregatik, kontrolatuta ibiltzen naiz. Zenbat eta gehiago ibili orduan eta zintzoago eta kontrolatuago ibili behar duzu. Orduaren kontrolik ez, goizeko bostak, seiak, berdin zait, baina edanaren eta diruaren kontrola bai. Bestela modako kantua bezala zara, urtebetean ibiliko zara, baina gero gehiago ez, desagertu egingo zara".
Bi kontu:
Baga: Zalantza bat (edo bi): hainbeste parranda bota ondoren, noizbait ibili ote da Mikel Urmenetarekin? Biak hain parrandero izanda, zenbat probabilitate dago biek topo egiteko parranda berean? Tik-tak, tik-tak, tik-tak.
Biga: Xapreri hippy deitzea bitxia izango da. Ados. Punky deituko diot orduan.
Mikel Urmeneta eta Xapre, parrandazale bitxi, euskal hippyak... Geure blogean beste definizino bat aplikatuko geuntsen, badakizue zein.
Bada ahuntzez gabilzala, euskal ahuntzen artean ahuntzenetarikoa beste Urmenetatar bat dogu. Ahuntz zoragarria, irudimentsua, ipurterre nekaezina, hippya, parrandazalea...