Musika peperoa
Gaurko El Mundon (Euskadiko edizioan) ikusi dut azalean Pignoise taldeko abeslariaren gandorra, kamiseta eta gitarra Alderdi Popularreko Euskadiko goi karguez inguratuta.
Bazkaltzerakoan enteratu naiz ekitaldia Donostiako Victoria Eugenian izan zela atzo igandean.
Gauean, berriz, blogak irakurtzen ari nintzela Jon Tornerek Argian idatzitako PP Crazy in love apuntea irakurri dut. Handik youtubera joan naiz eta bideo honekin egin dut topo.
Aurreko batean esan nion politikari bati: a zer nolako kanpaina jasan beharko dugun udaberriko hauteskundeak izan arte!
Eguneratzea. Urriak 29. 22:15. Luistxorengatik jakin dut bideoaren Sarri Sarri bertsioa dagoela jada sarean.
Egiatik erakusketa Tabakaleran
Badira jada zenbait hilabete esan zidatela Iñigo Royo ari zela, bideo-kamera lagun, Egia auzoko auzotarrak elkarrizketatzen. Royok badu eskarmentua alor horretan, Tolosa 750 urte ospatu zutenean antzeko proiektua eraman baitzuen aurrera bertako zenbait bizilagunekin.
Okupgraf elkartearen bigarren partaidea Marian Larzabal da. Berak ere parte hartu zuen Tolosako aipatu ekimenean eta bera da Tabakalerako erakusketa honen bigarren hanka. Emakume hau duela hamabost bat urte ezagutu nuen, artista batek Marianen etxeko armairu batean erakusketa egin zuenean. Oraindik gogoan dut nola ostiral arratsalde batez Loiola edo Martuteneko etxe batera hurbildu ginen inaugurazio hartara. Ingurua jendez beteta zegoen eta ezin izan genuen ataritik pasa.
Atzo ere jende asko zegoen "Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna" erakusketaren inaugurazioan. Auzoko jendea, gehiena, Tabakalerak bere etorkizunean integratu beharrekoa nahita nahiez aurrera egin nahi badu behintzat. Politikari gutxi, esku bateko behatzekin kontatzeko moduan (bakarra ikusi nuen nik...), kultur teknikari batzuk, artista jendea...
Joxean Muñoz zuzendariak egin zigun denei ongi etorria. Gero Iñigok eta Marianek banan-banan aurkeztu zituzten erakusketan ikus eta entzungai dauden 12 bideoak. Bideo bakoitzean auzoko bizilagunekin (batekin edo gehiagorekin) eginiko elkarrizketak ageri dira. 20 minutuko iraupena du bakoitzak.
Aurkezpenaren ondoren, Tabako fabrika izandako eraikinaren tripetan barna sartu ginen. Bideo bakoitzak egurrezko palletez osaturiko etxaldea du aterpe eta hiruzpalau kasko elkarrizketak entzuteko. Bakoitzaren kanpoaldean garai bateko argazkiak. Labur bazen ere, baten bat entzuten egon nintzen, baina atzokoa ez zen horretarako egunik aproposena.
Kalkulatu genuen bizpahiru arratsalde behar zirela hura guztia behar den bezala ikus-entzuteko. Ostegunero ekitaldi bat egongo da abenduaren 20ra arte, Santo Tomas bezpera arte (Joxeanek aipatu zuen txistorrada batekin emango zaiola bukaera erakusketari).
Irteeran, bertako langile batek esan zidan badaudela oraindik ere aste bukaeratan eraikina ikusteko bisita gidatuak eta deitzeko telefonoz. Nik oraindik ez dut bisita gidaturik egin eraikina ezagutzeko eta ea oraingoan ez zaidan txanda pasatzen.
Egitarautik bi ekitaldi aipatuko ditut: urriaren 30ean,Tabakalerako Soinu Maparen aurkezpena egingo dute Xabier Erkiziak, Iñigo Telletxeak eta enparauek. Azaroaren 6an, berriz, Joxean Muñozek Tabakaleraren etorkizunari buruzko aurkezpena egingo du herri xehearentzat, horrela esaterik badago behintzat.
Ezagun batzuk agurtu, pare bat baso ardo hartu, beste hainbeste pintxo eta Egiako tabernetan barna ibili ginen gero: Le Bukowski, Sustrai kreperia, Kino Kafe…
Eguneratzea: 22:15ean. Oraintxe konturatu naiz webguneak baduela lekukotzak izeneko atala. Bertan entzun eta ikus daitezke bideo zatiak.
Loretopetik (XXVI) Oinezkoak vs. bizikleteroak
Irutxuloko Hitza egunkarian urriaren 22an publikaturikoa, Loretopetik atalean.
Duela egun batzuk Quim Monzó idazlearen artikulu sarkastikoetako bat irakurtzeko aukera izan nuen. Artikuluaren izenburua: "Gelditu errotatibak! Baratxuri zopa asmatu dute!". Bertan, zutabegile kataluniarrak egun batzuk lehenago Bartzelonan izandako Walk 21 Kongresua zuen hizpide. Kanpoko adituak bildu ziren hirian oinez ibiltzearen inguruko kontuetaz aritzeko. Monzó trufatzen da adituek atera dituzten ondorioak egunkarietan nola ageri diren irakurtzerakoan. El Periódicok zioen: "Txirrindulariak espaloietatik kentzearen alde mundu mailako adituak". Eta ondorio horretara iristeko kanpoko adituak ekarri behar dira? galdetzen zioen bere buruari Quimek.
El Periódico komunikabidearen webgunera joan nintzen artikulu horren atzetik. Bertan diote Parisen debekatuta dagoela espaloietan barrena bizikleta gainean ibiltzea, bide-gorrietan izan ezik. Hori zioen Anne Faurek, Pariseko Udalaren enkarguz oinezkoen eta txirrindularien arteko istiluak ikertu dituen aditu frantsesak. Estudioan aipatzen da 2417 aldiz egin zutela bat espazio eta denbora berean oinezko batek eta txirrindulari batek. 15 arazo egon ziren soilik. Gehienetan oinezkoak eraginda gertatu omen zen, ibiltaria sartu baitzen bizikleten eremuan.
Batzuei zein besteei eginiko elkarrizketetan ageri da atseginez begiratzen dutela hurkoa. Bien arerioa autoa dela Parisen. Anne Faurek dio Vélib zerbitzua abian jarritako lehen urtean hiru erabiltzaile hil omen ziren istripuz.
Vélib bizikletak alokatzeko Pariseko udal zerbitzua da. Bartzelonakoak, berriz, Bicing du izena. Frantsesek Velo eta Liberté hitzekin jokatu dute Vélib sortzeko orduan. Kataluniarrek, berriz, ingeles hizkuntza aukeratu dute. Donostian euskarazko marka jarri diote: d-Bizi.
Eguraldiak laguntzen badu Antiguatik erdialdera joateko bizikleta erabiltzea dut gustuko, baina oraindik ez dut udalak martxan jarritako alokairu zerbitzua erabili. Pozten naiz gero eta jende gehiago bizikleta gainean ikusten dudanean, baina badira hain gustuko ez ditudan beste zenbait ohitura. Bat aipatzearren: zergatik dabil gero eta jende gehiago eskuak bizikletaren manilarrean jarri gabe?
Ez da aditua izan behar jakiteko Bartzelonan oinezkoa eta txirrindulariaren artean espaloietan gertatzen den egoera gatazkatsu hori, hemen ere laster emango dela Donostiako erdigunean. Gero eta oinezko gehiagok mesfidati begiratzen baitizute bizikleta gainean pasatzen zarenean. Oraingoz, ez dut ikusi egoera gatazkatsurik, baina gauzek horrela jarraituz gero, adi.
Dena dela, euria eta hotza hastearekin batera, txirrindulari donostiarrak bizikleta albo batera utziko du eta lasaiago ibiliko dira oinezkoak. Ausartenek jarraituko dute gurpildun garraiobidea erabiltzen.
Eta Irwinek? Irwinek jarraituko du biluzik neguan? Tabernetan dauden makina berrietan egin apustua.
Galtzeimer (XVII) Kaixo Irun
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Ostiral arratsaldean joan nintzen lehenengo aldiz atta ikustera Irungo zentrora. Oso tristea izan zen egongelan hainbeste jende geldirik ikusteak, baina horrelakoa inpresioak normalak dira lehenengo aldian.
Atta ikusi nuen eserita butaka batean. Giltza erabiliz sartu ginen bere gelara. Ederra da, balkoi handia du, eguzkitsua arratsaldeko orduetan. Bi ohe ditu, baina oraingoz bakarrik dago.
Gero, igogailua hartu eta hirugarren pisura joan ginen. Han dute terraza bat, solarium moduan erabil daitekeena eguraldiak laguntzen duenean. Haize fina zegoen eta attaren bronkioak oraindik ez daude sasoi betean. Igogailua hartu eta kafetegia dagoen solairura jaitsi ginen.
Ondo ikusi nuen atta, baina ez dakit hori albiste ona den edo ez. Hau da, ez dago etxera eramateko moduan, bestela amarenak egin du. Gizajoak, baina, oso ondo daki non dagoen. Bizitzaren azken fasean zegoela esan zidan ostiralean.
Bada familian norbait, fede onez, amari esaten diona penatuta dagoela atta egoitzan ikusteagatik. Ez diot esango ezer berari, baina zer uste du gu pozez txoratzen gaudela zaharra inguru horretan ikusterakoan? Egun batzuk daramatzat attaren irudia burutik kendu ezinik. Ez da erraza.
Bukatzeko, anekdotatxo bat ostiralekoa. Sartzerakoan, andre batek eskatu zidan kentzeko gurpildun aulkiari lotzen zion gerrikoa. Kristo guztiari eskatzen zion gauza bera. Handik ordubetera-edo, askatu egin zen eta hiru laguntzaile joan ziren bera berriro lotzera. Biraoak, oihuak… eta hortzen marka langile baten besoan.
Ez da gozoa izan behar horrelako toki batean lanean aritzea.
Galtzeimer (XVI) Agur Donostia
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Atzo arratsaldean hiru ordu pasa nituen attarekin. Berak ez zekien azken arratsaldea zuela Donostiako egoitzan. Bihar goizean anbulantzia batek eramango du Irunera.
Afaltzerako tenorean mahaian utzi ondoren, etxerako bidean N etorri zitzaidan gogora. Ez dugu entzungo haren txilioak, haren marmarrak, besteak urduri jartzeko zuen gaitasuna lagun (ez berea, gaixotasunarena baino).
C, begi urdin eder handiko emakume isila (gaitzak isildua). Cbisek ez nau berriro agurtuko, oso ondo jakin gabe ni nor naizen. Ez dit etxeko giltzetaz galdetuko.
M, 100 urteko langa pasatu duen emakumea, kasu egiten ez diotenean auxilioka hasten dena, oso ondo jakin gabe nor den bisitaria eta nor egoitzako langile.
Cbis ez dudala inoiz agurtu konturatu nintzen orduan. Hasiera batean, haren egoera eskasak inpresionatu ninduen. Gero ohitu naiz, baina ez dut, tamalez, agurtzeko adorerik izan. Lepoa jokatuko nuke berak ere eskertzen dituela hitz goxoak.
Jren txapel azpiko begiradarekin ez dut berriro topo egingo. Masail gorrituak ere ez ditut ikusiko.
Ez dut L entzungo oraindik osasuntsu dagoen M senarrarekin errietan, honek etxerako bidea hartu behar duela esaterakoan, harekin zazpi ordu pasa ondoren. Lri gutxi iruditzen zaio beti. Gaitzak jeloskortu du.
Akordatu nintzen Frekin, aitaren gelakidea. Eta Fbis, gelakidearen mahaikidea.
Jada ez dut topatuko hirugarren Fa pasilloan barrena bueltaka, zer moduz galderari, ederki erantzuten.
O aulki gainean mugituko da hankak arrastaka. Ez dut aurkituko pasilloan dauden eserlekuetako batean Hola edo antzeko aldizkariren bat gurpildun aulkiaren maindire azpitik atera eta irakurtzen.
Behean ez dit harrera egingo JM mutuak, atarian ondo kokatua, eraikineko bi sarrera-irteerak inork baino hobeto kontrolatzeko moduan.
Langile asko pasa da egun gutxi hauetan. Batzuk, behintzat, gogoan izango ditut.
Akabo. Ea nolako errutinak sortzen ditugun Irunen.
Genozidio frankista Valentzian: liburua eta dokumentala
Toki ezberdinetatik iritsi zait gonbitea datorren asteartean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egingo den aurkezpenera joateko. Ez dakit joateko aukerarik izango dudan, baina interesgarria dirudi.
Badirudi kontrako iritzia duela Gregorio Morán kazetariak. Hori behintzat ageri da gaurko La Vanguardia periodikuan argitaratu duen Sabatina Intempestiva izeneko zutabean, Las cunetas de la memoria. Ados nago Moránekin Garzón epailea tartean egonik gauza txarrak espero daitezkeela soilik, baina memoria historikoa errekuperatu behar da. Inoiz ez da berandu.
Alde batera utzita Moránen kontu hauek, hona hemen Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunetik bertatik kopiatutako informazioa:
Asteartean, hilak 14, 19:00etan, El genocidio franquista en Valencia. Las fosas silenciadas del cementerio liburu eta dokumentala aurkeztuko dituzte KOLDO MITXELENA Kulturuneko Areto Nagusian.
Parte-hartzaileak:
Empar Salvador (Forum per la Memòria del Pais Valencià)
Toni Strubell (Comissió de la Dignitat)
Francisco Etxeberria (Lege eta auzitegiko medikuntza irakasle titularra)
2006ko martxoan, Valentziako hilerriko hobi komunak eta hobiratzeen erregistro liburuak aurkitu zituen Fòrum per la Memòria del País Valencià elkarteak. El genocidio franquista en Valencia. Las fosas silenciadas del cementerio liburuak Europako XX mendeko historiako handienak diren hobi horiei buruzko ikerketaren emaitza biltzen du, eta Gerra Zibilaren amaieratik 1945era zonalde errepublikarreko milaka pertsonak jasandako, eta orain arte isilean gorde den, genozidioa erakusten du.
Bartzelonako Blanquerna Komunikazio Zientzien Falkultateak
egindako dokumentalak lekukotasunak biltzen ditu. Desagertuen senideek,
zuzeneko lekukoek eta ikerketan parte hartu duten kideek errepresio
frankistaren garaian Valentzian bizitakoaren ikuspegia erakusten dute.
Euskal oximorona
Atzo goizean entzun nuen Euskadi Irratian Manu Etxezortuk gidatzen duen saioan Jesús Eguiguren sozialistari eginiko elkarrizketaren hasiera. El arreglo vasco liburua argitaratu berri du Hiria argitaletxearen eskutik eta aitzaki horrekin azaldu da azken bolada honetan komunikabideetan.
Elkarrizketatzaileek gobernu españolak the organization-ekin izandako tratuak eta arazoari nola eman amaiera galdetzen diote behin eta berriro. Manu ere hortik abiatu zen, ez ote duen Rubalcaba ministroak Eguigurenek berak esandakoa ezeztatu azken orduetan eginiko adierazpenetan. Ez zela galdera samurra elkarrizketa hasteko arrapostu zion politikari giputzak. Hortik aurrera ez nuen jarraitu solasaldia, lanera joan behar bainuen.
Radio Euskadiko Más que palabras irratsaioan egon zen Eguiguren pasa den larunbatean, Javier Vizcaíno kazetariarekin. Hogei minutu pasatxoko grabazioa dago eskegita atarian (goian duzue lotura). Vizcaíno ez zen Etxezortu bezain zakar hasi, baina saiatu zen behatza begian sartzen eta albiste agentzia ezberdinek egin dute entresaka aste buruan.
Zuzenbide Politikoko irakasle izana da Donostiako Fakultatean eta doktore tesia agertzen omen du gaur Luis Haranburu Altuna editorearekin batera Gipuzkoako hiriburuan aurkeztuko duen liburuan. Hona hemen azken bolada honetan publikatu diren hiru elkarrizketa eta analisi bat:
Genoveva Gastaminzak egindako elkarrizketa
David Guadillak egindako elkarrizketa
Ángeles Escrivák eginiko elkarrizketa
Arreglo hitza garai batekoa omen da eta unean uneko indarren arabera adostutako akordioaren zehaztapena dela dio egileak. Hau da, ez dagoela behin-betiko irtenbiderik.
Espero dezagun gure hostikeria hau ere ez bihurtzea behin-betikoa eta noizbait euskal konponbidea ez izatea egun den oximorona.
Amen.
Galtzeimer (XV) Ohitu egiten zara
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Egongela berean attarekin batera dagoen jendea askotarikoa da. Bat izan ezik, denak andrazkoak dira. Beste gizonezkoa baserritarra da eta 70 urte ditu, bera izango da gazteena. Zaharrena 102 urteko amona bat da. 80 urteko langa pasa duen jendea badago, baita 90ak bete dituztenak ere.
Azken hauetako baten zaintzailearekin egon nintzen hizketan aurreko batean. Bi hilabete pasatxo daramatzala zentroan esan zidan eta egunero ari omen da etxera joan nahian. Ba omen dago mugarri bat, farola bat kasu honetan, arratsaldeko paseoan ezin dutena gainditu. Hura pasaz gero, emakumea aske sentitzen omen da eta korrika abiatzeko keinua egiten duela.
Badago 90 urteko beste andre bat. Harekin egoten da beti senarra, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:30era. 92 urte egingo omen ditu laster. Gizonezkoa sasoiko dago, baina andrearekin galtzen du pazientzia. Gaur entzun diot esaten pozik hilko litzatekeela, andrearekin dituen sesioak ekidin arren. Egunero adierazi behar dio, agurrean, hurrengo goizean bueltatuko dela berarekin egotera.
Attak gure amarekiko antzeko lotura du (xuabegoa bada ere). Ama egunero etorri da egun hauetan, ospitalean egongo balitz bezala, goiz eta arratsalde. Gogorra egiten zaio senarra egoera horretan egoitzan uztea eta egunero galdetzen dio bere buruari ea etxera eramanda ez ote litzatekeen hobeto egongo. Eskerrak medikuek, oraingoz behintzat, ideia hori burutik kentzen dioten. Ez da erraza senarraren xantaia emozionala aguantatzea, semeekin ere praktikatzen duena (ulertzekoa da horrela jokatzea attak: nik ere gauza bera egingo nuke).
Egoitza gogorra egiten zait niri. Azken finean, attak inguruan dituen gaixoek berak berandu baino lehen jorratuko duen bidea erakusten baitizute: inguruko guztiak iluntzean urduritzen dituen andrea; lasai-lasai dagoen andra, apenas hitz egiteko gai dena; erabat joana dagoena, jateko arazo franko dituena, flemak direla eta ez direla... Panorama itzela.
Ohitzen al da pertsona horrelakoetara? Gogorra egiten da, baina bai, ohitu egiten da norbera senideren bat halako egoeran ikusita: gaixo. Tristea bada ere.
Blogen rankinak
Atzo, statcounteren bidez nire blog honetan jendea nondik sartzen zen begiratzen ari nintzela, ikusi nuen bazegoela sarrera bat Bloguzz webgunetik. Rank hitza ageri zen orrian eta sakatu egin nuen nora zihoan jakitearren. Sorpresa hartu nuen euskarazko lehenengoa nintzela ikusterakoan.
Duela gutxi aritu naiz detaile gehiago begiratzen eta hara zer aurkitu dudan:
"Este blog ocupa la posición 1373 de los 52433 blogs indexados en Bloguzz. En Euskera está en el puesto 1 de un total de 84 blogs. Mantiene su nivel de buzz en los últimos días. Su nivel de influencia absoluta es del 50%, es un blog influyente en la blogosfera. Es uno de los mejores blogs en Euskera. Es un referente en la red acerca de Fútbol, uno de los mejores lugares para informarse sobre este tema". Eta kasu honetan negritak ez dira nireak.
Lehenengo blog gisa agertzea, tira, besteak ikusi behar, baina zur eta lur geratu naiz jakiterakoan Harrikadak erreferentea dela futbolean eta kirolean orokorrean. Eskubiko zutabeari erreparatuta garbi dago zergatia: kategoria horietan bakarra naizelako.
Oker ez banago, dagoen kategoria guztietan, blog hau lehenengoa da eta, gainerakoak zeintzuk diren ikusirik, datua ez da sinesgarria:
Hizkuntzaren arabera (euskara):
1.- Harrikadak.
2.- Sustatu.
3.- Faroa.
4.- Eibar.org.
5.- Emazteek diote.
Kategoriaren eta hizkuntzaren arabera (jendartea):
1.- Harrikadak.
2.- Faroa.
3.- Arabatik.
4.- Karrajua.
5.- Ikastorratza.
Kategoriaren eta hizkuntzaren arabera (Internet):
1.- Harrikadak.
2.- Sustatu.
3.- Faroa.
4.- Emazteek diote.
5.- Zabaldu.
Kategoriaren eta hizkuntzaren arabera (entretenimendua):
1.- Harrikadak.
2.- Faroa.
3.- Patxitrapero.
4.- Espaloia.
5.- metropolitan...
Kategoriaren eta hizkuntzaren arabera (erlijioa):
1.- Harrikadak.
2.- Euskonomia.
3.- Garagoikoa.
4.- plisti-plasta.
Garbi dago zergatik dagoen oraindik beta fasean. Alianzok duen euskarazko blogen rankina, berriz, sinesgarriagoa iruditzen zait. Garai batean, hirugarren edo laugarren egon bazen ere, egun zortzigarren lekuan agertzen da bertan blog hau.
Galtzeimer (XIV) Egokitzen
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Medikuak aurreko astean esandakoa bete egin zen astelehenean: asteburuan atta dexente egon zen eta astelehen goizean alta (sendagiria jarri behar nuen) sinatzeko prest agertu zen medikua bisita egin ondoren. Ez dakit zein presio dituzten medikuek, baina antzematen da Osakidetzak gaixoak etxera (edo kasu honetan bezala, egoitzara) bidaltzeko moduan daudenean, azkar ibiltzen direla kanporatze agiria sinatzeko.
Igande goizean utzi genuen gela fatidikoa (206tik 209ra pasa ginen berriro). Pertsona bat oso egoera kaxkarrean baitzegoen. Atta beste gaixo batekin egon zitekeela ikusten zenez, mugitu gintuzten. Tokiz mugitutako beste gaixoa gauez hil egin zen. 206n gela hiltzen den hirugarren pertsona gu ospitalean gaudela.
206 gelak familiarentzat gauza on bakarra dauka: gaua pasatzen geratzen denak ohea duela etzateko. Gogorra baita Osakidetzako butaketan lo egitea. Noizbait jarriko dute familiaren esku hori baino zerbait hoberik? Zaila. Adibidez, Donostia Ospitalean pasa genituen egunetan (lau gau) zaila ikusten zen, oheaz aparte, gaixo bakoitzak dituen butaka eta aulkia non eta nola jarri asmatzea trabarik egin gabe.
Arratsaldeko 15:00etarako zegoen eskatua anbulantzia. Belarriko mina zuen attak eta mareoak baztertze aldera, anbulantzian Donostiara eramatea erabaki genuen. Arratsaldeko 18:00etan, gure autoan ekarri genuen. Gure unitatean bost gaixo hiru ordu egon ziren anbulantziaren zain (beste lau lagun lehen unitatean). Ez omen da lehentasunezko sendagiria hartu duten gaixoak etxeratzea. Ulertzeko moduan nago hori bai. Baina, kontxo, gauza bat da zerbitzua atzeratzea eta beste bat hiru ordu egotea anbulantziaren zain. España va bien… y Euskadi también.
Atzo arratsaldean bisitan joan nintzen egoitzara. Haserre zegoen. Bere buruarekin eta gurekin. Beldurrez. Ez zuen bakarrik geratu nahi. "Ume jaio eta ume bihurtu" esaten da euskaraz. Ba horixe.